Urdaibai

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°21′N 2°41′W / 43.35°N 2.68°W / 43.35; -2.68
Wikipedia, Entziklopedia askea

Urdaibai
IV. maila: habitat/espezieen kontserbazio gune
Datu orokorrak
MotaBiosfera erreserba, naturagune babestua eta Biosphere Reserve (en) Itzuli
Azalera22.038,61094 ha
Geografia
Map
Koordenatuak43°21′N 2°41′W / 43.35°N 2.68°W / 43.35; -2.68
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Leku geografikoaOka

Urdaibai Oka ibaiak sortzen duen padura da. Biosfera erreserba izendatua dago 1984. urtetik eta Hegaztien Babeserako Zona Berezien (ZEPA) programan dago Red Natura 2000ren barruan, 1994tik. Urdaibai Biosfera Erreserba deritzo euskaraz[1].

Bere hedadurari eta kontserbazio mailari dagokionez, Euskal Herriko hezegune garrantzitsuena da, hainbat hegaztirentzako babesa izaten da migrazio garaian zehar.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaik 30 km2 hartzen ditu. Ez dauka 12 km baino gehiagoko gehinezko zabaleraz eta 17 km eta 20 km bitartean luzeraz. Bizkaiko lurrazalaren %10 hartzen du.

Bizkaiko kostaldeko basa-ingurune garrantzitsuena da, Busturialdeko eskualdean dagoena. Itsas gora eta beherarekin oso aldakorra den ingurunea da.

22 udalerritako terrenoak daude Urdaibain. Horietatik hamabi oso-osorik sartuta daude: Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Ajangiz, Mendata, Arratzu, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Elantxobe. Beste bi udalerri ia-ia bere osotasunean daude barruan, Ibarrangelu eta Muxika (Maguma auzoa salbu). Bermeo, Nabarniz eta Ereñok euren azalera erdia baino gehiago dute barnean, eta beste bostek herena baino gutxiago: Arrieta, Errigoiti, Morga, Amorebieta-Etxano eta Munitibar[1]. Nukleo urbano nagusiak Bermeo eta Gernika dira.

Urdaibain dauden hondartza garrantzitsuenak Laidatxu eta Laida dira. Hareatzok oso zabalak dira marea behera dagoenean eta ia ezkutatzen dira marea gora dagoenean. Hala ere, aspaldi honetan Laidako dunak berreskuratzeko lana egin da eta horrek itsasgora dagoenean ere hondartza zati batek irautea ekarri du. Hala ere beste hainbat hondartza daude Urdaibaiko basaingurunean

Uharteei dagokionez, Txatxarramendi eta Sandinderi uharteak padura barruan daude, Sukarrietan; eta Izaro (Bermeo), ostera, itsasoan.

Laidako hondartzak padura osoa babesten du olatuen eraginetik eta hori dela-eta zingiratsua da barnealdea. Kanpoaldera, ordea, uhin handiak heltzen dira eta Mundakako Laidatxu hondartzan dabiltzan olatuak mundu osoan dira ezagunak.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oka ibaia Oiz (1036 m) mendiaren iparraldeko hegalean jaiotzen da eta bere izen bereko harana zeharkatzen du, Gernikan kokatzen dena. 12km inguruko ibaia da, Gernikatik Kantauriar Itsasorainoko bere bidean. Bere hidrografia erreka irregular txikiz osatua dago, kosta malkartsua da, amildegi altu eta irla eta uhartetxo batzuk ere baditu. Gizakien esku-hartzea handia eta zaharra da, prehistorian ere jendea bazegoela ikusi da; horren adibide da Santimamiñeko kobazuloa. Nekazaritzaren ondorioz, laboreak eta basoak nahasten dituen paisaia sortu da, Euskadiko paisaia desberdinen multzo kontzentratuena izanik.

Biosferaren Kontserbaziorako Legeak lau zona babesten ditu:

Erliebeari dagokionez hiru zona desberdin antzematen dira garbi: mendiak, ibarrak eta padurak eta beste aldetik kosta, portu, hondartza eta itsaslabarrekin.

Erreserbak 224,5238 ha-ko azalera hartzen du, hau da, Bizkaiaren %10. Azalera honen 943 ha (%4,2) hezegunea da.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibai zonalde atlantikoko kliman integratuta dago, Bizkaia osoa bezala, honek atlantiko mesotermikoa du, epela eta hezea, itsasoak erregulatua, muturreko tenperaturarik gabea (bataz beste 9 °C neguan eta 19 °C udan). Prezipitazioak altuak dira (1500 mm-ko media urtean), urtean zehar uniformeki banatua. Prezipitazio hauek euri moduan aurkezten dira normalean. Köppenen klasifikazio klimatikoaren arabera, klima epel-hezea da urtaro lehorrik gabea.

Tenperatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasoaren eraginak tenperaturak erregulatzen ditu. Abuztuko 20 °C eta otsaileko 8 °C-en artean ibiltzen dira. Batez besteko tenperatura 13-14 °C-koa da.

Neguan, Azoreetako antizikloia hegoaldera mugitzen denean, haize hotzak hasten dira prezipitazioak ostarteekin txandakatuz. Abendua eta urtarrila izaten da tenperatura baxueneko garaia -7,9 °C-ko tenperaturak izaten baitira.

Udan 19 °C inguruko tenperatura izaten da. Hilabete beroena abuztua izaten da, gradu bat gehiagoko media izaten du eta 41 °C-ko maximak.

Udaberri eta udazkenean neurriko tenperaturak mantentzen dira.

Prezipitazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaiko zonaldean prezipitazioak ugariak izaten dira, euri moduan normalean, kazkabarra eta elurra ez baitira ohikoak izaten. Urteko media 1500 mm-koa da eta hilabete euritsuenak azaroa eta abendua dira, hilabetean 160 mm izaten dira. Uda izaten da euri gutxien egiten duen momentua, 42 mm hilabetean (prezipitazio mailak ez dira inoiz 30 mm-tik jaisten).

Hezetasun erlatiboa %70-80 artean ibiltzen da, urtaro hezeenak udazkena eta abendua izanik.

Haizea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibai, gainerako euskal kostak bezala, mendebalderantz doazen haize erregimena mantentzen du.

Neguan, iparraldetik datozen haizeak ibiltzen diar 4-11m/s-ko abiadura izaten duena. Udaberri eta udan hegoekialdetik etortzen dira haizeak 1-7m/s-ko abiadurarekin.

Egunean zehar, lurrak itsasoak baino tenperatura handiagoa hartzen du, gaineko airea berotzea eraginez eta aire korronte bat sortuz. Haize honi, itsasertzeko brisa dei egiten zaio eta 11etatik gauerdira arte ematen da 6m/s inguruko abiadurarekin.

Gauean zehar fenomenoa alderantziz gertatzen da. Lurra itsasoa baino azkarrago hozten da eta fenomeni honi lurreko brisa izena ematen zaio. Gauerditik 11ak bitartean ematen da 2m/s inguruko abiadurarekin.

Paisaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibairen airetiko ikuspegia

Paisaia nagusiki itsasoa, mendia eta hondartzaz osatuta dago. Oka iparralderantz doa eta oso altuak ez diren mendiz inguratuta dago, horrela, hegoaldeko, mendebaldeko eta ekialdeko mugak ibai arroa osatzen duten mendiez osatuta daude, Kantauri itsasoa iparraldean kokatuz.

Oka ibaia Urdaibain sartu eta laster itsasadar bihurtzen da. Bere sedimentuetatik sortu diren hareazko eremuen artetik igarotzen da, padurak osatuz, itsasgoran urez estaliak. Artiga eta Laga ibaiak zuzenean itsasoratzen dira: lehena, ezkerretara, Sollube mendia eta Bermeoren artean haran txiki bat sortuz; eta bigarrena, eskuinerantz, Ereñoko harana zeharkatuz, Lagako hondartzan itsasoratuz, Ogoñoko harkaitzaren ondoan.

Itsasadarra

Gernikako itsasadarra Ramsarreko hezeguneetan barneratuta dago. Erreserbaren % 4,2 da, hau da, 943 hektarea.

Itsasadarra da erreserbaren muina, izan ere, emigratzen duten hegazti askorentzako atseden hartzeko eta elikatzeko toki ezinhobea baita, Herbehereetatik datozen espatulentzat bereziki. Santoñako padurekin batera, Kantauriko erlaitzeko eta Iberiar penintsulako hezegune garrantzitsuena da. Ikuspegi botanikotik ere garrantzi internazionala dauka.

Barnealdean, 900m inguruko mendi aldapatsuez mugatua, Monterreyko pinua nabarmentzen da, egurra lortzeko ibiltzen direnak. Badaude baso batzuk haritza dutenak nagusiki, Elexalde eta Oraldeikoak, adibidez. Kostarantz joanez gero, eukaliptoa nagusitzen da.

Erdialdeko zonan, lurra lautu egiten da eta nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen da. Hainbat baserri aurki daitezke bertan, auzo txikietan ordenatuak.

Mendiak

Mendi magalak arteaz osatutako basoz daude estalirik, itsasoraino. Haritza eta gaztainondoa ere aurki daiteke. Lurreko kalizari esker paisaia karstikoa garatu da, non kobazulo eta galeriak oso ohikoak diren. Erreserba barruan hurrengo mendiak daude:

Bizkargi (555 m)

Arrola (537 m)

Kanpona (504 m)

Ereñozar (447 m)

Maiaga (403 m)

Ollargan (368 m)

Axbiribil (354 m)

Katillotxu (336 m)

Atxarre (312 m)

Ogoño (305 m)


Kosta

Iparraldean, bokalean, Sukarrieta eta Laidako hondartzak daude eta ezkerraldean Mundaka, bere portuak itsasorantz ematen du.

Mendebaldean Santa Katalina, Murgoa eta Lamerakoak daude. Murgoak 100m-ko desnibela du, Trankilpunta eta Kargaderua sortuz. Bermeoren ondoren, Aritxantxuko hondartza dago Talape eta Tonpoleko amildegien artean. Han daude arribolak deritzenak, paretetatik erori diren harriak, itsasoak biribildu dituenak. Mendebaldeko muga Matxitxako lurmuturra da, bere itsasargiarekin. Erreserbatik haratago, Gaztelugatxe kokatzen da.

Ekialdean, Laidako hondartza jarraiturik, Antzoretako amildegiak daude, Antxon Azpiako kalara irekitzen dena. Izaroko irla itsasoan kokatzen da, itsasadarraren bokalearen parean, bahia erdi itxiz.

Kostak malkartsua izateari usten dio Lagako hondartza osatzeko. Ogoñoko harkaitzean amaitzen da eta beste aldean, Elantxobeko herria dago.

Hondartzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibairen inguruan, oso desberdinak diren 12 hondartza aurki daitezke. Laga edo Laida hondartza handietatik, Antzora edo Lapatzako kala txikietara.

Ezkerreko aldea
  • Alikante (Sukarrieta): guztira 140m egiten dituzten kala txikien batura da, hare horizkoa. 11 900 m² itsasbehera eta 3500 m² itsasgora ditu gutxi gorabehera. Bertatik gertu, Txatxarramendiko irla dago eta hondartzaren ondoan artadi bat dago, parke botaniko bihurtu dena.
  • Aritzatxu (Bermeo) 75m luzeran dituen kala hareatsu bat da, 4500 m²-ko azalera duena itsasbehera eta 1875 m² itsasgora.
  • Kanalape: harea horizko hondartza da, 350m luze dena, 106 000 m² dituena itsasbehera eta 42 000 m² itsasgora.
  • Laidatxu (Mundaka) hare horizko kala bat da, estuarioko korronteak dituena. 55 m-ko luzera du, 5600 m² itsas behera eta 1800 m² itsasgora. Honen ondoan kokatzen da Mundakako portua eta hemen aurkitzen da surfean hain famatuak diren ezkerraldeko holatuak.
  • Ondartzape (Mundaka) es una pequeña cala rocosa con alguna arena de color negro. Tiene 50 m de longitud y una superficie que varía de los 2000 m² en bajamar y 830 m² en pleamar.Playa de San Antonio, isla de Sandindere y monte Ereñozar.
  • San Antonio (Sukarrieta) hare horizko eta 350 m dituen hondartza da. Bere azalera 13 000-29 000 m² artean ibiltzen da, itsasoaren arabera.
  • Toña (Sukarrieta) hare horizko kala bat da, Txatxarramendi irlaren parean dagoena. 120 m ditu eta 3000-10 200 m² arteko azalera.
Laga hondartzaren ikuspegia Talaia mendiaren tontorretik.

