Woodrow Wilson

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Thomas Woodrow Wilson (1856ko abenduaren 28 - 1924ko otsailaren 3) Ameriketako Estatu Batuetako 28. presidentea izan zen. Politika berrizalea egin zuen eta berrikuntza demokratiko ugari abiarazi zituen: besteak beste, aduana zergak murriztu zituen, bankuei kontrol federala ezarri zien, trusten eragina murrizteko ahaleginak egin zituen, zortzi orduko laneguna ezarri zuen eta emakumeei boto eskubidea ezagutu zien (1920). Nazioartean, Hego Amerikako lurraldeen gaineko kontrola areagotu nahi izan zuen; horretarako armak eta neurri ekonomikoak erabili zituen.[1]

New Jerseyko gobernatzailea 1910ean izendatuta, 1913an hautatu zuten presidente. Lehen agintaldian legedi oparoa jarri zuen indarrean. Berriro 1916an aukeratua, bigarren agintaldi horren ardatz nagusia Lehen Mundu Gerra izan zen. Lehen Mundu Gerran neutral izateko ahaleginak egin zituen, baina alemaniarrek Estatu Batuen gerraontziak hondoratu ondoren, gerran sartu behar izan zuen. Aliatuen alde eginda, Europara soldaduak 1917an hasi zen bidaltzen. Herrialdeko ekonomia kontrolatu zuen eta maileguen bidez behar adina diru bildu zuen. Gerraren kontrako mugimenduak, Alderdi Sozialistakoa esaterako, geldiarazi eta isilarazi zituen. Afer militarretatik at, Aliatuen garaipena bideratu zuen emandako dirulaguntza eta hornidurei esker. Parisa joanda, Versaillesko Hitzarmena osatzen lagundu zuen, eta Nazioen Ligaren sortzaileetako bat izan zen. Nolanahi ere, AEBetako senatuak ez zuen Versaillesko Hitzarmena baieztatu, eta, ondorioz, herrialdea Nazioen Ligatik kanpo geratu zen. Barne politikari dagokionez, gerra garaiko oparotasuna gerraosteko depresio bihurtu zen. Gainera, grebak eta arraza-istiluak ugaritu ziren.

1919ko Bakearen Nobel Saria eman zioten. 1919an elbarritasunak jo zuen, eta bere agintaldia bukatu zenean politika utzi zuen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Woodrow Wilson Aldatu lotura Wikidatan