Usurbil

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Usurbil

 Gipuzkoa
Usurbilgo Elizalde eta Kalezar auzoak Zubietatik.
Usurbilgo Elizalde eta Kalezar auzoak Zubietatik.

Usurbilgo armarria

Izen ofiziala Usurbil
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Donostialdea
Alkatea Mertxe Aizpurua (Bildu)
Herritarra usurbildar
Koordenatuak 43°16′N 2°2′W / 43.267°N 2.033°W / 43.267; -2.033

Gipuzkoa - Usurbil.svg

Eremua 24,9 km2
Garaiera 20 - 562 m
Distantzia 11 km Donostiara
Posta kodea 20170-20160
Biztanleria 6.107 bizt. (2013)
Dentsitatea 245,26 bizt./km²
Sorrera antzinakoa
1371n Donostiatik bereizita
http://www.usurbil.net/

Usurbil Gipuzkoako Donostialdea eskualdeko udalerria da. Oria ibaiaren ibarrean dago, haren itsasoratzetik gertu eta Donostiatik 10 kmra. Kaleberri izeneko herri kaskoan biltzen da biztanleria gehiena. Udalerrian antzinako Kalezar auzoa, Zubieta, Aginaga, Urdaiaga, Santuenea eta Txokoalde auzo txikiak ere biltzen dira. Herria ospetsua da bertako sagardotegiengatik eta garai batean Oria ibaian harrapatzen ziren angulengatik. Ekonomian, XX. mendeko erdialdetik industria eta, geroago, zerbitzuak dira bertako sektore nagusiak. Donostia, Lasarte-Oria eta inguruko beste herrien aldean, bere euskal izaerari eutsi dion herria da, euskaldunen portzentaje handia atxikiz bertako bizilagunen artean. Politika arloan, ezker abertzalea izan da bertako biztanleen joera politiko nagusia Espainiar Trantsizioaz geroztik.

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparretik Mendizorrotz (415 m) eta Bordatxo (341 m) eta hegotik Andatza (562 m) mendien artean Oria ibaiak mendebaldetik ekialderantz zeharkatzen duen ibarrean, ibaia itsasoratzetik gertu, dago kokatuta Usurbil, 10 kilometrora Donostia hiriburutik ipar ekialderantz eta 10 km Oriotik mendebalderantz, non Oria ibaia itsasoratzen den. 24.9 km karratuko azalera du guztira. Andatzatik hego mendebaldera Irisasi mendia zabaltzen da, baso zabal batek estaltzen duena. Oria ibaiaren inguruan azalera handiko erriberak zabaltzen dira, gehienetan nekazaritzarako erabiltzen direnak. Oria ibaia estuario batez itsasoratzen da: itsasaldien eragina nabaria da Aginaga auzoko erriberetaraino.

Mendebaldean Orio eta Aia udalerriak ditu mugakide, ekialdean Lasarte-Oria herrigune handia, hegoaldean Zizurkil eta iparraldean Donostia, bertako Igeldo auzoa zehatzago. Ekialdean Donostiako enklabea den Zubietako lurrekin ere muga egiten du. Herriaren kaskoa auzo nagusia den Kaleberrin kokatzen da, Oria ibaiko ipar ertzeko muino batean, bertan biztanleria gehiena bizi delarik, udala eta zerbitzu nagusiak daude.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Usurbil)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura (ºC) 8 9 10 12 14 17 19 20 18 15 11 8 13
Pilatutako prezipitazioa (mm) 115 94 98 138 111 108 83 100 123 151 170 134 1425
Iturria: Weatherbase[1]

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbil Oria ibaiaren ibarrean kokatzen da, hegora Andatza mendia eta iparrera Mendizorrotz eta Arratzain mendiak dituela. Andatza mendia zamalkadura egitura bati dagokio, non behe kretazikoko estratuak (hareharriak, Andatza mendiaren hegoaldean) berriagoak diren goi kretazikoko estratuen gainetik jartzen diren (kareharria eta tupa, mendiaren hegoaldera).

Mendizorrotz eta Arratzain mendiak, berriz, Jaizkibel eta Ulia mendietako egituraren jarraipena besterik ez dira: Eozeno garaiko hareharrizko geruzek osaturik, harea duen kareharria tartean, monoklinal egituraz.

Bi mendien artean, udalerriaren erliebea eratu duena Oria ibaia izan da Andatzako hegia Arratzaingoa baino malkarragoa eginez. Arratzaingo hegi zabal horretan goi kretazikoko kareharria eta tupa dira material nagusiak. Jatorrian, Usurbilgo lurrak antiklinal egitura baten gainean daude, ibaiak urteen poderioz higatu duena.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbilgo herrian balio handiko ekosistemak eta inguruak ikus daitezke oraindik. Balio handiena Oriaren itsasadarra delakoan aurkituko dugu non Gipuzkoa osoko padurak eta ibarrak baliotsuenetarikoak daude oraindik. Itsasdar horrek Usurbilen hasten da, bokalea Orion izanda. Natura 2000 sare barruan kokatuta dago. Bestetik, ikuspuntu ekologikotik, Andatza inguruko mendiak interesgarriak dira.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbil herriaren errepide ardatz nagusia N-634 errepidea da, Donostiako Errekaldeko errepide lotunetik abiatzen dena eta, bestaldetik Orio eta Zarautz herrietara daramana. Herri kaskoa inguratzen du eta bertaratzeko sarrera zuzena du. Txikierdi eta Aginaga auzoetatik ere igarotzen da.

Iparretik, Mendizorrotz eta Arratzaingo gailurren artetik Bilbo-Behobia autopista igarotzen da, herriarekin lotura zuzenik ez duen arren. Bertan, Usurbilgo lurretan, Aritzetako bidaiarientzako zerbitzu-gunea dago. Oria ibaiaren bi ertzak lotzen dituzten hiru zubi daude herrian: Zubietan, Santu-Enean eta Txokoalden.

Garraio publikoari dagokionez, Lurraldebus sareak Astigarraga-Hernani-Lasarte-Usurbil eta Usurbildik ere igarotzen diren Donostia-Zumaia eta Donostia-Aia autobus-lineak atxikitzen ditu. Linea hauetako geltokiak daude Kaleberrin, Aginagan, Kalezarren eta Txikierdin. EuskoTren trenbide-sareko Donostia-Bilbo burdinbidea ere Usurbildik igarotzen da. Bertako geltokitik Donostia, Zumaia eta maiztasun txikiagorekin Ermua bitarteko herrietara egin daiteke bidaia. Bilbo eta Hendaiarainoko luzapenak ere badaude.

Udalerriko auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oria ibaiaren bi ertzetan zehar banatzen dira herriko auzoak: hegoaldera, Zubieta (bertako zati bat Donostia udalerrikoa izanik), Santu Enea, Urdaiaga eta Txoko Alde, eta iparraldera Kalezar, Kaleberri, Atxegalde, Txikierdi eta Aginaga.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbil herria XIV. mendean sortu bazen ere, Usurbilgo lurretako giza aztarna zaharrenak Andatza mendi inguruko estazio megalitikoan kokatzen dira. Guztira hamaika trikuharrik eta zista batek osatzen dute megalito multzo hori, guztiak Neolito nahiz Brontze Arokoak. Zehatzago, Usurbilgo lurretan dauden aztarnak Andatza I eta Andatza II trikuharriak eta Andatza III zista dira[2].

Goi Erdi Aroan ere egungo Usurbil udalerriko lurraldeari buruzko erreferentziak daude. XII. mendetik Usurbilgo lurraldea Donostiaren barnean geratu zen, Antso VI. Nafarroako erregeak Hondarribitik Oriorainoko lurraldeak Donostiaren mende jarri zituenean. Herriaren izena 1371n Enrike II.a erregeak Belmonte de Usurbil izenaz hiribildu-titulua eman zionean agertzen da lehen aldiz. Hiribildua egungo Kalezarren kokatu zen. Baina, lehengo ohituraz nonbait, Herriko Batzarrak Elizalden egiten ziren, egun Kaleberri denaren muinean, Paris etxeko hariztian zehatzago.

Ahaide Nagusien arteko borroketan Usurbilek ganboarren aldean parte hartu zuen Atxegako leinuaren bidez.

1486. urtean hiribildua suntsitu zuen sute baten berri dago.

XV, XVI eta XVII. mendeetan, udaletxearen eta saltegien kokapena zirela eta, hainbat auzi izan ziren Elizalde eta Aginaga auzoetako bizilagunekin. Azkenean zenbait akordio egin zituzten harresiez kanpoko eta barneko bizilagunek.

Orio eta Zizurkilekin Andatzabeko Batasuna eratu zuen 1826an, XIX. mendean zehar luze iraungo zuena, Gipuzkoako Batzarretara hiruren artean ordezkari bakar bat bidaltzeko.

1875ean, Bigarren Karlistadan, Usurbil setiaturik izan zen 1875eko otsailetik maiatzera bitartean.

1907an udaletxea eta udal-artxiboa erre egin ziren.[3][4].

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilakaera demografikoa 1900-2005[5]
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1975 1981 1986 1991 1996 2001 2005
1.831 1.922 1.925 2.042 2.302 2.620 3.122 5.519 5.887 5.841 5623 5.373 5.377 5.257 5.669

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko erdialdera arte, nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren jarduera ekonomiko nagusiak. 1960ko hamarkadatik aurrera, industralizazio prozesu nabarmen bat hasi zen. Egun, industriak pisu handia duen sektore izaten jarraizten du, 2006 urtean balio erantsiaren %60 eta enpleguaren ia %30 osatuz[6], baina zerbitzuen sektorearen hazkundearekin batera, zeinak enpleguaren %60 sortzen duen.

Herriko lantegi handienak Zumartegi eta Ugaldea industrialdeetan kokatzen dira, Oria ibaiaren inguruko ordokietan. Industria sektorean Victorio Luzuriaga Usurbil, Txikierdin, eta Ucin siderurgian nabarmentzen dira, Ingemar marmolgintzan eta Larrañaga plastikoak, Tamida, Savasa eta Eman papergintzan eta arte grafikoetan. Elikagai industrian, Barrenetxe okindegi eta gozotegiak Usurbilen du bere lantegiaElhuyar Fundazioak kultur empresak ere herrian dihardu.

Herrian supermerkatuak eta denetariko dendak eta zerbitzuak daude. Merkataritza gune handiena Urbil merkataritza-gunea da ordea, non Eroski hipermerkatua eta hainbat denda dauden, Txikierdi auzoan, Lasartetik gertu eta Donostia eta inguruko herrietako kontsumitzaileak erakartzen dituena. Merkatal gune hau 2000 urtean zabaldu zen, herriak erreferendum batean horren aldeko erabakia eman ondoren. Bertatik gertu, baina Donostiako lurretan, Belartza izeneko merkataritza-gunea dago.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalak kudeatzen duen Usurbilgo Haur Eskola izeneko haurtzaindegia Kalezar auzoan kokatzen da eta 0-3 urte bitarteko eskolaurreko hezkuntza eskaintzen du udalerriko haurrentzat. 1968 urtean sortu zen Udarregi ikastolak lehen eta bigarren hezkuntzako herriko eskola nagusia da. Zubietako Lanbide Eskolak, azkenik, erdi eta goi mailako lanbide-zikloak eskaintzen ditu administrazioan eta arlo teknologiko zenbaitetan, non inguruko herrietako ikasleak ere bertaratzen diren. Horrez gainera, egun Aginagan eta Zubietan haur eskola txikiak badaude, 3-6 urte bitarteko haur hezkuntza eta lehen hezkuntza eskaintzen dutenak. Antzinean, ordea, eskola txikiak auzo guztietan zeuden, hala nola Santuenean, Urdaiagan eta Arratzainen ere.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko maiatzaren 22an izandako azken udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak:

Alderdia Bozak Portzentajea Zinegotzi kopurua Zinegotziak
Bildu 1530 %48.07 7 Mertxe Aizpurua (alkatea), Alaitz Aizpurua Labaka, Josu Portu Altzaga, Jone Urdampilleta Urdampilleta, Jose Maria Rivadeneyra Sicilia, Ainara Arbizu Irurtia, Iñaki Ugarte Agirre.
Aralar 533 %17.69 2 Eustakio Arrojeria Eguzkiza, Jose Ramon Furundarena Saltsamendi.
H1! 506 %15.90 2 Luismari Ormaetxea Santsiñena, Miren Josune Urkia Karrera.
EAJ 248 %7.79 1 Andoni Atxega San Sebastian.
PSE-EE 217 %6.82 1 Ricardo Crespo Rubio.
PP 66 %2.07 0

2007ko udal hauteskundeetan, berriz, hauek izan ziren emaitzak:

Alderdia Bozak Portzentajea Zinegotzi kopurua Zinegotziak
EAE 1291 %40.92 6 Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi (alkatea),

Nerea Eraunzetamurgil Manterola, Imanol Azpiroz Artano, Ainara Uribe Navarro, Juan Jose Olaizola Atxukarro, Karmele Bengoetxea Ugarte.

EA 647 %20.51 3 Luismari Ormaetxea Santsiñena,

Salome Portu Azpiroz, Miren Josune Urkia Karrera .

Aralar 537 %17.02 2 Jose Ramon Furundarena Saltsamendi,

Lorenzo Zubiria Camino.

EAJ 266 %8.43 1 Joseba Iñaki Illarramendi Etxabe
PSE-EE 248 %7.86 1 Maria Araceli Goiaran Orbegozo
PP 81 %2.57 0 -
EB 48 %1.52 0 -

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbilgo Salbatore elizak herriko plaza mugatzen du.
  • Salbatore eliza XVI-XVII mendeetan eraiki zen. Nabe bakarra eta gurutze-gangak ditu, guztia harlanduzkoa. Abside poligonala du eta arrosetoi gotiko batek burutzen du. Zoruan herriko familien hilobiak gordetzen dira. Oinaldeko dorrea, barrokoa, Azpeitiko F. Ibero arkitektoak eraiki zuen XVIII. mendean, Etxebeste militarraren dirulaguntzaz. Parisen, 1907. urtean, Cavaillé-Coll lantegi ospetsuetan eraikitako Mutin Cavaillé-Coll organo erromantikoa dago Salbatore elizan. 1921 urtean Usurbilera ekarri zen arte, Lapurdiko Bidarte herriko Ilbarritz auzoan dagoen jauregi batean kokatua egon zen. Garai hartako Paris, Bordele eta beste lekuetako zenbait organo-jole ospetsuek ezaguna zuten. Gaur egun, munduko organo ospetsuen katalogoetan Usurbil herriari goraipamena ematen dion musika tresna da.
  • Saroe jauregiak fatxada barrokoa du eta armarri handi bat. Sarrerako bi arkuak burdina landuzko sarez babesturik daude. Garai batean Murilloren eskolako margoak egon ziren bertan, baina Lehen Gerra Karlistan suntsitu egin zituzten. Jauregia monumentua izendatua dago.
  • Urdaiaga auzoko Urdaiaga baserria izen bereko familiaren oinetxea izan zen. Ustez Erdi Arokoak diren leiho trilobulatuak, erdi-puntuko arkua, modiloiak ditu, besteak beste.
  • Urdaiaga auzoko San Esteban ermitak, berrikuntza ugari egin zaizkion arren, Erdi Aroko ezaugarriak atxikitzen ditu oraindik. XVI. mendeko Ama Birjinaren taila gordetzen du barruan. Aldarean, zulo bat dago harrizko horman, herriko antzinako sinesmenen arabera burua sartuz gero buruko minak kentzen dituena.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko kultur etxea herriko plazan kokatzen da, Sutegi etxean. Urtean zehar, hitzaldi, ekitaldi eta erakusketa ugari antolatzen dira bertan. Bertan erakustaretoa, auditorioa eta herriko liburutegia ere kokatzen dira. Horrez gainera, herrian hainbat kultur elkarte herrikoiek jarduten dute: Noaua! kultur elkarteak herriko aldizkaria kaleratzen du hamabostaldiro 1996 urtetik; Guraso Eskola izeneko elkarteak interes orokorreko gaiei buruzko hitzaldi eta ikastaroak antolatzen ditu; Bota Punttuba bertsolaritza-elkartea da; Buztinzulo keramika lantzen duen taldea da; Mihixe pintura eskola, Hika antzerki taldea eta dantza-taldea ere badaude. Horietaz gainera, auzo guztietan kultur talde eta elkarte gastronomikoak ere badaude.

