YouTube

Wikipedia, Entziklopedia askea

Youtube interneten bidez bideo digitalak partekatzeko aukera ematen duen web orrialdea da.

YouTube
Informazioa
Mota Pribatua
Eslogana Broadcast Yourself ("Zeure burua aurkeztu")
Fundazioa 2005. urteko otsailean
Sedea San Bruno, Kalifornia, Estatu Batuak
Administrazioa Chad Hurley, CEO (Zuzendaria nagusia), Steve Chen, CTO ( Teknologia arduraduna), Jawed Karim, kontseilaria.
Industria Internet Zerbitzuak
Langile kopurua 67 (2006)
Wen orrialde nagusia www.youtube.com

Pay Pal enpresan aritutako Chad Hurley, Steve Chen eta Jawed Karim langileek 2005. urteko otsailean sortu zuten, baina Google enpresa haren jabe da, 2006ko urriaren 10ean 1.650 milioi dolarretan erosi zuenetik.

YouTubek Adobe Flash formatua erabiltzen du bere edukia eskaintzeko. Bideoak bertan jartzea oso erraza denez, Video Googleren antzera, fama handia du. YouTuberen barruan mota askotako bideoak aurki daitezke. Nahiz eta copyright duten bideoak jartzeko arauak egon, telebistako saioak, filmak, musika bideoak eta bestelako materiala daude. YouTubeko bideoetarako loturak blog eta web-orri pertsonaletan jar daitezke, APIak erabiliz.

YouTuberen berezitasunak

Bideoen bilaketaren inguruan

Tagei esker, bideoak errazago bila daitezke. Hala ere, YouTubeko bideoetan bakarrik oinarritzen da.

Google konpainiak erosi zuenez, Google Videoko bilaketetan YouTubeko bideoak ere aurki daitezke.

2007ko ekainean hizkuntza askotara itzuli zenez, nazioartekotasunerako pauso esanguratsua eman zuen.

Copyright

YouTubeko bideo askok jabego-eskubidea dutenez, baten bat jabearen baimenik gabe igoz gero, ezabatu eginen da, jabeak halaxe eskatuta; halaber, bideoa jarri zuenaren kontua itxi eginen da.

YouTubek eskaintzen dituen aukerak

Bideoak ikusi

YouTubek ematen dituen aukeretako bat bideoak ikustea da. Hartarako, “Search” atalean bilatu nahi dena adierazi behar da eta ondoren, botoia sakatu. Ondoren, eskaerarekin bat datorren bideo sorta bat agertuko da. Bilatu nahi dena aukeratutakoan, haren estekan klik egin behar da, ikusteko. Ezer agertzen ez bada, berriz bilatu beharko da.

Bideoak sarean jarri

YouTubek, bideoak ikusteaz aparte, norberarenak ere sarean jartzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, lehenik web-orrialdean izena eman behar da, “Sign Up” atalean: han eskatzen diren datuak betetakoan, “Log In” atalean sartu eta erabiltzaile-izena eta pasahitza idatzi behar dira.

Orrialdearen goiko aldean “Hello” + erabiltzailearen_izena agertzeak erabiltzailea ondo konektatuta dagoela adierazten du. Beraz, bideoak igotzen has gaitezke. Jarraian, “Upload Videos” atalean sartu behar da eta datuok gehitu:

  • Title: Bideoaren izenburua adieraziko da.
  • Description: Bideoari buruzko deskribapena idatziko da.
  • Tags: Bideoari jarriko zaion etiketa adieraziko da (bat baino gehiago jar daitezke).
  • Video Category: Bideoaren kategoria zein den adieraziko da.

Azkenik, aurreko pauso guztiak egindakoan, “Continue” (Segi) botoia sakatu behar da. Ondoren, bideoa non dagoen gordeta adieraziko da:

  • “Browse” botoia sakatu eta igo nahi den bideoa bilatuko da.
  • Bideoa aurkitutakoan, “Upload Video” botoia sakatu eta YouTubera igota dago.

Bideoak jaitsi

Bideoak deskargatzea beste aukeretako bat da. Bertan, URL helbidea da garrantzitsuena. Hartarako, bideoaren ondoan dagoen datu-sortan agertzen den URL helbidea jasoko dugu. Jarraian, bideoak jaisteko aukera ematen duten web-orriren batera joateko aukera dago, sarean asko baitaude. Zein erabiltzen den, web-orrialde bakoitzak eskatzen dituen pausoak bete behar dira.

Beste aukera batzuk

YouTubek eskaintzen dituen aukera erabilienak aurrekoak izan arren, beste batzuk ere badaude:

  • Favourite Videos atalean, berriro bilatzen ez aritzeko, gustuko bideoen zerrenda osa daiteke.
  • Playlists atalean, gai jakin bati buruzko bideoak sartu eta gero denak jarraian ikusteko aukera dago.
  • Video Comments atalean, bideoei buruzko iruzkinak egin daitezke.
  • Bideoren bat YouTuberen beste erabiltzaileren bati gomendatu nahi bazaio, Invite Friend aukera dakar.
  • Beste norbaiten gomendioa baldin bada, Received Videos atalean ikusiko dira.
  • Lagunak gonbidatu nahi badira, Invite More Friends atalera joko da.

Horrelako beste zenbait aukera aurki daitezke. Labur ikusteko, My Account atalera joan eta bertan ikusi ahal izango dira.

Bestelako informazioa

Hainbat hizkuntzaz erabiltzeko aukera

YouTubek 54 hizkuntzaz erabiltzeko aukera ematen du, euskara barne. Hala ere, eduki originalak ingelesezkoa izaten segituko du.

Bitxikeriak

YouTuberen antzeko alternatibak

YouTubez gain, beste gune batzuek aukera berak eskaintzen dituzte:

  • Video Google.
  • Yahoo! Video.
  • MyVideo.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: YouTube Aldatu lotura Wikidatan