Vasili Kandinski

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vasili Kandinski

Vasili Vasilievitx Kandinskierrusieraz: Василий Васильевич Кандинский— (Mosku, Errusiar Inperioa, 1866ko abenduaren 16agreg./abenduaren 4ajul. - Neuilly-sur-Seine, Ile-de-France, Frantzia, 1944ko abenduaren 13a) margolaria eta pinturaren teorikoa izan zen, XX. mendeko artistarik ospetsuenetako bat; izan ere, pinturan abstrakzioaren aitzindari izan zen.

Bizitza

1871. urtean, 5 urte zituela, Vasili eta haren familia Odesara joan ziren bizitzera.

Odesan haurtzaroa igaro ostean, Zuzenbidea eta Ekonomia goi mailako ikasketak egin zituen Moskuko Unibertsitatean. Gero bere zeregin profesionaletan arrakastatsu izan zen, Erromatar Zuzenbideko katedra eskaini baitzioten Dorpat Unibertsitatean.

1896an Municha aldatu zen eta, hogeita hamar urterekin, hango Arte Ederretako Akademian pintura ikasketei ekin zien.

Gaztaroa

1901ean, Phalanx izeneko taldea sortu zuen eta klaseak eman zituen bertan, Frantziako abangoardiak Municheko giro zurrunean txertatzeko xedean. Kandinskiren lehenengo obrak espatulaz eginiko paisaiak dira, hasiera batean ilunak eta gero kolore bizia hartzen dutenak. Erdi Aroko tradizio alemaniar eta errusiarretan oinarritutako fantasiazko irudiak landu zituen. Denboraldi honetan, esperimentazio teknikoa nabarmena da, batez ere, tenplea erabiltzen duenean paper ilunaren gainean, atzetik argiztatutako gardentasun itxura eman nahian. Argi-ilunaren indarrak garrantzi handia hartzen du eta irudiak eta atzealdeak nahasten dira, ia konposizio abstraktu batera iritsiz.

1902an egin zuen lehen erakusketa eta lehenengo xilografiak ere egin zituen. 1903 eta 1904an Italia, Herbehereak, Afrika edo Errusian bidaiatzen ibili zen. 1904an, Parisen egin zuen erakusketa, Udazkeneko Aretoan.

1909an, Municheko Artisten Elkarte Berriaren (NKVM) presidente hautatu zuten. Urte berean taldearen lehenengo erakusketa izan zen Municheko Thannhauser galerian. Hamarkadaren amaiera aldera, Kandinskiren pinturetan osotasunerako grina ikusten da, kolorearen nagusitasuna, edozein sakonera gogoratuko lukeen ilusioa alboratuz. Zaldunen borrokaldien koadroak 1909an hasi ziren eta, hauetan ere, zeruertza, beste espazio erreferentziak bezala, desagertzen doa.

Helduaroa

1910ean bere lehenengo akuarela abstraktua egin zuen. Bertan, orbanean, bi kolore daude nagusi, gorria eta urdina, nolabaiteko uztarketa duten koloreak ziurrenik, beti batera agertzen baitira Kandinskiren obretan. Gorria beroa da eta zabaltzeko joera du; urdina, berriz, hotza da eta biltzen ahalegintzen da. Kontrasteen legearen egiaztapena dirudi, bi kolore batuz, kenduz... Ikur linealak ere badaude, mugimenduren baten seinale, orban horien norabidea edo erritmoa adierazi nahiko balute bezala. Akuarela osoa jartzen da horrela mugimenduan.

1911n, IV. konposizioa egin zuen. Marrazkiak sinpleak dira, koloreak arbitrarioak eta espazioa ez dago batere garbi; zaila gertatzen da koadroaren gaia jakitea aurreko koadroen erreferentziarik izan gabe. Ikuslearentzako, lerroaren erabilera, elementu independentea edo kolorearen muga denean, harrigarria suertatzen da. Urte hartan, Kandinski eta Franz Marc NKVMetik atera eta Der Blaue Reiterren oinarriak zehaztu zituzten, 1912an almanaka bat sortu zutelarik. Lehenengo erakusketa abenduan izan zen, Municheko Thannhauser galerian. Urte berean, Kandinskik Espiritualtasuna Artean argitaratu zuen.