Eskuineko aldea

  • Antzoras (Ibarrangelu): kala txiki eta harritsua da, 50 m-ko luzera eta 500-1000 m²-ko azalera duena.
  • Ea (Ea): hare horizko hondartza da, 120 m-koa eta 2800-6688 m²-ko azalera duena.
  • Laga (Ibarrangelu): hare horizko hondartzam 574 m luze eta 42 499-138 499 m²-ko azalera duena.
  • Laida (Ibarrangelu): Okaren bokalean kokatzen den hondartza da, errekara ematen duen zonalde bat eta itsasorantz ematen duen beste zonalde bat ditu. Hare horizkoa da, 812 m luze da eta 38 190-59 109 m² artean ibiltzen da.
  • Lapatza (Ea): kala txiki harritsua da, 230 m luze dena eta 2300-4600 m² artean ibiltzen dena. Nudista da.

Irla eta uhartetxoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaiko mugen barnean hainbat irla eta uharte txiki daude, jatorri kontinentalekoak. Irla hauetako flora euskal-kostetan aurkitzen denaren berdina da nagusiki, baina aldaketa batzuk ere jasan ditu; hala nola, olibondo basatia edo basolibondoa. Itsasazpiko habitata askotarikoa da, algas, esponjak eta abar ditu.

Urdaibairen parte ez den arren, oso gertu dago Gaztelugatxeko Biotopo Babestua, San Juan de Gaztelugatxe irla eta Aketxeko uhartetxoaz osatuta dagoena.

Izaro irla

Izaro[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Euskal kostako uharte handiena da eta bertan egiten dituzte habiak itsas hegazti garrantzitsuenak. Mundakaren parean kokatzen da eta Bermeoko udaletxearena da 1719. urtetik. Ez dago sarbide librerik.

Tradizioaren arabera, irla hau Bermeorena izaten amaitu zuen Mundaka eta Ibarrangelu herrien arteko liskarrei amaiera emateko. Liskarrean zera esaten zen, irla eta herrien arteko distantzia neurtuz jakingo zutela zein herrirena zen. Errieta amaitzeko regata bat antolatu zen. Tradizioak dio Mundakakoek irabazi zutela, baina epaileek, Elantxobekoek, Bermeori eman ziotela saria hildako bat izan zuen istripu bat izan zutelako proban. Gertakari honi buruz hitz egiten duen dokumenturik ez dagoela esan behar da.

Gertakari hau ospatuz, urtero, Magdalenaren egunean (ermita bat esistitu zen santu honi eskeinia), irlaraino prozesio bat egiten dute Maria Magdalenaren kanta abesten duten bitartean. Bermeoko alkateak teila bat jaurtitzen du itsasora "Horraino heltzen dira Bermeoko ituklnak" esanez, herriaren mugak sinbolizatzeko. Ondoren, Elantxobera zuzentzen dira, non herri honetako alkateak aginte-makila ematen dio.

Izaron komentu frantziskar bat egon zen 1422an, Martin de Arteaga, Juan Undabarrena, Lino de Albiz eta Martin de Erkoreka fraideek sortua. Komentuan, hondarrak bakarrik geratzen direna, Enrike IV eta Fernando Katolikoak bisitatu zuten. Lehenak 1457an bisitatu zuen eta bigattenak 1476an. Isabel Katolikoaren bisitarako, 1483an izan zena, harrizko eskailera bat eraiki zen, 258 koska zituena.

Paduako San Antoniok XIII.mendean bisitatu zuen monastegia, bere amonaren herria bisitatzera joan zenean.

Monastegia 1719an izan zen abandonatua, komunitatea Foruara mugitu zenean. Bere ordez, Maria Magdalenari eskeinitako ermita eraiki zen. Gaur egun, bere irudia Elantxobeko elizan gordetzen da.

1596ko irailaren 1ean pirata eraso bat izan zen, oker dabiltza Francis Drake izan zela esaten denean.

1813an erabilera militarrerako pasa zen irla, biltegi moduan. Presoentzako ere erabili zen. Gai hauetarako erabiltzen hasi zenean, sendotu egin zuten.

Sandindere irla.

Irlaren irudia Izaro Films distribuzio eta produkzio enpresaren logoa izan da.

Sandindere edo Sandinderi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretik Doniandere deitzen zitzaion eta Okaren bokalean kokatzen da. Bertan ermita bat egon zela ikusi da eta garai batean zubi batek lurrera batzen zuela. Sarbidea dauka itsasbeheran oinezkoentzat. Erabilera militarreko eraikinen hondarrak ere baditu.

Txatxarramendiko irla eta zubia.

Txatxarramendi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharte txiki hau, kostatik oso gertu egonik zubi batez lotuta dagoena, irisgarria da oinezkoentzat itsasbeheran. Sukarrietaren parean kokatzen da eta 2,7 hektareako azalera du.

XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran oso toki famatua izan zen uda pasatzeko. 1896an bainuetxe bat eraiki zen Juan Tomás Gandariasen aginduz, garai hartan irlaren jabe zena. Inguruan beste ostalaritzako toki batzuk ireki ziren. Horren adibide da 1919an irlaren parean eraiki zen Paco Hostala. 1930ean itsaski haztegi bat gehitu zitzaion. Hostalak 1963an itsi zituen bere ateak, baina 2002an haztegia berreskuratu egin zen Urdaibaiko Galtzagorriak elkarteari esker.

Bertako artadi kantabrikoa erreserbako zaharrena da. Bere kontserbazioa hotela eta bainuetxeari esker eman da. 2000. urtean lorategi botaniko bat egin zen Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eskutik, non 25 flora espezie desberdin nabarmentzen diren.

Kokapena oso egokia da txoriak behatzeko, adibidez, martin arrantzalea, lertxuntxo txikia, txonta arrunta, zozoa, txantxangorria, erregetxo bekainzuria, ubarroia eta abar luze bat.

Behatokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibai inguratzen duten mendiek ikuspegi ederrak eskaintzen dituzten puntu estrategikoetara iristeko aukera ematen du. Behatoki famatuena Oiz mendia da, 1036 m-ko altuera eta kokapen zentratuarekin urrunagoko gauzak ikustea ahalbidetzen du. Zerua garbi dagoen egunetan Zaragozako Moncayo ikustera ere ititsi daiteke. Oiz berez ez da Urdaibaien parte, tontor txikiago bat da hegoaldeko muga zehazten duena. Astoganatik ere azalera guztia ikusi daiteke. Behatoki garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Altamira (Morga): Morgako Oñarte auzoan kokatua, eskualdeko BI-2121 errepidetik iristen da bertara, Gerekizen Andra Mari auzorantz desbideratuta eta handik Oñarteko auzotik San Migeleko ermitara, Altamira baserriaren ondoan. Hemendik Ganbeko bailara eta Uribeko eskualdea ikus daitezke, Sollube media nabarmenduz.
  • Atxarre (Ibarrangelu): Atxerre mendian kokatzen da 311,3 m-ko altueran. Itsasadar guztia ikus daiteke bertatik eta San Antonio Pedernaletakoaren ermita, Mundakako Santa Katalinarena eta Ereñoko San Migelena ere bai. San Pedro Agirrekoa bezala ezagutzen den ermita bat du XV. mendekoa, baina hainbat alditan berreraikia izan dena. Bertan gatza bedeinkatzen zen ondoren lur-sailetan eta itsasontzietan isurtzen zena uzta eta arrantza hobetzeko. Oinez bakarrik iritsi daiteke hona, autoz Akordako auzoraino soilik, BI-3237 errepidetik Ibarrangeluarako norabidean.
  • Bizkaiko balkoia (Mendata): BI-3231 errepidean kokatzen da, Oizeko mendi-hegalean, Astoganaren azpialdean. Bertatik, babestutako zonalde guztiaren ikuspegi ederrak daude. Kaltzadaren beste aldean Ama Birjinaren irudi bat dago babesa emateko, kondairaren arabera, toki hori sorginen bilera lekua omen zen eta.
  • Ereñozar (Ereño): Ereñozarreko gailurrean kokatzen da, San Migel ermitaren ondoan. Bertara iristeko, Ereñoko udaletxetik abiatzen den errepidetxo bat hartu behar da ermitaraino, autoa pixka bat lehenago utzi behar da. Ermita 1600. urtea baino lehenago eraiki zen eta Ereñoko parrokia bezala erabili zen gaur egun dagoen eraikina sortu aurretik. 1334ean, aldaketa hau Antso XI.naren aurrean egin zen. Barnean, sarkofago antropomorfo bat dago, erromanikoa seguruenik.
  • Santa Katalina (Mundaka): Mundakako itsasadarraren sarreran, itsasoaren gainean dagoen tontortxo batean dago izen bereko ermita. Bere kokapenari esker inguruan gertatzn den edozein mugimendu antzeman daiteke, bai itsasadarrean, bai itsasoan. Kokapen egoki horrek defentsarako eraikuntzak egitea bultzatu zuen.

Geologia eta hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaiko erreserbako arroka zaharrenak Triasiko amaieran sortu ziren, bertako azalera itsasoak estaltzen zuenean eta ale fineko sedimentazio bat sortzen zenean. Intrusio magmatikoek ofita masak buztinean sartzea eragin zuen. Hurrengo periodoan, Jurasikoan, sedimentazioa gelditu eta itsasoa sakondu egin zen, non fosilizatzera iritsi ziren hainbat ornogabe espezie bizi ziren.

Kretazeoan sedimentazioa berriro hasi zen, lehendik zeuden geruzen gainean jarraitu zuena. Hauen gainean koralezko arrezifeak sortu ziren, kostarekiko paraleloak. Egitura hauetan rudistak nabarmendu ziren (kono formako molusko batzuk), orbitolinak eta brakiopodoak. Arrezifeak haitzak konposatzen dituzten kareharriaren arduradunak dira. Hainbat milioi urte geroago, uharreen gainean, flyschs-ak eratuko zituzten lohi eta harea sedimentatu ziren

Iberiar plakaren bultzadak, orain dela 40 milioi urte, hau itsas-mailatik gora igotzea eragin zuen, ondorioz Kantauriar mendikatea eta Nabarnizeko antiklinalak sortuz. Itsasoaren hondoa higadura atmosferikoaren aurrean babesgabe geratu zen. Kuaternarioan eman zen higadurak geruza zaharrenak bistan utzi zituen eta errekek erliebearen forma originalak aldatu dituzte.

Eman zen tolesdurak gaineko geruzetako batzuk apurtu zituen. Okako haranean Nabarnizeko antiklinala apurtu zen haran zabal bat sortuz. Bertako higadurak Tertziarioko geruzak desegin eta kanal bat sortu zuen itsasotik goi-kretazeoko flyscheraino. Honek urarekin erosionatu zen kareharria bistan utzi zuen, Triasikoko buztin iragazgaitzetara iritsi arte, altxamendu geologikoa desagerraraziz, antiklinala estali eta geruza zaharrenak bistan utziz. Prozesu honi diapirismo deitzen zaio eta bere produktuari, sortzen dituen haranei diapiro.

Azken bi milioi urteetan, kuaternarioan zehar, itsasoak bere mailan funtsezko aldaketak jasan ditu hainbat alditan, higadura handia eragin duen faktorea. Azken glaziazioan, Würmen Glazioazioa izenekoa, itsasoa gaur egun dagoena baino 12 km barrurago zegoen eta Izaro irlak Atxarre eta Ereñozar uharteekin zubia sortzen zuten. Glaziazioaren amaieran gaur egun dagoen mailara jaitsi zen gradualki. Aldaketa hauek sedimentazio ugari eragin zituzten.

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekarpen hidrologiko nagusia itsasbehera eta itsasgora sekuentziek osatzen dute. Marea ziklo bakoitzean estuarioko ur guztia berritzen da 12 ordu ingurutan.

Oka, Mape eta Golako ibaiek garrantzi geodinamiko eta ekologiko handia duten arren, hauen ekarpek hidrikoa oso txikia da marearekin alderatuz gero. Ur geza honen ekarpena, sistema karstikotik datorren urarekin batzen da, oso ohikoa kareharrizko ingurunetan.

Estuarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

12 km-ko luzera eta 1 km-ko zabalera izanik, estuarioa Urdaibairen bihotza da. Itsasgora eta itsasbeheraren arteko desberdintasuna 4,5 m-koa da.

Itsasadarra zabaltzen joaten da kostara gerturatu hala, harezko barrera bat eratuz ekialdeko zatian. Urak garraiatu dituen sedimentuak ibaiaren ibilgua betetzen joaten dira, Oka lohiz betetzea eraginez. Ibaiak ekarritako sedimentuak, mareak eramaten dituzte gorantz, malda txiki bat duen estuario-haran bat sortuz.

Kretazeoko kareharria eta triasikoko ofitak azaleratu egiten dira estuarioan zehar dauden hareazko sedimentuetatik, haraneko zati batzuk nahiko estutuz; horren adibide da Bekoako uhartea.

