Utsjoki

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ohcejohka / Utsjoki

Utsjokiko armarria
Armarria
Berezko izena Ohcejoga gielda (ip. samieraz)
Utsjoen kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Ipar Lappiko azpieskualdea
Alkatea Antti Katekeetta
Sorrera 1876
Ohcejohka / Utsjoki Finlandiako mapan
Koordenatuak 69°54′25″N 27°01′25″E / 69.90694°N 27.02361°E / 69.90694; 27.02361Koordenatuak: 69°54′25″N 27°01′25″E / 69.90694°N 27.02361°E / 69.90694; 27.02361
Azalera
-Ur-azalera
5.371,78 km² [1]
227,51 km² (%4,2)
Biztanleria
Dentsitatea
Ama hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
1.308 (2011.07.31) [2]
0,25 bizt/km²
(2010) [3]
% 50,3 (ofiziala)
% 47,5 (ofiziala)
% 2,2
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Samieraz)

Ohcejohka edo Utsjoki (inariko samieraz, Uccjuuhâ; skolt samieraz, Uccjokk) Finlandiako Lappi eskualdean dagoen udalerri bat da. Espainiako Kantabria Erkidegoa bezain handia den udalerri honetan, 1.300 biztanle baino ez dira bizi; hala ere, Inari udalerriarekin batera, Finlandiako samitar-ehuneko altuena duen udalerria da, herritarren %70a jatorri samitarrekoa baita. Dena den, biztanleria osoaren %47aren ama hizkuntza baino ez da samiera (samitarren hiru laurdenen ama hizkuntza). Nahiz eta iparraldeko samiera hizkuntza ofiziala izan, inguruko hizkuntza indartsuek, norvegierak eta bereziki finlandierak, udalerriko dialektoan eragin handia izan dute azken urteotan [4].

Finlandia eta Europar Batasuneko iparreneko udalerria da; Norvegiarekin muga egiten duen udalerriko Nuorgam herrixka, zehazki. Sápmi lurraldean dago, samitarren berezko lurraldean, eta urtero hamaika ekitaldi ospatu ohi da kultura hau sustatzeko asmoz. Lehen aipaturiko Inari da Utsjokiren bizilangun Finlandiar bakarra, Karasjok mendebaldean, Tana iparraldean eta Nesseby ipar-ekialdean dauden udalerriak norvegiarrak baitira. Finlandiako ibai nagusi batzuk ere, hala nola, Kaamasjoki, Kevojoki, Tenojoki, Utsjoki eta Vetsijokik, udalerriko herrixka batzuen erdigune dira. Udalerriaren izenari erreparatzearekin, nahikoa da ibaien eragina biztanleriaren kulturan ikusteko, johkak eta jokik ibai esan nahi baitute iparraldeko samieraz eta finlandieraz.

Udalerriko eraikinik esanguratsuena XIX. mendeko zurezko eliza da, Utsjokiko erdigunea; izan ere, gainontzeko eraikinak zurezko etxebizitzak dira. Biztanleriaren ehuneko altuenak elur-orein zaintzan egiten du lan, eta honek, azken urteotan areagotzen ari den turismoak eta udalerri bat asebetetzeko behar diren zerbitzuek, Utsjokiren ekonomia-motoreak osatzen dute [5].

Eduki-taula

[aldatu] Geografia

Sakontzeko, irakurri: Utsjokiko geografia

Lehenik esan, Finlandiako udalerririk handienetakoa dela, 5.371,81 km² dauzka eta horietatik 202,93 km² ur geza da. Izan ere, Finlandia osoan bezala, ehunka aintzira daude, gutxi gorabehera seiehunen bat; garrantzitsuenak, Pulmankijärvi eta Vetsijärvi aintzirak dira. Bestalde, hirurehun putzu txikiago edo zingira daude udalerri guztian barrena sakabanaturik. Utsjoki Norvegiarekin muga marrazten duten bi ibai luzek zeharkatzen dute: Tenojoki eta Inarijoki ibaiek. Beste ibai garrantzitsu batzuk Kaamasjoki, Kevojoki, udalerriari izena ematen dion Utsjoki eta Vetsijoki ibaiak dira. Guztiak, izokin eta amuarrainez beterik daude eta uda aldean, arrantzale guztien bilgune bilakatzen dira. Bi ibai nagusien eta Utsjoki ibaiaren artean sortzen den zelai naturalean zabaltzen da udalerria, urkidi eta pinudiz inguratua. Bizigunea baino goragoko eremuetan, 300 metro baina goragoko eremuetan hain zuzen, tundra nagusitzen da eta han, beheko baso zabalek zuhaitzik gabeko lurraldeari egiten diote lekua. Beste leku esanguratsu batzuk, 26 metroko Fiellu ur-jauzia (Europar Batasuneko iparreneko ur-jauzia) eta udalerriko hegaztien bilgune den Kevoko arroila dira.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dago, batez beste 450 km; honenbestez, eguzkia 73 gauetan ezkutatu gabe egoten da eta neguetan aldiz, 51 eguneko lo sakona edukitzen du. Lappiko gauerdiko eguzki eta gau polar ospetsuak. Bizilagunak, Inari finlandiarra hegoaldean eta mendebaldeko Karasjok, iparraldeko Tana eta ipar-ekialdeko Nesseby udalerri norvegiarrak dira. Klima artikoa da nagusi udalerrian eta ondorioz, tenperatura leunak jasaten dituzte udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira gainontzeko Lappin bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen baitituzte. Samitarrek, antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, zortzi urtaro bereizten dituzte, Lappiko klima ulertzeko lagungarri direnak: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira irailetik urrira eta martxo eta apiril bitartean [6].

 
2009ko Utsjokiko klima datuak [7]
Kevo
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 3,2 3,7 2,4 9,8 15,4 23,4 26,9 26,6 18,3 6,9 4,3 2 11,9
Batez besteko maximoa ºC -5,4 -11,3 -2,7 2,6 10,4 13,1 16,9 17,6 11,5 1,2 -0,4 -7,6 3,8
Batez bestekoa ºC -9,3 -17 -7,2 -2,1 5,6 8,7 11,9 12,2 7,3 -2 -2,9 -12,7 -0,6
Batez besteko minimoa ºC -13,9 -22,9 -14,5 -7,6 0,9 4,1 7,1 7,2 3,1 -5,9 -5,6 -18 -5,5
Minimoa ºC -33,1 -36,6 -28,6 -27,2 -5,1 -0,3 -0,1 -0,9 -3,7 -14,1 -20,2 -28,1 -15,7
Prezipitazio-egunak 29 25 28 22 25 24 20 16 24 22 27 29 291
Tenojoki ibaia.

Lurralde guzti hau oso babestuta dago; hala nola, Kaldoaivi, Muotkatunturi eta Paistunturi bezalako natura-eremu basatiak eta udalerrian nagusi den 712 km²-ko Kevo Natura Erreserba Hertsia. Bertan, eta batez ere Kevoko arroileko inguruetan, ahate txistularia, antzandobi handia, antzara hankahori eta nanoak, arrano arrantzalea, arrano beltza, basoilarra, belatz gorri, handi eta txikiak, bele arrunta, bernagorri iluna, birigarro arrunt eta txikiak, borrokalaria, elur-hontza, eper zuria, eskandinaviako lagopodoa, eskinosoa, ipar belatz, bele eta gailupak, istingor arrunt eta txikiak, izotz-ahatea, kaskabeltza, kukua, kuliska gorri, pikarta eta txikiak, kurlinta bekainduna, larre buztanikara, mendebal-txori mokomehea, murgilari handi eta mottodunak, negu txirta, negu txonta, temminck txirria, txinbo artikoa, txio horia, ur-zozoa, urre txirri arrunta, zapelatz galtzaduna, zerra ertaina, zingira berdantza eta zozo paparzuria bezalako hegaztiak ikus daitezke. Ugaztunen taldea aldiz, erbinude zuri eta arruntek, jatunek, azeri gorriek, igarabek eta 2003. urtetik babestuak dauden azeri artikoek osatzen dute [8].

