Venus Milokoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Venus Milokoa, Louvre (Paris).

Venus Milokoa, Antzinako Greziako eskultura helenistikoko estatua adierazgarri eta ezagunenetakoa.

Afrodita Miloskoa du berezko izena, baina Venus Miloko gisa da ezagunagoa. Azken finean, jainkosa bera irudikatzen du, maitasunaren eta edertasunaren jainkosa: greziar mitologian, Afrodita, eta, erromatar mitologian, Venus.

Yórgos Kendrotás nekazariak aurkitu zuen 1820an, Milon, Ziklade uharteetan. Frantziar ofizial batek erosi zuen, Rivièreko markesaren diru-laguntzaz. Markesak Luis XVIII.ari oparitu zion, eta hark Louvre museoari eman zion dohaintzan.

Egilea ezezaguna da, baina Alexandro Antiokiakoa izan litekeela uste da. K.a. 130. eta 100. urteen artean egina omen da. 211 cm garai da, eta marmol zuria du materiala. Estatua zenbait zati bereizitan landu zuen egileak, eta atalak elkartu zituen gero. Besoak ez dira sekula aurkitu. Bere garaian, bitxiak zituen jainkosak (besokoa, belarritakoak eta diadema antzekoa), bitxi horiek estatuari lotzeko zuloek adierazten dutenez.

Antonio Climent Carbó idazlearen arabera, «errealismoa, naturalismoa, lasaitasuna eta tristura» transmititzen ditu estatuak. Errealismoa eta naturaltasuna jarrerak adierazten du gehienbat, zutik baina belaun bat erdi tolestua du emakumeak. Jarrera eta begirada pasiboak lasaitasuna adierazten dute, eta aurpegiak, aldiz, tristura. Aipagarria da estatuak adierazten duen mugimendua ere. S itxurako eskemak, aldakaren bihurguneak eta, gerritik behera, kurbaz beteriko mantuak ematen diote mugimendu-sentsazio hori.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Venus Milokoa Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]