Ylitornio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Finlandiako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Övertorneå.

Ylitornio

Ylitornioko armarria
Armarria
Berezko izena Ylitornion kunta
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappi eskualdea
Torne ibarra azpieskualdea
Alkatea Erkki Keski-Nisula
Sorrera 1809
Ylitornio Finlandiako mapan
Koordenatuak 66°19′10″N 23°40′15″E / 66.31944°N 23.67083°E / 66.31944; 23.67083Koordenatuak: 66°19′10″N 23°40′15″E / 66.31944°N 23.67083°E / 66.31944; 23.67083
Azalera
-Ur-azalera
2.212,64 km² [1]
183,61 km² (%8,3)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
4.740 (2010.09.30) [2]
2,34 bizt/km²
(2009) [3]
% 99,2 (ofiziala)
% 0,3
% 0,5
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)

Ylitornio (ipar samieraz, Badje-Duortnus; suedieraz, Övertorneå) Finlandiako Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Tornionjoki ibaiak bitan banatzen duen ibarreko alde finlandiarrean dago eta Pellorekin batera, Torne ibarra azpieskualdea osatzen du. Udalerriari izena ematen dion elizatea Ylitornio da eta Torne Garaia esan nahi du finlandieraz. Torne ibarra bitan zatitua dagoen arren, ibarreko bi aldeak batzen dituen kultura aberatsa politika eta ibaia baino sendoagoa da; hala nola, finlandieraren dialekto bat den meänkieliz hitz egiten dute tornetarrek. Gainera, udalerriak, Övertorneå, Pajala eta Pello udalerriekin batera, ibarra sustatzeko turismo-proiektu bat jarri du abian. Ylitorniok 2.212,64 km² dauzka, ia Bizkaia bezain handia, eta biztanle gutxien dituen Lappiko udalerritako bat ez den arren, 4.700 bat biztanle baino ez ditu.

Zirkulu Polar Artikoak udalerria bitan banatzen du eta honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Pello bizilagunera etorri zen. Pelloko Kittisvaara eta Ylitornioko Aavasaksa muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Armarriak ikerketa guzti hauek irudikatzen ditu; izan ere, bertan, ikerlariak ospetsu egin zuen muinoaren itzala ikus daiteke, Aavasaksarena hain zuzen. Gainera, muino honetatik ikus daitekeen Torne ibarraren paisaia, Finlandiako Paisaia Nazionaletako bat izendatua izan zen [4].

Aipatzekoa da udalerriak izotz-hockey talde ospetsu bat daukala, Suomi-sarja hirugarren mailan jokatzen duen Et-Po -72 [5].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ylitornioko geografia
Tornionjoki ibaia udaran.

Ylitornio Finlandiako ipar-mendebaldeko Torne ibarrean dagoen udalerria da. Lappi eskualdean dago eta Tornionjoki ibaiak Suediako Övertorneå udalerritik bereizten du. Hain zuzen, mugakideak Övertorneå mendebaldean, Pello iparraldean, Rovaniemi hiriburua ekialdean, Tervola hego-ekialdean eta Tornio hiria hegoaldean dira. Pellorekin batera hain zuzen ere, Torne ibarra azpieskualdea osatzen du, Lappi eskualde osoko azpieskualde txikiena. Udalerriak 2.212,64 km²-ko azalera dauka, ia Bizkaia osoa bezain handia, eta 4.700 biztanle inguru baino ez. Ylitornioko klima nagusia, klima subartikoa da, eta taiga edo baso borealak udalerriko bazter guztiak betetzen ditu. Honenbestez, bertan hazten diren zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira. Elurrak bestalde, udalerriko lurra estaltzen du azaro hasieratik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Zirkulu Polar Artikoaren , 66º 33' 38" paraleloa, bertatik igarotzen da eta udalerria bi zatitan banatzen du, iparraldeko eremu artikoa eta hegoaldeko eremu epela. Gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da ekain hasieratik uztailera; gau polarra aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, egun batean baino ez da izatean, abenduaren 21ean. Gauerdiko eguzkia hegoaldeen ikus daitekeen lekutako bat dugu Aavasaksa ospetsua. Lehen esan bezala, udalerriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen dituztelako. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [6].

Lehen esan bezala, Zirkulu Polar paraleloa Ylitorniotik igarotzen da. Honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Pello bizilagunera etorri zen. Pelloko Kittisvaara eta Ylitornioko Huitaperi eta 242 metroko Aavasaksa muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Hain zuzen, Aavasaksa muinotik ikusten den Torne ibarraren paisaia zabala, Finlandiako Paisaia Nazionaletako bat da [7].

Liinankivaara muino elurtutik Iso-Vietonen aintzira.

Udalerria guztiz laua da, 300 metroak igarotzen dituen lekurik ez dagoelako; aipatutako Pierre Louis Maupertuisek haren ikerkuntzarako erabili zituen muino txikien artean daude Tornionjoki ibaiaren ertzetik gertu dauden Huitaperi eta Aavasaksa muinoak. Ur-azalera bestalde, %8,3koa baino ez da, 183,61 km²; dena den, hainbat aintzira eta ibai daude udalerrian zehar. Hala nola, aipatzekoak dira Torne ibarraren ikur nagusia eta ibai mugakidea den Tornionjoki eta Tengeliönjoki, eta Pelloren mugan dagoen Iso Lohijärvi, Iso Vietonen, Miekojärvi, Raanujärvi eta Törmäsjärvi aintzirak. Bertako ur-korronte indartsu, emaritsu eta harroetan dauden izokina, amuarrain marroia eta laponiako amuarraina bezalako ur gezatako arrainek arrantzale ugari erakartzen dituzte. Arrantzale hauek, ur-jauzi txiki eta ur harrotatik hurbil jarri ohi dira arrain nahasiak harrapatzen errazagoak direlako. Dena den, ur-eremuetan ikus daitezkeen animalia handiena, herrialdeko igaraba ospetsuak dira.

Babestutako eremurik ez dagoen arren, Ylitornioko natura oso aberatsa da. Basoak ia muga gabe zabaltzen dira azalera guztian, izeidiak, urkidiak eta pinudiak, batez ere. Baso hauen muga bakarrak, nagusi diren eremu paduratsuak eta ibaiak dira. Oihan hauetan babesten diren hegazti ugari dago; hala nola, udaberrian, negu osoa hegoaldean pasa ostean iristen diren antzandobi handiak, antzara hankahori eta nanoak, arrano arrantzaleak, arrano beltzak, basoilarrak, belatz gorri, handi eta txikiak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, borrokalariak, elur-berdantzak, elur-hontzak, ipar belatzak, bele eta gailupak, istingor arrunt eta txikiak, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, larre buztanikarak, murgilari handi eta mottodunak, negu txirtak, negu txontak, txinbo artikoak, txio horiak, ur-zozoak, urre txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zerra ertainak, zingira berdantzak eta zozo paparzuriak. Izan ere, uda bitartean, 150 hegazti-espezie desberdin jasotzen ditu udalerriak, baina negurako gutxi batzuk baino ez dira gelditzen; haien artean, eper zuriak, eskinosoak, mokokerrak eta kaskabeltz handiak. Ugaztun haragijaleen artean, hartz arreak, erbinude zuri eta arruntak, ipar-katamotzak eta jatunak dira nagusi; aspaldian ehizatzen ziren arren, azkeneko hauen kopurua haziz doa babes-legeei esker. Ipar otsoak aldiz, nahiko arraroak dira, baina noizbehinka azaldu ohi dira inguruetan. Altzeak eta elur-oreinak bestalde, animalia belarjale handi ospetsuenak dira [8].

Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean eta Suedia eta honen arteko Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri zirenean, bakarra izandako udalerria bitan zatitu zen. Hau da, ibaiaren bi ertzetan zegoen udalerria, bitan zatitu zuten eta Ylitornio eta Övertorneå udalerriak sortu ziren. Dena den, bi herrialdeen artean dauden arrean, bi aldeak bereizten dituen ibaian mugarik ez dagoela dirudi gaur egun.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ylitornioko historia

Torne ibarrera iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Ylitornion aurkitu diren lehenbiziko biztanle hauen aztarnak, k.a. 4500. urtekoak dira. Hain zuzen, guztira, garai honetako berrogeita hamar objektu aurkitu dira; hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [9].

