Wilma Mankiller
Wilma Mankiller Amerikako indiarra izan zen (Mendi Harritsuak, Oklahoma, 1945 - 2010). Aita txerokia zuen, eta ama kaukasiarra. Hamaika urte zituela, San Franciscora aldatu zen familia. 1969an, indiarrek protesta gisa Alcatraz uhartean egindako okupazioan parte hartu zuen, eta 70eko hamarraldiaren erdialdera hasi zen txerokien nazioaren alde borrokan. 80ko eta 90eko hamarkadetan egin zen ospetsu, txerokien mugimendu abertzalearen buruzagi gisa. 1985ean, txerokien nazioko lehenengo emakumezko leinuburua izatera iritsi zen (txerokiena zen talde handiena, navajoen atzetik). Txerokien nazioaren alde borrokatzen hasi zenean, 10.000 txerokitik behera zituen nazioak; 1994rako, aldiz, baziren 156.000 lagun. Leinuburu izan zen garaian (1985-1995), indiarren burujabetasunaren aldeko hitzaldiak egin zituen, eta elkarrizketak izan zituen Reagan, Bush eta Clinton presidenteekin, txerokien aldarrikapenak helarazteko. Langabeziaren kontra eta haur txerokien hezkuntza-eskubideen alde borrokatu zen, batez ere.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.