Veneziako Errepublika

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Veneziako Errepublika Txit Lasaia
Serenìsima Repùblica de Venezsia
Serenissima Repubblica di Venezia

697 – 1797
Errepublika (Plutokrazia)
Flag of Most Serene Republic of Venice.svg Coat of Arms of the Republic of Venice.svg
Goiburua
Viva San Marco!
Republic of Venice 1796.png
Veneziako Errepublika 1796an
Hiriburua Venezia
Hizkuntza(k) veneziera, italiera, latina
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra
Dirua Ducato (edo Zecchino), Lira
Aurrekoa
Flag of PalaeologusEmperor.svg Bizantziar Inperioa
Ondorengoak
Austriar Artxidukerria Flag of the Habsburg Monarchy.svg
Ragusako Errepublika Republic of Dubrovnik Flag.png


Veneziako Errepublika, Veneziako Errepublika Txit Lasaia edo San Markoren Errepublika gaur egungo Italia ipar-ekialdeko antzinako estatu baten izena da, eta honen hiriburua Venezia hiria zen[1].

Petrarkak, 1321eko abuztuan Boloniako bere lagun bati bidalitako gutun batean, honela deskribatzen zuen Veneziako Errepublika Txit Lasaia:

« [...] egunotan askatasunaren, justiziaren eta bakearen babesleku bakarra; onen aterpe eta, tiraniak eta guduak nonahi itsuturik, bizitza lasaitasunez zuzendu nahi duten gizonen itsasontziak konpon daitezkeen portu bakana: urrean aberatsa, baina ospean are aberatsagoa den hiria; adorean esku handikoa, baina bertutean esku are handiagokoa den hiria; haitzurdin sendoen gainean sortua, baina adiskidetasun adeitsu eta aldaezin are sendoagoen gainean sortua, eta, inguratzen duen itsasoa baino hobea, bere semeak dohatzen dituen jakituria arduratsua.  »
Francesco Petrarca

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dukerriaren sortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika IX. mendean ”Itsas Venezia” inperio bizantziarraren probintzian jaio zen, Ravennako exarka-herriaren menekoa izan zena, 751. urtean longobardoek hiri hau hartu zuten arte. Tradizioak dio lehen dogoa, Paulicio Anafesto, 697an aukeratu zutela venetikoek, alabaina dukerriaren sortzea Bizantzioko probintzia italiarren erreforman kokatu behar da, dukeak hauen buru izendatzearekin batera, inbasio longobardoa geldiarazteko saialdian. Dux bizantziarraren irudiak, mendeekin dogo bihurtua, geroz eta autonomia handiagoa konkistatu zuen, beti politika independienteago bat inposatuz, egoitza Eracliana-tik (Eraclea) lehenengo Metamauco-ra (Malamocco) eta azkenik Rivus Altus-era (Rialto, gaur egungo Venezia) mugituz 810ean, hiri defendagarriagoa baitzen bere kokapenagatik aintzira erdian.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

726an, Leone III.a enperadorearen egintza ikonoklasikoen hedapenak Italian Aita Santuaren erreakzioa eta sartaldeko lurralde bizantziar guztietan matxinaden zabaltzea eragiten du: Venezian herriak eta kleroak Dux-aren izendatzearen eskubide inperiala prebarikatzen dute, hala ere, altxamendua gorabehera, Veneziak exarka-herriaren mantentzea bermatzen du longobardoen aurka. 737a eta 741aren ostean, bizantziarrek urteroko magistratu hautatuen (Tribuni dei Militi) esku zegoen probintziako gobernua deuseztatu zuten, 742an enperadoreak herriari Dux-aren izendatzea landatzen dion arte[2].