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen eta lurraldea, Suediar Erresumako antzinako Vestrobotnia probintziaren barruan egokitu zuten hegoaldeko Torne ibar guztiarekin batera. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XI. menderako eta lehen finlandiarrak Torne ibarrera iristen hasi ziren; honela, finn hauek, lehen samien bizileku ziren Tornionjoki ibaiko urertz emankorrak bereganatzen hasi ziren.

Suediarren eragina bizitu egin zen XIV. mendetik aurrera eta 1531. urtean, orduan Suediar Erresumako errege zen Gustavo Vasak Torneå hiria sortzeko eta Tornionjokiren arroa merkataritza erdigune bilakatzeko lehen saiakera egin zuen. Hala ere, lurralde haietan bizi ziren birkarleek biztanleen eta merkataritzaren joan-etorrien kontrola zutenez, bai saiakera honek eta bai Joan III.ak 1585. urtean egin zuen saiakerak ere, ez zuten inolako arrakastarik izan. Nahiz eta, birkarle hauek hasiera batean suediarren aliatuak izan, ez zituzten euren pribilegioak alde batera utzi nahi eta Laponiaren eta Torne ibar osoaren garapena oztopatu zuten hein handi batean.

Birkarleek lurralde honetan zuten boterea gutxitzeko eta Suediar Erresumaren boterea indartzeko asmoz, 1606. urtean Torne ibarra bitan zatitu zuten suediarrek: Torne Beherea eta Torne Garaia (finlandieraz, Alatornio eta Ylitornio). Hau dugu, Ylitornio izenaren lehen aipamena. Azkenean, 1620. urtean, birkarleak garaituak izan ziren eta Suediar Erresumak Umeå, Piteå, Luleå eta Torneå hiriak sortu zituen; merkataritza Botniako Golkoko iparraldera eta ibarrera iritsi zen. Torneå, Suediar Erresuma osoko iparren zegoen hiria bihurtu zen eta hiri honen garapenarekin batera, Torne Garaia izeneko eskualdea osatzen zuten herriak ere aberastuz hasi ziren. Hala nola, ibarrean ekoiztutako gurin, arrantzatutako izokin eta larruak, Erresuma osoan preziatuak ziren salgaiak ziren; ordainetan, Suedia eta Itsaso Baltiko osoko produktuak iristen ziren. Garai honetan, udalerrian gelditzen ziren sami bakanak iparraldera jo edo gutxinaka, finnen kultura bereganatu zuten. Erresumak iparraldeko lurraldeak kolonizatzeagatik eskainitako onura ekonomiko eta lursailen jabetzen eskutik Karelia, Savonia eta Tavastiako biztanleak bertara iristen hasi ziren. Torne ibarreko gaur egungo kultura eratzen hasi zen [10].

XVIII. mende erdialdean bestalde, gainbehera iritsi zen. Iparraldeko Gerra Handiaren ondorioz merkataritza gelditu egin zen eta Tornioren inguruan eratu zen ontzigintza industriak erakarrita, ylitornioar asko hirira mugitu zen. Gainbehera, 1715. urtean izan zen, Errusiar Inperioak Tornio menperatu eta suntsitu zuenean [11].

Zirkulu Polar paraleloa Ylitorniotik igarotzen da; honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Pello bizilagunera etorri zen. Ylitornioko Aavasaksa muinoaren gailurretik, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Honi esker, Aavasaksa muinotik ikusten den Torne ibarraren ikuspegia, Finlandiako Paisaia Nazional izendatu zuten. XVIII. mendearen bukaeran ere, Giuseppe Acerbi italiar esploratzailea Tornionjoki ibaiaren inguruan izan zen eta bertan, ahozko tradiziozko hainbat melodia bildu zituen [12].

XIX. mendearen hasieran, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zen eta Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri ziren Suedia eta honen artean. Honela ibaiaren bi ertzetan zegoen udalerria, bitan zatitu zuten eta finlandiar edo errusiar aldean gelditu ziren herritar askok muga igaro zuten. Dena den, 1809. urteko bereizketarekin batera, Ylitorniok eta Övertorneåk, bakoitzak bere udalerri propioa sortu zuten.

Muga berri honen ostean, Tornio hiriak ere bere garrantzia, nagusitasuna eta merkatalgoan lan egiten zuen biztanle-kopuru handia galdu zituen eta merkatal-hiriaren tituluari uko egin zion Kemiren mesedetan. Honekin, Tornioren itzal emankorra amaitu eta Ylitornio krisi sakonean murgildu zen. Hala ere, 1862. urtean, industrializazioarekin batera, trenbide garraioa iritsi zen eta honek, ibarreko ekonomia berriz, goranzko bidean jarri zuen.

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Gerra hurbil zegoenez, Finlandiar Gobernu hasiberriak, herritarrak Suediara ebakuatzeko agindua eman zuen. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, Ylitornio eta gainontzeko mugako herrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Tornion gerrako gudu garrantzitsuenetako bat bizi izan zen, Tornioko gudua hain zuzen.; gudua 1944ko urriaren 1ean hasi zen eta astebete iraun zuen. Leku estratetiko portudun bat zenez, finlandiarrek Tornion defentsa zorrotz bat atondu zuten eta alemaniarrak hiritik igarotzerakoan gerrak eztanda egin zuen. Indar eta efektibo gutxiago izan arren, finlandiarrek etsai guztiak hil zituzten eta gizon askoren erretirada eragoztea lortu zuten. Honela, Ylitornio eta Torne ibar hegoaldeko gainontzeko udalerriek, Lappiko gainontzeko udalerriek lortutako amaiera beldurgarria eta etsia jasotzeaz libratu ziren.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hasiera batean, industriak Tornio eta ondoko herrietan sustraiak errotu zituenez, hazkunde guzti hau ona izan zen Ylitorniorentzat; udalerriak 10.000 biztanleko muga igaro zuen. Dena den, Lappiko ekonomiaren zentralizazioaren eta Kemi-Tornio Ardatzaren nagusitasunaren ondorioz, udalerria gaur egun dirauen krisi garai luze batean sartu zen.

Gaur egun gero eta egitura garatuagoak iristen diren arren, udalerriak Tornio eta ondoko hirien eraginpean jarraitzen du oraindik. Övertorneå, Pajala eta Pellorekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaitsi dute. Urtez urte biztanleria azkarren galtzen duan Lappiko udalerritako bat da [13].

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Kolariko trenbidea, Aavasaksako geltokia, eta Ylitornioko geltokia

Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak udalerriraino iristen dira Kolariko trenbideari esker. Trenbide honek Torniotik iparrerako bidea egiten du eta udalerrian dauden geltokiak, bidaiarientzako hirugarren eta laugarren geltokia dira. Trenbidea Ylitorniora 1927an iritsi zen lehenbizikoz, eta ordutik, trenbide honen bidez, beste linea batzuk hartu eta Finlandia guztitik bidaiatzeko aukera dago. Guztira, udalerrian bi tren-geltoki daude: Kainuunkylän dagoen Ylitornioko geltokia, eta Aavasaksako geltokia [14].

Lappiko gainontzeko udalerrietan zehar edo herrien artean bidaiatzeko bestalde, autoa edo autobusa hartu beharra dago. Udalerritik igarotzen den autobidea Valtatie 21a da; autobide hau Tornion hasi eta Enontekiöko Kilpisjärvi herriraino doa, Finlandia ipar-mendebaldeko muturreraino. Pekanpää, Kainuunkylä, Armassaari, Nuotioranta, Ylitornio, Alkkula, Kuivakangas eta Kaulinranta herriak eta Aavasaksa zeharkatzen ditu autobideak; Botniako Golkotik iparreraino, guztira, autobideak 459 km-ko luzera dauka. Gainera, Ylitornio Rovaniemi eta Pellorekin lotzen dituen beste errepide bat ere badago, Kantatie 83 errepidea. Honek, guztira, 77 km dauzka, eta Rovaniemiko hirigunetik Valtatie 21 autobidearekin bat egiten duen eta Pello herritik pare bat km-tara dagoen Keskustaajama izeneko guneraino doa. Suediara igarotzeko errepidezko muga bakarra dago, Aavasaksatik zubia igaro eta Övertorneåraino doana [15][16].

