Vilfredo Pareto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vilfredo Frederigo Samaso Pareto

Vilfredo Frederigo Samaso Pareto (Paris, 1848 - Celigny, Suitza, 1923) italiar ekonomialari eta soziologoa izan zen, jatorriz frantsesa.

Zientzia zehatzak ikasten hasi bazen ere, ekonomiari heldu zion azkenik, eta Walrasen ondorengoa izan zen Lausanako Unibertsitateko ekonomia-politikako katedran. Walrasen arazoetatik gertu, Paretok oreka ekonomikoaren eredua hobetu zuen, ekonomia optimoa deritzon nozioa gehituta: halako ekonomia-egoera jakin bat, non banako baten baliagarritasuna ezin baita handitu besteren bati kalte egin gabe, produktuak edo faktoreak beste ezein modutan banatuta ere. Azken buruan, halako egoera batean, ezin da gizaki baten egoera hobetu beste batenari kalte egin gabe. Optimoa lortzeko bide bakarra lehia garbi eta perfektuaren eredua da.

Lehia garbi eta perfektuaren ereduak adieraziko digu nolakoa izan behar duen ekonomia-munduak eredu neoklasikoaren arabera. Merkatu-ekonomia hobekien biltzen duen eredu arauemaile gisa agertzen da, eta honako bost baldintzok bete beharko dira hori lortzeko:

• Merkatuen atomizatzea: eskaintzaileek eta eskatzaileek ugari izan behar dute, haietako inork eraginik izan ez dezan ondasunen prezioak zehazten. Ekonomia-agente bakoitzak mugarik gabe zehaztu behar ditu bere eskaintza- eta eskari-mailak.

• Merkatuko sartu-irtenek mugarik ez: merkatuak bizia behar du izan, sartzeko eta irteteko oztoporik gabekoa, merkatuan esku hartu nahi duen edonork eta hartatik kanpo gelditu nahi duen agenteak hala egin ahal izateko modukoa.

• Produktuen homogeneotasuna: enpresaren mota bereko ekonomia-agenteek kontsumitzaileek baliokidetzat jotzeko moduan sortuko dituzte ondasunak, lehiatzaile baten ala bestearen ekoizkinak nahiago izan ez ditzaten.

• Merkatuak gardenak izatea: parte-hartzaile guztiek badakite zerk izan dezakeen eragina erabakimenean, hau da, informazioa osoa eta doakoa izango da parte-hartzaile guztientzat, mugarik gabe joka dezaten.

Ekoizpen-faktoreak noiznahi oztoporik gabe higitu ahal izatea: ekoizpen-faktoreak (kapitala eta lana) ekonomiaren sortzaile diren merkatutik merkatura ibil daitezke. Neoklasikoak, klasikoek plazaraturiko arrazoibidearen guztiz aurkako batetik abiaturik, ondorio berberera helduko dira: ekonomia-liberalismoan oinarritutako ordenamenduaren defentsa.

Bestalde, soziologian, positibismo logiko klasikoaren kontzeptuei eduki berriak ematen saiatu zen. Paretoren teoria eta ideietan oinarritu zen ideologia faxista. Haren lan nagusiak: Cours d´économie politique eta Trattato di sociologia generale.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vilfredo Pareto Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]