Uholde Handia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gustave Doréren "Uholdea".

Uholde Handia jatorrian Sumerren jaiotako eta Bibliak zabaldutako mito bat da. Hasieraren arabera, K.a. 2370ean Jaungoikoak bidalitako zigorra izan zen eta Noe baino ez zen salbatu. Munduko beste mitologia batzuetan ere jasotzen den gertaera da. Batzuen arabera, mitoak munduan duen zabalkuntza ikusita, benetan gertatu zen kataklismo baten kondairazko kontakizuna da.

Tradizio judu-kristaua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio judu-kristauaren arabera, honela izan zen:

« Noeren bizitzako seiehungarren urtean, bigarren hilaren hamazazpian, lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta zeruko atexkak ireki. Euri-jasa izan zen berrogei egun eta berrogei gauez. »

Has 7:11-12


Onik atera ziren bakarrak Noe bere ontzian gordetako bere familia eta animalien bikoteak izan ziren.

Aditu askoren ustez, istorioa K.a. XIV. mendeko mesopotamiar literaturan oinarrituta zegoen, Gilgameshen epopeiaren Utnapishtimen mitoan, hain zuzen ere. Juduek sumeriarren eragina jaso zutenez, litekeena da horrela izatea[1].

Uholdearen mitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste kulturetan ere antzeko istorioak daude[2]:

  • Indiako vedetan Svayambhuva Manu erregearen ontzia Vishnuren gizakunde Matsya arrain erraldoiak salbatu zuen[3].
  • Greziar mitologian, Poseidonek Prometeoren sua onartzeagatik gizakiak hiltzea erabaki eta titanek Deukalion semeari eta emazte Pirrari ontzi bat egitea aholkatu zien.
  • Maputxeen ustez, Treng treng vilu eta Caicai Vilu izeneko sugeak elkarrekin borrokatu ziren eta lehenak gizakiei mendi batera joatea aholkatu zien.
  • Pazko uharteko Rapa Nuiek beren arbasoak Hiva izeneko uharte edo kontinente bateko uholdetik ihes egiten haraino iritsi zirela uste dute.
  • Txadeko moussaye herriak antzina ama batek zerutik artatxikia kentzean ustekabean zerutik hautsi eta zazpi egunez euria egin zuela dio.

Maiek, aztekek, inkek, Titikakako uruek, Patagoniako kaweskarrek, tainoek eta guaraniek ere antzeko kontakizunak dituzte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Clay, Albert T.. (2003). Atrahasis: An Ancient Hebrew Deluge Story. 3 ISBN 978-158509228-4..
  2. Leeming, David. (2004). Flood. in: The Oxford Companion to World Mythology. Oxford University Press.
  3. Sehgal, Sunil. (1999). Encyclopaedia of Hinduism: T-Z. 5 Sarup & Sons, 401 or. ISBN 8176250643..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]