World Wide Web

Wikipedia, Entziklopedia askea
Robert Cailliauk diseinaturiko Webaren logo zaharra.

World Wide Web (edo soilik Web) elkarloturiko hipertestuko dokumentuen sistema bat da, Internet bidez atzigarria dena; alegia, Interneteko erabiltzaileak informazio elektronikoz hornitzeko mekanismoa. Web nabigatzaile batekin, erabiltzaile batek testu, irudi zein beste multimedia eduki izan ditzakeen webguneak ikusten ditu eta hiperesteken bidez orri horien artean nabigatu.

Web-a 1990 aldera sortu zuten CERN-ean (Geneva, Suitza) lanean ari ziren Sir Tim Berners-Lee ingelesak eta Robert Cailliau belgiarrak. Orduz geroztik, Berners-Leek paper aktibo bat jokatu du Web estandarren garapena gidatzen (web orriak osatzen duten markatzeko lengoaien kasuan adibidez); azken urteotan Web Semantiko baten alde egin du.

Dokumentuak URI (Uniform Resource Identifier) baten bitartez identifikatzen dira.

WWW terminoa modu ezegokian erabili ohi da Internet-en sinonimo bezala, baina Web kontzeptua Internet erabiliz dabilen zerbitzu bat da, posta elektronikoa bezala.

Funtzionamendua

NeXTcube, Tim Berners-Leek 1991n erabilitako lehen web-zerbitzaria.

Webgune baterako sarbidea URL edo eduki orri bakoitzaren identifikatzaile bakarraren bitartez bideratzen da. Sistema honek informazio kopuru handia eskuratzeko aukera ematen die erabiltzaileei: egunkariak irakurri, liburutegietan bilaketak egin, pinakoteketan ibilbide birtualak egin, erosketa elektronikoak egin, kontzertuak entzun, lana bilatu eta beste funtzio asko.

World Wide Web-en antolaketari esker, erabiltzaileek erraztasun handiz alda daitezke baliabide batetik bestera. Informazioa daukaten zerbitzarien arteko loturak automatikoki eta modu argi batez egiten dira erabiltzailearentzat, hipertestu eta hipermedia funtzioak onartzen baititu bitartekoak.

Erabiltzaileek aplikazio baten bidez (esploratzailea edo browser-a) ikusten dituzte datuok. Esploratzaileak orri bat erakusten du aurretik hautatu den gaiari dagokion testu, irudi eta hotsekin. Orduan, nabigatzaileak sisteman eragin dezake, sakonago aztertu nahi dituen elementuak seinalatuz saguarekin, zerbitzari horretako edo beste bateko Web gunearekin loturik baitaude elementuok.

Webguneak HTML (Hypertext Markup Language), DHTML edo XML (Extended Markup Language) hizkuntzetan idatzirik egon daitezke. HTTP protokoloa (Hypertext Transfer Protocol) orriok urrutiko zerbitzarietatik erabiltzailearen ordenagailura helarazteaz arduratzen da. Maila beheragoko komunikazioak TCP/IP (Transmision Control Protocol/Internet Protocol) bidez gauzatzen dira normalean, nahiz eta, sistema irekia izanik, beste protokolo batzuk ere onartzen dituen.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: World Wide Web Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak