XML

Wikipedia, Entziklopedia askea
XML-ren logoa

Markaketa lengoaia hedagarria (XML) xede orokorreko markaketa lengoaia da. Lengoaia hedagarri moduan sailkatuta dago, erabiltzaileek bere elementuak sortzeko aukera baitute. Egituratutako datuak informazio sistema ezberdinen artean partekatzea da bere helburu nagusia, batez ere Interneten bitartez. Bai dokumentuak kodetzeko bai datuak seriatzeko erabiltzen da. Azken kasu honetan, testuan oinarritzen diren beste seriatze lengoai batzuekin parekatu daiteke, hala nola JSON eta YAML.


Historia

XML markaketa lengoaiak sortu baino askoz lehenago bazeuden beste markaketa sistema batzuk, testu egituratua kasu. Testu hutsa idatziz webgunerako dokumentuak sortu daitezke, HTML zer den jakiteko beharrik gabe. Testu arrunta idatzi, eta makinak HTML kodera bihurtzen du. Testu egituratua erabiltzen den kasu zehatza wikiena da. Honetan testuari "marka" edo "etiketa" ezberdinak gehitzen zaizkio burutu nahi den aldaketaren arabera, eta honen ondorioz hainbeste markaketa lengoaia sortu izan dira.


ANSI erakundeak, 1978. urtean, testu-prozesamenduan zebiltzan hainbat talde jarri zituen harremanetan, edozein motatako testuak kodetzeko, egituratzeko eta elkarren artean trukatzeko balioko zuketen lengoaia estandar eta orokorra definitzeko helburuarekin.

Lengoaia horren lehenengo txostenak 1980. urtean argitaratu baziren ere, 1985. urtean elkarlanaren emaitzaren azken bertsioa argitaratu zen, ISO erakundeak estandartzat onartu zuena: ISO 8879 edo SGML (Standard Generalized Markup Language) lengoaia. Testuak osagaien bidez (paragrafoak, zerrendak, izenak, atalak, lerroak, etab.) zatitu, eta zati horiek abiatu daitezkeela da SGML-ren oinarrizko hipotesia. SGML-k printzipio deskriptiboa bereganatu zuen hasieratik. Horrela, testua kodetze-lanetan dabilenak testu-objektua zer den markatuko dau. Honen ondorioz, testu bera hamaika kodekera desbardinen arabera markatu daiteke, aplikazio ezberdinen beharrei aurre eginez.

Hala ere, SGML lengoaia aberatsegia eta zabalegia suertatu zen konputagailuekin tratatu behar zenean, eta, horrela, aplikazio gutxik inplementatu zuten SGML-k eskaintzen zituen aukera guztiak. Beraz, SGML lengoaiatik azpilengoaia bat sortu zen, XML deitutakoa, nolabait SGML-k eskaintzen zituen aukera zabalak mugatu nahian guran. XML-ren 1.0 bertsioa 1998. urtean sortu zen W3C-aren aholku moduan. SGML eta XML lengoaiak helburu ezberdinak betetzeko jaio ziren: lehenak edozein dokumentu markatzeko euskarria eskaintzen zuen bitartean, bigarrenaren xedea Interneten informazioa kudeatzeko egokitu zen nagusiki. Horrela, bada, XML lengoaia web-eko estandarra zen -eta oraindik den- HTML-aren gabeziak gainditzeko asmoarekin jaio zen. HTML-ak bere definizioak izan arren, nabigatzaileen tolerantziak gaizki egituratutako dokumentuek funtzionatzea eragin du. Hori dela eta, XML eta HTML batzeko ahaleginaren ondorioz XHTML sortu zen, "Extensible HyperText Markup Language" delakoa. Hau HTML erreproduzitu, zehaztu eta hedatzen duen modulu eta dokumentu familia da. XML-en oinarritutako hizkuntza zorrotz berria da XHTML, eta nabigatzaileak askoz zorrotzagoak dira web-en kodeen sintaxia balioztatzeko orduan.

XML, SGML bezala, metalengoaia da, eta lengoaia ezberdinak definitzeko aukera ematen du.

XML fitxategia

HTML, aldiz, SGML bidez definitutako lengoaia soil bat da, esan bezala aplikazio konkretu bat. HTML hizkuntza bat da, eta Interneten argitaratzen diren dokumentuei itxura emateko erabiltzen da, informazioaren diseinu bisuala lantzeko sortu zen eta. Etiketetan oinarrituta dago, eta erabaki daiteke, esate baterako, zer letra tipo eramango duen testuak, edo hau letra lodiz idatzi behar den edo etzanez. XML-k osatu egiten du HTML Interneten, egitura eransten diolako datu horiei, eta semantika eman. Horri esker, sistema ezberdinek ulertuko dute zer esan nahi duen. HTML-k ez bezala, bestalde, XML-k etiketa kopuru mugagabea erabili dezake informazioa sailkatzeko.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: XML Aldatu lotura Wikidatan