Wiesbaden

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Alemaniako udalerri infotaula automatikoa Wiesbaden Alemaniako hiria da, Hessen estatuko hiriburua. Rhin ibaiak banatzen du Renania-Palatinatuko hiriburua den Maguntziatik. Estatuko hiriburu ekonomikoa aldiz Frankfurt hiri ezaguna da, 38 kilometro eskasera dagoena. Wiesbadenek 275.976 biztanle ditu (2010).

Aireportua du eta burdinbide gune garrantzitsua da. Merkataritza, administrazioa, industria (bainutegi ospetsuak) eta industria (zinemagintza, ehungintza, kimika industria, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, ontziolak, papergintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Nassauko dukerriko hiriburua izan zen.

Geografia

Wiesbaden Rhin eta Main ibaiek bat egiten duten puntuan kokaturik dago, Rhinen menadroaren iparraldean. Pareko ertzean Maguntzia hiria du. Taunus mendiak dauden Wiesbadenen iparraldean. Hiriko muino garaiena Hohe Wurzel (608 m) da. Ekialdean eta mendebaldean nekazal lurrak daude, batez ere mahastiak dira nagusi.

Klima

    Datu klimatikoak (Wiesbaden)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 4 6 11 15 20 23 25 25 20 14 8 5 14.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 1.0 2.2 5.5 9.4 13.8 17.0 18.6 18.0 14.6 10.0 4.9 2.1 9.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −1 −1 2 5 9 12 14 14 11 7 3 1 6.3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 48 41 46 41 55 68 66 63 49 49 57 55 638
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 10 8 8 9 10 10 10 10 8 8 10 10 111
Iturria: http://www.sonnenlaender.de/deutschland/klima-deutschland/klimatabellen-Wiesbaden/ Sonnenlaender.de

Historia

Indusketetan Neolito garaiko aztarnak aurkitu dira.

Erromatar garaia

Hala ere lehenengo idatzizko dokumentazioa erromatar garaikoa da, izan ere K.a. 6 urtean Plinio Zaharrak bainetxe baten berri eman baitzuen bere Naturalis Historia liburuan. 121 urtean erromatarren Aquae Mattiacorum (Mattiacien ura) asentamendua bazela jakina da. Mattiaciak germaniako tribu bat izan bide ziren. Aipatu behar da Rhin ibaiaren beste aldean zegoen Mogontiacum (gaur egungo Maguntzia) herria Germania Garaia probintziako hiriburua zela. 260 urtean alamaniarrek Germaniako Limes-a gainditu zuten eta eremu guztiaz jabetu ziren.

Erdi Aroa

Tolbiac-eko guduan, 496an, frankoek alamaniarrak gainditu zituzten eta VI menderako inguru guztiaren jabe ziren. VIII mendean frankoen jauregi bat ezarri zen bertan. Wiresbaden izenaren lehen aipamena 828-830 urtekoa da, bertan Karlomagnoren biografia idatzi zuen Eginhardok Wisabada herria aipatzen du. Franconiako hiria zela Nassauko Kondeen eskutan gelditu zen Wiesbaden. XIII mendean Franconia zatitzerakoan Nassau Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barneko estatu aske bihurtu zen.

Wiesbaden, 1850an
Wiesbaden, 1907an
Santa Isabel eliza ortodoxoa

Wiesbaden hiri aske bihurtu zen 1232an baina Maguntziako Artzapezpikuak hiria suntsitu zuen 1242an eta 1283an eta berriz ere Nassauko Kondeen agindupean jarri behar izan zuen.

Aro Modernoa

Alemaniar nekazarien gerran parte hartu izanagatik bere eskubide guztiak galdu zituen 40 urtetarako. Garai hortan Luteranismoa onartu zuen eta harresia eraiki zuen 1610ean. Hogeita Hamar Urteko Gerra (1618-1648) oraindik eta latzagoa izan zen, kronikek diotenez 40 biztanle baino ez baitziren gelditu bizirik.

Napoleondar Gerrak bukatzean Nassauko dukerriak (Napoleonek eman zion titulu hori) Germaniar Konfederazioa osatu zuen. 1866ko Austria-Prusia Gerran Nassauko dukeek Austriaren alde jokatu zuen baina Prusia izan zen garailea eta bere menpe gelditu zen dukerria.

Ordutik aurrera Wiesbadenek garapen handia izan zuen bere bainuetxeari lotuta, eta egoitza administratribo ideala bihurtu zen. Gilen II.a enperadoreak bertan igarotzen zituen udak, bai eta Errusiako nobleziak ere.

XX mendea

Lehen Mundu Gerra bukatzean aliatuek okupatu zuten Wiesbaden, lehenengo frantziarrek 1921 arte eta ondoren britainiarrek 1930 arte.

Bigarren Mundu Gerran hego-mendebaldeko eremu militarraren egoitza nagusia Wiesbadenen zegoen. Horregatik aliatuek 66 egunetan bonbakatu zuten, baina hiriaren %18a baino ez zen suntsiturik gelditu. Estatu Batuetako Armadak eskuratu zuen 1945ean itsasontziz Maguntziatik erasotuta.

Gerraren ondoren Hessengo hiriburu bihurtu zen Wiesbaden. Frankfurt handiagoa eta historikoki garrantzitsuagoa izan arren bonbaketek askoz gehiago kaltetu zutelako hartu zen erabaki hau.

Ondasun nabarmenak

  • Jauregiko plaza (Schlossplatz): Hiriaren erdigunea da. Bertan daude XIX mendeko hainbat eraikin, hala nola, Merkatuko eliza (Marktkirche), Udaletxe Berria (Neues Rathaus) eta Stadtschloss jauregi neoklasikoa, gaur egun Hessengo parlamentuaren egoitza dena. Plazaren erdian 1537ko Marktbrunnen iturria dago.
  • Kurhaus bainuetxea: Gilen II.a enperadoreak 1904 eta 1907 artean eraiki arazi zuen bainuetxe neoklasikoa da. Gaur egun hiriko antzoki nagusia, biltzar etxea eta kasinoa da.
  • San Bonifazio eliza (St. Bonifatius): 1844 eta 1849 artean eraikitako eliza neogotiko katolikoa da.
  • Santa Isabel eliza (Russisch-Orthodoxe Kirche der heiligen Elisabeth): 1847 eta 1855 urteen artean eraikitako eliza errusiar ortodoxoa da.

Jaialdiak

Hainbat jaialdi ospatzen dira Wiesbadenen urtean zehar. Aipagarrienak honako hauek dira:

  • Maiatzeko Nazioarteko Jaialdia (Internationale Maifestspiele Wiesbaden): Munduko musika eta antzerki jaialdi sonatuenetakoa da. 1896tik aurrera maiatzero ospatu izan da. Musika mota guztietako kontzertuak, antzerkiak, operak, ballet eta dantza moderno ikuskizunak, deklamazioak, poesia errezitaldiak, kabaretak eta beste hainbat ekintza izaten dira.
  • Rheingau Ardo Jaialdia (Rheingauer Weinwoche): Abuzturo hamar egunetako jaialdia egiten den ardo merkatua da. 30 ekitalditik gora izan ditu dagoeneko.

Hiritar ezagunak

Iruditegia

Hiri senidetuak

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wiesbaden Aldatu lotura Wikidatan