Ultzeradun kolitis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
UKren irudia kolonoskopia batean.
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Ultzeradun kolitisa (UK) digestio-aparatuaren eritasun kronikoa da, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren mota bietako bat izanda Crohn gaitzarekin batera. Azken gaixotasun honekin desberdintzeko diagnosi zehatza egin behar da.

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez-erretzaileengan agertu ohi da.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore ezezagun bat edo batzuek (mikrobio, antigeno, dietako osagaiak) zelula immunitarioak aktibatzen dituzte, hauek zitokina eta hantura bitartekariak askatuz. Teoria genetikoa proposatu da bi arrazoi kontutan harturik: alde batetik, lehen mailako senideen artean gaixotasuna pairatzeko arriskua handiagoa da; eta bestetik, gaixotasun mota, bilakaera eta kokapenak familia bakoitzaren barruan erlazioa dute.

HLA DR2-n kokaturiko gene batekin duten erlazioa deskribatu dira. Agerraldi akutuak infekzio, HKEE-ek (hanturakontrako ez esteroideo) edota estresak eragin ditzakete. Sarritan ultzeradun kolitisaren lehen agerraldia tabakoa uztean suertatzen da.

Ikerlari batzuek ultzeradun kolitisa gaixotasun autoimmunea dela proposatu arren, dauden datuekin ezin da hori guztiz baieztatu. Egia bada ere gaixoen immunitate-sisteman asaldura batzuk agertzen direla, ez dago jakiterik asaldura horiek gaitzaren eragileak diren edo gaitzaren ondorioak, honen jatorrian eragile infekzioso bat egonik.

Anatomia patologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UK-n tipikoki kolon eta ondestea kaltetzen ditu baina ileonaren azken zatia ere kaltetu dezake. Kasu honetan lesioak etengabeak dira (ez dago zati osasuntsurik) eta mukosa bakarrik dago gaixo. Makroskopikoki azalgaineko ultzerak eta sasi-polipoak nabarmentzen dira. Mikroskopikoki abszesuak, metaplasia, kaliz itxuradun zelulen gutxitzea eta baskularizazioaren areagotzea ikusten dira.

Sintomak eta zeinuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beherakoa eta ondesteko odoljarioa sintomarik ohikoenak dira.

Konplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Megakolon toxikoa, hesteetako odoljarioa, kolon-zulaketa eta minbizia dira agertzen diren konplikazio arruntenak.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Proba analitikoak: leukozitosia, aldi akutuko erreaktanteen igoera, plaketen igoera eta hemoglobinaren jaitsiera aurki ditzakegu besteak beste.
  • Erradiologia soil batean ere zenbait zeinu ikus ditzakegu: ultzeradun kolitisean gaixo dagoen zatian ez dugu eginkari-hondarrik ikusiko; kasu oso aurreratuetan kolonaren diametroa estututa ager daiteke eta megakolonaren diagnostikoa egin dezakegu.

Bariodun erradiologia gaixotasunaren hedadura eta honekin agertzen diren lesioak definitzeko oso lagungarria da. Hala ere bere erabilera kontraindikatuta legoke aldi akutu eta megakolon toxikoan.

  • Endoskopia: Kolonoskopia diagnostikorako daukagun metodo sentikor eta espezifikoena da. Fase akutuan dagoen ultzeradun kolitisean kolonoskopia oso bat egitea ez da egokia, ondesteko biopsia bat egitearekin nahikoa litzateke hantura baieztatzeko.

Diagnostiko bereizlea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hesteetako hanturazko gaixotasunaren diagnostikoa egin baino lehenago beste gaixotasun batzuk baztertu beharko ditugu:

  • Ondesteko odoljarioak sor ditzaketen hainbat gaixotasun: odoluzkiak (hemorroideak), minbizia, polipo eta dibertikuluak, angiodisplasia.
  • Kolitis akutu kutsagarria: Salmonella, Shigella, Campylobacter, Yersinia, Plesiomanas shigelloides, Aeromonas hydrophilia, E. Coli 0157:H7, Clostriduim difficile (pseudomintzezko kolitis-a), gonokozia, tuberkulosia, amebiasis, zitomegalobirisa.
  • Kolitis iskemikoa.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Oinarrizko tratamendua: gaixotasuna arina denean beherakoaren kontrako farmakoekin nahikoa da (difenoxilatoa, atropina eta loperamida). Kasu larrienetan aldiz baraua, zain-barnetiko kortikoideak, hidratazioa eta transfusioak beharrezkoak dira. Guztiz garrantzitsua da indarge dagoen gaixoa ebakuntza aurretik ondo prestatzea eta baita ere laguntza psikologikoa ematea.
  • Sulfasalazina eta aminosalizilatoak: Sulfasalazinaren osagai aktiboa azido 5- aminosalizilikoa da (5-ASA) eta sulfapiridina izeneko garraiatzaile bati loturik dago. Ikusi da alde batetik larritasun arin eta ertaineko koloneko gaixotasunean eraginkorra dela eta bestetik ultzeradun kolitis-aren gutxitzeak mantentzeko ere erabil daitekeela. Farmako honek toxikotasuna sulfapiridinari zor dio. Dosi menpekorrak diren 2. mailako ondorioak: goragalea, buruko mina eta gutxiagotan anemia hemolitikoa dira eta dosia gutxiagotzean hobetzen dira. Idiosinkrasiagatiko ondorioak sukarra, exantema, neutropenia, pankreatitis-a eta hepatitis-a dira, besteak beste. Aminosalizilato berriak sulfasalazina bezain eraginkorrak dira baina toxikotasun txikiagoarekin.
  • Glukokortikoideak: Gaixotasun moderatuan edo larrian erabilgarriak dira, bai ahotik bai zainaren bidez emanda. Ondestea hartuta egonez gero, enemak erabili behar dira.
  • Immunogutxitzaileak: azatioprina eta 6-merkaptopurina dira. Beste tratamendu batzuk eraginkorrak ez badira izan erabiltzen dira. Toxikotasunari dagokionez pankreatitis-a, inmunoeskasia eta kartzinogenesia sor ditzake. Haurdunaldian ezin dira erabili.
  • Kirurgia: Ultzeradun kolitisak bestelako tratamenduei erantzuten ez dionean, megakolon toxikoa 24-48 ordutan farmako bidezko tratamenduarekin hobetzen ez denean eta minbizia edo displasia dagoenean kolon osoa kentzea sendagarria da.
  • Gorotz-bakterioterapia: azken urteetan hainbat patologia gastrointestinal gorotz-bakterioterapiaren bidez tratatu dira, arrakasta handiz. Ultzeradun kolitisaren kasuak ere badaude.

HHG eta haurdunaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalkortasuna normala da. Kontrolpean dagoen ultzeradun kolitisa duten emakumeen erdiek agerraldi bat izango dute haurdun geratzean. Fetuaren pronostikoa gainontzeko populazioarenaren antzerakoa da. Tratamenduari dagokionez; kortikoide, azatioprina eta aminosalizilatoak seguruak dira eta ziklosporina eta metotrexatea ezin dira erabili. Tratamendu kirurgikoa premiazko egoeratan bakarrik erabiliko da, fetu-hilkortasuna areagotzen baitu.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Manual de Medicina Harrison. Mc Graw Hill Interamericana, 2002, 15. argitalpena.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ultzeradun kolitis Aldatu lotura Wikidatan