Vera Zasulitx

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vera Zasulitx

Bizitza
JaiotzaMikhaylovka (en) Itzuli1849ko uztailaren 27a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa
Lehen hizkuntzaerrusiera
HeriotzaSan Petersburgo1919ko maiatzaren 8a (69 urte)
Hobiratze lekuaLiteratorskie mostki (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, kazetaria, politikaria, editorea, iritzi-kazetaria, literatura-kritikaria eta iraultzailea
KidetzaPivdenni Buntari (en) Itzuli
Izengoitia(k)А. Булыгина
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata

Find a Grave: 29138750 Edit the value on Wikidata

Vera Ivanovna Zasulitx (errusieraz: Ве́ра Ива́новна Засу́лич; 1849ko abuztuaren 8greg./uztailaren 27ajul.1919ko maiatzaren 8a) errusiar mugimendu iraultzailearen beteranoetako bat eta errusiar marxismoaren hastaileetako bat izan zen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapen iraultzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txiki-txikitatik izan zuen hizkuntzak ikasteko erraztasuna. Gazte zela irakasle izateko asmoz Moskura joan zen ikastera eta han, bere ahizparekin batera, Netxaievek gidatutako zirkulu nihilistekin bat egin zuen. 1869an, lehen aldiz, kartzelaratu egin zuten, abian 1871an epaiketa batean errugabe jo zuten. 1873an Kievera joan zen eta bertako mugimendu anarkista batekin elkartu zen (dirudienez Mikhail Bakunin bera ezagutu zuen), baina 1876anLurra eta Askatasuna” deitutako talde populista batekin bat egin zuen[1].

Trepov afera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1878an Vera Zasulitxek ospea eman zion ekintza egin zuen: San Petersburgoko gobernadore Fiodor Trepov jeneralaren kontra tiro egin zuen hura zaurituz (Trepov errepresore handi bezala ezaguna zen, batez ere Aleksei Bogoljubov presoa publikoki jotzearren). Zasulitxek ez zuen Trepov hiltzea lortu eta atxilotu egin zuten. Hala ere, epaiketan errugabe deklaratu zuten. Haren defentsak epaimahaikideak eraso hori “tiraniaren kontrako protesta” zela konbentzitzea lortu zuelako; epaiketa sistemaren kontra bihurtzeko taktika erabiliz (Dostoievskiren aipuak erabili zituen Zasulitxek). Mundu osoan eman zuten epaiketa haren berri. Epaiketaren ostean Suitzara joan zen, bere kasua berriz zabal ez zedin[1].

Marxismorantz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zasulitx Suitzan marxismora hurbildu zen, eta Georgi Plekhanov eta Pavel Akselrodekin batera “Lanaren Askapena” talde marxista eratu zuen. Hura izan zen Errusiako lehen talde propioki marxista, beraz Zasulitx Errusiako marxismoaren sortzaileetako bat da. Zasulitxek Marxen lan batzuk errusierara itzuli zituen, eta horrezgain bere literatura propioa ere idatzi zuen. Marxekin korrespondentzia izan zuen, eta zenbait egileren arabera (Jay Bergman, adibidez), Zasulitxekin izandako korrespondentziak “azken Marxengan” eragina izan zuen, honek Errusiarekiko eta honen potentzial iraultzailearekiko iritziz alda zezan[1].

Mentxebikeen lider[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende aldaketarekin batera, Iskra (“Txinparta”) aldizkari marxistaren zuzendaritzan (Lenin, Plekhanov, Martov, Akselrod eta Potresovekin batera) eta Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren zuzendaritzan egon zen. Alderdi Sozialdemokrataren II. Biltzar Nagusian, Iskra aldizkariaren zuzendaritza hiru kideko kopurura murriztu zenean Zasulitx kanpoan geratu zen (Akselrod eta Potresov bezalaxe). Robert Serviceren arabera, garai horietan Leninekiko hurbiltasun handia izan zuen, gero arerio politikoak izango baziren ere. Hala ere, gutxira alderdia boltxebike eta mentxebikeen artean zatitu zen, eta Zasulitx azken hauekin lerratu zen (izan ere, Martovek Iskraren zuzendaritza berriz sei kidetakoa izatea proposatu zuen, Martov Leninengandik urruntzen baitzegoen); eta mentxebikeek Iskraren kontrola berriz lortu zutenean (Plekhanov, hasieran neutrala zena, Leninen kontra dekantatu zelako), Zasulitx aldizkariaren zuzendaritzara itzuli zen. Hala ere, zatiketaren ostean lehen lerroan egoteari utzi zion, parte batean bere tuberkulosi gaixotasunak eraginda[1].

Zasulitxen ezagutza handia zen, ez ordea hain handia egoera konkretuak analizatzeko edo antolakuntzarako gaitasuna. Leninen arabera “Zasulitxek ez zuen idazten, mosaiko idatziak egiten zituen”. Trotskiren arabera “Zasulitxek marxismoaren gaineko ezagutza nabarmena zuen (…) baina iraultzari buruzko ikuspegi moralegia, klase sozialen analisietatik landaratutakoa, zuen[1].

1905ean, Errusiara itzuli zen eta mentxebikeen barruan, alderdiaren egitura ilegala desegitearen eta masen alderdi legal bihurtzearen alde egin zuen. 1914n hasitako Lehen Mundu Gerra babestu zuen. 1917rako eta urtean zehar, Zasulitxen itzala oso apaldua zegoen. Garai horietan bere lagun zahar Plekhanoven Jedinstvo taldearen kide egin zen (mugimendu marxistako talderik moderatuena, ia-ia kadeteak zirelakoetatik gertu). Urriko Iraultza Sozialistaren kontra agertu zen. Hala ere, ez zuen Errusiatik ihes egin. 1919an hil zen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Zasulitx, Vera, K17 2017-12-13. CC0 Domeinu Publikoa