Mugakide dituen udalerritako aireportuak, Kemi-Tornio, Pajala eta Rovaniemi aireportuak, Ylitornioko sarrera eta irteteko ateak dira. Kemiko portua ere, Tornionjoki inguruko ekonomia suspertzeko balio izan duen azpiegitura garrantzitsua da.

Ylitornioko mapa

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar Inperioaren garaian sortu zen udalerria, 1809. urtean; izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta eta Tornionjoki ibaiaren muga berria ezarri ostean, Övertorneåtik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek. Udalerriak Torne ibarreko lurralde honen eta herrigunearen izena jaso zuen, Ylitornio edo Torne Garaia.

2.212,64 km²-ko azalera duen udalerri honetan, biztanleria, hainbat herrixketan banatua dago. Herrixka gehienak erdialdean eta Tornionjoki ibaiaren ertzean daude eta jendetsuena, zazpi auzoek osatzen duten Ylitornio elizatea da.

Hauek dira garrantzitsuenak:

Ylitornion kirkonkylä edo Ylitornio elizatea osatzen duten auzoak ondorengoak dira:

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentu edota akordio ofizialik ez dagoen arren, 1809. urtera arte udalerri bera izandako Ylitorniok eta Övertorneåk harreman estu-estua dute. Dena den, Torne ibarreko udalerri guztiek erlazio adeitsua dute eta egitasmo eta ekitaldi ugari antolatu ohi dituzte batera.

Udala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ylitornioko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Ylitornioko Udalbatza [17]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Ylitornioko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 15 Red Arrow Down.svg 1 % 51,3
-- Ezker Elkartasuna 7 Straight Line Steady.svg 0 % 26,4
-- Benetako Finlandiarrak 3 Green Arrow Up Darker.svg 3 % 13,1
-- Alderdi Sozial-Demokrata 1 Red Arrow Down.svg 1 % 5,0
-- Koalizio Nazionala 1 Straight Line Steady.svg 0 % 4,2

Udalbatza 27 ordezkarik osatzen dute eta, Lappiko udalbatza gehienen antzera, egungo talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Nahiz eta aurreko hauteskundeetan baino emaitza kaskarragoak izan, alderdiak hamabost eserleku, botoen %51,3, eta gehiengo osoa lortu zuen. Bigarren alderdia Ezker Elkartasuna izan zen. Alderdi sozialistak zazpi batzarkideak mantendu zituen eta, guztira, botoa eman zuten herritarren %26,4ren babesa jaso zuen. Hurrengo taldea udalbatzan indartsu sartu zen Benetako Finlandiarrak alderdia izan zen; hala, alderdiak lehenbiziko hiru ordezkariak eta botoen %13,1 eskuratu zituen. Azkenik, bana eserleku lortu zituzten Alderdi Sozial-Demokrata eta Koalizio Nazionala alderdiak, hurrenez hurren, botoen %5 eta %4,2 lortu zutenak. Dena den, hauteskundeen irakurketa desberdina izan zen, sozial-demokratek batzarkide bat galdu baitzuen eta alderdi liberalak, aldiz, mantentzea lortu baitzuen, Benetako Finlandiarrak taldearen sarrera sendoa izan bazen ere. Ylitornioarren %71,2k hartu zuen parte udal hauteskundeetan.

Biztanle gehien duten herriguneak
Z. Herrigunea Biztanleria

1 Ylitornio  ?
2 '
3 '
4 '
5 '

Udal hauteskunde hauen ostean, eratu berria zen udalbatzak Erkki Keski-Nisula aurreko alkatearen ordezkoa izendatu zuen gehiengo osoz, Tapani Melaluoto jauna, alegia. Gobernuak, aldiz, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Zentroko Alderdiaren kidea den Reeta Laitinen andrea. Hurrengo udal hauteskundeak 2015. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala [18].

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Enontekiön, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %12,9koa, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, oso altua, %26,9koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %99,2aren ama hizkuntza da. Zehazki, Torne ibarrean hitz egiten den finlandieraren aldaera bitxi batean hitz egiten dute herritarrek, meänkieli deritzoten dialektoan. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldeko samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVI. mendetik aurrera, finlandiarren (gehienak, savoniarrak eta tavastiarrak) kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten [19].

Torne ibarreko gainontzeko udalerriak bezala, Tornio izan ezik, Ylitornio ez da oso jendetsua. Gainera, 4.700 biztanle inguru dituen udalerri honen biztanleria azken hogeita hamar urtetan %42,5 jaitsi da; 1970eko hamarkadan zituen 8.250 biztanletatik, gaur egungo 4.700etara. Izan ere, zerbitzutan eta lehen sektorean oinarritutako udalerria denez, langabezia maila oso altua da eta azken urtetan, ylitonioar askok Rovaniemi edo Torniora jo dute lan bila [20].

Biztanleriaren bilakaera [21]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
8.240 7.370 6.792 6.648 6.258 6.029 5.752 5.535 5.330 5.275 5.095 4.847 4.740 4.667

Ylitornioar ezagunenak kirolariak dira, Et-Po -72 izotz-hockey taldean hezitako jokalari gazteak batik bat; hala nola, gaur egun Frölunda HC izotz-hockey talde suediarrean jokatzen duen Toni Koivisto ospetsua, eta aurtengo denboraldian Raumako Lukko taldean jokatuko duen Jarkko Kauvosaari jokalaria. Bestalde, Sami Jauhojärvi iraupen eskiatzailea aipatu beharra dago; ylitornioar honek, brontzezko bi domina irabazi zituen Liberecen ospatu zen 2009ko Iraupen Eskiko Munduko Txapelketan, zehazki, 4x10 km-ko lasterketa eta talde esprint probetan. Azkenik, kirolarekin zerikusi gutxi duen Rosa Liksom artista dugu. Iparraldetik iritsitako bere ipuin laburrek arrakasta handia izan dute herrialde guztian [22][23].

Toni Koivisto jokalari gaztea.

Tornetarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Tornetar eta Torne ibarra

Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi eta Suediar Erresumak eskainitako onuren bila zetozen finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [24].

1809. urtean Torne ibarra, eta Övertorneå udalerria bitan zatituak izan ziren; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.

Hezkuntza eta Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Hezkuntzako bost eskola daude guztira udalerrian; Ainiovaaran, Kaulirantan, Mellakoskin, Raanujärvin eta Ylitornioko Nuotioranta auzoan. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Ylitornio herrian baino ez dago, Ylitornion Lukio izenekoa [25].

Udalerria Länsi-Pohja Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Kemiko Länsi-Pohjako Ospitalea da, Ylitornio herrigunetik 100 bat km-ra. Dena den, Tornion beste ospitale txiki bat dago eta udalerrian eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude [26].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ylitornioko armarria

Armarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ylitornioko armarria

Armarria 1953. urtean sortu zuen Jaakko Hänninen artistak, eta bere helburua, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriko natura eta kultura adieraztea izan zen; urte bereko irailaren 28an udalbatzak Ylitornioko ikur ofizialtzat hartu zuen (Barne Ministerioak hurrengo urteko apirilaren 5ean onartu zuen). Zilarrezko atzealdearen gainean, gorri kolorekoak diren eguzkia eta hiru tontor daude. Irudiek Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesaren ikerkuntza bidaia adierazten dute; izan ere, Lurraren neurri zehatza mugatzeko, zientzialariak Ylitorniora bidaia egin zuen 1736-1737 urte bitartean. Horrela, bere eginkizuna burutzeko, Maupertuis udalerriko Aavasaksa muinora igo zen eta, hain zuzen ere, hiru tontorrek Aavasaksa muinoko hiru gailurrak irudikatzen dituzte. Bestetik, eguzki gorria gauerdiko eguzkiaren irudia da, eta honek, era berean, udalerriaren kokalekua azaltzen du, Zirkulu Polar Artiko paraleloaren gainean [27].

Leku aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerrian historiarekin zerikusia duten zenbait museo daude, hala nola, Iikan Tupa eta Katajan Pirtti Museoa. Nuotioranta auzoan dagoen museo honetan, Lappi eskualdeko antzinako etxe eta egiturak daude erakusgai; esaterako, XIX. mendeko egongela eta logela bana ikus daitezke. Beste gune ezagun bat, Alkkulan dagoen Eskola Museoa da, finlandieraz Koulumuseo. Hemen, Ylitornio herriko aspaldiko eskolako material eta objektu ugari daude erakusgai, XX. mende hasierakoak denak [28].

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei eta balio historikoari esker, Meltosjärvi eta Raanujärvi herrixkak eta Aavasaksa muinoa monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [29].

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

Aavasaksa zubia negualdean.
  • Ylitornioko eliza edo Andreen eliza: udalerriko eraikin garrantzitsuena, XX. mendean herrigunean eraiki zen betoizko eliza hau da. 1939. urtean eraikitzen hasi ziren, baina Neguko Gerrak eraikuntza-lan hauek eten egin zituen. Udalerriko gizonak finlandiar gudarosterakin bat egin zuten bitartean, emakumeak eliza eraikitzeaz arduratu ziren; ondorioz, Naisten kirkoksi izenaz ezaguna da eliza, gutxi gorabehera euskaraz Andreen eliza esan nahi duena. Elizak 550 fededunentzako eserlekua dauka eta bere hilerrian, Bigarren Mundu Gerran hil ziren 222 ylitornioarren hilobiak daude. 1818an eraikitako zurezko ezkila-dorrea antzinako elizatik gorde den egitura bakarra da eta udalerriko estruktura zaharrena da [32].

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz-hockey talde ospetsu bat dauka udalerriak, Suomi-sarja Finlandiako hirugarren mailan jokatzen duen Et-Po -72; 2009-10eko denboraldian lehenengo taldeko laugarren postuan gelditu zen. Taldeak, Portimojärvi aintzirari zor dio izena eta 1972. urtean sortu zen. Seiehun bat pertsonentzako eserlekua duen Plussa-areena izotz-zelaian jokatzen ditu partiduak eta hauek, udalerriko ikuskizun jendetsuenak izan ohi dira. Taldean hazi eta hezi diren jokalari ospetsuenak, Konstantin Astrakhantsev errusiarra eta, Raumako Lukkon eta Frölundan jokatzen duten Jarkko Kauvosaari eta Toni Koivisto ylitornioarrak dira [33].

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako solstizio gauean, San Joan egunean, Finlandian oso ospetsua den festa bat antolatzen da Aavasaksan. Izan ere, Aavasaksa muinoaren gailurretik ekainaren 24ean baino ezin daiteke ikusi eta bertan, udalak eta Torne ibarreko erakunde turistikoak, ekitaldi eta kontzertuak antolatzen dituzte. Herrialdean egun honetan pizten dituzten su handienetako bat ere muino honetan egon ohi da [34].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ylitornioko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %73ak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan, Tornioko industrialdean, (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Torne ibarrean industria ia garatu gabe dagoenez, Tornion izan ezik, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko landa-bizimodua dela-eta, datu hauek ez dira larriak [35].

70eko hamarkadaz geroztik, eta batez ere 90eko hamarkadan, urtez urte biztanleria jaisten doa Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat. Lehen esan bezala industria hitza ezezaguna da bertan eta krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria; ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Tornio eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren landa-munduan dihardute inongo arazorik gabe. Azkenik, aipatzekoa da azken urteotan basogintza industriak ere garrantzia hartu duela udalerriko diru-sarreretan.

Dena den, zerbitzuak eta turismoa dira lanpostu gehien dituzten jarduerak. Hain zuzen, Torne ibarreko Övertorneå, Pajala eta Pello udalerriekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaistea lortu du. Pierre Louis Maupertuis ikerlariaren ibilbideak, Zirkulu Polar Artikoak, Tornionjoki ibaiaren inguruko jarduerek, eta batez ere, Aavasaksa muino-turistikoak bisitari asko erakartzen dituzte; batik bat, naturazale eta arrantzaleak [36].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Övertorneå Pello Pello, Rovaniemi
Övertorneå Compass rose simple plain.svg Rovaniemi
Övertorneå Tornio Tervola
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ylitornio Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]