Mendi-hegalak oso malkartsuak dira, 250 m-ko desnibela izatera ere irits daitezke ekialdeko aldean. Inguru honetan 40 m inguruko lautada bat ikus daiteke itsasadarraren gainaldetik, maldarekin apurtzen duena. Beste aldeko hegalak leunagoak dira eta 100 m-ko altuerara irits daitezke.

Sedimentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korronteen eragina, bai ibaiarena, bai marearena, ezinbestekoa da sedimentazioaren konkreziorako. Estuarioaren barnealdean marea lautadak eratu dira, flora kontinentalak kolonizatu dituenak.

Antzorako puntak eta Santa Katalinako irtenguneak itsasoak eragina duen zonaren hasiera markatzen du. Muruetatik Gernikaraino, 5 km-ko kanal artifizial bat eraiki zen ibai-ibilgu zaharra ordezkatzen duena, denborarekin bere erabilgarritasun maila jaitsi arren.

Zonalde hareatsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundakatik Kanala hondartzaraino, zonalde hareatsua dago, non Laidako hondartza osatzen duen hareazko barra nabarmentzen den. Harea bertan pilatzearen arrazoia korronteak dira, mendebaldetik ekialderantz doazenak.

Mendebaldeko aldea da energia gehien jasaten duen lekua estuario guztian; bertan kokatzen da ibaiko uren irteera eta itsasoa lurrean sartzeko bide nagusia bihurtu da. Iparraldeko mugan Mundakako barra deritzona garatu da, ganbiltasuna duela ipar-mendebalderantza.

Laidako hondartzan dunak sortzen dira hegoaldeko haizearen ondorioz. Fenomeno honek egun pare batean metro bateko garaierara iritsi daitezken dunak sortzen ditu. Lurrazal hareatsua, kontinenteetara lotuta dauden eremuez aparte, itsasoak estaltzen du itsasgora garaian. Agente askoren eragina jasaten dutenez, erraz moldeatzen diren eremuak dira.

Zonalde mixtoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanalatik Bekoako irlaraino, bokalearen zabaltzea ematen denean, lokaztiak sortzen dira harea ere badutenak. Marearen korrontea (gorantz doana) ibaiaren korrontea (beherantz doana) baino handiagoa da, ondorioz, ibaiak garraiatzen dituen materialak ez dira itsasoan libratzen. Lokaztiak, materia organiko maila altuak eta oxigeno maila baxuak dituztenak, kolore ilunekoak dira eta hareazko geruzekin nahasten dira, argiagoak direnak. Eremu hauetan itsasoko fauna nagusitzen da.

Zonalde lohitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bekoako irlatik Gernikaraino, harearik gabeko lokaztiak daude, eremu hauetaraino iritsi ezin duelako hareak. Kanalak ekartzen duen harea apurra lohiaren gainean pausatzen da eta dekantazioz ematen da sedimentazioa, bertako energia maila baxuaren ondorioz.

Paduretan alga asko pilatzen dira lurraren egonkortze eta gazitasun mailaren txikiagotzeagatik. Marismen zonaldea da aberastasun ekologiko handiena duena. Kasu batzuetan, padurak desekatu dira bertako lurrak laborantzarako erabiltzeko.

Ibaiko-uren uholdeak ematen diren lautadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barnealdeen dagoen zatian ibaiko-uren uholdeak ematen dira, padura eta lautadaren arteko transizio zona bezala jokatuko luketenak, Gernikako lurraldean kokatzen dira.

Lautadak dinamika sedimentarioa dauka, Oka ibaiaren maila igotzen denean ematen diren uholde periodikoetan oinarrituta dagoena, eta bere sedimentuak ibaian uzten ditu. Material hauek Baldatika eta Golako bezalako erreketatik datozte. Material hauek lautadan jalkitzen dira, bere maldan aldaketak eraginez. Lautada sustrato lohitsu baten gainean dago, geruza iragazgaitz bezala jokatzen duena. Geruza horren ondorioz, ohiko da putzuak pilatzea.

Kanala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikaraino iristen den kanalak aldaketak jasan zituen, XX. mendearen hasieran, meandroak ekiditeko kanal artifizial bat eraiki zenean. Oka ibaiaren ibilgu originala baztertuta geratu da eta jada ezin da erabili lohiz bete delako. Ibilgu artifizialaren hustuketa balbula batzuen bitartez egiten da; hauek marearen sarrera oztopatzen eta ibaiko uren hustuketa ahalbidetzen dute

Itsasertza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal kosta guztia plataforma kontinental estua eta malkartsua izateagatik nabarmentzen da. Urdaibaiko itsasertza hondoratze kosta bat da, non ibai-haranak higatuak izan direlako estuario eta itsasadar bihurtu diren. Lurra konposatzen duten material desberdinak uharte eta arku egituretan higatzea eragiten dute. Urdaibaiko mugak ezartzen dituzten bi akzidente geografikoak honako hauek dira: mendebaldean, Matxitxako lurmuturra, hareharriz osatuta dagoena eta ekialdean Arbolitz Punta, kareharrizkoa dena.

Matxitxako lurmuturra.

Matxitxako lurmuturra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxitxako lurmuturra erreserbako iparraldeen dagoen puntua da. Gainerako kosta eta Izaro irla babesten ditu kostarekiko paraleloak diren korronteetatik. Kretazeoko hareharriz osatuta dago, itsasoak higatu dituenak, amildegiak sortuz.

Izaro[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaro Bermeoko udalerriarena da. Mundakatik 2 km-tara eta Bermeotik 3 km-tara kokatzen da artxipielago txiki bat sortuz Hotzarri eta Potorro-harrirekin batera. Izaro kontinenteari itsatsita egon zen Antzorako lurmuturraren bitartez, baina gaur egun banatuta daude.

Uharteen azalera ia 4 hektareatara iristen da eta amildegiak sortzen dituzten flyschez osatuta dago, non kobazulo eta sarguneak sortzen diren. Altuera garaiena 50 m-koa da eta bertatik gertu Magdalenako ermitaren hondarrak daude.

Ogoño

Ogoño[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogoñok Lagako hondartza Elantxobeko badiatik banatzen du. Kareharrizkoa da, 200 m ditu garaieran eta bere oinarrian itsasoa 20 m barneratzen da, kobazulo, sifoi eta sarguneak eratuz.

Itsasondoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harezko hondoa txikiagotu egiten da kostatik urrundu ahala. Harea loditasun desberdinekoa da sakoneraren arabera. Lagaren iparraldean, 50 m inguruko sakonerarekin, harea lodia da eta ekinodermatu, bibalbio eta gastropodoen pilaketak aurki daitezke. Kostatik gertu, ordea, harea finagoa da 25 m inguruko sakoneran. Hala ere, Izaroko irlak barrera gisa jokatzen duenez, posible da bertan hare fina aurkitzea nahiz eta 45 m-ko sakoneran egon arren.

Azaleratze harritsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibai osatzen duen lurrazala buztinezko haran bat da. Honen gainean, lehenagoko materialak azaleratzen dira mendixka txikiak sortuz, Goitiburu (106 m), Gaitoka (56 m) eta Goierri (88 m), adibidez. Mendixka hauek triasikoko materialez osatuta daude, buztinak bereziki, baina badaude ofita eta berde eta gris koloreko harri azpi-bolkanikoak.

Sukarrieta eta Foruako Elexalde auzoen arteko ezkerreko mugan zehar eta Bekoa eta Kanala auzoen arteko eskuin aldean zehar, jurasikoko materialak aurkitu dira. Material hauek kolore iluneko eta fosiletan aberatsak (ammoniteak eta belemniteak) diren kareharriak dira. Ereño eta Nabarnizen artean eta Busturian kretazeoko material gutxi batzuk daude marga eta kareharrizkoak, arbel itxura dutenak eta beste sedimentu batzuekin nahasten direnak; hauen artean limonita beltza eta hareharria. Toki hauetan ugariak dira bibalboen eta ostrakodoen fosilak.

Kareharrizko lur honen gainean artadiak egon ohi dira, harriaren barruan "karst"-ak ematen dira, kobazulo, dolina eta leizeak eratuz, geroago haran itxi edo endorreiko bihurtuko direnak; Bollar, Basondo eta Malluku haranak dira adibide.

Erreserbaren barruan meategiak ustiatu dira, kareharriarenak bereziki. Denboran zehar egon diren guztien artean, Foruko Atxa, Foruan eta Muruetaganakoa, Ereñon, soilik daude aktibo gaur egun. Ustiapen hauek eragin negatiboa daukate erliebean eta ondorioz, artadietan.

Bereizgarria den flysch-a ezkerreko mugan zehar zabaltzen da, Karabizubietako eta Kurtzegane mendietatik Matxitxako lurmuturreraino. Beste aldetik, flyscha Ogoño mendiaren ekialdean ikusi daiteke, Elantxobe kokatzen den lekuan, kostan zehar erreserbako mugak gainditzen dituen arte.

Gernikatik labazko zati estu bat zabaltzen da, Kosnoagako menditik zehazki, Mungiako haraneraino, Urdaibaiko eremuetatik kanpo. Laba hauek Foruako Baldatika eta Rigoitiako Metxika lurretatik igarotzen dira. Forma biribilak hartuz hoztu ziren itsasoko urarekin kontaktatu zutenean, garai hartan ura baitzegoen zonalde horretan. Basalto eta andesitazko material bolkanikoak eratzen duten serie baten parte dira.

Urdaibairen hegoaldea tertziarioaren hasierako sedimentuek osatzen duten zerrenda batez itxita dago, Bizkaia zeharkatzen duena. Zerrenda hau oso higatuta dago jada. Zenozoikoaren bigarren etapa marga eta kareharria hareharriaren txandakatzearekin ikusten da.

Flora eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaien garatzen den florak oinarri atlantikoa dauka funtsean. Bertan ugariak dira zelai, haritzez osatutako arboladiak, basoak eta konifera landaketak. Kostako gunea baso kantabrikoez estalita dago, arteak eta gurbitzak. 615 landare espezie eta 318 ornodun deskribatu dira, hauetatik 245 hegaztiak izanik. Giza jarduerek eskuarki aldatu dute ingurunea, baina laborantzaren gainbeherak landaredia originala zertxobait errekuperatzea ahalbidetu du.

Urdaibaien hainbat zona desberdintzen dira fauna eta florari dagokien ezaugarri desberdinak dituztenak:

Landarediaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare mota Azalera (ha)
Artea 1426.5
Haritza eta baso misto atlantikoa 1020.1
Prebrezal atlántico 8.0
Otadiak eta iratzeak 926.9
Sastraka altuak 42.1
Sasiak 1.1
Albitz-belarra 147.8
Larre eta laborantzak 5235.8
Sega-belardiak 3.3
Ihitoki edo uholde-sakonuneak 352.9
Kareharri landare eremuak 3.1
Itsasertzeko amildegietako landare eremuak 97.4
Hondartzetako landaredia 38.2
Paduretako landaredia 223.5
Lezkadiak 66.9
Landare nitrofiloak 293.7
Baso landaketak 11 635.2
Mahastia eta zerealak 25
Parke eta lorategiak 7.1
Landarerik gabe 101.8
Itsasadarra 392.4

Inguruneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruneen arabera honako landare espezieak aurki daitezke:

Ingurunea Espezieak Ingurunearen ezaugarriak
Estuarioa eta paduretako ertzak Haltza, sahatsa eta tamarindoa Gazitasuna eta putzuak sortzea
Itsaslabar harritsuko frontea Txilarra, otea eta artea Itsasoko haizeak eta kresal ingurunea
Erreka ertzak eta sakonune hezeak Haltza, sahatsa eta lizarra Putzuak sortzea eta uholdeak
Amildegi hezeak Hostozabalen baso mistoa, haltza, lizarra, astigarra eta urkia Itzala, harriak eta lur-jausiak
Zelai eta haraneko puntu baxuak Haritza, lizarra, astigarra, gaztainondoa eta intxaurrondoa Kalitatezko lurra
Mendi-hegal altu eta isurialde eguzkitsuak Ametza Eguzkia, lur hareatsu eta lehorrak
Kareharrizko haitz-tokiak Artea Eguzki, ur eta haize gutxi mantentzen duten lurrak
Zonalde altuak, hegoaldeko isurialdea Pagoa Lur fresko eta hezea


Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaien aurki daitezken ekosistema kopuru handiak fauna oso aberatsa izatea eragiten du, 318 espezie daude erregistratuta, hegaztiak kontuan hartu gabe. Hegazti akuatikoen 55 espezie identifikatu dira ardedae, anatidae, rallidae, charadriidae, scolopacidae eta laridae familietakoak.

Arrainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiaetan bizi dira arrain gehienak. Ibaiaren goi-ibilguan amuarraina, mazkarra, aingira eta katxoa nabarmentzen dira; erdi-ibilguan barboa eta loinak agertzen dira eta hauen kopuruan handitzen joaten da ibaia beherantz joan ahala. Beste aldetik, ur-gaziko arrainak ere badaude, hala nola, kabuxino txikia, korrokoia, platutxa eta aingira.

Anfibioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Presio handia dute ingurumen baldintza eta giza-jardueraren ondorioz; hala ere, kopuru handia dago Urdaibaien. Adibidez, zapoak, hainbat igel espezie, arrabioak, uhandreak eta eskinkoak.

Narrastiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musker eta sugandila espezie ugari daude (Izaroko muskerra, adibidez) eta sugeak ere bai.

Hegaztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegaztiak dira Urdaibaiko talde aberats eta nabarmenena. Erreserbaren kokalekua ezin hobea da Europa eta Afrika artean emigratzen ari diren hegaztiek atseden hartzeko. Hegazti sedentarioak eta udatiarrak ere habiak egiteko aprobetxatzen dute tokia.

Arrano arrantzalea.

2009tik, Urdaibai Bird Centerrek egiten du hegaztien ikerketa, Europa mailan garrantzitsua den zentro ornitologikoa. Bertan egiten diren proiektuen artean ekologia espaziala eta habitataren erabilera, emigrazio mugimenduak, biologia, espezie kopurua eta hegaztien beste hainbeste arlo aztertzen dira. Beraien helburuetako bat hegaztiak hobeto ezagutzea da.

Nabarmenenak lertxuk hauskara, mokozabal zuria, arrano arrantzalea, txori zezen arrunta, zankaluzea, kuliska zuria, txilinporta txikia, koartzatxo handia, ahate txistularia, martin arrantzalea, ur-benarriza eta zuhaitz-belatza dira. Guztiak urteko momentu desberdinetan egon ohi dira ikusgai. Azpimarragarria da Urdaibaien Espainian espezie oso arrarotzat hartzen diren hegaztiak agertu ohi direla, adibidez, branta musubeltza, eider arrunta, ahatebeltz hegazuria, izotz-ahatea, beltxarga oihularia edo branta musuzuria.

Oruetako urmaelaren birsorkuntzatik, hegaztien kabi kopurua handitu egin da.

Ugaztunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisoi europarra

Ugaztunak txiki eta handietan sailkatzen dira. Txikien artean satorra, satitsua, lursagu gorria eta muxar grisa aurkitzen dira. Handien artean desagertzeko zorian dauden hainbat espezie daude; hala nola, bisoi europarra, eta ipurtatsa. Hauetaz aparte, untxia, katajineta, lepazuria, ur-satitsua, basurdea, azeria, eta orkatza. Bisoi amerikarren bat ere ikusi daiteke, abeltegiren batetik ihes egindakoa.

Artropodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

250 intsektu espezie desberdin identifikatu dira 15 orden eta 97 familietakoak eta 77 araknido espezie, 23 familia desberdinetakoak, batzuk babestuta daude.

Giza jardueraren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laidako hondartza
Laidako hondartza, eta hondoan Sukarrieta.
Urdaibaiko itsasadarra, Sukarrietan.
  • Orain dela 2000 urte inguru erromatarrak itsasontziz pasatzen ziren gure kostatik Galia (Frantzia) eta Britannia-ko bidean. Dirudienez, kostan gelditu ziren. Aditu batzuen ustez, galernak edo ekaitzak zeudenean, itsasontziak portu naturaletan errefuziatzen ziren, eta egun batzuk geldituta geratzen ziren. Momentu horietan hemen bizi ziren gure arbazoekin harremanak izan zituzten. Kontextu honetan, Urdaibai Erreserban zenbait aztarna aurkitu dira. Garrantzitsuena, Foruko errotamar herrixka da. Bertan, Galiako hegoaldeko materialak aurkitu dira, eta K.o. I.mendetik, K.o. IV. mendera arte pertsonak bizi izan zirela uste da.
  • Hondakin urak. Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Hala ere, oraindik araztu gabe isurtzen dira hirigunetako eta —neurri txikiagoan— industriako hondakin urak Oka ibaiaren arroan eta Artibairenean.[2][3][4]
  • Urdaibaiko itsasadarraren eskuinaldeko Kanala hirigintza proiektua, Gautegiz-Arteaga eta Ibarrangelu udalerrietako Kanala auzoan 50 txalet eta hotel handi bat eraikitzeko. Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea aldatu eta proiektua aurrera eramaten saiatu ziren Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalak, baina Ekologistak Martxan talde ekologistak geldiarazi zuen, errekurtsoa aurkeztuta. 2005eko maiatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien ekologistei: «antolakuntza berria arbitrarioa da, arrazoizko justifikaziorik ez dagoelako»; «aldaketa, justifikatugabea ez ezik, inkongruentea ere bada».[5] Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuak errekurtsoa aurkeztu zuen epai horren aurka, baina Espainiako Auzitegi Gorenak epai hura berretsi zuen 2010eko urtarrilean.[2][3][4][6]
  • Beste urbanizazio batzuk. Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailean zehaztuta dago, hirigintzaren alorrean, Urdaibairen zentimetro koadro bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez, babes bereziko eremua izan edo ez izan. Hiriguneetatik kanpo gauzatu gura den edozein proiektu, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuari aurkeztu behar zaio lehenik, haren oniritzia jasotzeko. Sistemak hutsune ugari ditu, ordea. Gernikako Ekologia Lantaldeko kide Alfonso Cañoren ustez, Urdaibairen kudeaketak duen gabeziarik handienetako bat da Patronatuak zaintza zerbitzurik ez izatea. Ematen ditu txostenak, eta sarri askotan txosten lotesleak dira, baina gero inor ez da arduratzen erabakitakoa betetzen den zaintzeaz. Hala, legez kanpoko eraikuntza lanak egin izan dira Urdaibain; Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari ohi Jose Antonio Ardanzaren dorretxean (hain zuzen ere Kanala auzoan kokatua) eginiko obrak dira adibide ezagunena.[7][8][9] Zain Dezagun Urdaibai ekologista taldeko kide Erroxeli Ojinagak zioenez, biosfera erreserbako urbanizazioak direla eta, gutxi gorabehera hamabost espediente zeuden irekita 2009an.[7]
  • Guggengheim Urdaibai museoa egiteko proiektua, Sukarrietan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim Bilbao museoak aurkeztutako egitasmo horrek hainbat talderen kezka eta kontrako iritziak sortu zituen, biosfera erreserbari kalte egingo ziolakoan.[10] Galtzagorriak elkarteko kide Koldo Lezamizek zioenez, «Museoa Urdaibaiko biosfera erreserban kokatzeak kalteak ekarriko zituen. Ez museoak berak, baizik eta horren inguruan sortuko ziren aparkalekuek eta abarrek».[11] Hala ere, bertan behera geratu zen proiektua, Guggenheim Bilbao fundazioko bazkide sortzaileen artean (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) ez baitzuten adostasunik lortu. «Bizkaiari eta bizkaitarrei ezarritako zigorra» zela esan zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok. Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu Blanca Urgellek zioenez, berriz, museo berria egiteko eta mantentzeko gastuak «gehiegizkoak» ziren, eta «Bizkaiko Aldundiak datuak faltsutu ditu egitasmoa babesteko osatu dituen bideragarritasun txostenen bitartez, eta herritarrak nahasten saiatu da zifra sinesgaitzak erabiliz».[12]
Urdaibaiko ikuspegia: Kanalape, Busturia eta Sukarrieta.


Turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdaibaiko gunea Bizkaiko turismo leku nagusietako bat izan da beti. Bere hondartzak bizkaitarrak gehien erabiltzen dituztenak eta turista kopuru handia

Urdaibai Bird Center

k izaten dituzte. Surfa praktikatzeko leku ezin hobea da Mundaka, surflari asko erakartzen ditu ondorioz. Urriko lehen astelehenetan nekazari eta abeltzaintza azoka bat egiten da Gernikan, Euskal Herri mailan famatuenetako bat dena. Bermeoko Arrain Azoka ere ospetsua da, maiatzeko azkenaurreko asteburuan ospatzen dena.

Naturaren turismora zaletuta daudenentzat Oruetako hezegunea erakargarria da; bertan haritz eta arte baso mistoak aurki daitezke, uraren ertzean.

Horrez gain, Urdaibai Bird Center ikerketa zentro famatua Urdaibai Erreserbann dago kokatuta. Fama handia dauka europar mailan, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen parte da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Busturialdeako eskualdea Bizkaiko zentrotzat ere jotzen da. Bertan kokatzen baitira askatasuna eta izaera propioaren ikurrak, hala nola, Gernikako arbola eta Batzarretxea. Eskualdea bereziki aktiboa da sektore metalurgia sektorean. Bermeoko arrnatza-portua Kantauriko garrantzitsuenen artean kokatzen da eta Oka ibaiaren inguruan garatu den industria oso handia da. Turismoa ere asko bultzatzen da eta garrantzia du ekonomian.

  • Lehen sektorea; biztanleriaren %14ri ematen dio lana. Nekazaritza, abeltzaintza, basoen ustiaketa eta arrantza dira jarduera handieneko azpisektoreak. Nekazal ekoizpen gehiena baserrietan gertatzen da eta normalean, autokontsumorako edo inguruko saltokietara zuzentzen da. Abeltzaintzaren ustiapena txikia da ere eta behietan oinarritzen da, haragi eta esnearen ekoizpenean. Basoen ustiaketa erreserbaren %60ean izaten da, egur-espezieen landaketarekin. Bizkaiko arrantzaren %60 Bermeok izaten du.
  • Bigarren sektorea; %36 osatzen du, horren %28 industriala eta %8 eraikuntza izanik. Azpisektore nagusia metalurgia da eta Gernikan zentratzen da. Automobilgintza industria ere nabarmentzekoa da. Arrantzari lotutako ere industria ugari aurki daitezke, kontserbak eta itsasontzien eraikuntzak, adibidez.
  • Hirugarren sektorea; %50 osatzen du. Bermeo eta Gernikan zentratzen da, baina uda partean itsasertzean dauden gainerako herrietan ere bai hondartza turismoaren ondorioz. Ostalaritza eta landetxeak nabarmentzen dira.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babesturako zonaldeari eman zaion izenak, Urdaibai, itsasadar inguruko lurrei egiten die erreferentzia eta bere jatorria Oka ibaiaren ertzean kokatzen den dorre batean dago. Etxe-dorre honetan, gaur egun hondarrak geratzen dira soilik, Perejilaren Dorrea bezala ezagutzen da ere. 70. hamarkadan hasi zen izan hau erabiltzen itsasadarra eta inguruko tokiei buruz hitz egiteko.

Argazki bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  2. a b Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2006: ni un ladrillo más».
  3. a b Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2007: metástasis costera».[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2008: hipoteca costera».
  5. «[...] la nueva ordenación resulta arbitraria por ausencia de una justificación razonable. La modificación es además de injustificada, incongruente, puesto que afectando a 13,2 Ha de áreas de protección de litoral y de encinar cantábrico (no de especial protección), no se justifica que las mismas hubieran perdido los valores que determinaron dichas calificaciones de protección, y siendo ello así es incoherente, de no mediar una cumplida justificación, sacrificar tales valores medioambientales y someter dicha superficie, que el PRUG consideraba digna de protección, a su transformación urbanística mediante su incorporación al ámbito a ordenar por el planificador.» Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 342/2005 epaia, 2666/2003 errekurtsoari buruzkoa, 2005eko apirilaren 28an emana. «Zuzenbideko oinarriak» atala.
  6. Ekologistak Martxan: «Auzitegi Gorenak, Urdaibaiko itsasadarraren eskuinaldea urbanizatzeko, Eusko Jaurlaritzak zuen plana baliogabetu du behin betiko», <http://www.ekologistakmartxan.org/308.html?no_cache=1&tx_ttnews[tt_news]=799>.]
  7. a b Unai Brea: «Mende laurdeneko ibilera herrena», Argia, 2195. zenbakia, 2009-08-02.
  8. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurugiro eta Lurralde Ekintzapiderako foru ahalduna Nekazaritza eta Ingurugiroko Batzordean agertzeko eskaera, «Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak Urdaibain daukan etxe baten [...] lege-egoereari buruzkoa», Arturo Ignacio Aldecoa Ruizek aurkeztua, Bizkaiko Talde Popularreko batzarkide gisa. Bizkaiko Batzar Nagusien Aldizkari Ofiziala, 2002-10-03.
  9. Maika Salguero: «El ex lehendakari Ardanza ciega la piscina de su chalé en Urdaibai», El Correo, 2007-03-27.
  10. Greenpeace (2010): Destrucción a toda costa 2010, Euskadi.
  11. Gorane Barrenetxea: «Eskualdeko talde ekologistak Greenpeacen kostei buruzko txostenagaz bat datoz»,[Betiko hautsitako esteka] Busturialdeko Hitza, 2009-07-09.
  12. Irune Berro: «Jaurlaritzaren ezezkoak bidea itxi dio Urdaibaiko Guggenheim museoari»,[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2010-06-19.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]