Udako solstizio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Udako solstizioan izaten den eskema astronomikoa

Udako solstizioa planeta bateko hemisferio bateko ardatzerdi baten makurdura axiala planeta hori orbitatzen ari den izarrerantz gehien makurtzen den unea da. Lurrak gure izarrerantz —Eguzkirantz— duen inklinazio axialik handiena, solstizioan, 23° 26' da. Hori urtean bitan gertatzen da, eta une horietan ageri da zeruan goren Iparburutik (bi aldi horietako batean) eta Hegoburutik (beste aldian) ikusita.

Lurreko udako solstizioa ekainaren 20tik ekainaren 22ra bitarteko une batean izaten da ipar hemisferioan, eta abenduaren 20tik abenduaren 22ra bitarteko une batean hego hemisferioan.

Lurreko ipar hemisferioko udako solstizioan, egoera hau izaten da:

  • Ipar Poloan eguzkiak konstanteki 23º-ko altuera du.
  • Zirkulu Polar Artikoan eguzkia ez da ezkutatzen egun osoan, iparraldean zeruertzaren gain-gainean ageri dela. Hegoaldean 47ºko altuera maximoa hartzen du, eta egun osoan dago eguzki argia.
  • Kantzerko Tropikoan eguzkia ekialdetik 27º iparraldera ateratzen da, eta berdin ezkutatzen da mendebaldean. 13,4 ordu irauten du egunak.
  • Ekuatorean eguzkia ekialdetik 23º-ra agertzen da iparraldean. Altuera maximoa 67º da. Guztira 12 ordu irauten du egunak.
  • Kaprikornioko Tropikoan eguzkiak gehienez 43,12º-ko altuera hartzen du iparraldean. Egunak 10,6 ordu irauten du.
  • Zirkulu Polar Antartikoan Eguzkiak iparraldean zerumuga ukitzen du, baina ez da ateratzen. Gauak 24 ordu irauten du egun horretan.
  • Hego Poloan eguzkia ez da ateratzen, eta ostertzetik 23º beherago mantentzen da.

Ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun horretan hainbat ohitura ezberdin daude munduan, batez ere ipar hemisferioan suari loturik. Euskal Herrian Donibane jaia ospatzen da handik bi egunera.