Urdanibia jauregia

Koordenatuak: 43°20′22″N 1°49′12″W / 43.33949°N 1.82013°W / 43.33949; -1.82013
Wikipedia, Entziklopedia askea
Urdanibia» orritik birbideratua)
Urdanibia jauregia
errota eta burdinola
Kultura ondasuna
Jauregiaren fatxada nagusia, 2011n.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaIrun
Koordenatuak43°20′22″N 1°49′12″W / 43.33949°N 1.82013°W / 43.33949; -1.82013
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
Estiloapizkundetar arkitektura
arkitektura barrokoa
Ondarea
BICRI-51-0001518
26

Urdanibia jauregia Irunen (Gipuzkoan) dagoen XVII. mendeko jauregia da, nahiz eta jatorria XIV. mendekoa izan gutxienez. Bertako errota eta burdinolarekin eraikin multzo bat eratzen du. Izen bereko auzoan daude.

2000ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zituen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Jauregian izan zuen egoitza nagusia Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak 1992tik 2003ra bitarte[2].

Jauregia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdanibia jauregia Jaizubia errekaren ibi baten ertzean. Garai batean bertako familia ospetsuenetako baten etxea izan zen; badirudi familia horren historia XIV. mendean hasi zela, beharbada lehenago. Antzinako Erregimenean jauregia produkzio-unitate baten burua izan zen, ondoan burdinola eta errota zituen-eta. Horiek ere gaur arte kontserbatu dira, hein batean baino ez bada ere, eta beren ezaugarriak eta kalitatea ikusita, seguru asko Gipuzkoako «fabrikarik» interesgarrienetako bat izan ziren.

Urdanibia jauregiaren oinaren forma errektangelu luzanga da. Hormetan apareju-mota bat baino gehiago daude: fatxada nagusian, oso akabera oneko harlanduak; beste fatxadetako beheko solairuaren gune batzuetan, harlanduak ere, baina ez hain finak; gainontzeko hormetan, harlangaitza. Bao batzuen inguruan ere oso harlandu finak daude. Hiru solairu daude, atzeraemangune txikiekin. Eraikinaren bolumena paralelepipedo etzana da. Bestalde, teilatua bi isurkikoa da, eta bere gailurra jarraitua da.

Aurreko fatxada oso kalitate onekoa da. Esan dugunez, osatzen duten harlanduak oso onak dira, luzangak, oso akabera onekoak. Baoak sare-itxurakoak dira, hiru bider hirutan banatutakoak. Baoen gelaxken artean plakazko inpostak daude; horietatik goikoa laua da eta behekoak moldura txiki bat dauka.

Beheko solairuan bi leiho daude, ertz listeldunak dauzkatenak. Erdian sarrera dago, leihoen itxura berberekoa, baina gainera bere alboetan bi pilastra kanaldun daude, kapitel kanaldunekin ere eta toskanar harroinekin. Kapitelen artean taula lau bat dago, taulamendu gisa. Horren guztiaren gain-gainean erlaitz bat dago, apur bat hondatuta. Erlaitz horren gainean, pilastren bertikalean, piramide formako pinakuluak daude, erliebean. Etxebizitza izan ziren pisuetako bakoitzean hiru leiho daude, beheko solairukoak bezalakoak (hau da, ertz listeldunekin), baina lerro zuzenekin molduratutako hegi eta hauts-babesekin. Beste fatxadetako eta bao guztietako arotzia eta burdineria mende honetakoak dira.

Solairu noblean, lehenengo solairuan alegia, baoen arteko zatietan apaingarriak jarri dira: ezkerrean, ispilu obal bat dago, muxarratutako larruen gainean eta inskripzio honekin: Sebas/tian de Ur/danivia re/difico es/ta casa / año de / 1619 ("Sebastian Urdanibiak berreraiki zuen etxe hau, 1619an") eskuinean ere horrelako ispilu bat dago, larruen gainean, baina horrek armarri bat dauka barruan, kasko eta lanbrekinekin.

Fatxada honen goiko ertz guztiaren inguruan, erlaitz bat dago. Etxeko beste moldura guztietan bezalaxe, erlaitz horretan ere forma listeldunak daude. Gauza bitxi bat: erlaitza ez da alboetako fatxadetarantz luzatzen, ezta apur bat ere, fatxada nagusiaren ertzeetara iristean mozten baita. Ez dakigu hori noiztik dagoen horrela, baina beharbada ez da izango etxea eraiki zen garaikoa, geroagokoa baizik.

Jauregiaren ikuspegi orokorra.

Beste fatxadetan aldaketa handiak izan dira; horregatik, ez dira oso elementu interesgarriak. Hala ere, beren detaile batzuk lagungarriak izan daitezke eraikinaren bilakaera historikoa ulertzeko.

Ezkerreko fatxadako aparejua harlangaitzezkoa da, baina behealdeko zati handi batean hareharrizko harlandu lauangeluarrak daude –bereziki, hormaren atzealdearen bi herenetan–. Harlandu horietan argi ikusten dira landu zireneko aztarnak, harmailuenak. Argi dagoenez, harlanduok 1619ko erreformaren aurrekoak dira. Horrelako harlanduak ikusten dira hormako beste zati batzuetan ere, berrerabiliak-edo –dirudienez, badago arku-dobela bat eta guzti–. Hormaren zatitxo batean kareharrizko harlanduak ere badaude, baina nahiko latzak; ez daukate zerikusirik aipatutako harlanduekin.

Baoak sakabanatuta daude hiru solairuetan: behekoan bost, lehenengoan zazpi eta bigarrenean sei. Batzuk eraikina egin zenekoak dira; beste batzuk, zalantzarik gabe, nahiko berriak dira (eta horietako batzuk oso zakarrak, bide batez esanda). Beheko solairuko leihotxo bat bitxi samarra da: lehenengo begiradan arku zorrotzekoa dela ematen du, baina izatez arku leihoburuduneko baotxo bat zen. Leihoburu jausi egin zen eta orain arkua dagoela dirudi. Hor barruan burdin-barra bat dago, eraikin osoan jatorrizkoa den bakarra, antza. Madari biribil bikoitz baten itxura du, eta erdian zirrindola bat dauka. Lehenengo solairuko leiho batek bi harraska-irteera ditu, jatorrizkoa gorago eta erantsitakoa beherago. Azken hori egiteko, beheko solairua eta lehenengoa banatzen dituen inposta apurtu behar izan zen.

Eskuineko fatxada ia-ia ez da ikusten, huntzak estaltzen baitu. Hor erabilitako materiala harlangaitz xehea da, baina, beste fatxadan bezala, beheko aldean hareharrizko harlanduak daude, batez ere etxearen atzealdetik hurbilen dagoen zatian.

Fatxada horretako baoak ere tamaina anitzekoak dira, modu desberdinetan inguratu dira eta sakabanatuta daude: lau beheko solairuan, sei lehenengoan eta bost hirugarrenean, eta leihotxo bat ganbaran, gaur itsua. Hau da gutxien zaindu den fatxada, ondoko bidetik oso gutxi ikusten delako seguru asko.

Atzeko fatxada harlangaitzezkoa da, baina kareharrizko harlanduren bat ere bada ikusten. Kareharrizko harlandu horiek osatzen duten horma-zatia nahiko handia eta homogeneoa da –beheko solairuaren erdia hartzen du–. Horren beheko aldeak eraikinaren zabalera guztia hartzen du eta, gainera, kokapeneko zokalo bat uzten du agerian, beste fatxadetan ikusten ez dena, inguruko lurra laua ez delako.

Horko baoak ere tamaina anitzekoak dira: beheko solairuan giza gorputzaren neurriko bao bat dago, inguruan plaka berriak dituena; garaiera ertainean-edo, beste bao bat, aurrekoaren antzekoa, eta bi leihotxo, horietako bat itsua. Maila horren gainean bi ukondo ateratzen dira hormatik, bozel laurdenekoak. Garaiera ertainean daudenez gero, seguru asko ez ziren egin balkoia jartzeko, nahiz eta erabilerarik logikoena hori izan. Ez dirudi fabrika zaharraren arrastoak direnik ere, hareharrizko harlanduak ez baitira hain gora iristen; agian aterperen bat jartzeko egin ziren. Lehenengo solairuan leihotxo bat dago, eta hutsune gora bat, zerbitzuko argizulo gisa. Bigarren solairuan beste leiho bat dago, baita hormigoizko erlaitza eta burdineria berria dituen balkoia ere, baina horren euskarri diren mentsula hirukoitzak jatorrizkoak dira, antza.

Errota eta burdinola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdanibia jauregitik gertu, Jaizubia errekaren ondoan, errota bat eta burdinola zahar baten arrastoak daude, Erdi Aroko eta Aro Modernoko eraikuntza aberatsen adierazgarri.

Burdinola XV. mendean hasi zen dokumentuetan agertzen. Sebastian Urdanibiak berregin zuen 1612an, jauregiarekin batera. Bere azpiegitura hidraulikoa erabiltzearren, errota bat eraiki zen. Burdinola desagertu ondoren ere, horrek jarraitu zuen funtzionatzen.

Dauden arrastoak XVII eta XVIII. mendeetako prototipoenak dira. Garai horretan bi burdinola eraiki ohi ziren batera: bata handia, bestea txikiagoa. Burdinola handian mea urtzen zen, burdinazko totxoak ateratzeko; bestean, burdina lantzen zen, eta errota osagarria zen bietarako. Lekuko azpiegitura hidraulikoaren osagai garrantzitsu batzuk iritsi dira gure egunetara: erregulaziozko urtegiaren hormen zati bat eta akueduktu gisako antapara. Berrehun-edo metroko zati batean ura urtegitik burdinolara eramaten zuen kanalaren aztarnak daude oraindik ere. Erregulaziozko urtegia itxita dago orain, gainbeteta. Horren ahoa inbutu-itxurakoa da, ondo eskuairatutako harlanduekin. Ahoarekin komunikatuta antapara dago: biltegi-moduko leku bat, 37 m luze, 2 m zabal eta 2 m sakon dena. Horren euskarri diren hormak harlangaitzezkoak dira, 2 eta 2,5 m lodi eta 5 m inguru garai. Antapara berez osatzen duten hormetan harlauza handiak eta harlanduak daude, azken zatian izan ezik: hor harlanduak baino ez daude.

Antaparan arku eskartzano bat dago, bidera daramana. Hor ere, jarraian, harlanduez inguratutako bao batzuk daude. Agian horietako batzuk makinariaren ardatzak jartzeko erabiliko ziren. Ipar hormako baoak hauek dira: erdi puntuko arku bat, bao burudun bat, arku eskartzano bat eta erdi-puntuko beste bi arku. Hego hormakoak: erdi-puntuko arku bat, bao burudun bat eta erdi-puntuko beste bi arku. Ipar horman, gainera, eraikuntzaren baten arrastoak daude, eta mentsula batzuk, beharbada antaparari erantsitako egituren euskarri izan zirenak. Horma horren ondoan «Olaetxe» delako etxea dago, lantegiak egon omen ziren tokian. Etxe hori eraikin exentu bat da, harlangaitzezkoa. Bere oinplanoa laukiluze-formakoa da, izkina alakatu batekin. Estalkiak bi isurki ditu eta bere bizkarra fatxadaren paraleloa da. Fatxada nagusiak ekialderantz begiratzen du eta hiru solairu ditu. Sarrera oso zabala da, ateburuduna. Beheko solairuan baotxo inguratu bat dago. Lehenengo eta bigarren solairuetan lau bao-ardatz daude; lehenengo solairuan, erdiko bi baoen artean, baotxo inguratu bat dago, eta bigarrenean, balkoi moduko egutera bat. Atzeko aldean, teilatuko isurkia luzatzen da eta aterpe bat egiten du hiru zutaberen gainean. Hegoaldean ikusten dira mentsula batzuk eta beste eraikin baten arrastoak.

Antapararen jarraian errota dago. Hori eraikin sinplea da, harlangaitzezkoa, bao eta izkinetan harlanduak dituena. Horren estalkia bi isurkikoa da eta orain urte batzuk zaharberritu zuten. Sarrera ipar horman dago, harlanduz inguratuta. Bere ateburua harri bakar batekin egin zen. Horma horretan ere beste bi bao ikusten dira, horietako bat harlanduez inguratuta. Errotaren estoldan bi turtuki daude, baita isurbidearen arkua ere, erdi-puntukoa eta dobelekin. Ehotzeko gelan errotako makineria gordetzen da, gaur arte iraun duena: bankua eta bi pare errotarri, beren hauts-babesa, tobera eta bibietarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa