Unibertsoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Unibertsoa existitzen den materia eta energia guztia eta horiek existitzen diren espazioaren eta denboraren batasuna da. Unibertso hitza antzinako frantseseko univers-etik dator, zeina latineko unus («bakarra») eta versus («buelta») erroetatik eratorria den.

Unibertsoa ulertzeko bideak

Galaxia ugari ageri dira Hubble espazio teleskopioarekin lorturiko irudi honetan. Guztiak unibertsoaren barnean daude.
Atomoak ere, kasu honetan helio atomo bat, ere unibertso zati bat da

Gizakia gizaki denetik bere ingurua, hau da unibertsoa, ulertzen saiatu da eta horretarako metodo eta teoria ugari asmatu du. Horrela denbora joan ahala diziplina ezberdinak garatu ditu, zeinetako bakoitzak unibertsoaren atal bat aztertzen duen. Existentzia berbera aztertzen duen diziplina filosofia dugu eta existentziaren izateaz kezkatu gabe ikus eta neur litekeen unibertsoaren zatiaren edo unibertso ikusgarriaren obserbazioaren bidez ondorioak lortzen saiatzen diren diziplinei zientzia esaten diegu. Zientzien artean unibertsoaren osotasuna aztertzen duen zientzia fisika dugu. Fisikariek espazio-denbora jarraitua eta haren baitan den materia eta energia deskribatzen ahalegintzen dira matematika eta logikaren bidez. Gainontzeko zientziak ere fisikaren ildotik ikusi, neurtu eta bermatu litekeenaren bidez unibertsoaren atal konkretuak aztertzen dituzte metodo zientifikoaren bidez. Giza aktibitatea aztergai duten zientziei zientzia sozial edo gizarte zientzia deritze eta fisikaren bidez objektu eta ekintzak aztertzen dituzten zientziak zientzia aplikatuak direla esaten da.

Galaxiak eta argizagiak, izaki bizidunak eta materiaren osagai diren atomo eta bestelako oinarrizko partikulak unibertsoaren baitan existitzen dira, gauza guzti horiek filosofiak eta fisika eta gainontzeko zientziek dituzte aztergai.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Unibertsoa Aldatu lotura Wikidatan