Willem Johan Kolff
Willem Johan Kolff Estatubatuar medikua izan zen, sortzez holandarra (Leiden, 1911 - 2009). 1943an, uremiaz hilzorian zegoen gaixo bat bizirik iraunaraztea lortu zuen, berak asmatutako tresna bati esker. Kolffek eskandinaviar aldizkari espezializatu batean argitaratu zuen bere aurkikuntza: Giltzurrun artifiziala: eremu handiko dializatzailea. Tresna horrek, mintz erdi-irazkor baten bidez, odola garbitzen zuen, metabolismoaren hondakinak eta gai kaltegarriak kenduz. Dializatzailetik igaroarazi ondoren, odola zirkulazio-sistemara itzularazten zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuetara joan zen, hango teknologia baliatuz bere giltzurrun kiribil erraldoiaren bertsio txikiago eta erabilgarriagoa egiteko asmoz. Giltzurrunik gabe ere, bitarteko artifizialen bidez bizirik iraun zitekeela frogatu zuen Kolffek.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.