Vangelis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vangelis
Vangelis
Vangelis musikaria 2007ko El Greco filmaren estreinaldian.
Datu pertsonalak
Izen osoa Ευάγγελος Οδυσσέας Παπαθανασίου
Evangelos Odiseas Papathanasiu
Ezizena Vangelis
Jaio 1943eko martxoaren 29a
Grezia Volos (Grezia)
Webgunea www.vangelisworld.com http://www.vangelisworld.com/ www.vangelisworld.com

Evangelos Odiseas Papathanasiu (grezieraz Ευάγγελος Οδυσσέας Παπαθανασίου), Vangelis artista izenaz ezaguna (Volos, Grezia, 1943eko martxoaren 29a) musika elektronikoko konposatzailea da. Gehienbat film ospetsuen soinu bandak konposatzeagatik ezaguna da, adibidez: Chariots of Fire, Blade Runner, The Year of Living Dangerously, The Bounty, 1492: Conquest of Paradise edota Alexander. 1968an Demis Roussos, Loukas Sideras eta Anargyros "Silver" Koulouris musikariekin batera Aphrodite's Child rock taldea sortu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vangelis, doctor honoris causa izendatua, Atenasko Unibertsitatean (2008. urtea).

Gazte-gaztetatik teklatu-jotzaile gisa nabarmendu zen, eta kontzertuak eman zituen. 1960ko hamarraldiaren hasieran Formynx taldean jo zuen. Geroxeago, Demis Roussos kantariarekin eta Lucas Sideras bateria-jotzailearekin batera Aphrodite's Child taldea eratu zuen, eta ospe handia lortu zuten, Grezian ez ezik nazioartean ere.

1968an, koronelen estatu kolpeaz gero, hirukotea Frantziara erbesteratu zen. Talde horren disko aipagarrienak: Rain And Tears (1968), Aphrodite´s Child; It´s Five O´clock; 666 (1972).

Vangelisek 1970ean hasi zuen bere bakarkako lana, Aphrodite's Child desegin baino lehen, Dragon izeneko disko batekin. 1972an L´Apocalypse Des Animaux (Animalien apokalipsia) filmeko soinu bandarako musika grabatu zuen, eta harrezkero film, antzezlan eta balleterako musika egiten hasi zen. Urtebete geroago Londresa joan zen, eta Nemo estudioak zabaldu zituen, sintetizadore eta teklatuetan espezializaturik. 1976an Heaven And Hell diskoa argitaratu zuen, eta beste film baterako musika ere bai: La Fete Sauvage. Disko hartan Yes taldeko kantari Jon Andersonek hartu zuen parte. Hurrengo urteetan Albedo 0.39 (1976), Spiral (1977) eta Beaubourg (1978) argitaratu zituen. 1980an Jon Andersonekin elkartu zen ostera ere, I Hear You Now kanturako eta Short Stories diskorako, arrakasta handiz, gainera.

1981ean Chariots of Fire filmaren soinu banda Ingalaterrako zerrendetako bosgarren tokira iritsi zen, eta urte horretan bertan postu berera iritsi zen The Friends Of Mr. Cairo kantuarekin. 1982an Chariots of Fire diskoak lehen postua lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetako zerrendetan hilabetez, musikako Oscar saria irabazi zuen, eta milioitik gora ale saldu zituen Estatu Batuetan. Urte horretan bertan Blade Runner filmerako musika idatzi zuen. 1983an, Jon Andersonekin batera, Private Collection argitaratu zuen, eta The Best of Jon and Vangelis, 1984an, bien arteko elkarlanaren amaiera gisa. Gero bakarkako lan bat egin zuen, Soil Activities, eta 1988an zuzeneko disko bat, Direct, Vangelis.

1990eko hamarraldian The City (1990), 1492: Conquest of Paradise (1992) filmerako soinu banda, Voices (1995, Ahotsak), A Tribute To El Greco (1995), eta Oceanic (1996) ditu lanik aipagarrienak.

Bitxikeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vangelis omenez jarri zion izena Nazioarteko Astronomia Elkarteak (6354) Vangelis asteroideari.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vangelis Aldatu lotura Wikidatan