Xavier Lorente-Darracq

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xavier Lorente-Darracq
Bizitza
JaiotzaBiarritz, 1962 (61/62 urte)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakbaxu-jotzailea, diseinatzaile grafikoa eta marrazkilaria
Genero artistikoapunk
Musika instrumentuabaxua

Xavier Lorente-Darracq[1] (Biarritz 1962 -) musikari, diseinatzaile eta marrazkilari lapurtarra da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarritzen jaio eta egun bertan bizi da.

Bere lehen interes eta ikasketak (Baionako Arte Ederretako eskolan ibili zen) komikien eta ilustrazioaren munduan zegoen baina bizitza osoan zehar arlo grafikoa eta musikarena landu ditu aldi berean[2].

Talde amateurretan musikari aritu ondoren, 1985ean era profesional batez kantak idazteari ekin zion. Dagoeneko musikari, musikagile edota ekoizle artistiko gisa 250 bat kanta (hitzak zein musika) eta diskoren egilea da. Estilo asko jorratu ditu, hasierako punk-rockzaletasunetik Elliott Murphyrekin aritzera edo Biarritz Olympique errugbi taldearen Aupa BO! ereserkia egitera pasatuz.

1986an jaio zen Tommy Lorente bere seme bakarra ere musika munduan ari da.

Ibilbidea musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadaren amaieran DDT punk taldea sortu zuen Biarritz jaioterrian Aurelio Cuartas-Bosch (Kwartz) ikaskidearekin. Hilabete bakan batzuetako abentura gatazkatsua, taldean gitarra jotzen hasi zen baina berehala baxua astintzera pasatu zen[3]. 1981ean maketa bat grabatu zuten.

1985ean Les Autres taldea sortu zuen, geroago Les Stores bihurtu zena. Surf motels demoa argitaratu zuen. 1992an taldea desagertu zen. 1990ean ETB 1ek taldea elkarrizketatu zuen; frantsesez kantatzen zuen elkarrizketatutako lehen taldea izan zen[4]. Aurreko urtean Elliott Murphyren baxujolea ordezkatu zuen Grenoblen zuzenean grabatu zen kontzertu baterako.

1994an Patrice Dumora Watson musikariaren bidez Akelarre taldearekin kolaboratzen hasi zen. Bi lapurtarrek hainbeste kanta sortu duten elkarrekin taldearentzat; oro har Lorente-Darracqek musika egiten zuen eta horren ostean Dumorak euskarazko hitzak egiten zituen. Torkemada diskoak arrakasta handia eskaini zion taldeari, batez ere 1, 2, 3, 4, Ispilu kantak; abesti hau izan da orain arte hedabideetan gehien agertu den Lorenteren lana. Biarriztarra 1999 arte egon zen Akelarrerekin kolaboratzen[5]. Hala ere, hurrengo hilabeteetan biek "Watson eta Lord X" izenpean Pikabu kanta egin zuten Mitch urakanak kaltetutakoen alde Euskal Herriko musikari askok ateratako Euskal Artistak Ertamerikaren Alde (2000) diskorako. Disko osoa ateratzeko proiektuak ez zuen aurrera egin[6].

Aldi berean 1996an hiru urtez bere musikagintzan laguntzailea izan zen Mario Gachis gitarra jotzailea ezagutu zuen; elkarrekin Nanette Drake, Michel Etxeberri eta Ontuak taldearentzat kanta ugari egin zuten. Horrez gain Baionako bestetarako egindako zenbait abesti ere egin zuten, haien artean ospe handia lortu zuen La 4L de Jacky (1997). Musikari batzuek kanta jotzeari uko egin ziotenez, biek Coco Rapido izenpean Agorila diskoetxearekin kanta grabatu zuten[7].

Lorente-Darracqekin lan egin duen beste talde bat Bardozen jaiotako Killers heavyak dira. 1984an Fils De La Haine bere lehen diskorako lan grafikoa egin bazuen ere, 15 urte pasatu ziren hurrengo kolaborazioa suertatu arte: 2000n lan grafikoei berriro ekiteaz gain Killing Games diskoaren ingelesezko bertsioaren hitzak egin zituen[8]. Hurrengo diskoetako lan grafikoak ere egin zituen Lorentek.

Guztiz bestelako eremu batean, 2001eko udazkenean Biarritz Olympique errugbi taldeak ereserki ofizial bat egiteko deialdia zabaldu zuelarik, Lorente-Darracqek harrezkero fama handikoa den "Aupa B.O !" egin zuen: hitzak berarenak dira eta musika Christophe Ithurritzerekin batera sinatua da. Kirol horren barruan Okzitaniako Section paloise (Paue) eta US Dax (Akize) goi mailako taldeen ereserkiak ere egin dituzte[9].

2004an Ithurritzerekin ekoizpen lan gehiago egin zuen eta Tommy Lorente semearekin Anne Etxegoien kantariarentzako abestiak egin zituen. Niko Etxartekin urteetan zehar harreman estua izan du eta 2005ean Minuette (Elkarlanean) diskorako arlo grafikoa sinatu zuen eta Lizun Zikin kanta bien artean egina da. "Cajun Jig" eta "Gütan Dük Leküa" kantetako ahotsetan esku hartu zuen[10].

Arlo grafikoan eginikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamahiru urterekin sinatu zuen bere lehen lan ofiziala: Manex Pagolaren disko single baten azala izan zen. Urteetan marrazki eta ilustrazio lanak nahiko zokoratuta utzi zituen musikaren alorra jorratzeko eta lan bakan batzuk besterik ez zituen egin. Aldiz, azken urteetan eta bereziki 2000n Graphik Designs sortu eta gero sorkuntza musikala eta grafikoa nahiko orekatuta egon dira. Hauexek dira azpimarratzeko moduko lanak:

Irratietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadatik Lapurdiko kostaldeko irrati batzuetan esatari aritu da; Alexandre de La Cerdaren Radio Adour Navarre eta Biarritz Radion ibili ostean profesional gisa Baionako Herriko Etxearen menpeko Radio Bayonnen hasi zen. Hiru urtez kantetako hit-parade edo arrakasten zerrenda eta Kommando (rock, heavy metala) izeneko saioa animatu zituen; horrekin loturik talde berrientzat antolatzen diren Tremplin Rock lehiaketa batean Killers taldea ezagutarazi zuen. Irrati horretan bere ibilbidean garrantzi handia izan duten Peter Greenwitch eta Marie-André Prat (le Capitaine Masqué) kideekin lan egin zuen.

1985ean Radio France Pays Basquera, egun France Bleu Pays Basque denera pasatu zen baina berehala ikusi zuen hor ez zela sorkuntza lana lehenesten. Aldi berean Biarrizko Biarritz Télé Cable kable bidezko telebista esperimentalean lan egin zuen; bertan bideo musikalen atalaren ardura zuen. 1987an France Bleu utzi zuen, desadostasunak direla medio.

Ikerketa lan batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ignace Gorostarzu (18971992) apaizaren lan ezezagun batzuk -batez ere ohitura zaharren gainekoak- ezagutarazteko ikerketa lanean aritu da azken urteetan.

Louis-Ferdinand Céline edo Céline (benetako izenaz Louis-Ferdinand Destouches) idazlearen lana ere ikertu du.

1996an sortutako Club d'Égyptologie Côte Basque taldeko presidente-ordea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Xabier Lorente-Darraq idatzita topa daiteke Badok.infon baina ezin da grafia zuzentzat hartu.
  2. Biografia bere webgune pertsonalean.
  3. DDT bere biografian.
  4. Bideoaren historia webgune berean.
  5. Akelarre Lorente-Darracqen biografian.
  6. Pikabu kantaren istorioa.
  7. La 4L de Jacky webgune ofizialean.
  8. Disko honen ingelesezko bertsioa egin zen, Errusian eta Baltikoko herrialdeentzat.
  9. Errugbiaren munduko lanak.
  10. Niko Etxartekiko lotura.
  11. Ekimen grafikoak bere biografian.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]