Bizantziok Ravenna behin betiko galtzeak 751n, eta longobardar erreinuaren konkistak Karlo Magnoren frankoen eskutik 774an, (honek suposaturiko Erromatar Inperio Sakroaren sorkuntzarekin 800. urteko gabon gauean), erabat aldatzen dute Veneziako dukerriaren testuingurua. Frankoak eta Bizantziarrak nagusitasunagatik lehiatzen dira, barneko boterea frankoen aldeko partiduan eta bizantziarren aldeko partiduan zatikatzen delarik.

  • 805ean frankoek Eracliana suntsitzen dute, egoitza dukala Metamaucora igaroz.
  • 806an dukerria Karlo Magnoren babespean jartzen da, baina bizantziar itsas-blokeo batek Veneziarrak Ekialdeko enperadoreari fideltasuna erakustera behartzen ditu.
  • 809an gudaroste frankoek, Pipinok gidaturik, Venezia inbaditu eta Metamauco setiatzen dute, Dux-a aintzirako barneko uharteetan babesten delarik.
  • 810ean veneziar ontziteriak frankoa atzeman eta suntsitzen du, Metamauco eta Popilia arteko uretan.
  • 812an hiriburua Rivoaltora (Venezia) mugitzen da behin betiko.

Hiri berriaren babesean, veneziar dukerriak bizantziar agerrune bat izaten jarraitzen du Sartaldeko Erdi Aro feudalean. Hala ere, hurrengo bi mendeetan erakundeak eta politika veneziarra beti urrunago zegoen inperio baten gertaeretatik aldenduz joan ziren. Garai honetan, bizantziar eredu inperialaren gainean sistema politiko bat eratzearen ahaleginekin batera, botereagatik borrokatzen diren familia patrizio batzuk garatuz doaz[3] (honen seinale dira ohiko erreboltak eta Dogoen kentzeak), etorkizuneko merkataritza-oligarkiaren erdigune izango direnak Estatuaren gidaritzapean[4].

Hedapen handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adriatikoa eta merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziaren mendeko lurraldeak 1000. urte inguruan. Errepublika gorri ilunean dago, mugak gorri argian.

Behe Erdi Aroan, Venezia izugarri aberastu zen Levanteko merkataritzaren kontrolari esker, eta itsaso adriatikoan zehar hedatzen hasi zen. Hedapen fase hau 1000 urtetik aurrera eman zen, Pietro II.a Orseolo dogoak gidaturiko flotak kostako hiri dalmata eta istriarrak eskuperatu zituenean eta enperadore bizantziarraren aintzat hartzeagatik, Istria eta Dalmaziako duke bezala[5].

1071n Gregorio VII.a Aita Santuaren eta Henrike IV.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearen arteko inbestidura lortzeko borroka prozesuan zegoen, baina Venezia, potentzia handien arteko oreka-politikari eutsiz, ez zen ez pontifizearen ez enperadorearen alde jarri. Penintsula hegoaldean normandiarrak bilakatu ziren benetako protagonistak. Hasieran veneziarrek erlazio onak garatu zituzten Altavillatarrekin (975 eta 985 urteen bitartean Sizilia gobernatu zuten dinastia normandiarra), baina hauek adriatikoan esku sartzen hastean harremanak hautsi zituzten. Durrës eta Korfuren okupazio normandiarrak ekintza armatuetara bultzatu zituen veneziarrak. Gerrak bi urte baino gehiago iraun zituen eta itsasoko eta lurreko operazioak ez ziren mesedegarri izan veneziar-bizantziar aliatuentzat. Roberto Guiscardo altavillatarra hiltzean, bere ejertzitoak lortutako posizioak laga zituen Pugliara itzultzeko. Normandarraren desagerpenarekin, Veneziak arrakasta izan zuen Konstantinoplatik nahi izan zuen haina eskuratzen, hala nola 1082ko maiatzeko “Crisobolo”a (edo urrezko burbuila), zeinarekin Sortaldeko enperadoreak lehentasun zabalak eta salbuespen ugari ematen baitzizkien bere merkatariei Inperio Latindar osoan[6].

