Willi Boskovsky

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Willi Boskovsky (Viena, Austria, 1909 - Visp, Suitza, 1991) austriar musikagilea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatzi urte zituela, Vienako Musika Akademian sartu zen, eta biolin-ikasketak egin zituen. 1926an lortu zuen diploma, eta baita Kreisler saria ere. 1932an Vienako Operako orkestran eta Orkestra Filarmonikoan sartu zen. 1935. urtean Vienako Musika Akademiako irakasle izendatu zuten. Operako orkestrako eta Filarmonikako konzertmeister bihurtu zen urte horretan bertan. Biolin-bakarlaria izan zen zuzendari ospetsuekin, hala nola Wilhelm Furtwängler, Karl Böhm edota Herbert von Karajanekin.

Baina 30eko hamarraldian bakarlari gisa hasi zuen karrera uzten joan zen, orkestrako eta ganbera-musikako lanen mesedetan. Hainbat talde osatu zituen: Boskovsky hirukotea (1937), Boskovsky laukotea (1947), Vienako laukote filarmonikoa, eta Vienako zortzikotea (1948-1958). Lili Kraus piano-jotzailearekin bikote bikaina osatzen zuen. Johan Straussen musikarenganako zaletasunak Urte Berriko Vienako kontzertuak zuzentzera bultzatu zuten, 1955etik 1979ra bitartean. 60ko hamarraldiaren hasieran gazte talde bat bildu zuen Vienako Mozart taldea osatzeko. 1969an Johann Straussek berak 1890ean sortu zuen Vienako Johann Strauss Orkestrako zuzendari izan zen. Urte Berriko Vienako kontzertuen ondorioz, ospetsu egin zen mundu osoan orkestra-zuzendari gisa, baina Boskovsky biolin-jotzailea zen, batez ere. Lili Kraus eta Nikolaus Hübnerrekin egin zituen Mozarten piano, biolin eta biolontxelorako lanen grabazioak balio handiko agiriak dira. Hogeita hamabi urtean, Wiener Philharmonikerreko harizko tresnen estilo eta sonoritateari eutsi zien, eta haren lana oinarrizkoa izan zen XX. mendeko orkestraren bilakaeran.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]