Windsorko gaztelua

Wikipedia(e)tik
Windsorreko gaztelua» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Windsorko gaztelua
Windsor Castle from the air.jpg

Windsorko gaztelua, airetik ikusia.

Herria Windsor, Berkshire
Koordenatuak 51°29′0″N 0°36′15″W / 51.48333°N 0.60417°W / 51.48333; -0.60417Koordenatuak: 51°29′0″N 0°36′15″W / 51.48333°N 0.60417°W / 51.48333; -0.60417
Herrialdea  Ingalaterra
Windsorko gaztelua non dagoen adierazten duen Ingalaterra-ko/-go/-eko mapa
Windsorko gaztelua
Artikulu hau gazteluari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Windsor.

Windsorko gaztelua (ingelesez: Windsor Castle) da, Londresko Buckingham jauregiarekin eta Edinburgheko Holyrood jauregiarekin batera, Bretainia Handiko errege-erreginen egoitza ofizialetako bat. Bizitoki gisa erabilitako mundu osoko gaztelurik handiena da, eta Gilen I.a Konkistatzailearen garaian dauka jatorria.

Gaztelua Ingalaterrako Berkshire konderriko Windsor herrian kokatuta dago, Londresetik mendebaldera. Londresetik Windsorrerako tren-bidaiak 55 minutu irauten du, eta trena Waterloo tren-geltokitik abiatzen da.

Hasiera batean Ingalaterrako, gero Bretainia Handiko eta, geroago, Commonwealtheko lurraldeetakoak izandako errege-erregina gehienek zuzeneko eragina izan dute gazteluaren eraikuntzan eta bilakaeran. Gaztelua, hain zuzen ere, haien gotorleku, bizileku, jauregi ofizial eta, kasu batzuetan, espetxe ere izan da.

Erresuma bake-garaian egondakoan, apartamentu handi eta ikusgarriak eraikiz handitua izan da gaztelua; aitzitik, gerra-garaian, gaztelua sendotu eta babestu egiten zuten.

1992ko azaroaren 20an, sute bat hasi zen erreginaren kapera pribatuan ("C" eta "D"ren artean, beheragoko planoan), eta agudo hedatu zen. Suteak hamabost ordu iraun zuen, eta estatu-areto garrantzitsuenetako bederatzi kiskali eta beste ehun baino gehiagotan kalte larriak eragin zituen: guztira, Goiko Patioaren zatirik handiena kaltetu zuen. Gazteluaren azaleraren bosten bat (9.000 metro koadro) hondatuta geratu zen.

Sutearen ondoriozko eraberritze-programa ez zen guztiz burutu 1997ra arte. Horren kostuaren % 70 ordaindu zen Buckingham jauregiko estatu-gelak lehenbiziko aldiz jendeari irekitzeko erabakiari esker lorturiko dirusarrerekin. Kostua, guztira, 37 milioi liberakoa izan zen, baina zergadun britainiarrek ez zuten diru gehigarririk ordaindu behar izan.

Hain arrakastatsua izan zen eraberritzea, eta hainbesterainokoa jatorrizko plano eta apaindurekiko leialtasuna, non zaila gertatzen baita antzematen zein diren elementu zaharrak eta zein berriak.

Azken urteetan, erreginak gero eta gehiago erabili izan du gaztelua, bai errege-jauregi gisa bai asteburuetako bizileku gisa. Windsorko gaztelua Buckingham jauregia bezain maiz erabili ohi da estatu-oturuntzetarako eta ekitaldi ofizialetarako.

Gazteluaren egituraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bederatziehun urteko historian zehar, Windsorko gazteluaren egituraketa aldatzen eta bilakatzen joan da, elkarren segidako errege-erreginetako bakoitzaren garaiaren, zaletasunen, beharrizanen eta finantzen arabera. Nolanahi ere, gazteluaren ezaugarri nagusienen posizioak oro har finko mantendu dira, eta aldamenean agertzen den gaur egungo oinplanoa argibide baliagarria da elementu bakoitzaren kokalekua aurkitzeko. Esate baterako, gaur egun ere gazteluak muino artifizial bat, planoan A letraz markatua, edukitzen segitzen du elementu zentral gisa, zeinaren gainean Gilen Konkistatzaileak lehenbiziko gaztelua, egurrezkoa, eraiki baitzuen 1070etik 1086ra bitartean. Geroago, gaztelua harriz berreraiki zen, eta urteetan zehar bere garrantzia areagotzen joan zen. Henrike II.a Ingalaterrakoak eraiki zituen Dorre Biribila eta hasiera bateko kanpo-harresia.

Gazteluaren egituraketa (ikus eskuineko oinplanoa)

Gazteluaren egituraketa.
  • A: Dorre Biribila (Round Tower)
  • B: Goiko Patioa (The Quadrangle)
  • C: Estatu-apartamentuak (State Apartments)
  • D: Apartamentu pribatuak, Ekialdeko Terrazara ematen dutenak
  • E: Hegoaldeko Hegala (South Wing), Pasealeku Luzera (Long Walk) ematen duena
  • F: Beheko Patioa (Lower Ward)
  • G: San Jurgiren Kapera (St George's Chapel)
  • H: Ferra Klaustroa (Horseshoe Cloister)
  • K: Henrike VIII.aren Atea (King Henry VIII Gate), gazteluaren sarrera nagusia
  • L: Pasealeku Luzea (The Long Walk)
  • M: Normandiar Atea (Norman Gate)
  • N: Iparraldeko Terraza (North Terrace)
  • O: Eduardo III.aren Dorrea (Edward III Tower)
  • T: Kera-deiaren Dorrea (Curfew Tower)

Gazteluaren ezaugarririk nabariena, Dorre Biribila ("A"), egiazki ez da zilindrikoa, bere izena gorabehera. Dorrearen forma bere oinarri den muinoak, itxuraz biribila baina berez irregularra, baldintzatua da.

Erdi Aroko gotorlekuko instalazioen garaietakoa da gazteluaren egituraketa. Dorre Biribilak bi atal bereizitan erdibitzen du gaztelua: Beheko Patioa ("F"), non baitago San Jurgiren Kapera ("G"); eta Goiko Patioa ("B"), zeinean baitaude Errege-apartamentu pribatuak ("D") eta Estatu-apartamentuak ("C"), formalagoak direnak.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Windsorko gaztelua Aldatu lotura Wikidatan