Ugarte baserria
- Artikulu hau Asteasuko baserriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ugarte (argipena)».
Ugarte baserria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Asteasu |
Koordenatuak | 43°11′22″N 2°04′31″W / 43.18947°N 2.07539°W |
Altitudea | 80 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XVI. mendea |
Arkitektura | |
Azalera | 460 m² |
Ondarea | |
EJren ondarea | 18 |
Ugarte baserria Asteasun (Gipuzkoa) dagoen baserria da, XVI. mendean eraikia. Behe Bailaran kokatua dago, muino baten oinean.
2005eko abuztuaren 3an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bolumen handiko baserri bat da, oin angeluzuzenekoa, eta gainean zurezko bi isuriko estalki bat, fatxada nagusiarekin elkarzuta den gailur batekin. Bi solairu eta ganbara ditu baserriak.
Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fatxada nagusia (hego-ekialdera) harlangaitzezkoa da eta harlanduzko eskantzuak ditu. Behe-solairuan ageriko harlangaitza ikus daiteke. Lehen solairuan eta ganbaran, bestalde, zurezko bilbadurak erabili dira eta harlangaitza zarpiatua eta zuritua da. Ipar-ekialdeko fatxada harlangaitzezkoa da eta, kasu honetan ere, zurezko bilbadurak erabili dira behe-solairuan, eta harlangaitzezko horma-atalak ikus daitezke, zarpiatuak eta zurituak. Hego-mendebaldeko fatxada harlangaitzezkoa da eta hutsune ataburudun batzuk ikus daitezke, harlanduz apainduta. Alde horretan zubi bat dago eta bertatik zuzenean iristen da lastategira. Ipar-mendebaldeko fatxadan (harlangaitzezkoa) sei hutsune txiki ikus daitezke (leihoak), modu irregularrean banatuta.
Fatxada nagusiaren hegoaldean itsatsita dagoen zatia ez da monumentuaren zati gisa ulertu.
Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraikinaren barrualdean hamalau osoko zutabe daude, haritz zurez eginak (bi dolare gotikoren zutabeek osatutako bastidoreak dira), eta behe-solairuan kokatutako zapatek eusten dituzte. Egituraren ardatz dira aipatutako zutabeak eta barrualdean dolare gotikoko habe bat osatzen dute. XVI. mendean eraiki zen baserria, eta ipar-mendebaldeko aldean hormarte bat gehiago jarri zitzaion.