Urtsua (jauregia)

Koordenatuak: 43°10′56″N 1°28′42″W / 43.1821°N 1.4784°W / 43.1821; -1.4784
Wikipedia, Entziklopedia askea
Urtsua jauregia» orritik birbideratua)
Urtsua (jauregia)
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaBaztan eta Arizkun
Koordenatuak43°10′56″N 1°28′42″W / 43.1821°N 1.4784°W / 43.1821; -1.4784
Map
Ondarea
BICRI-51-0012354

Urtsua[1] dorretxe gotikoa da, Arizkungo Ordoki auzoan dagoena, Nafarroa Garaian. Lamiarrieta jauregitik eta Bozate auzotik hurbil dago.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko dorrea da, prisma formakoa, harlandu handi eta erregularrez erakia XIV-XV. mendeetako eredu gotikoei jarraiki. Beheko aldean, zirkuluerdi formako ate txiki bat dauka, ziriharriz hornitua. XVI. mende hasieran dorrea handitu zuten, harlanduxka irregularrak erabiliz; fatxadaren zati horretan leiho biki gotiko bat du. Hegoaldeko hormari atxikia, gorputz modernoago bat dauka, zurezko bilbadura eta terraza bat dituena.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtsua Nafarroako nobleziaren sortetxerik zaharrenetako bat da.[3] Urtsuatar franko aritu ziren Nafarroako errege-erreginen zerbitzuan, XIV. mendearen hasieratik bederen, eta sariztatuak izan ziren horregatik. 1339an, esate baterako, Luzaideko dorreko gazteluzaina zen Iñigo Iñigez Urtsua.[4] Urtsuako lurretan kokatu ziren Erdi Aroan agotak, Bozaten zehazki. Urtsuako jaun feudalak agoten «defendatzaile» eta «esplotatzaile» izan zen, agotak bertan egotea defendatzen zuten arren, denek beraientzat lan egin behar zutelako.[5]

Urtsuatarrak beaumontarrak ziren, Vianako printzearen aldekoak 1451-1464 bitarteko Nafarroako Gerra Zibilean. Era berean, Fernando II.a Aragoikoaren laguntzaile izan ziren Nafarroako konkistan, eta horren ordaina jaso zuten XVI. mende hasieran. Hala ere, leinuko kide batzuek Antonio Borboikoari eman zioten laguntza.[6]

Pedro Urtsua (1520-1561) da sendiko kiderik ezagunena. Ameriketan barrena ibili zen, Granadako Erresuma Berrian hiriak sortzen, indioak kalitzen eta urre bila, Ines Atienza andregaiaren eta Oñatiko Lope Agirreren konpainian. Lope Agirreren aginduz eraila izan zen. Werner Herzog alemaniar zinemagileak Aguirre, der Zorn Gottes film erraldoian irudikatu zituen biak, herioari burlaz, Marañón ibaia jaisten.[7]

Urtsua balada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Urtsua (balada)»

Era honetan jaso zuen Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza lanean Urtsuak zazpi leio ... balada:[8]


Urtsuak zazpi leio,
zazpiak lerro lerro,
Lantainako alaba
Urtsuan defuntu dago.

Urtsuan defuntua
Santa Anan kausitua,
adios erran gabe
etxetik partitua.

-Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri,
orien guzien gatik
nik ez Urtsura nahi.


-Goiti zazu burua,
ene arreba Juana.
-Eztezaket goratu,
anai Batista yauna.

-Izorra omen zara,
ene arreba Juana.
-Zertan ezautzen nauzu,
nere anaia yauna?

-Zaldi zelarekin
zuretzat yarria da.
- Nik iten dudan aurra
zure besokoa izain da.

Bertsoen aurretik, gertaeraren berri eman zuen:[8]

"Nafarroan, Baztango ibarrean, Arizkungo lurrean, Urtsu edo Urtsua deritzaion jauregi zahar bat zen. Orain ere bere harresiak zutik daude. Izen handikoa zen aldi batez Nafarroan. Hango jaun bat Nafarroako erregeren inguruko izan zen. Bertze bat Frantziako emazteki batekin ezkondu zen. Anaia apeza zuen emazteki honek eta, Nafarroara handiki batekin ezkontzera zetorrela eta, agur egitera agertu zitzaion. Apezak, arreba haur egiteko zela igarrita, gurasoen jauregian eduki nahi zuen. Arrebak anaia apezari, isileraztearren, ezpata bat agindu zion. Ezkontzerakoan emaztegaiak ehunka ekarri zituen zikiroak, urrezko uztaiez horniturik. Urtsura iritsi zenean, etxekoandre zaharra, ohitura zenez, atarira jaitsi zen eta erraingaia besarkatu zuen. Ezkondu ziren, eta berehala ezagutu zuen senarrak emaztea nola zegoen, eta etxeko mutil bati erran zion zaldia ermitaren ondoan gerta zezala, ferrak aintzinekoa gibelera zituela. Lotarako zeudela, senarrak emazteari erran zion:

- Eztun ikusi behar etxeko ermita, zerbait errezatzeko ere?

- Nahi baduk, goazen ermitara.

Jaitsi ziren, eta xixtako batez senarrak emaztea hil zuen eta, berehala zaldigaineraturik, lauringoan Frantziara ihes egin zuen".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Urtsua. Toponimia Oficial de Navarra, toponimianavarra.tracasa.es (Noiz kontsultatua: 2020-1-14).[Betiko hautsitako esteka]
  2. Baztan. Atlas del Patrimonio Histórico-Cultural, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2020-1-17).
  3. Arizkun. baztan.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-14).
  4. Yanguas y Miranda, José. Ursúa. Adiciones al Diccionario de Antigüedades del Reino de Navarra, diccionariodenavarra.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2020-2-14).
  5. Larretxea Agirre, Ainhoa. Bazter utzitakoen historia, argitara. Berria egunkaria, 2018ko abenduak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-14).
  6. Caro Baroja, Julio. La casa en Navarra. Caja de Ahorros de Navarra, 1982, fundacioncajanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-2-14).
  7. Borda, Itxaro. Lantainako ahuenak. Argia astekaria, CC BY-SA 3.0, 2016ko apirilak 17, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-14).
  8. a b Zavala, Antonio. Euskal Erromantzeak. 163-179 orrialdeak, Auspoa Liburutegia, Sendoa Argitaldaria, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]