Lehen esan bezala, izokin eta amuarrainak dira bertako aintzira eta ibai guztien jabe eta urtero hamaika arrantzale (haien artean hartz arreak) erakartzen dituzte bertara.

[aldatu] Historia

Sakontzeko, irakurri: Utsjokiko historia

Bazter hauetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da; izan ere, Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira, gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari, Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez, gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta, oraindik, lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi, tribu hauen eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla [9].

XIX. mendeko zurezko etxeak.

Udalerria Suediako Erresumako Laponia antzinako probintzia barnean finkaturik zegoen eta hasierako biztanle hauek, ehizatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat; hau da, nomadak ziren, ehizakiaren atzetik ibiltzen baitziren, baina pixkanaka, gaur egun samitarren artean dirauen ohitura bati hasiera eman zioten, elur-orein zaintzari, iparreko abeltzaintzari. Suediako Erresumaren menpe egon zen garaian, oharkabean pasa zen udalerria eta urteetan zehar, samitarrek, euren ohitura, hizkuntza eta oro har, kultura mantendu zituzten.

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten Utsjokin abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera, Norvegiara, eraman behar izaten zituzten samitarrek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten 1889an eta 1852an, eta bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Utsjoki osatzen duten herrixkak udalerri bat sortzeko batu egin ziren.

Finlandiak, 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak, bere independiente estatusa mantendu nahian, Alemania naziarekin bat egin zuen SESB bere lurraldetik urruntzeko. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak, herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra), Finlandiak, SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Honela, Finlandiak, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera, alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak Utsjoki eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala ere, alemaniarrek ez zuten herrixkarik erre Enontekiö edo Savukoski udalerrietan gertatu zen bezala [10].

Gerra osteko urteetan, Finlandiak, ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta egonkortasuna lortu zuen politikoki eta sozialki. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornion izan ezik) eta biztanle askok ihes egin zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Gainera, Finlandiak Ozeano Artikoan zuen portu bakarra (Petsamo) SESBen esku gelditu zenean, merkataritzatik zituen irabaziak hutsaren hurrengo bihurtu ziren udalerriarentzat. Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, udalerria samitarren elur-orein abeltzaintzan murgilduta dago oraindik.

Samitarrak oraindik, nagusi badira ere (biztanleriaren %70a), geroz eta finlandiar gehiago iristen da udalerrira; hala ere, bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samitarrak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira.

[aldatu] Administrazioa

[aldatu] Azpiegiturak

Utsjoki hain handia eta soila denez, bertatik mugitzea ez da erraza, oso zaila baita autoz ez bada; ez dago iparralderaino doan trenik, tren-geltoki hurbilena Kemijärvin dago, 300 bat km-ra hegoaldean. Helsinkitik datorren Valtatie 4 errepideak, udalerria zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera eta Kantatie 92 errepideak, aldiz, Karigasniemi herrixka udalerriarekin batzen du. Norvegiarekin elkartzen dituen bi muga garrantzitsuenak Karigasniemin eta Utsjoki herrixkako Sami zubian zehar doazenak dira.

Utsjokiko herrixken mapa

Gertuen dagoen aireportua Ivalo aireportua da, hegoaldeko Inari udalerrian.

4E 75 Valtatie 4: Helsinki-Lahti-Jyväskylä-Oulu-Rovaniemi-Ohcejohka/Utsjoki
92 Kantatie 92: Gámas/Kaamanen (Anár/Inari)-Gáregasnjárga/Karigasniemi (Ohcejohka/Utsjoki)
970 Seututie 970: Gáregasnjárga/Karigasniemi-Ohcejohka/Utsjoki-Njuorggán/Nuorgam

[aldatu] Banaketa

Sakontzeko, irakurri: Utsjokiko herrixkak

Nahiz eta beti bateraturik aurkezten diren, hainbat herrixketan dago antolatua udalerria. XIX. mendean, Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuen eta Norvegiako mugak itxi egin zituztenean 1852an, elur-oreinen abeltzaintzatik bizi ziren bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Inarijoki eta Tenojoki ibaien mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Utsjoki osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Herrixka nagusiak izen bereko Utsjoki herrixka, Europar Batasuneko iparreneko Nuorgam eta biztanle gehien dituen Karigasniemi herrixkak dira.

