William James
William James (New York, AEB, 1842 - Chocorua, New Hampshire, AEB, 1910) Estatu Batuetako filosofo eta psikologoa izan zen. Henry James idazlearen anaia zen; pragmatismoaren aitzindaria izan zen filosofiaren alorrean eta funtzionalismoaren aldeko izan zen psikologian.
Biografia [aldatu]
Harvardeko unibertsitatean medikuntza-ikasketak egin zituen eta hango irakasle izan zen 1885etik aurrera. Fisiologia eta psikologia landu zituen bereziki, eta psikologia zientzia natural eta positibo bihurtzen saiatu zen. Fisiologia-ikerketak egin zituen gertaera psikikoen eta nerbio sistemaren arteko lotura azaldu nahiz. Carl Langerekin batera eratu zuen sentipenen teoria periferikoa, sentipenen jatorri fisiologikoa argitzen duena.
Pragmatismoak emandako filosofo nagusietakoa izan zen, Charles Sanders Peirce filosofoaren jarraitzailea. Errealitatea ezagutzeko bide bakarra indukzio metodoa dela zioen, eta horri buruzko ikuspegi mugikorra eta anitza eman zuen filosofia arrazionalistaren eta aprioristaren aurka.
Obra nagusiak: The Principles of Psychology (1890, "Psikologiaren printzipioak"), Varieties of Religious Experience (1902, "Erlijio esperientziaren agerraldiak") eta Pragmatism: A New Name for Old Ways of Thinking (1907, "Pragmatismoa: izen berri bat pentsamenduaren bide zaharrentzat").
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.