Walt Whitman

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Walt Whitman
Walt Whitman
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Walter Whitman
Jaio 1819ko maiatzak 31
Ameriketako Estatu Batuak Long Island, New York (AEB)
Hil 1892ko martxoak 26
Ameriketako Estatu Batuak Camden, New Jersey (AEB)
Sinadura Walt Whitman signature.svg

Walter "Walt" Whitman (West Hills, Suffolk konderria, New York, 1819ko maiatzaren 31 - Camden, New Jersey, 1892ko martxoaren 26a) estatubatuar olerkari, saiakeragile, humanista eta kazetaria izan zen. Estatu Batuetako poetarik handiena eta orijinalena da kritiko askoren iritziz[1].

Bere lan nagusiak, "Leaves of Grass" (Belar hostoak) ataletan banatzen dena, poesia garaikidearen zati handi batean du eragina, Ernst Stadler, Ezra Pound, Pablo Neruda, Jorge Luis Borges, Federico Garcia Lorca edo Allen Ginsbergrengan adibidez.

Bere estilo liriko edo epikoak (poetiko-narratiboa), lerro luze eta paralelismo askorekin, bibliako salmoak ekartzen ditu gogora, baina gai originalagoekin. Walt Whitmanek optimismoz abesten dio askatasunari, sexualitateari, dogma eta araurik gabeko espiritualitate bati, beste izakiekiko batasunari, demokraziari, bizitza malkartsu eta lan gogorrari, garapenari eta bere aberriari, aipatutako guztia posible den lurraldeari. Lan askotan bere homosexualitateari egin zion erreferentzia.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Whitman, 28 urterekin

Walter Whitman 1819an jaio zen West Hillsen (Long Island, New York). Jatorri apaleko familia batean hazi zen, Brooklynen. Aita zurgina zuen. Hamaika urte zituela, eskola utzi zuen eta lanean hasi zen inprimategi batean. 1838an, hemeretzi urterekin, irakasle lanean hasi zen, eta denboraldi labur bat egin ondoren, 1841ean kazetari sartu zen. Brooklyn Daily Eagle eta Brooklyn Weekly Freeman argitalpenetako zuzendari izatera iritsi zen handik gutxira.

1848an bertan behera utzi zuen kazetaritza, iritzi desadostasun batzuengatik, eta denboraldi batez beste zeregin batzuetan aritu ondoren, buru belarri murgildu zen literaturan. 1855ean argitaratu zuen ordu arte egina zuen lanaren bilduma, Leaves of grass (Belar hostoak), handik aurrera behin eta berriz osatu eta beste bederatzi aldiz argitaratu zuena, azkenekoa 1892an. Liburu horrek, olerkari handi baten eta poesiaren aldi berri baten hasiera iragarri arren, ez zuen zirrara handirik eragin Ameriketako literatura munduan, alderantziz baizik, oso harrera txarra egin zioten eta izugarrizko eskandalua sortu zuen, bai erabiltzen zuen neurtizkerarengatik -bertso libre luzeak- eta estilo zuzen indartsuarengatik, bai gorputzaren eta sexuaren goraipamena egiteagatik.

Azken batean, liburua bere herri gazteari eta ideal demokratikoei egindako kantu bat zen, norbanakoaren askatasunaren errespetuan oinarritutako elkartasun eta justizia printzipioen aldarrikapena. Ralph Waldo Emerson (1803-1882) filosofoaren babesa baizik ez zuen izan.

1862an haren anaia Gerra Zibilean zaurituari bisita egin ondoren, eriak zaintzen eman zituen gerrako azkeneko hiru urteak kanpainako erietxeetan. Orduan idatzi zuen poema bilduma, Drum Taps (1865, Danbor hotsak), Belar Hostoak lanaren laugarren argitalpenean argitaratu zen (1867), Abraham Lincolnen heriotzari buruzko elegia batekin batera. Haren idazle ospea handituz zihoan arren, gerra bukatuta barne ministerioko administrazioan lortu zuen lanpostua uztera behartu zuten, poesia batzuetan erabili zituen hizkuntza eta metafora sexualek eragin zuten eskandaluarengatik.

Camdengo (New Jersey) etxe honetan igaro zituen Whitmanek bere azken urteak.

Nolanahi ere enplegu ofizialetan jarraitu zuen Washingtonen, harik eta 1873an elbarritasun arin batek lanpostua uztera behartu zuen arte. Idazten jarraitu zuen, hala ere, hitz lauz batez ere, eta 1882an gerrako oroitzapenak argitaratu zituen, Specimen days titulupean. Bere bizitzako azkeneko hogei urteetan Camdemen bizi izan zen, New Jerseyn. Han hil zen, 1892ko martxoaren 26an.

Whitmanen handitasuna bere obra poetikoaren berezko balioaz harago doa, sinbolismora iristeraino. Poesia bilduma bakarra baina izugarria idatzi zuen eta berritzaile papera jokatu zuen bere herriko literaturan, ez hainbeste landu zituen gaien ausartasunagatik (erotismoa, heriotza eta bizitza ber-bertatik ikusita), lantzeko moduagatik baizik. Emily Dickinsonen (1830-1886) poesiak bezala Whitmanenak ere bere herrian zituen eginak sustraiak, bera bizi zen lurraldeko belar hosto bakoitzetik hartzen zuen behar zuen hazkurria. Bere indar berebizikoan, Whitmanen bertsoek mistizismo sakona adierazten dute. Hala maitasun garbi bati kantatzen diotenean nola heriotzaren ikuskizunaren aurrean txunditurik geratzen direnean, neguko gau hotz batez langileen irudiak zirrimarratzen dituztenean edo tren ahaltsuaren aurrerabidea ospatzen, haren bertsoak objektuaz harago doaz, hura energia erritmiko eta psikiko askoz zabalago batean murgilarazteko gero. Horra Whitmanek bere oinordekoei utzi zien ondasuna.

Walter Whitman versus Walt Whitman: gizona eta poeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Walt Whitman, 37 urterekin, Leaves of Grass liburuaren frontispizioan.

Idazle baten obrak bere sarean harrapatzen gaituenean, obran sakondu ahala askotan sentitzen da obraren atzean ezkutatzen den gizona edo emakumea ezagutzeko beharra ere. Idazlea bere obraren mailaraino iristen ote den jakin nahi izaten dugu, eta jakin-nahi moralista edo moralizatzaile horrek akuilatuta, egilearen obratik bizitzara igarotzen gara salto batean.

Walt Whitmanen obra eta bizitza ongi aztertuta dituen Sam Abrams literatura irakasle eta itzultzaileak hiru edo lau eredu bereizten ditu idazle baten obratik bizitzarako jauzi horretan. Adibidez, badira idazle batzuk biografiarik ere ez dutenak, Christina Rossetti poeta, esate baterako. Badira beste batzuk obra baino askoz inportanteagoa dutenak bizitza -Henry Miller da horietako bat- edo bizitza bezain obra aberatsa dutenak -Rudyard Kipling edo Robert Louis Stevenson-. Eta, azkenik, badira obra baino askoz apalagoa izan dutenak bizitza, eta, Sam Abramsen arabera, talde horretan sartzenda Walt Whitman. Halaxe zioen Jorge Luis Borgesek ere: «Belar hostoak lanean liluramendutik eta zorabiotik idazlearen biografia errukior horietako baten irakurketa neketsura igarotzen denak iruzur egin diotela sentitzen du beti. Aipatu ditudan orri grisaxka eta erdipurdiko horietan bertsoek agertzen duten arlote erdi-jainko hori bilatzen saiatzen direnak harri eta zur uzten ditu halakorik aurkitu ezinak».

Izan ere, Walt Whitman poetaren atzean dagoen Walter Whitman gizonaren bizitza errealean ez dago heroismo izpirik. Egia esan, Whitman gizon zalantzatia, izua, desorekatua eta ahula izan zen. Baina haren irakurle fidelak, poetaren bizitzaren eta obraren arteko desadostasun nabarmen hori eraman ezinik, Whitmanen bi irudi asmatzera eman ziren buru-belarri: Whitman gazte primitibo eta menderaezinarena, batetik, eta Whitman zahar, jakintsu eta profeta zuzenarena, bestetik. Esan beharrik ere ez dago, Walter Whitman gizonaren bi irudiok guztiz faltsuak dira.

Whitman 1887-88 aldean, Thomas Eakinsen margolana.

Egia beste bat da. Bi Whitman daude: gizona eta poeta. Eta argi dago, Walt Whitman poeta Walter Whitman gizonaren sorkari bat da. Walter Whitman izeneko gizon dohakabeak guk Belar hostoak idazlanaren bidez ezagutu dugun poeta zoragarria sortu zuen. Hau ongi ulertu behar da, Whitmanen obra poetiko osoaren abiapuntua baita. Whitmanek ez balu bere buruaren fikziozko irudi bat sortu beharrik sentitu bere egia pertsonala nolabait ezkutatzeko, ez zukeen idatzi izango Belar hostoak bezalako liburu bat, beste obra egozentrikoago bat baizik, William Wordsworth (1770-1850) ingeles poetaren The Prelude, adibidez. The Prelude 7.785 bertsotako obra autobiografikoa da, eta Wordsworthek bere sentiberatasun poetikoaren jaiotza eta garapena kontatu zuen bertan. Wordsworth pozik zegoen bere buruarekin eta, beraz, The Preludeko ni poetikoa eta Wordsworthen nia ez daude elkarren lehian. The Prelude nortasunaren goraipamen bat da, idazleak bere buruaz egiten duena. Whitman, berriz, ez zegoen oso pozik bere buruarekin, eta bere bizitza errealeko nia guztiz gaindituko zuen ni poetiko sekulako bat eraikitzen ahalegindu zen. Atsekabeak eta nahigabeak bultzatuta, bere buruarengandik ihes egin zuen eta sartaldeko literatura tradizioaren pertsonaje aberats eta trinkoenetako bat sortu zuen ihes egin nahi horretan: Belar hostoakeko protagonista poeta. Pertsonaje horren bidez Whitmanek bere ziurgabetasun eta gutxiagotasun sentimenduak ordaindu zituen nolabait.