Hauek dira garrantzitsuenak:

Lehenengo izenak finlandieraz dira eta bigarrenak aldiz, iparraldeko samieraz.
100 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

[aldatu] Hiri senidetuak

Mugaz bestaldeko Tana udalerri norvegiarrarekin senidetuta dago 1970. urtetik.

[aldatu] Udala

Utsjokiko Udalbatza [11]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Utsjokionhauteskunds.png
Zentroko Alderdia 8 Green Arrow Up Darker.svg 1  % 47,1
Ohcejoga Sámit 4 Red Arrow Down.svg 1  % 25,5
Alderdi Nazionala 2 Straight Line Steady.svg 0  % 16,1
Alderdi Sozial-Demokrata 1 Green Arrow Up Darker.svg 1  % 5,7

Finlandiako herri txikietan bezalaxe, Utsjokin, Zentroko Alderdia gailendu zen 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal-hauteskundeetan eta botoen %47a jaso zuen; guztira, zortzi ordezkari lortu zituen. Honela, 2007an izan zuen gorakada bermatu zuen udalerriko udalbatzan. Hala ere, samitarren kopurua izugarria denez, Utsjokiko Samitarrak alderdi bateratua izan zen (iparraldeko samieraz: Ohcejoga Sámit) bigarren indarra; alderdi irabazleak dituen eserleku kopuruaren erdia lortu zuen. Azkenengo postuetan Alderdi Nazionala eta Alderdi Sozial-Demokrata alderdi nazionalak kokatu ziren bi eta ordezkari bakarrarekin hurrenez hurren. Hauteskunde hauetan Ezker Elkartasunak udalbatzan zuen ordezkaritza bakarra galdu zuen, botoen %5a baino ez baitzuen lortu. Utsjokiko udalbatzak Viljo Pesonen alkate aukeratu zuen.

Hurrengo hauteskundeak, 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

[aldatu] Demografia

Sami familia (1936).

[aldatu] Biztanleria

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako udalerriekin alderatuta, Utsjokin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %13,8koa, eta 65 urte gehiagoko biztanleria, aldiz, %20,3koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira eta sinestunen kopuru handiena, batez ere, samitarrek osatzen dute (Laestadianismo). Biztanleriaren %56a gizonezkoak dira [12].

1.400 biztanlera iristen ez den udalerri hau, biztanle gutxien duen Lappiko udalerrietako bat da eta bere zabalerak, Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean kokatzen du. 90ko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten joan da krisi ekonomikoaren ondorioz, batik bat. Izan ere, industria hitza bertan ezezaguna denez, krisiak gogor astindu zuen udalerria eta hainbat herritarrek lan bila kanpora jo behar izan zuten, Rovaniemira esaterako. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren elur-orein abeltzaintza-munduan jarrai dezakete inongo arazorik gabe.

Finlandiako samitar-ehuneko altuena duen udalerria da, herritarren %70a jatorri samitarrekoa baita. Dena den, samitar guztien hiru laurdenek baino ez dute hitz egiten samieraz; nahiz eta, iparraldeko samiera hizkuntza ofiziala izan, inguruko hizkuntza indartsuek eragina handia izan dute azken urteotan [13].

Biztanleriaren bilakaera [14]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
1.384 1.438 1.479 1.548 1.514 1.568 1.457 1.394 1.402 1.367 1.361 1.322 1.304 1.308

[aldatu] Samiak

Sakontzeko, irakurri: Finlandiako Sami Lurraldea, Sami etnia, eta Sápmi

Udalerria samitarren jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Biztanleriaren %70a, talde-etniko honen parte da, baina bakarrik %50 justuak hitz egiten du samieraz ama hizkuntza gisa (iparraldeko samieraz eta skolteraz edo skolt samieraz hain zuzen). Sami lurralde osoan bezala, bertan bizi diren samitarrak Sami Parlamentuak sortzen eta modaltzen dituen legeekin eta eskubide bereziekin babesturik daude euren hizkuntza eta kultura gal ez dadin. Honela, udalerria, bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, bien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri. Samitarren ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak 1973. urtean, Enontekiö, Inari eta Sodankylä udalerriekin batera.

Sami etniako ehuneko handiena bizi den Finlandiako udalerria da eta Ohcejohka, Uccjuuhâ eta Uccjokk izenak jasotzen ditu iparraldeko samieraz, inarieraz eta skolteraz; lehenengo izendapena eta hizkuntza baino ez dira ofizialak.

[aldatu] Hezkuntza eta Osasuna

Utsjokin iparraldeko samieraz ikasteko aukera ematen duen ikastetxe bat dago, eta bertan, hain ospetsua den Finlandiako hezkuntza irakasten da.

Iparraldeko Oroitarria.

[aldatu] Kultura

[aldatu] Armarria

Utsjokiko armarria
Sakontzeko, irakurri: Utsjokiko armarria

Armarriak, atzekalde ilun batean gainean, Lappin negua adierazten duten eta su antzekoak diren iparraldeko argiak -aurora borealak- zilar kolorez dauzka marraztuak. Hauen gainean, lau puntako izar bat dago, oso ohikoa Lappiko armarrietan eta gau polarretan zerua argitzen duen iparrizarra dena. Gustaf von Numersek sorturiko armarriak, udalerriak antzinako kulturarekin eta samitarrekin duen harremana irudikatzen du [15].

[aldatu] Ondasun nabarmenak

Eraikin garrantzitsuenak XIX. mendeko zurezko eliza eta Finlandia Norvegiarekin lotzen duen Sami zubia dira.

  • Iparraldeko Oroitarria: Nuorgam herrixkan dagoen oroitarri bat da; honek, Europar Batasuneko iparren dagoen lekua markatzen du.
  • Utsjokiko eliza: 1850 eta 1853 urte bitartean eraikitako harrizko eta adreiluzko eliza luteranoa da. Utsjoki herrixkan dago eta gainontzeko zurezko etxeen artean nabarmentzen den eraikin garaiena da. Egun oskarbi batean, bere ezkila-dorretik Tana udalerri norvegiarreko itsasoa ikusi zela diote utsjokitarrek.

Tenojoki eta Utsjoki bezalako ibaiek ere, zerikusi handia dute udalerriko eguneroko ohituretan; izan ere, antzinako samitarren jaki onenak ibai oparo hauetako izokinak ziren. Gaur egun ere, udalerrira hurbiltzen diren kanpotar gehienak harrapakin hauen bila datozen arrantza-zale amorratuak dira.

[aldatu] Ospakizun bereziak

[aldatu] Ekonomia

Langileen ehuneko gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, samitarrak batez ere, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein abeltzaintzan egiten du lan gehienbat. Lappi iparraldean industria ia garatu gabe dagoenez, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko nekazal-bizimodua dela eta, datu hauek ez dira larriak suertatzen [16].

Herria bisitatzen duten turistak, finlandiarrak eta norvegiarrak dira batik bat. Azkeneko hauek gehienetan, muga igarotzen dute erosketa merkeagoak egiteko aburuarekin eta udalerrian uzten duten dirua oso mesedegarria da bertako ekonomian. Nahiz eta Lappiko beste udalerri batzuk baina turista gutxiago erakarri, hauen kopurua haziz doa urtetik urtera eta berebiziko sektore bilakatu da. Normalean, Tenojoki ibaiko izokin ospetsua arrantzatzeko, naturaz gozatzeko eta udako gauerdiko eguzkia ikusteko etortzen dira [17].

[aldatu] Iruditegia

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

Kárášjohka-Karasjok Deatnu-Tana Deatnu-Tana
Kárášjohka-Karasjok Kemiko haize-arrosa Anár-Inari
Kárášjohka-Karasjok Anár-Inari Anár-Inari

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Utsjoki
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak