Urbinoko dukearen diptikoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Urbinoko dukearen diptikoa
Piero della Francesca 044.jpg
Egilea Piero della Francesca
Sorrera Pizkundea
Kokalekua Uffizi Galeria
Materiala olioa makalean
Neurriak 47 × 33 × cm.

Urbinoko dukearen diptikoa Piero della Francesca margolari pizkundetar italiarraren margolan bereizgarri bat da. Battista Sforza eta Federiko da Montefeltroren erretratua (edo Federiko da Montefeltro eta bere emazte Battista Sforzaren erretratua, italieraz Ritratti di Federigo di Montefeltro, duca d'Urbino e della moglie Battista Sforza) eta Kastitatearen Garaipena bezala ere ezagutzen da. 47 zentimetroko altuera eta 33 zentimetroko zabalera du. Florentziako Uffizi Galerian dago.

1472an margotua izan zen, bere datazioa ziurra ez den arren, 1460 eta 1470 arteko tartea adierazten delarik; beste iturri batzuk 1472-1473 inguruan egin zela aipatzen dute. Uste denez, Federikoren erretratua 1465erako amaitua zegoen, bere emazte Battistarena hil ondorengoa den bitartean, hortik 1472 baino beranduago datatzearen arrazoia. Margolana margotu zenean Battista jada hilda zegoen, 26 urterekin, eta ziur asko, hil mozorroa erabili zuen erretratua egiteko. Edozein kasutan, Urbinoko dukearen gortean zegoela egingo zuen, nori bere De prospectiva pingendi tratatua eskaini zion. Zurean eginiko tenplezko margolan bat da.

Bi aurpegietatik margotutako diptiko bat da. Batean, Federiko da Montefeltro Urbinoko dukea eta bere emazte Battista Sforzaren erretratuak ikusten dira. Pizkundeko lehen erretratuetako bat da. Bi margolanak, garai batean, marko bakar batekin elkartuta egon ziren. Erretratua, profilez, erromatar txanponetan bezala, dominak egitearen arteak eragina dago, "hiru laurdeneko erretratuak baino idealizazio handiago bat eragiten du" eta garaiko italiar margolaritzako tipikoa da.

Bi profilak aurrez aurre geratzen dira idealizatutako perspektibazko paisaia batean, goragoko angelu batetik ikusia, Jan van Eyck gogorarazten duena. Irudiak goragoko toki batean atzean paisaia zabal bat dutela jartze honek ez du aurrekaririk italiar margolaritzan, baizik eta flandriar margolaritzaren eragin nabarmen bat dela, azken batean, Rolin Kantzilerraren Birjina izeneko margolanean jatorria duena. Federiko da Montefeltroren bizkarretik datorren argiak Battista Sforzaren aurpegia argiztatzen du, eta zuriagoa izatearen itxura ematen dio. Bolumen zentzu indartsu bat nabaritzen da, batez ere Federikoren profilean, arropen kolore gorri bereko kapelari esker.

Gainera, italiar eta flandriar estiloen arteko elkarketa hau xehetasunengatik duen ardura zorrotz eta sotilean nabarmentzen da, Battista Sforzaren bitxiak, biziki sotila den oleozko belatuak, garaiko italiar margolaritzan soilik Antonello da Messinak lortu zuen errealitate bat lortzen du.

Atzealdean, garaipen erara, senar-emazteen iritsiera Urbinora gurdi alegorikoen gainean irudikatzen da. Federiko da Montefeltro eta Battista Sforzaren Garaipenak dira, hau da, euren iritsiera hirira garaipenezko gurdietan, aingeru eta adarbakarrez lagunduta, kastitate ikurrak direnak, eta omenaldi idazkiekin. Dukeen garaipen martxa antzinako erara da. Bi gurdi garaile bata bestearengana doaz:

  • Federiko dukea dago horietako batean, Garaipenak koroatua; zutik bere atzean dagoena, zaldiak Maitasunak gidatzen ditu, eta printzearen aurrealdean bertute kardinalak biltzen dira
  • Dukesa dago beste gurdian, modu berean hamar emakumezko irudik lagunduta. Bere gurdia adarbakarrek daramate, kastitatearen ikur direnak, Fedea eta Karitatea aurretik doazelarik.

Lan hau, XX. mendean biziki garrantzitsua izango zen kubismoaren etorrerarako, Picassok, Braquek eta beste zenbaitek aztertu baitzuten, erretratatutako aurpegien eraikitze ia geometrikoaren arabera.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Urbinoko dukearen diptikoa Aldatu lotura Wikidatan