Wilhelm Gustloff (ontzia)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wilhelm Gustloff ontziaren maketa.

Wilhelm Gustloff bidaiari itsasontzi bat zen, 1937ko maiatzaren 5ean itsasoratua. 208,50 metro luze eta 23,59 metro zabal zen, eta 25,484 GRT pisatzen zituen. Itsasontzi modernoa zen eta garai hartako Alemaniak langileriarentzako nahi zuen erabili. 1936an judu batek asasinatu zuen Wilhelm Gustloff izeneko buruzagi alemana eta bere omenez eman zitzaion izena ontziari.

Alemania naziko transatlantiko honen hondoratzeak oihartzun handia izan du historian. Egia esan, Titanic ezagunagoa egiten bazaigu ere, Wilhelm Gustloffen hil zirenak bost aldiz gehiago ziren.

Hondoratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945ean egoera larrian zeuden alemaniarrak. Armada Gorria inguratzen ari zen eta Gotenhafeneko kaia (Gdynia, gaur) eroriko zen beldur ziren. Ahalik eta jende gehien -soldaduak eta errefuxiatuak- sartu zituzten barkuan. Arrisku galanta zen, sobietarrek une oro miatzen baitzituzten ur haiek.

1945eko urtarrilaren 30ean itsasoratu zen, Danimarkara iristeko helburuz. 8.000 pertsona baino gehiago ziren denera, haietariko asko haurrak, eta barkua motel mugitzen zen. Gaueko hamaikak aldera, S-13 itsaspeko sobietar baten torpedoak eman zion. Segidan etorri ziren beste bi. Ordubete eskasean, itsasontzia Itsaso Baltikoan hondoratu zen.

Alemaniar gerraontziek lortu zuten 960 pertsona salbatzea, haietako asko berehala hotzak hil baziren ere. 7.000 pertsonatik gora hil ziren, haur, emakume eta zaurituak gehienbat.

Sobietar itsaspekoaren komandantea Aleksander Marinesko zen eta Sobietar Batasuneko heroi bezala proposatua izan zen ekintza honengatik. Gezurra dirudi, baina ez zioten hil zen arte eman... atzerritar batekin zituen amodioak zirela-eta!

Ondorengo urteetan, sobietarrak Wilhelm Gustloffen aztarnak ezabatzeko ahaleginak egin zituzten, baina ez zuten guztiz lortu. Ondoren jakin dugu torpedo bakoitzak zeraman inskripzioa: "Ama Errusiagatik", "Leningradogatik" eta "Sobietar herriagatik".

Literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturako Nobel Saria duen Günter Grassen Im Krebsgang eleberrian (2002, gaztelaniaz A paso de cangrejo, frantsesez En Crabe) hondamendi haren azterketa sakona egiten da.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wilhelm Gustloff (ontzia) Aldatu lotura Wikidatan