1912an, Kandinskiren eta Marcen obren almanaka argitaratu zen eta Blaue Reiterren bigarren erakusketa izan zen Hans Goltz galerian. Urte berean, Kandinskiren bakarkako lehen erakusketa izan zen Berlineko Der Sturm galerian. Garai honetan, Kandinskiren gairik gustukoenak bortitzak eta apokaliptikoak dira eta Alemaniako eta Errusiako pintura erlijioso herrikoietatik datoz.

1913ko lanetan, Lerro beltzen garaian, ezin dugu gai batetik abiatutako abstrakzioaz hitz egin. Koloreak eta lerroak izugarrizko espresioa hartu dute eta ez dute aurrez ezarritako eredua jarraitzen. Hauek dira benetan abstraktuak diren lehen obrak.

Urte berean obra berri bat aurkeztu zuen Armory Shown, New Yorken.

Lehen mundu gerra hastean, Errusiara itzuli zen eta bertan geratu zen 1921. urtera arte.

Vasili Kandinskiren sinadura

Arte Abstraktua

Kandinskiren abstrakzioranzko garapenaren justifikazio teorikoa Wilhelm Worriengerrek 1908an argitaratu zuen Abstrakzioa eta enpatia delakoan bilatu behar dugu. Worringerren ustez, Pizkundeko legeak ez dira nahikoak, jada, eta artista askok, errealitatetik abiatzen badira ere, bulkada abstrakto baten eragina dute; horregatik, artearen azken tendentziak materialismo gutxiago duten gizarteetan sortu dira.

Vasili, Piet Mondrian bezala, teosofian oso interesatuta zegoen eta, haien ustean, horixe zen munduko erlijio guztien dotrina eta errituen azpian zegoen egia; itxurak ezkutatzen zuen esentzia eta horrek izateko arrazoi bat eskaintzen zion arte abstraktuari.

Artean dagoen espiritualtasuna lanean espiritualtasun handiko garai berri batez eta pinturak eskaini diezaiokeenaz ari da. Arte berria kolorearen hizkuntzan oinarritu behar du eta Kandinskik tonu bakoitzaren propietate emozionalak ematen dizkigu. Aurrez izandako kolorearen teoriak baztertuz, bera ez da espektroan oinarritzen, arimaren erantzunean baizik.

1913an, bere lan bat aurkeztu zuten New Yorkeko Armory Show delakoan.

Vasili Kandinskiren sinadura

Lehen Mundu Gerra garaian, Moskura itzuli zen 1921 arte. 1917ko Urriko iraultzatik aurrera, Kandinski lan administratiboa egiten aritu zen CPErentzat (Herriaren Heziketarako Elkartea) eta, besteak beste, arte eskolen hezkuntza sistemarako erreforma izango da aztertuko duten proiektuetako bat.

1920an, INJUK (Kultura Artistikoarentzako Institutua) sortu zutenetako bat izan zen eta garai honetan piztu ziren Kandinski, Malevitx eta beste hainbat margolari idealisten eta konstruktibisten (Vladimir Tatlin eta Aleksandr Rodtxenko) arteko ika-mikak. Azken talde honek laguntza handia izan zuen Iraultzaren aginte politikoak martxan jarritako Monumentuak Propagandarako planean. Tentsio giro horrek, Kandinski Errusiatik alde egitea bultzatu zuen.

1922an, Weimarrera joan zen (Alemania) eta klase teorikoak ematen aritu zen Bauhaus eskolarako.

1926an, Puntua eta lerroa plano gainean. Elementu piktorikoen analisirako ekarpena argitaratu zuen, aurreko lanaren jarraipena. Bauhausen geratu zen 1933ra arte, Hirugarren Reichak erakundea itxi zuen arte.

1933an, Parisera joan zen eta bertan jarraitu zuen bere lanean, 1944an Neuilly-sur-Seinen (Frantzia) hil zen arte, 78 urte zituela.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vasili Kandinski Aldatu lotura Wikidatan