Uhin sismiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gorpu-uhinak eta azalera-uhinak.

Uhin sismikoak sismo edo leherketa baten ondoren Lurraren materialen arteko mugimenduak sortzen dituen uhinak dira. Materialen dardarak uhin modura mugitzen dira Lurra alde batetik bestera zeharkatuz.

Lurrikarak bi motatako uhinak igortzen ditu: P uhinak (uhin primarioak), barreiatze-norabidearekiko paralelo hedatzen direnak, eta S uhinak, hedapenaren norabidearekiko zeharka hedatzen direnak eta likidoetan zehar barreiatzen ez direnak. P uhinak S uhinak baino azkarrago iristen dira sismografoetara, eta helmugako denbora-desberdintasuna eta beraien abiadura jakinik, sismoarekiko distantzia jakin daiteke.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhin sismikoek bi motako dardara higidurak eragiten dituzte Lurraren barruan higitzen diren bitartean. Eta horren ondorioz bi motako uhinak bereizten dira:

  • P uhinak, lehen mailakoak edo luzetarakoak, luzetarako konpresio-distentsio dardaren bidez igortzen dira; hau da, P uhinak bidean aurkitzen dituen haitzak konprimituz eta atzean utzitakoak dilatatuz hedatzen dira, uhinaren hedatzearen noranzko berean. Beren hedatze lastertasuna material igorlearen araberakoa da, baina oro har, dentsitatea handitu ahala handitzen da lastertasuna ere. Lastertasun hori segundoko 6-13,5 kilometro (km/s) artekoa izaten da. Uhin bizkorrenak direnez, hauexek iristen dira lehenak sismografoetara. Hortik datorkie lehen mailako uhin izena. Uhin horiek ingurune gotorretan zein isurkarietan zehar hedatzen dira.
  • S uhinak, bigarren mailakoak edo zeharkakoak, materialen zeharkako dardaren bidez hedatzen dira, eta horren ondorioz forma aldaketak eragiten dituzte material horietan, hedatze horren noranzkoaren perpendikularrean. Hala ere, bolumena ez da aldatzen. Uhin horiei zizaila uhin izena ere esaten zaie. Uhin hauetan energia gehiago eralgitzen da igorpenean. Horrenbestez, uhinak geldiagoak dira, segundoko 3,7-7,2 kilometro (km/s) lastertasunekoak, eta sismografoetara beranduago heltzen dira. Uhin horien jokabidea ingurunearen malgutasunaren araberakoa da; eta beraz, gorputz gotorrek baizik ezin dutenez malgutasunez aritu, S uhinak ez dira jariakarietan zehar hedatzen.
Rayleigh wave.jpg
Love wave.jpg

P eta S uhinak azaleraino iristen direnean, horietako batzuk azaleko uhin bihurtzen dira. Azaleko uhinak hedadura handikoak izaten dira, aurrekoak baino geldiagoak dira, eta haiek izaten dira intentsitate handiko lurrikarek sortzen dituzten hondamendien eragile nagusiak. Bi mota bereizten dira azaleko uhinen artean:

  • Rayleigh uhinetan, eragina izandako zatikiak orbita eliptiko bertikal batean higitzen dira, uhinaren hedatzearen noranzko berean. Rayleigh uhinen lastertasuna 2,7 kilometrokoa da segundoko (km/s)
  • Love uhinetan aldiz, zatikien higidura horizontala da erabat, eta perpendikularra da uhina igorri den norabideari buruz. Love uhinen lastertasuna 3 kilometrokoa da segundoko (km/s).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]