Whitmanen obra EEBBko literaturaren historian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1783an, Estatu Batuek independentzia lortu zuten urte berean, Noah Webster (1758-1843) lexikografo handiak hitz profetiko batzuk esan zituen: «Amerikak politikan bezain independentea izatera iritsi behar du literaturan, armetan bezain ospetsua izatera. arteetan». Izan ere, XVII. mendearen hasieran ingelesek lehen koloniak finkatu zituztenez geroztik, Ingalaterraren mende egon ziren politikan bezala kulturan ere.

XVIII. mendearen bukaeran, Estatu Batuetako idazleek Ingalaterrakoen antzera jarraitzen zuten idazten. 1837an, XIX. mendean dagoeneko, Ralph Waldo Emersonek Estatu Batuetako kulturaren independentzia deklaraziotzat hartzen den hitzaldia egin zuen: Ameriketako letra gizona. Emersonek irizpide estetikoetan independentea eta originala izateko eskatzen zion idazle amerikarrari, ingeles literaturaren mendekotasunetik erabat askatzeko, idazkera kementsua eta zehatza erabiltzeko, eta ez hartzeko literatura joko asmotsu eta hotz gisa, bizitzaren pilpiratik guztiz aldendua.

Whitmanen omenezko zigilua (1940).

Emersonen hitzak ez ziren alferrikakoak izan, eta Estatu Batuetako literaturaren lehenengo jeinuak agertzen hasi ziren: Nathaniel Hawthorne (1804-1864) eta haren The Scarlet Letter (1850), Henry David Thoreau (1817-1862) eta Malden or Life in the Woods (1855), Herman Melville (1819-1891) eta Moby-Dick (1851) eta abar.

1884an Emersonek Estatu Batuetan Homero, Virgilio, Dante edo John Milton bezalako poeta nazional handirik ez izatea deitoratu zuen beste saiakera batean. Emersonek ez zekien, baina garaitsu hartan New Yorken bazen gazte bat Amerikari buruzko poema handi hori idazteko lan eskerga bere gain hartzeko prest. Eta hala, Whitmanek Emersoni eta baldintza historiko-literario jakin batzuei esker aurkitu zuen berak sortu zuen poeta handi horrek antzezteko behar zuen antzezlekua.

Egia esan, Estatu Batuei buruzko poema epiko bat baizik ezin zitekeen poeta erraldoi hura barruan hartzeko bezain zabal, sakon eta garaia izan. Izan ere, epikaren handitasuna ezin egokiagoa da bere buruarekin pozik ez dagoen gizon bat fikziozko ni poetiko batean babesteko. Whitmanek, baina, Ameriketako errealitatearen berezitasunetara egokitu behar izan zuen epika tradizonalaren formula (protagonista bakarra izatea eta ekintza iraganean gertatzea), eta poema epiko demokratiko bat moldatzen ahalegindu zen, heroi multzo handi batekin eta gizon eta emakume guztien berdintasun osoa aldarrikatuz. Whitmanek, gainera, bere garaian kokatu nahi izan zuen poema eta aurrerabidean indartsu ari zen herrialde bati kantatu. Ez da ahaztu behar Belar hostoak lanaren lehen liburua argitaratu zenean (1855) finkatu berriak zirela herrialdearen behin betiko mugak.

Beste aldaketa bat egiturarena izan zen: epika tradizionalak narratiba lineala izaten du, eta testuaren ulerkera errazteko eta bizitza zen bezalakoa azaltzeko, antzinateko poetek kronologiaren arabera kontatzen zituzten heroien bizitzen gorabeherak. Whitmanentzat, ordea, gertaerak kronologiaren arabera antolatzea gizarte kontserbadore itxi baten isla zen, eta Ameriketako demokraziak ordena zurrun zaharra alde batera utzita, liberala, malgua eta dinamikoa izan behar zuela uste zuen. Hala beraz, Belar hostoak ez da ohiko narrazio lineala, etengabe biraka ari den unibertso kaleidoskopiko bat baizik. Baina edukia eta egitura ez ezik, Whitmanek alderdi formalak ere aldatu zituen, eta poeta tradizionalen metrika erregularraren ordez bertso librea erabili zuen, metrika jakinik gabea.

Hala beraz, Whitmanek bere burua hobetu nahiak akuilaturik, Emersonen eskutik eta bere garaiko baldintza historiko-literarioen eraginpean sortu zuen Belar hostoak, lehenengo epopeia modernoa, XIX. mendeko poema bikain eta osoena.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1855 Leaves of Grass — 12 olerki
  • 1856 Leaves of Grass — 32 olerki
  • 1860 Leaves of Grass — 178 olerki
  • 1865 Drum-Taps
  • 1865–66 Sequel to Drum-Taps
  • 1867 Leaves of Grass — 6 olerki
  • 187172 Leaves of Grass — 74 olerki
  • 188182 Leaves of Grass — 293 olerki
  • 189192 Leaves of Grass — Olerki berririk ez

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Walt Whitman Aldatu lotura Wikidatan