Veneziako inauteriak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Veneziako Inauteriko mozorroak

Veneziako inauteriak mundu osoko inauteri ezagunenetarikoak eta estimatuenetarikoak dira.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteri hauek oso jatorri zaharra dute: lehenengo aztarnak 1094ko Vitale Falier duxaren dokumentu batekoak dira; bertan, herriaren dibertsioei buruz ari dela, inauteriak aipatzen ditu lehen aldiz. Antza denez, Veneziako oligarkiak inauteriak sortu zituen Serenissimarentzat beharrezkoa zelako -antzinako Erroman gertatzen zen bezala (gogoratu panem et circenses esamoldea)- herri xeheak aldi labur batez gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izatea; horrela veneziarrak eta kanpotarrak kalera irteten ziren musikaz gozatzera eta dantza egitera.

Maskara eta mozorroei esker gizartean zegoen klaseen arteko banaketa desagertu egiten zen. Agintariei eta aristokraziari burla egiteko baimena zuten, inork ez baitzekien nor zen nor. Jakina, Veneziako errepublikan oso zorrotzak ziren moralaren eta ordena publikoaren kontuekin, eta horren eraginez herritarren artean tentsioa sortzen zen; bada, hain zuzen, inauteri egunetan herritarrek askatasun osoz joka zezaketen beraien artean liskarrik ez egoteko.

Antzinako Inauteriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako inauteriak herri-festatzat dituen lehenengo dokumentu ofiziala 1296ko ediktu bat da. Bertan Errepublikaren Senatuak garizumaren bezpera jai-eguna zela adierazi zuen.

Garai hartan, eta ondoren mende askotan, inauteriek sei aste irauten zuten, abenduaren 26tik hausterre-egunera arte; baina, batzuetan, ospakizunak urriaren lehenengo egunetan hasten ziren.

Maskarak eta mozorroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esentzia saltzailea, Pietro Longhi, 1756 aldean, Ca' Rezzonico
Larva deritzan mozorroa

Maskara eta jantziekin norberaren identitatea ezkutuan gorde zitekeen eta horrela norberaren gizarte-maila, sexua eta erlijioa igartzerik ez zegoen; bakoitzak nahi zuen bezala joka zezakeen, jantzi eta itxura berriaren arabera. Horregatik beste “pertsonaia” batekin topo egitean, Buongiorno signora maschera (Egunon maskara andrea) besterik ez zen esaten.

Mozorrotzeko errituan alaitasunez parte hartzea inauterien funtsa zen, eta oraindik ere bada. Ardurarik gabeko aldia zen, eguneroko ohituretatik eta norberarekiko eta besteekiko aurreiritzi eta zurrumurru gaiztoetatik libre geratzeko aldia.

Mozorroak asko erabiltzen zirenez, Venezian mozorro eta maskaren merkatua sortu zen, apurka-apurka aurrera egin zuena. Badakigu 1271. urtetik aurrera maskarak ekoiztu eta egiteko eskolak eta teknikak zeudela. Buztinarekin, harri-kartoiarekin, igeltsuarekin eta gazarekin lan egiteko lanabesak ekoizten hasi ziren. Ereduak egin eta gero, koloreztatu eta marrazki, perla txiki, luma eta abarrekin apaintzen zituzten.

Seguru asko Bauta mozorro erabiliena izan da, XVIII. mendetik aurrera gehienbat; eta gaur egungo inauterietan ere modan dago. Venezian oso ohikoa da eta gizonek zein emakumeek erabiltzen dute. Bauta, larva deituriko maskara zuri batez, hiru adarrekoaz eta tabarro deituriko kapa ilunaz osatuta dagoen mozorroa da. Mozorroa ez zen soilik inauterietan erabiltzen, baita antzokian ere, beste hainbat festatan eta identitatea ezkutuan mantenduz gorteiatzean. Helburu horrekin maskarak forma zehatz bat zeukan, kendu gabe edan eta jan ahal izateko.

Festak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteriak ospatzen ziren bitartean, veneziarrek zereginak bigarren maila batean uzten zituzten eta horrela, ospakizun, txantxa, dibertsio eta ikuskizunetan pasatzen zuten denbora. Normalean inauteriak Piazza San Marco-n edo Riva degli Schiavoni ibiltokian ospatzen ziren eta baita Veneziako campi-etan ere.

Era guztietako ikuskizunak zeuden, hala nola, malabarismoak, akrobaziak, musika, dantzak, animaliekin egindako ikuskizunak eta beste hainbat emanaldi. Kalez kaleko saltzaileek fruta, oihalak, bereziki ekialdetik ekartzen ziren jakiak eta abar saltzen zituzten.

Hala ere, hiriko etxe pribatuetan, antzokietan eta kafeetxeetan ere antzezpen xumeak eta ikuskizunak zeuden. Veneziarrek egundoko maskara-festak ospatzen zituzten luxuzko jauregietan.

Veneziako inauteriak XVIII. mendean goieneko aldian zeuden eta nazioarteko onarpena ere bazuten; horrela, garaiko Europan sonatuak eta izen handikoak izan ziren. Horri guztiari esker turista eta bisitari anitz erakarri zituzten.

Garai hartako pertsonaia ospetsua Giacomo Casanova dugu.

Aingeruaren hegaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venezian, 1500. urtearen erdialdean, hirian antolatzen ziren ikuskizunen artean, ezohiko gertaera batek oihartzun handia izan zuen: akrobata turkiar batek, haga batez soilik lagunduta, Piazzetta kaian zegoen txalupa bati lotutako soka luze-luze batetik San Marco kanpandorrera igo zen, liluratuta zegoen jendearen zalapartaren gainetik. Gero, Duxaren jauregiaren balkoiraino jaitsi eta bere agurra aurkeztu zion.

Balentria hori, Svolo del Turco (turkiarraren hegaldia) deitu zutena, ostegun gizenean soilik egiten zen eta hurrengo edizioetarako zeremonia ofizial bihurtu zuten. Ikuskizun horretan, urte askotan, lanbidez akrobatak zirenek baino ez zuten parte hartzen, Veneziako gazteak ere ausartu ziren arte; haiek aldaketa ugari egin zizkioten, ausardia eta trebetasun handia erakutsiz.

External links[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Veneziako inauteriak Aldatu lotura Wikidatan