Victoria de los Ángeles

Wikipedia, Entziklopedia askea
Victoria de los Ángeles.

Victoria de los Ángeles (Bartzelona, Katalunia, 1923 - 2005) opera-kantaria izan zen, sopranoa. Sopranoentzat idatzi diren paper gehienak arrakasta handiz interpretatu baldin bazituen ere, espainiar kantuetan nabarmendu zen bereziki. Victoria de los Ángelesek gardentasun eta emetasun handiko ahotsa zuen, eta bere malgutasunari esker inoiz ez zen musikagile jakin batekin lotu.

Bizitza

Bartzelonako Liceuko Kontserbatorioan piano- eta kantu-ikasketak egin zituen. 1947an lehen saria irabazi zuen Genevako nazioarteko kantu-lehiaketan. 1945ean Madrilen kantatu zuen bere lehen opera, Mozarten Figaroren Ezteiak operako Almaviva kondesaren papera eginez.

1950ean kantatu zuen lehen aldiz Londresko Covent Garden aretoen, Giacomo Pucciniren La Bohèmeko Mimiren paperean. Geroago, Milango La Scalan Straussen Naxoseko Ariadna operako paper nagusia egin zuen. New Yorkeko Carnegie Hallen kontzertuak eman zituen, eta Metropolitan Opera Housen Gounoden Fausto operako Margueriteren papera egin zuen. Bayreuthen (Alemania) 1961ean eta 1962an Wagnerren Tannhäuser obrako Isabel gisa agertu zen.

1969tik aurrera asko gutxitu zituen bere jendaurreko agerraldiak. 1993an Musikaren Sari Nazionala eman zitzaion. Nazioarteko kritikak aurreko mendeko kantaririk osoenetakotzat jo zuen, Europako hainbat hizkuntzatan eta musika-genero guztietan. Diskografia zabala utzi zuen, horren erakusgarri.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Victoria de los Ángeles Aldatu lotura Wikidatan