Itsasoko Estatua (Stato da Mar)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Areagoturiko potentziak eta pribilegio kopuru handiak bizantziarrak eta veneziarrak aurka jartzera eroan zituen, Genoari sortaldeko hedapen komertziala asko erraztu zizkioten istiluak sortuz. Veneziak ez zuen ahalegin handirik egin bizantziarrak laguntzeko lehenengo hiru gurutzadetan: lehenengo gurutzada hasia zenean Jerusalemgo presaren alde egiteko hartu zuen parte, baina ez zuen esku sartu ez bigarrenean ez hirugarrenean, zeinak merkataritza-onura nabarmenak ekarri zizkien Pisa eta Genoa arerioei.

1148an, Promissio Ducale delakoa ezarri zen, hau da, Dogoaren fideltasun konstituzionalaren zin egitea, ezen momentu hartatik, hauteskunde berri bakoitzean berritua, printzearen botereak mugatzen zituen arian-arian, beste erakunde errepublikazaleen aurrerakuntzaren oinarriak finkatuz.

Enrico Dandolo-ren dogoaldian, ontziteria veneziarra erabakigarria izan zen Konstantinoplako arpilaketan, 1204ko laugarren gurutzadan. Gurutzada harek amaiera eman zion inperio bizantziarrari eta Sortaldeko Inperio Latindarra sortu zen, sartaldeko feudalismoaren erakundeen ezaugarriak hartzen zituena. Inperio bizantziarraren lurraldeak lautan banatu ziren Fiandrako Baldovino Enperadorearen, Monferratoko Markesaren, printze eta baroi frankoen eta Txit Lasaiaren artean. Veneziak lurralde asko irabazi zituen Egeo Itsasoan, esaterako Candia (Kreta)[7] eta Eubea uharteak edota Peloponesoko hainbat portu, non dogo veneziarrari Sortaldeko Inperio Erromatarreko laurden eta erdi baten Jauna izena eman zitzaion.

1297an, “Kontseilu Nagusiaren Eragozpena”k, familia berriei Estatuko gobernura sarrera eragotziz, errepublika oligarkiko itxura eman zion Veneziari behin betiko, Patriziatu merkantil batek gobernatua[8].

Errepublika Adriatikoan eta Mediterraneoan hedatuz joan zen hurrengo mendeetan[9], baita Bizantziar Inperioaren berreraketaren ostean ere, hainbat mendetan Adriatikoko sortaldeko kostalde ia guztiak barnean hartuz, baina baita Kreta (“Candia” veneziarrentzat), Txipre eta Peloponesoko uharteen zati handi bat ere (“Morea” veneziarrentzat). Irla eta kostaldeko jabari itzel hauen multzoak, veneziarrek Stato da Mar zeritzena eratzen zuen. 1379an, Genoak larriki mehatxatu zuen Chioggiako guduan, baina gatazka hiri honen errendizioarekin bukatu zen.

Lehorraren konkista (Stato da Terra)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende askotan, Veneziako Errepublika uhartez eta kostaldeko lur zerrendaz eratutako estatu bat izan zen, "Stato da Mar" deiturikoa osatzen zutena. Aintzira inguruko lurretan soilik egin ziren barneratze batzuk, Padua eta Treviso bezalako hirien zabalkundeari aurre egiteko. XV. mendearen hasieran, veneziarrek ere lehorrean zehar zabaltzeari ekin zioten, Gian Galeazzo Visconti Milango dukearen hedapen mehatxagarriari aurre egiteko.

1410ean, Veneziak Venetoko zati on bat konkistatua zuen jada, Verona eta Padua legezko hiri garrantzitsuak barne[10]. Errepublika, penintsula italikoko X. erregio augustoak (Venetia et Histria) hartzen zituen lurraldeak bezain handia izatera iritsi zen. 1428an, veneziar bihurtu ziren Bergamo, Brescia eta Crema hiri lombardiarrak eta baita Camonica Haraneko lurraldeak ere. Kanpaina militar hauetan, paper garrantzitsua jokatu zuen Bartolomeo Colleoni buruzagiak. 1489an, Zipre uhartea anexionatu zen, lehenago gurutzadetako estatua izandakoa, eta bere azken buruzagi veneziarrak emana, Caterina Cornarok (veneteraz Cornèr). 1495ean, Veneziak Karlos VIII.a Frantziakoa Italiatik kanporatzea lortu zuen, Fornovoko guduan, frantsesen oldarketa sorta batetik lehendabizikoa saihestuz. Behin-behinez, XVI. mendearen hasieran, veneziar bilakatu ziren Cremona, Forlì, Cesena, Monopoli, Bari, Barletta eta Trani hiriak, besteak beste. Halako hedapenarekin, baina, Venezia liskarretan sartu zen Aita Santuen Lurraldearekin Romagna kontrolatzeagatik. Gatazkak, 1508an, Veneziaren aurka Cambraiko Liga osatzera eraman zituen Aita Santua, Frantziako erregea, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea eta Aragoako erregea, Venezia suntsitzeko. 1509ko Agnadelloko Guduan frantsesak garaile atera baziren ere, ligako armada aintziraren inguruan gelditu behar izan zen: koalizioa bizkor apurtu zen eta Veneziak atzera ere ikusi zuen bere burua seguru, lurralde askorik galdu gabe; halere, ontziteria ia osoa suntsiturik gelditu zen Polesellako guduan, urte bereko amaieran, Este familia longobardarrak egindako erasoaldian.

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiarren aurkako guduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziaren menpeko lurraldeak XVI. mendean, hedapen handienaren unean

XV. mendearen hasieratik, beste arrisku batek mehatxatzen zuen Errepublika: Otomandar Inperioaren hedapenak[11] Balkanetan eta sortaldeko Mediterraneoan. XVI. mendean, Selim II.ak, otomandar tronuaren oinordekoak, berriro ekin zion bortizkeriari sortaldeko domeinu veneziarren aurka, Zipre uhartea erasoz[12]. Uhartea otomandarren esku erori zen erresistentzia luze eta heroiko baten ostean, Famagostako setioan. Erasoari erantzuteko, Veneziak ontziteria bat bidali zuen Egeo itsasora eta erlazioak berpiztu zituen Pio V.a Aita Santuarekin, Txit Lasaiaren borroka sostengatuko zuen Liga Kristaua osatzeko asmotan.

Liga hau 1571ko maiatzaren 25ean burutu zen, eta hurrengo estatu hauek izan ziren partaide: Venezia, Espainia, Aita Santuen Lurraldea eta Malta[13]. Joanes Austriakoa zuten buru, Felipe II.a Espainiakoaren anaia. Indar kristau eta turkiarrek Lepantoko golkoan egin zuten topo, eta berrehun eta hogeita hamasei ontzi kristauk egin zieten aurre Ali Pasha almiranteak zuzendutako berrehun eta laurogeita bi ontzi otomandarrei, 1571ko urriaren 7an[14]. Itsas-borroka izugarria, eguerditik ilunabarrera arte gauzatu zena, Liga Kristauaren garaipenarekin bukatu zen. Halere, Lepanton irabazi izanagatik ere, Errepublika laguntzen jarraitzeko Felipe II.ak asmo handirik ez zuenez gero, Venezia bake-hitzarmen bat sinatzera behartua izan zen, bai eta otomandarrei Zipre uhartea eta Moreako (gaur egungo Peloponeso) beste jabari batzuk entregatzera ere. Tratatu honek Txit Lasaiaren gainbehera militar eta maritimoaren hasiera suposatu zuen.

XVII. mendean, gatazka luze baten ondorioz (1645 eta 1669 bitartekoa), Candia (Kreta) ere otomandarren esku geratu zen, 24 bat urte iraun zuen setio baten ostean. Hala eta guztiz ere, Veneziak Morea osoa errekonkistatzea lortu zuen 1683 eta 1687 urteen bitartean, Francesco Morosini azken buruzagi handiaren iaiotasunari esker. Peloponeso, baina, bizkor berreskuratu zuen Otomandar Inperioak (1718). Azken gertaera honetan herritar greziarrek veneziarrei eskainitako laguntza eskasak ere eragina izan zuen, ez baitzituzten oso begi onez ikusten.

XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canalettoren "Bacino di San Marco", 1738-40

XVIII. mendean, Errepublikak, galdutako botere guztiaren ondorioz, kontserbadutismo eta neutraltasun politikari eutsi zion. Honi klase politikoaren geroz eta dinamismo gutxiagoa gehitu zitzaion, beti patriziatu veneziarrak Lehorrean zituen interes hazkorrei lotua. Patriziatu honek, gero, geroz eta familia gehiagoren sargoa pairatu zuen, eta Lehorreko klase gidariekiko erlazioak indarberritzeko ardura eta Estatuaren ekonomiaren sostengua bere gain hartu zituen.

Garai honetan oraindik, Errepublika Txit Lasaia -politikoki gainbeheran bazegoen ere- kultura aldetik asko nabarmentzen zen: Vivaldi musikan, Goldoni literaturan, eta Tiepoldo eta Canaletto pinturan aipatzea besterik ez dago[15].

XIX. mende berriaren bezperan, bizitza publiko veneziarrak astindu bat jasan zuen Frantziar Iraultzak ekarritako ideiengatik, eta gobernuak, jarrera guztiz kontserbatzaileekin babestuaz, ez zuen erantzun eraginkor bat ematen jakin. Egoera honek Errepublikaren behin betiko erorketari mesede egin zion, eta honekin batera klase aristokratikoak errebolta jakobinoak gertatzeari zion beldurrak (errealitatean, errebolta hauek ez ziren egundo gertatu).

Erorketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde veneziarrak erorketaren aurretik.

Frantzia iraultzaileak Italian gauzatutako kanpainan Errepublikak bere neutraltasuna azaldu arren, Napoleon Bonaparteren tropek Lehorra inbaditu zuten 1797an, aintziraren inguruetaraino iritsiz[16]. Hirian sartzeko frantsesek egindako mehatxuaren ostean, 1797ko maiatzaren 12an, Dogoak eta magistratuek agintearen entseinak utzi egin zituzten eta Kontseilu Nagusiak abdikatu egin zuen, Errepublika eroria deklaratuz eta behin-behineko udal baten gobernua ezarriz, "schiavoni" (istriar eta dalmaziar) soldadu fidelek eragindako beldur generalizatuan, errebolta bat gauzatuko ote zuten. Soldadu hauek borrokak ekiditeko eman zen ebakuazio-aginduari men egin zioten, eta honela Napoleon, ia tirorik egin gabe sartu zen Veneziara. Halere, Sant'Andrea Gotorlekutik, "Le Libérateur d'Italie" izeneko fragata frantsesa suntsitu zuten veneziarrek, artilleria astunez. Denbora gutxiren buruan, Istria eta Dalmazia ere, ama aberria erorita, frantsesei errenditu zitzaizkien.

Askatasunerako eta batasun nazionalerako saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

'48-'49ko San Markoren Errepublikako bandera.

1848ko Italiaren Bateraketaren mugimenduetan, antzinako errepublika berrezartzeko saiakera bat egon zen, Austriar Inperioaren dominazioaren aurka. Lonbardia-Venezia Erresumaren dominazioaren aurka Veneton gertatutako altxamenduan, Venezia austriarren kontra jagi zen 1848ko martxoaren 17an, Armategia (Arsenale) okupatuz eta tropa inperialak hiritik irtetera behartuz. Daniele Martin eta Niccolò Tommaseoren gidaritzapean, San Markoren Errepublika proklamatu egin zen. Honek, austriarren errepresioa lehorrean handitzean, piemontearrengana jo zuen, Sardiniako Erreinuarekin anexioa eskatuz.

Penintsulako mugimendu erreboltariek, oro har, huts egin zuten arren, Veneziak Radetzky jeneral austriarraren setioari eutsi zion 1849ko abuztuaren 22ra arte, orduan amore eman behar izan baitzuen.

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuko erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • I. Maila
    • Kontseilu Nagusia, 1500ean 2000 patrizio venetoar baino gehiagoz eta 1797an 1000 inguruz osatua[17].
    • Maila berean, ehunka izendapen Bulego Txikietan (Uffici Minori), Kontseilu Nagusiak aukeratuak.
  • II. Maila
    • Senatua, Kontseilu Nagusiak hautaturiko 120 patriziok osatua[18].
    • Berrogeien Kontseilua (Consiglio dei Quaranta edo Quarantia), Kontseilu Nagusiak aukeraturiko patrizioek osatua.
    • Gobernadoreak eta Komandanteak, Kontseilu Nagusiak aukeratuak.
    • Komisarioak eta zenbait batzorde, Senatuak aukeratuak.
  • III. Maila
    • Hamarren Kontseilua (Consiglio dei Dieci), “Zonta”rekin, Kontseilu Nagusiak hautaturiko patrizioek osatua.
    • Berrogeien Kontseiluko Buruak, Berrogeien Kontseiluak aukeraturiko 3 patriziok osatua.
    • Enbaxadoreak, Senatuak aukeratuak.
    • Lehorraldeko Jakintsuak (Savi di Terraferma), Senatuak aukeraturiko 5 patriziok osatua.
    • Gerrako eta Marinako ministroak (Savi agli Ordini), Senatuak aukeraturiko 5 patriziok osatua.
  • IV. Maila
    • Jakintsu Handiak (Savi Grandi), Senaturak aukeraturiko 6 patriziok osatua.
    • Duke-kontseilariak (Consiglieri Ducali), Kontseilu Nagusiak hautaturiko 6 patriziok osatua.
  • V. Maila
    • Hamarren Kontseiluko Buruak (Capi del Consiglio dei Dieci), Hamarren Kontseiluak aukeraturiko 3 patriziok osatua.
  • VI. Maila
    • Estatuko Inkisidoreak (Inquisitori di Stato), 6 duke-kontseilariek eta Hamarren Kontseiluko 3 Buruek aukeraturiko 3 patriziok osatua.
  • VII. Maila
    • San Markoren Prokuradoreak (Procuratori di San Marco), Kontseilu Nagusiak aukeraturiko 9 patriziok osatua.
  • VIII. Maila
    • Dogoa, Kontseilu Nagusiak aukeratua.

Veneziako Errepublikan, organo goren kontsideratzen ziren erakundeak hurrengo hauek ziren: Dogoa, San Markoren 9 prokuradoreak, Estatuko 3 Inkisidoreak, Hamarren Kontseiluko 3 Buruak, 6 Duke-Kontseilariak eta 6 Jakintsu Handiak.

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantziler Handia eta burokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuko funtzionarioen eta burokraten buruzagi nagusiak, Kantziler Handiak (Cancellier Grando)[19], lehentasuna zuen zeremonia publikoetan eta, bereziki, garrantzizko prozesioetan, senatarien eta magistratuen aurretik baina beti Dogoaren ostean. Jauregiko kantzilergoak hurrengo hauen artean zeuden banatuta:

  1. Kantzilergo Dukala, estatu veneziarreko egintzen erregistro nagusia;
  2. Kantzilergo Sekretua, 1402an sortua, aparteko egintzak erregistratzeko;
  3. Beheko Kantzilergoa, horrela deitua Jauregi Dukaleko lehenengo solairuan zegoelako, Dogoari zegozkion egintza guztiak erregistratzeko erabiltzen zen.

Hiritarren ordenari erreserbaturiko beste magistratura batzuk hurrengo hauek ziren:

  • Segretario alle Voci, bulego guztietarako hautapen guztien erregistroaren arduraduna, bai arrunta eta bai apartekoa;
  • Cassiere della Bolla Ducale, zergen biltzaileak;
  • Gastaldo Ducale, epai judizialen betearazleen saila.

Viva San Marco![aldatu | aldatu iturburu kodea]

Viva San Marco! (Gora San Marko!) Veneziako Errepublikaren borroka oihua izan zen, 1797ko desegitera arte erabilia, baina baita Daniele Manin eta Niccolò Tommaseok proklamaturiko San Markoren Errepublika laburrean ere. Erabilia izan zen azken aldia 1866ko Lissako gudua izan zen, non austriar ontziteriak (nazionalitate askok osatua, euren artean veneziarrak, giuliarrak eta dalmaziarrak ere) veneziarra garaitu zuen[20].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Contarini, Gasparo (1599). "The Commonwealth and Government of Venice" Lewes Lewkenor, Londres: "Imprinted by I. Windet for E. Mattes." online facsimile.
  2. Kurt Heller: "Venedig. Recht, Kultur und Leben in der Republik 697–1797", Böhlau, Viena 1999, ISBN 3-205-99042-0
  3. Patricia Fortini Brown. "Private Lives in Renaissance Venice: art, architecture, and the family" (2004)
  4.   Norwich, John Julius (1982), A History of Venice, New York: Alfred A. Knopf .
  5. Luigi Tomaz, "Il confine d'Italia in Istria e Dalamzia. Duemila anni di storia", Arnaldo Maurik aurkeztua, Think ADV, Conselve 2007.
  6. Luigi Tomaz, "In Adriatico nell'antichità e nell'alto medioevo", Arnaldo Maurik aurkeztua, Think ADV, Conselve 2001
  7. C.Michael Hogan, Cydonia, Modern Antiquarian
  8.   Benvenuti, Gino (1989), Le repubbliche marinare, Erroma: Newton Compton .
  9. Lane, Frederic Chapin. Venice: Maritime Republic (1973) ISBN 0-8018-1445-6
  10. Chambers, D.S. (1970). "The Imperial Age of Venice, 1380–1580" Londres: Thames & Hudson
  11. Grubb, James S. (1986). "When Myths Lose Power: Four Decades of Venetian Historiography." Journal of Modern History 58, 43–94. orr.
  12.   Turnbull, Stephen (2003), The Ottoman Empire 1326–1699, Routledge, 58. orrialdea, ISBN 978-0415969130 .
  13. John Rigby Hale. "Renaissance Venice" (1974), ISBN 0-571-10429-0
  14. Mallett, M. E. eta Hale, J. R. "The Military Organisation of a Renaissance State, Venice c. 1400 to 1617" (1984), ISBN 0-521-03247-4
  15. Garrett, Martin, "Venice: a Cultural History" (2006)
  16. Ekkehard Eickhoff: "Venedig – spätes Feuerwerk. Glanz und Untergang der Republik 1700–1797", Klett-Cotta, Stuttgart 2006, ISBN 3-608-94145-2
  17. The Political Ideas of St. Thomas Aquinas, Dino Bigongiari ed., Hafner Publishing Company, New York, 1953. pxxx orr.
  18. Catholic Encyclopedia, "Venice", 602. orr.
  19. Queller, Donald E.: "Il patriziato veneziano. La realtà contro il mito", Il Veltro editore, Erroma, 1987. ISBN 88-85015-28-X
  20. F. M. Agnoli. "Le Pasque veronesi: quando Verona insorse contro Napoleone". Rimini, Il Cerchio, 1998. 23. orr.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Veneziako Errepublika Aldatu lotura Wikidatan