Musika tradizio zabala duen herria da Usurbil. Bertatik hainbat abeslari eta musika-talde sortu dira: Joxean Artze Ez Dok Amahiru sortzaileetako bat eta txalapartaria izan da; Haritz Harreguy musikari eta ekoizlea da, Usurbilgo Higain musika-estudioaren sortzailea, Labrit pop abeslaria izan zen 2000 urtearen inguruan. Usurbilen sortu dira, orobat, Mendeku ItXua, Hotzikara, BTK Batukada Taldea, SuSmo, Epok, Despervicio, Desegin, D3 eta Parafliping taldeak. Usurbilgo plaza nagusia ere talde ospetsuen kontzertuetarako aukeratutako lekua izan da: gogoangarriak dira Negu Gorriak taldeak 1994 urtean eskaini zuen kontzertua eta Akelarrek 1987 herriko jaietan zuzenean grabatu zuen Gauero zuzenean diskoa. Zumarte musika eskolak, bestaldetik, haur eta helduentzako musika ikastaroak eta ekitaldiak antolatzen ditu. Herrian Irriu izeneko abesbatza ere badago.

Aldi berean, urtean zehar kultur ospakizun eta ekitaldi ugari antolatzen dira. Usurbilgo herri jaiak uztailaren 2aren inguruan ospatzen dira, Santixabelak izenez. Auzoek ere euren festak ospatzen dituzte: San Praixku Aginagan urrian, Atxegaldeko jaiak irailean, Santueneako jaiak irailean, Kalezarreko jaiak ekainean eta abuztuan, Urdaiagako Sanextebanak abuztuan eta Zubietako jaiak uztailaren bukaeran. Herriko eta auozetako jaietako tradizio berezia dira oilasko biltzaileak, auzoan zehar etxez etxe kantuz janari eske biltzen diren gazte taldeak alegia.

Gastronomiari dagokionean, Sagardo Eguna (hain zuzen, Usurbil izan zen Euskal Herrian horrelako eguna antolatzen lehena), Piper Eguna eta Erle Eguna antolatzen dira. Historian zehar, ordea, angula beltza izan da Usurbilgo produktu gastronomiko ezagunena, Aginagako anguleroak alaz biltzen zutena Oria ibaian. 1980ko hamarkadaren hasieran angula harrapaketak nabarmen jeisten hasi ziren eta aginagatar zenbaitek Angulas Aguinaga izeneko enpresa sortu zuten angulari ordezko bat bilatzeko asmoz: gula izeneko produktua sortu zuten, surimiz egindakoa eta jatorriko angularen itxurarekin. Egun jarduera horretan dihardute, herritik kanpo, itsasoko produktuen produktu-lerroa zabalduz.

Bertako sagardoa ere ospetsua da: bisitariak maiz etortzen dira bertako sagardotegietako batean sagardoa dastatzearekin batera otoruntza tipiko bat egiteko.

Usurbilgo jai, ospakizun eta ekitaldi bereziak urtean zehar
Hilabetea Jai, ospakizun eta ekitaldiak
Apirila Bigarren larunbatean, Erle Eguna (azoka eta erakusketa).
Maiatza Lehen igandean, Andatza Eguna, Andatza mendirako igoera eta erromeria; azken aurreko igandean, Sagardo Eguna.
Ekaina Lehen igandean, Udarregi ikastolaren eguna; bigarren igandean, UEMA festa; 24an: San Juan, Kalezarren.
Uztaila 2an, Santixabel, herriko jaiak; 25, Santiago, eta 31, San Inazio: Zubietako jaiak.
Abuztua 3an, Sanextebanak, Urdaiagan; 16an, San Roke, Kalezarren.
Iraila Endika Abril errebote txapelketa Zubietan; Piper Eguna; Atxegaldeko jaiak, Santueneako jaiak.
Urria 4an, San Praixku, Aginagago jaiak.
Azaroa Erle Eguna
Abendua 26an, San Esteban txiki Urdaiagan; 28an, Inuxente Eguna, barrikotea frontoian.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriak kirolerako ekipamendu zabala du. Kaleberrin Oiardo kiroldegia kokatzen da, igerilekua, indoor kantxa, squash kantxak, gimnasioa eta belar artifizialeko kanpo zelaia dituena. Kalezarren Harane belar artifizialeko futbol-zelaia dago, non Usurbilgo Futbol Taldeak jokatzen duen. Herriko plazan, elizaren parean, pilotaleku estalia dago. Zubietan pareta bakarreko edo plaza izeneko pilotelekua dago. Aginagan, Santuenean eta Txokoalden ere pilotalekuak daude. Santuenean, gainera, kiroletarako kantxak daude.

Herrian gehien zabaldu diren kirolak eskubaloia, judoa eta futbola dira. Usurbil Kirol Elkarteak eskubaloia sustatu dut bere sorrera urtetik, 1963 urtean. Elkartean kategoria guztietako eskubaloi taldeak biltzen dira, kadetetik seniorrera, gizonezko nahiz emakumezkoetan. Seniorretan, estatu mailako bigarren mailan dago. Elkarte honetatik Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ezaguna atera zen, besteak beste, Espainiako selekzioko jokalaria ere izan zena[7]. Judo Club Usurbil elkarteak judoa sustatzen du herrian: herriko judoka ezaguna Oiana Blanco izan da, mundu mailako txapelketa zenbaitetan urrea eskuratu duena[8]. Haimar Zubeldia txirrindularia nabarmendu behar da Frantziako Tourrean 5. postua lortzea heldu zena, 2003 urteko edizioan. Herriko futbol-taldea Usurbil F. T. da, 1978 urtearen inguruan sortua eta gorenean Ohorezko Erregional Mailan jokatu zuena[9]. Bere partiduak Harane futbol zelaian jokatzen ditu. Usurbilgo Pilota Elkarteak ere parte hartzen du hainbat txapelketatan.

Usurbildar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Usurbil, Basque Country Travel Weather Averages, Weatherbase, http://www.weatherbase.com/weather/weather.php3?s=80270&cityname=Usurbil-Basque-Spain&units=metric. Noiz kontsultatua: 2013-03-23 .
  2. (Gaztelaniaz) Usurbil. Restos prehistóricos., Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. "Usúrbil", Enciclopedia Auñamendi, Bernardo Estornés Lasa (koord.), Donostia: Editorial Auñamendi, 1999. 50. bol., 208-235 orr.
  4. "Usúrbil", Enciclopedia histórico-geográfica de Guipúzcoa, Donostia: Haranburu Editor, 1981. 4. bol, 195-209 orr.
  5. EUSTATeko datuak.
  6. (Gaztelaniaz) Usurbil, UDALMAP, Eustat, 2006.
  7. (Gaztelaniaz) Usurbil K. E., www.tupatrocinio.com, 2011-07-06an kontsultatua.
  8. (Gaztelaniaz) Oiana Blanco, oro en la World Cup de Miami, www.marca.com, 2011-07-02.
  9. (Euskaraz) Usurbil F.T., ihintza.ikazeta.com, 2011-07-07an kontsultatua.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ELUSTONDO, Axentxio, Usurbil. Mendez mende., Caja Ahorros Provincial-Kutxa.
  • GARMENDIA, Gotzon, Usurbil. Iraganari begiratuz., Usurbilgo Udala, 2001.
  • MURUGARREN, Luis, Usurbil. Aguinaga, Urdayaga y Zubieta., Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 1974.
  • PIKABEA AIZPURUA, Jabier, Aginaga. Errioko jarduerak eta bertako hiztegia., Eusko Ikaskuntza, 2005.
  • SANCRISTOVAL Y MURUA, Pedro, Usurbil., Zaragoza: CSIC, 1958.
  • TELLABIDE AZKOLAIN, Josu, Usurbilgo baserri eta baserritarrak., Usurbil: Noaua! Kultur Elkartea, 2004.
  • Usurbil [DVD-a], Galdare, comunicación audiovisual, 2005
  • Usurbil, 1371-1971., Usurbilgo Udala, 1975.
  • ZUBIMENDI, Joxe Ramon, Zubieta, mila urteko herria., Usurbil: Noaua! Kultur Elkartea, 2000.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Usurbil Aldatu lotura Wikidatan
Wikiturrietan testuak daude honi buruz:
Usurbil
Wikidatan datu irekiak daude honi buruz: Usurbil