Zaborren berreskurapen informal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jakartako gizon bat, zaborretan bildu dituen gai birziklagarriak garraiatzen.
Gizon bat, edukiontzi bateko zaborretan miatzen.

Zaborren berreskurapen informala edo besterik gabe zaborretan ibiltzea kaleko zaborrontzi eta zabortegietan lehengai birziklagarriak (metalak, papera, kartoia, ...) eta aprobetxagarriak diren bestelako produktuak (altzariak, arropak, ...) jasotzeko jarduera ekonomiko informalari deritzo, zirkuitu ofizial eta legezkoetatik at. Gehienetan, baliabide eskasak dituzten pertsonek egiten duten jarduera da, gai eta produktu horiek salduz diru-sarrera osagarriak lortzeko asmoz.

  • Herri pobreetan, ordea, zaborraren berreskurapena jende askoren jarduera ekonomiko nagusia da. Dena den, gizarte-arazo larriak ekartzen dituen jarduera ere bada: hirugarren munduan haurrak eta emakumezkoak dira gehiengoz lan hauetan aritzen direnak osasun eta hezkuntza egoera larriak sortuz, eta zabor-miatzaileek zailtasunak izaten dituzte euren jarduera utzi eta egoera sozioekonomikoa gainditzeko.
  • Orobat eta lehenengo munduan batik bat, zaletasunez egin daitekeen jarduera da (arrazoi ekologistengatik, artistek euren lanetarako gaiak eskuratu nahian edo besterik gabe zaborretan utzitako produktu erabilgarriak eskuratzeko). Beste kasu batzuetan, ordea, modu konpultsibo eta kontrolaezinean egiten denean, etxean baliorik gabeko gaiak pilatuz, patologia baten sintoma izan daiteke, Diogenes sindromea esaterako. Kasu guztietan ordea, zaborren berreskurapenaren balioa esaera honetan bil daiteke: Pertsona baten zaborra, beste baten altxorra.

Hondakin-biltzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabor biltzaile bat Afrikan.

Hondakin biltzaileak beste batzuek botatako material berrerabilgarriak edo birziklagarriak saltzeko edo kontsumo pertsonalerako berreskuratzen dituen pertsona bat da. Mundu mailan milioika hondakin-biltzaile daude, nagusiki garapen bidean dauden herrialdeetan, baina gero eta gehiago industria post-herrialdeetan ere.[1]

Antzinatik hondakinak biltzeko hainbat modu praktikatu dira, baina hondakinak biltzeko tradizio modernoak XIX. mendeko industrializazioan errotu ziren. Azken mende erdian, hondakinen bilketa izugarri hedatu da garapen bidean dagoen munduan, urbanizazioaren, kolonialismo toxikoaren eta hondakinen munduko merkataritzaren ondorioz. Hiri eta eskualde askok hondakin solidoak biltzea baino ez dute ematen, baina ez tratamendua. Ondorioz, zabortegietan berreskuratu daitezkeen materialak aurki daitezke eta hondakin biltzaileak horien bila aritzen dira.[2]

Datu fidagarri gutxi daude mundu osoko hondakin biltzaileen kopuruari eta demografiari buruz. Hondakin biltzaileei buruzko ikerketa akademiko gehienak kuantitatiboak baino gehiago kualitatiboak dira. Eskala handiko datuak sistematikoki biltzea zaila da, lanbidearen izaera informala, mugak, urtaroen araberako lan-indar gorabeheratsua eta lan-gune mugikor eta oso sakabanatuak direla eta. Gainera, ikertzaile askok ez dute datu kuantitatiboak ekoizteko asmorik, agintariek langile horien aurkako errepresioa justifikatzeko erabiliko diren beldur direlako. Beraz, eskala handiko zenbatespenak dira, batez ere, jatorrizko ikerketa-lagin oso txikietan oinarritutako estrapolazioak.[3]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsumo-gizarteak zaborren bolumenaren hazkunde handia ekarri du. Askotan baliozkoak diren gai eta produktuak bota egiten dira, hiri handietako etxebizitzen tamaina txikiarengatik edota gai horiek berreskuratzeko antolakuntza finkorik ez dagoelako. Hirugarren munduan eta, baita ere, lehenengo munduko hiri handietan, pobrezia handiko giza-taldeak sortu dira, lanpostu eta diru-sarrera finkorik gabeak. Hauentzat, zaborretan jardutea diru-osagarri garrantzitsua da, inbertsio handirik eskatzen ez duena eta denboran zehar jarraipenik behar ez duena. Zaborren berreskurapen informala zaborren bilketarako zirkuitu desegokiak dauden hiri eta eskualdeetan maizago gertatzen dela ere baieztatu da.[4] Orobat, krisi ekonomikoen garaian anitz dira jarduera honetara biltzen diren pertsonak.[5] Gaiak berreskuratzeko asmoarekin zaborretan ibiltzea, nolanahi ere, historiako garai guztietan eta non-nahi egin izan da, gizarte-taldetzat urbanizazioarekin batera osatu bada ere.[6] Parisen, esaterako, Erdi Arotik agertzen dira chiffonnier edo trapu-biltzaileak, beste gaietako biltzaileekin batera, kale eta etxeetatik gaikako bilketa eginez. Erdi Aroan euren elkarte eta ermandadeak ere osatu zituzten, beste lanbideetan bezala. Izaera ofiziala izatera ere heldu ziren XIX. mendean eta chiffonnier bakoitzak hiriko eremu jakin bat zuen esleituta, bere identifikazio-plaka eta guzti.[7] 1885 urtean, Parisko udalak hondakinen bilketa bere gain hartzea erabaki zuenean, chiffonnier haien matxinada lehertu zen. Haien eskakizunak kontuan hartu ziren azkenik; lortu zuten zabor-bilketarako zerbitzu publikoak ez igarotzea chiffonnierrek euren lana bukatu arte.[8] Frantzian ezagunak dira, baita ere, nekazaritza munduan eta Erdi Arotik glanage egiten duten glaneurs eta glaneuses pertsonak: uzta ondoren, lurrean geratu diren kondarrak hartzeko baimena duten haiek dira.

Lan metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anitz dira zaborretan ibiltzeko moduak, puntu komun zenbait badaude ere. Oro har, gehienetan bakarrik edo familian egiten den jarduera da. Gizarte-klase apaleko jendea izaten da zeregin hauetan ibiltzen dena, kultura maila eskasekoa kasu askotan eta horrek zaildu egiten du pertsonen arteko harremana lan-antolakuntza bat definitzeko. Indibidualtasun honek elkartasuna eragotzi eta zaborretako bilatzaileen arteko konkurrentzia handia ekartzen du gainera. Bestalde, lehenengo munduko hiri handietan gizartean gaizki ikusitako jarduera denez, ezkutuan eta bakardadean jarduten da, gauez askotan. Bi dira berreskurapenerako eremu nagusiak: zabortegiak, legezkoak (non zerbitzu publikoek jasotako zaborrak botatzen diren) zein legez kanpokoak, hirugarren munduko hiriguneetan batez ere, eta kaleko zaborrontziak. edo hirietan bizilagunek zaborrak noiz bota).

Zaborrak berreskuratzeko jarduerak hainbat aldi ditu:

  • bilketa zerbitzu publikoek zaborrak botatzen dituzten zabortegietatik, legez kanpoko zabortegietatik.[9] edo kaleko zaborrontzietan miatuz egin daiteke;[10] gaien bilketa etxe eta lantegietatik zuzenean ere egin daiteke, bizilagunekin adostuta, kasu batzuetan diru-kopuru txiki baten trukean;[11] ohikoa da, era berean, zaborretan ibiltzen den jendea garbiketa-zerbitzuen zelatan egotea (zabortegietan, zaborra dakarten kamioiak noiz etorriko, edo bizilagunek zaborrak noiz botako).
  • sailkatzea eta balioa ematea, bildutako gaiak bere izaeraren arabera sailkatu behar dira (metaletan, burdina, aluminioa eta kobrea berezi behar dira, besteak beste), aparte saltzen baitira; horretarako, askotan aurkitutako gailuak garbitu egin behar dira, kobrezko hariak moztuz, aluminiozko osagaiak bereiziz eta abar; berrerabiltzeko diren produktuetan garbiketa eta errestaurazio-lanak behar izaten dira (arropa eta altzarien kasuan, esaterako). Produktu batetik atal eta gai batzuk soilik aprobetxatzeari kanibalizazio deitzen zaio.
  • salmenta, berreskuratutako lehengaiak bitartekariei (txatartegiak, adibidez) saltzen zaie kopuru aski handia metatu denean; berrerabiltzeko diren produktuen kasuan bigarren eskuko azoketan edo bitartekari bat erabiliz sal daitezke. Ordainketa eskudirutan eta fakturarik gabe egin ohi da. Biltzaileak berak berrerabili ere egin ditzake aurkitutako gauzak.

Lanerako erabiltzen tresnak denetarikoak dira: txikizkako bilketan ibiltzen direnek poltsa edo saski arrunt bat erabil dezakete; handizka jarduten dutenek (kalean uzten diren etxetresna elektrikoak edota txatarra biltzen) tamaina ertaineko kamioiak erabil ditzakete; tartean orgatilak eta bestelako ibilgailuak izanik. Funtsezko lanabesa kakoa da, zaborrontzi barruko poltsak desegin eta edukia ikusi edota zaborrontzi barruko gaiak aiseago eskuratzeko. Imana ere elementu garrantzitsua da, burdina eta beste metalak bereizteko. Gailuen garbiketarako bestelako erreminta arruntak ere erabiltzen dituzte, labanak, bihurkinak eta abar.

Bildutako gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aprobetxagarria, birziklagarria eta diru-balioa, eskasa izanik ere, duen gauza oro bilatzen da zaborretan. Birziklagarriak diren gaietan metalak diren gehien bilatzen direnak, balio zuzen eta berehalako handiagoa dutelako. Balio handienetik txikienera ordenaturik, kobre garbia, brontzea eta latoia (txorrotak), kobre-haria PVC plastikoan bildurik, altzairu herdoilgaitza, aluminioa, zinka, beruna, ibilgailu motordunen bateriak eta burdina azkenik.[12] Papera, kartoia, plastikoak, beira eta trapuak (berrerabilgarriak ez diren arropak) ere bil daitezke, baina balio eskasagoa dute, paper zuria ezik. Eraikuntzarako materialak ere berreskuratzen dira, adreiluak kasu. Hirugarren munduko herrialdeetan denetariko gaiak biltzen badira ere, lehenengo munduan ohikoagoa gai guztietatik balio handiagoa duten metalak bakarrik biltzea.

Janariak ere bilatzen dira zaborretan. Praktika hau arriskutsua da, egoera txarrean, beste hondakinekin batera, edo gutxienez iraungipen-dataz kanpoko elikagaiak aurkitzen direlako zaborretan. Hirugarren munduan, ohikoa da gai organiko hauek berreskuratzea abereei eman edo ongarri moduan erabiltzeko. Lehenengo munduan, gauez supermerkatu eta hipermerkatuen kanpo aldeko zaborrontzietan miatzen duten pertsonak ugaldu dira, iraungipen-data bete berria edo betetzear duen janari bila. Askotan, zaborretako bilatzaileak zai egoten dira saltoki hauetako kanpo aldean, produktuak noiz botako zain.[13] Estatu Batuetan mugimendu bat sortu da janariak dohainik eskuratzeko modu honen inguruan, freegan deritzen pertsonez osaturik.

Beste alde batetik, berrerabilgarriak diren produktuak ere biltzen dira zaborretan: arropak, altzariak, tresnak, jostailuak eta bestelako gaiak. Batzuetan berri berriak diren produktuak aurkitzen badira ere, garbiketa arrunta eta konponketa sinplea behar duten produktuak ere biltzen dira. Produktu hauek zaborretako bilatzaileak berak berrerabili (anitz dira zaborretatik euren lanetarako denetariko gaiak biltzen ditizten artistak, oholak edo bestelako osagaiak) edo saldu egin ditzake, zuzenean (bigarren eskuko azoketan esaterako) edo bitartekarien bitartez (brokanteak, esaterako). Objektu baliotsuak ere aurkitu dira zaborretan, artista ezagunen margolanak, zaharkinak eta abar.[14]

350
Zaborren berreskurapen informalean erabilitako erreminta zenbait: kakoak zabor-poltsak zaborrontzitik ateratzeko, labanak sokak eta kobre-hariak mozteko, bihurkina, mailua eta imana, metal ferrikoak eta ez ferrikoak bereizteko.
350
Irekitako ordenagailua eta telebista, barruko osagai metalikoak erauzteko. 2010 urtearen inguruan, LCD telebista eta pantailen zabalkundearekin batera, tutu-telebista eta pantaila asko bota ziren. Hauetan zuloa egin (irudian bezala) eta kobrea erauzten errumaniar etorkinak nabarmendu ziren Euskal Herrian. Zabor elektronikoa maneiatzea arriskutsua izan daiteke ordea, karga elektrikoak eta metal astunak izan ditzakeelako.
350
Zaborren berreskurapen informalean jasotako gai zenbait: kobre-hariak, aluminioa (potea eta leihoko estrabea), altzairu herdoilgaitza (zartagina) eta latoia (heldulekua).
350
Goizaldean Donostian barrena kalez kale ibili ondoren, furgoneta batean jasotako txatarra. Txatartegian salduta, 40.77 euro eskuratu zituen. 2010eko martxoa.

Berreskuratzaileen soziologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren mundua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren munduan zaborren berreskuratzaile informalak agertzea, erabateko pobreziak[15] eta zaborretako doako baliabideek dakarte. Garapen bidean dauden herrialdeetan, hirietako biztanleen %1 berreskurapen informalean aritzen dira; guztira 15 milioi lagun, gutxi gorabehera, 2007. urteko datuen arabera. Gehienak Txinan (6 milioi) eta Indian (milioi bat) dira, emakumeak eta haurrak proportzio handi batean[16] Zaborren berreskurapenerako ez da inbertsio ekonomikorik behar, aparteko trebeziarik ere ez eta batzuetan bitartekariek erraztasunak eskaintzen dizkiete lanean aritzearen trukean (janaria, bizilekua). Gehienetan landatik hirira etorritako familiak dira lan honetan hasten direnak, berehalako bizimodua eskaintzen duen jarduera baita, gizarteko integraziorik behar ez duena. Horrela, gehienetan zaborretako miaketan ere ibiltzen den jendearekin batera bizi dira txabola-auzoetan bizitzen dira. Gizarteko beste taldeekin ez dago ia harremanik, bitartekariekin ez ezik. Honek guztiak zaildu egiten du gizarte-talde hauen integrazioa eta horrela ohikoa da gutxiespena eta bazterkeria beste gizarte-taldeen eskutik. Batzuetan, estatu-erakundeen erasoak jasan ere egin behar dituzte, lanbidean aritzeko oztopoak pairatuz (isunak, debekuak, eta batzuetan eraso fisikoak ere bai), baina euren egoerari irtenbidea emateko aukerarik eman gabe. Emakumezkoak sexu-erasoen biktima izaten dira. Adibide moduan Indiako Mumbai, Delhi eta beste hiri handiak har daitezke. Inguruko nekazaritza-lurraldeetatik etorkinen migrazio handia izan duten hiriak dira eta asko dira, pobrezia gorrian, slum (ingelesez) edo txabola-auzoetan bazterturik, zabor bilketa lanari ekin behar diotenak:

  • Nimala, bere haur eta senar saski-egilearekin Delhira etorritako saski-egile baten ematzea saskigintza utzi behar izan zuen senarrak familia utzi zuenean. Zaborretan aritzen da geroztik, goiz eta arratsaldez, haurra txabolan utzita. Etsirik dago, ez baitu itxaropenik gauzak aldatuko direnik. Jendearen mesprezua jasaten du behin eta berriz, eta bere buruarekiko estimua ere galdua du. Sarritan bitartekarien erasoak ere pairatzen ditu.
  • Delhin 16 urteko Mohammed Hussain atxilotua izan zen udaltzain bat zertan ari zen galdetu eta zaborra biltzen esan ondoren. Polizia etxera eraman eta bertan eduki zuten gau oso batez. Inguru berean, 9 urteko haur bat era berean atxilotu, shock elektriko batez jo eta polizia etxean jipoitua izan zen.
  • Mohammed Sabir Ali orain dela 15 urte etorri zen Assam probintziatik. 12 urtez zabor bilketan aritu da. Orain dela hiru urte, gurdia erosi zuen mailegu bat eskatuta, fruta saltzen hasteko. Egun batean, udaltzainek fruta lurretik sakabanatu eta gurdia kendu egin zioten. Zabor bilketara itzuli behar izan du, maileguaren zorra ordaindu behar duela gainera.[17]

Berreskuratzaile hauen egoeraren hobetzea gizarte osoaren onespenetik etorri behar da, burutzen duten lana oso garrantzitsutzat joaz, hiri-hondakinen bolumena era nabarmen batean murriztu eta gai kopurua handia birziklatu egiten delako beraiei esker. Hortik aurrera, botere publikoen ekimena eta lankidetza ere oso garrantzitsua da, berreskuratzaile informalen antolakuntza eta hezkuntza sustatuz.

Herrialde aberatsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaborretako materialekin art brut edo outsider art joerako artistek arte-lan ikusgarriak egiten dituzte.

Lehenengo munduko herrialdeetan berreskuratzaile informalaren tipologia guztiz ezberdina da. Fenomeno urbanoa da guztiz, hiriko kale edo periferiako lantegietara mugatu ohi dena eta pobrezia eta bazterkeriak eragindakoa gehienetan, hirugarren munduan bezalaxe, baina hirugarren munduan kolokan dagoena biziraupena den iraupena, herrialde aberatsetako hiri handietan diru-sarrera osagarriak lortu edota, euren bazterketa-egoeran etsirik, laguntza eske gizarte-zerbitzuetara jo nahi ez duten pertsonek aurrera eramaten duten jarduera da. Hirugarren munduan baino askoz ere jende gutxiago ere aritzen da. Bakardadean edo familia eta lagun-giro txikian egiten den jarduera da gainera, gizarteak jarduera horietan aritzea gaitzetsi egiten baitu.[18] Arloteak eta eskaleak dira kasu askotan, bizimodu justua berdindu nahian, zaborrontzietan etekina edo baliozkoa izan daitekeen gauzaren bat bilatzen dituztenak, kontuan harturik gainera kalean pasatzen dituztela ordu gehienak. Arazo hauek ez dituzten pertsona antolatuagoak ere aritzen dira lan hauetan, automobil, furgoneta edo kamioi txiki batez, kaleak zeharkatuz botata dauden gai eta gauzak bilduz. Modu sistematikoagoan aritzen direnez, azken hauek etekin handiagoak lortzen dituzten jarduera honetatik. Azkenik, zaletasunez, han-hemenka eta noizean behin, ibiltzen diren pertsonak ere badaude, gauza erabilgarri edo baliozkoak aurkitu nahian, batzuetan lan artistikoetarako lehengai gisa erabiltzeko. Estatu Batuetan, esaterako, ez da hain nabarmena jarduera hauei egiten zaien mesprezua; sektore anitzek bizitzeko duten beste aukera bat besterik ez da.[19]

Botere publikoak, legea eta berreskurapen informala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren munduan gehienetan utzi egiten da jarduera hau aurrera eramaten, kontuan harturik lan hauetan aritzen direnek hiri hondakinen zati nabarmen berreskuratzen dituzten gaiak birziklatu egiten direla, hondakinen arazoa arinduz. Gainera, horren inguruan balio-kate garrantzitsua osatzen da bertako ekonomietan, bitartekariekin hasi eta gaiak birziklatzen dituzten lantegiekin zikloa osatu arte. Giza-talde hauek lan egiten duten eremuetan proiektu urbanistiko edo bestelakoak egiten direnean, ordea, eskasak dira langile hauei eskaintzen zaizkien aukerak eta askotan besterik gabe euren etxe xumeetatik erauziak dira.[20] Bestela ere, egunerokoan poliziaren aldetik mehatxu eta xantaien biktima izaten dira, legezko inongo arrazoirik gabe [21] Ez dira jazartzen, ordea, lan hauetan aritzen diren haurren egoera larriak, nazioarteko erakundeetatik behin eta berriz salatzen badira ere. Egoera hauek gainditzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik berreskurapen informaleko jarduera hauek legeztatu eta bultzatzeko gomendioak egin dira, kooperatiben sorrera bultzatuz eta mikrokredituak emanez. Brasil da arlo honetan nabarmendu den herrialdeetako bat, neurri handi batean haurrak zeregin hauetatik kanpo uztea lortu baitu, hainbat programaren bitartez.[16]

Lehenengo munduko hirietan, berriz, berreskurapen informalak sortzen dituen arazoak guztiz bestelakoak dira eta kaleetako garbitasunarekin loturik agertzen dira. Hiri askotan debekaturik dago zaborrontzietan miatzea. Donostian esaterako, espresuki jasota dago gizalegezko portaerari buruzko udal ordenantzan, debekatuta dagoela «hondakin urbanoak eta zaborrak eskukatzea edo aukeratzea, horiek zabalduta, bilketa oztopatuta edo ontzikiak aldatuta»[22] Madrilen, esaterako, 750 euroko isuna jar diezaiokete zabol-poltsak ireki edo zaborrontzietatik gauzak ateratzen dituen pertsonari.[23]. Espainian txatarra kalean modu informalean biltzea guztiz debekatu zuen 2011ko uztailean indarrean sartu zen Hondakin eta Kutsatutako Zoruen Legeak: txatar biltzaileei debekatu egin zitzaien kalean modu informalean txatarra biltzen zutenei txatarra erostea; ondorioz, Atzerakada Handia dela eta aurreko urteetan ugaldu ziren txatar biltzaile informalak desagertu egin ziren kaleetatik[24]. Estatu Batuetan legala da, hiriko aginteak espresuki debekatzen ez duen bitartean. Dena den, malgutasunez aplikatzen den araua izaten da eta ez da arazorik zaborrontzietan miatu eta poltsak ateratzeko, baldin, bildu beharrekoak bildu ondoren, gainerako zaborrak zaborrontzira itzultzen badira. Herrialde aberatsetako zabortegien kasuan, legezko zabortegiak publikora itxita egoten dira eta erabat debekatuta egoten da sartu eta bertan zaborretan aritzea.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobrezia egoeratik ateratzeko nahikoa ez bada ere, berreskurapen informala ezinbesteko diru-iturria da hirugarren munduko hirietako familia askorentzat. Mumbai hirian esaterako, urtero 1000 milioi dolarreko ekoizpena sortzen duen jarduera da.[25] eta toki askotan batez besteko errentatik gorako etekinak ematen dituela egiaztatu da.[16] Jarduera honek eraginkortasun-arazo asko erakusten ditu bere ekonomia-prozesuan. Berreskuratutako gaien gorabeherak, berreskuratzaileen sakabanaketa eta beraien arteko konkurrentziak aurkituko diren gai-kopuruari eta, beraz, lortuko den etekinari buruz aurresanak egitea zaildu eta beraz, lanbide finkoek dakarten egonkortasuna zaildu egiten du. Horrek produktibitatea gehitzeko egin litezkeen inbertsioak (kamioiak, esaterako) eragotzi ere egiten du. Balio-katean bitartekari gehiegi daudela ere egiaztatu da, berreskuratzaileei azkenean ordaintzen zaien prezioa murriztuz. Irtenbidetzat, jarduera horiek onerako sustatzen dituzten ekimenak eratu dira. Horrela, langileen irabaziak gehitzen dituzte, eta muturreko pobrezia modu egonkorrean ezabatu. Hiru taldetan sailka daitezke egoera hauek: berreskuratzaileen kooperatibak, mikroenpresak eta botere publikoekiko lankidetzarako ekimenak, zabor bilketa eta kudeaketa berreskuratzaile hauek sortutako enpresen esku utziz. Antolakuntza modu hauek gaiak birziklatzen dituzten lantegiekin harreman zuzena ahalbidetzen dute, bitartekariak kenduta eta gaiak saltzerakoan negoziazio-botere handiagoa emanda.

Berreskurapen informalaren jarduerako balio-katerako proposamenak[26]
Aldia Hobekuntza
Bilketa Berreskuratu beharreko gaien identifikazio zuzen batek gaien aprobetxamendu egokiagoa ekartzen du.
Sailkapena Bereizketa zenbat eta zehatzagoa, orduan eta balio handiagoa lortzen da (paper zuria eta kartoia bereiziz gehiago irabazten da biak nahastuta baino).
Metaketa Gaien metaketa handiagoak prezio hobeak izaten ditu saltzeko orduan.
Aurreprozesamendua Gaien garbiketak edo prestaketa egokiak bere balioa gehitzen du.
Artisautza Gaiak artisau lanetarako erabil daitezke, inbertsio handirik gabe balioa sortuz.
Merkatu-adimena Gai-merkatuen ezagutzak gaietarako prezio altuagoak lortzeko aukera ematen du.
Salmenta Zuzeneko salmentak etekin handiagoak ematen ditu.

Gizarte osoarentzat gainera onuragarria da jarduera hauen garapen eraginkorra, hondakinen bolumena murrizteaz gainera, plastiko, paper eta metalen inportazio gutxiago egin behar izatea ahalbideratzen dutelako, prezio garestiagoetan askotan eta horrela bertako lantegien lehiakortasuna gehituz. Sarri, zabor guztiaren %50-%80 bitarte jasotzen da berreskurapen mota honen bitartez.[26] Jarduera informal hauek formal bihurtzeak gainera, ekonomia ezkutuaren atal bat azaleratzen du, zerga bidez ekarpen handiagoak lortuz.

Herrialde aberatsetan ere, berreskurapen informala jende pobre eta baztertuarentzat diru-osagarri eta produktu eta janari-iturri garrantzitsua izan daiteke, baina bere eragin ekonomikoa txikiagoa da. Gainera, berreskurapen-enpresa eta elkarte formalak sortu dira hiri askotan (Donostian, esaterako, Emausko Traperoak elkarteak baliozko gai eta produktuen bilketa sistematikoa burutzen duena). Zabor bilketarako zerbitzu publikoek, bestalde, aldiro pasatzen dira kaleetan utzitako altzari eta gailuak jasotzen eta gai birziklagarrietarako gune bereziak (Garbiguneak, kasu) ohikoak dira. Honek guztiak mugatu eta eragotzi egiten du banakako berreskurapen informala. Berreskurapen informalaren bitartez hiri hondakinen kudeaketan ugaltzen ari den industrializazioa eta mekanizazioaren aldean, non gai eta objektu guztiak birziklatzera bideratzen diren, horiei bigarren erabilera emateko aukerarik eman gabe, berreskurapen eta aprobetxamendu informalak eraginkorragoak direla egiaztatu da.[27][28]

Berreskurapen informala eta osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero 5 milioi pertsona hiltzen da hegoaldeko herrialdeetan, zaborren berreskurapen lanetan.[29] Lan hauekin sorturiko osasun-arriskuak hauek dira:

  • zaborra patogeno arriskutsuekin kutsatuta egoten da eta eskuetatik aise pasatzen dira ahora;
  • osagai batzuek (gailu elektronikoen kasuan, batez ere) osasun-ondorio larriak dakartzaten metal astunek dituzte;
  • egoera txarrean dauden janari-hondarrak arriskutsuak dira jaten badira;
  • objektu zorrotzek zauri larriak eragin ditzakete;
  • tratatu gabeko ospitaletako hondakinak oso arriskutsuak dira;[30]
  • gai astunen garraioak gihar eta hezurretako arazoak ekar ditzake;
  • arratoi eta bestelako gaixotasun-kutsatzaileak izaten dira zabortegietan;
  • zabortegietako suteek edo hondakinen erreketa, baliozko gaiak erauzi nahian, gai toxikoen arnasketa ekartzen du (adibidez, plastikoz estalitako kobre-harien erreketa);
  • polizia- edo mafia-erasoen mendean egoten dira berreskurapen lan hauetan aritzen den jendea.

Osasun arazo hauek areagotu egiten dira haurren kasuan, euren defentsa-mekanismoak eskasagoak direla, status sozioekonomiko xumeagoa eta arriskuen informazio eskasagoa dutela kontuan harturik. Egindako ikerketek zabor-miaketan aritzen diren haurrek gaixotasun eta osasun-arazoen intzidentzia altuago izaten dutela egiaztatzen dute.[29]

Osasun-arazo hauek ekiditeko nahikoa ez bada ere, gutxienez eskularru egokiak eta maskara erabiltzea gomendatzen da, zaborrontzietan miatu edo zabotegietan gaiak biltzeko. Botere publikoen parte hartzea ere oso garrantzitsua arazo hauen prebentzioan, zabortegietarako sarrera debekatuz, zabor-bilketarako zerbitzu egokiak eratuz eta lan hauetan ibiltzen den jendeari berreskurapen-jardueran aritzeko beste aukerak emanez, bilketa jatorrian (etxez etxe edo lantegietan) egitea ahalbideratuz, zabor bihurtu baino lehen.

Berreskurapen informalaren erakusgarriak munduan zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko historian, traperoak izan dira berreskurapen informalaren pertsonaia nagusia. Herriz herri eta baserriz baserri, astoz eta gurdiz, denetariko gaiak erosteari ekiten zioten: trapuak, hezurrak, espartinak, botilak, artilea, latak.[31][32] XIX. mendetik ezaguna da Jose Maria Iparragirrek lagun zuen Ramon Batista Alegiako traperoaren omenez egindako abestia:

Egunez trapu biltzen
gabean dantzan lehertzen
beti umore onean
degu pasatzen,
eta goizean goiz
kalean irten da
lo goxoan daudenak
esnatzen dira.

Trapu trapu zaharrak!
Atera atera, trapuak saltzera
nik erosten ditut
modu onean
arditian prakak kuartuan albarkak
ta burni zaharrak txanponean

Erosten ditut trapuak
praka zahar urratuak
gona gorri zaharrak eta
atorratxuak.
Jo zak zurrumuzki
atabak soinu
dantzan egiteko
beti erana.

Eltze elbarriturik
pertza zulorik duenik
arran parrillik edo
trebera zaharrik.
Inork saltzeko badauka
librako txanponean
Ramon Batistak
erosten ditu.

Antzinako trapero bat.

1960ko hamarkadatik aurrera, traperoa desagertzen joan den ofizioa izan da, eta horrek bidea zabaldu die kamioiez lantegiz lantegi txatarra eta bestelako gaiak biltzen edo lokal itxietan txatar salerosle gisa metalak erosten dituzten profesionalei. Azken hamarkadetan ijitoak nabarmendu dira berreskurapen informalean aritzeagatik, pobreziak eta gizarte-bazterkeriak bultzaturik. XX. mendearen bukaeratik giza-talde hauek jasotzen dituzten gizarte-laguntzak (gizarte-soldata, esaterako) jaso arren, txatar bilketan jarraitu dute, gizarte-laguntzak galdu gabe diru-iturri osagarri eta ezkutua lortzeko aukera ematen dielako batzuetan, gizarte-zerbitzuek horren berri izan gabe, eta laguntzak bizimodua ateratzeko nahikoak ez direlako besteetan.[33] 2002. urtetik, Europar Batasuneko mugak ireki zitzaizkienean, Hego Euskal Herrira heldutako errumaniar etorkinek osatu dute zaborren berreskurapen informalean aritzen den azken giza-talde nagusia. Etxebizitza eta lanposturik gabe, kasu batzuetan aire libreko kanpamenduak eraikitzaeri ekin zioten han eta hemen zaborretan aurkitutako gaiak berrerabiliz. Bizimodua ere zaborren berreskurapenetik ateratzen dute kasu askotan, kalez kale zaborrontzietan metalak eta bestelako produktuak bilatuz,[34] kakoa eta aurkitutako gauzak sartzeko erosketa-gurditxoa harturik.[35][36]

Halaber, bestelako arrazoiengatik zaborretako gauzak biltzen dituen jende arrunta ere bada. Gizartean zabor-kopurua murriztu eta berreskurapenerako kultura zabaldu da eta horrela asko dira kalean botatako altzariak edo bestelako objektuak jasotzen dituztenak.[37] Horrela, ohikoa da kaleetan zaborrontzi ondoan utzitako arropak, liburuak , altzariak edo gailuak ikustea, horiek jaso nahi dituen jendeak besterik gabe eraman ditzan.[38] Azken aldi honetan, gainera, produktu hauek saldu eta erosteko bigarren eskuko azokak antolatu dira.[39] Dena den, oraindik ere gizarte-sektore gehienen aldetik gaizki ikusia dagoen jarduera da.

Beste alde batetik, arazo psikiko bati dagokion jokaera izan daiteke zaborretan miatu eta gauzak hartzekoa. Gauzak pilatzeko jokaera edo silogomania eta agureak erasaten dituen Diogenes sindromea dira zaborretatik denetariko gauzak hartzearekin lotzen diren gaixotasunak. Alkoholismoak bultzatzen duen jarduera ere izan daiteke. Euskal Herrian ere, ohikoa izan ez arren, hirietako kaleetan jende zaharra zaborrontzietan gauzak bilatzen ikus daiteke batzuetan. Askotan, ordea, gaixotasun psikiko batetik urrun, agureek gauzak aprobetxatzeko duten jarrerarekin lotu behar da jarduera hau, batez ere bizitzan zehar bizimodu zaila izan badute. Donostian esaterako, oso ezaguna zen Txantxillo pertsonaia, beti poltsaz gainezka, zaborretatik gauzak biltzen ibiltzen zena.

Cartoneo jarduera Argentinan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betidanik, berreskurapen informala ohiko jarduera izan bada ere, Argentinan 2001 urtean lehertutako krisialdi ekonomiko eta sozialak cartoneo izeneko jardueraren hazkunde itzela eragin zuen. Ordura arte lanpostu finkoa eta soldata egonkorrak zituzten langileak pobrezia gorrian geratu ziren denbora gutxian. Ondorioz, langile hauek kalez kale, etxez etxe ibili eta kartoiaren eta paperaren bilketari ekin eta horrela cartoneo, hertsiki kartoiaren berreskurapen informala, bilakatu zen familia askoren sostengu nagusia.[40] Egindako kalkuluen arabera, 40.000 cartonero edo kartoi-biltzaile ibiltzen ziren 2006 urtean Buenos Aires hirigunean eta horietatik erdiak krisi aurretik lanpostu finkoa zuten. Cartoneo edo cirujeo lanetan ibiltzen zirenen erdiak adin txikikoak ziren. Bizilagunekin adostuta lan egiten dute askotan, paper zuria (gai preziatunea), kartoia eta bestelako gaiak ia bereizita jasotzeko. Denetariko ibilgailuak erabiltzen dituzte: erosketa orgak, zaldi-gurdiz, edo erremolkedun bizikletaz. Buenos Aireseko periferiako katoneroek erdigunera joateko Tren Blanco izeneko tren berezi famatua hartu zuten 2002-2008 urte bitartean,[41] eserlekurik gabea, euren ibilgailuak aise sartzeko.

Laster biltzaileak koooperatibetan antolatu ziren, antolakuntza, eraginkortasuna eta bitartekarien gehiegizko irabaziak berreskuratzeko. Hala ere, biltzaileen %90ek bere kabuz lan egiten jarraitzen dute, modu informalean. Zabor bilketaren zerbitzu publikoek errekuperatutako tonako kobratzen zutenez erakude publikoetatik, tirabirak sortu ziren zerbitzu hauekin. Negoziazio luzeen ondoren, cartoneroek zaborretan ibili eta gaiak jasotzearen gainean zegoen debekua bertan behera uztea lortu zuten 2003 urtean. Langileen antolakuntzaz, kooperatibetan bilduta esaterako, lan-segurtasunerako hobekuntzak lortu dira (eskularruen banaketa, gaixotasunen aurkako txertaketak, ...), kolore ezberdinetako poltsak banatu zaizkie bizilagunei, cartoneroek poltsak puskatu eta kaleetan zaborra sakabanatu behar izan ez dezaten, eta polizien gehiegikeriei buruzko postakutxa anonimoa, haurtzaindegiak, jantoki kolektiboak eratu dituzte.[42] Politikan sartzeko aukerak izan badituzte ere, cartoneroen sindikatu bat sortuz esaterako, erantzun orokorra ezezkoa izan da. Cartonero kooperatiba bateko kide baten hitzetan:[42]

« Politika gaietan sartu behar duzunean, ez zaigu interesatzen. Ez diogu inori deus ere zor. Asko kostatzen zaigu, baina ez gaude inoren mendean. Adi ibiltzen gara. Denak ezagutzen ditugu. »


Kairoko zabbaleen jendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kairo hiriko zabbaleen edo zabor-jendea da zaborren berreskurapen informalean aritzen den giza-talde nagusia: XIX. mendearen bukaeran wahiya edo oasis-jendea Goi Egiptotik Kairora mugitu zen eta bizimodu ateratzeko hiriko zaborretaz arduratzen hasi ziren, modu formal batean bizilagunekin adostuta, diru-trukean. 1930-1940 urteetan beste giza-talde bat heldu zen Kairora, zabor bilketa modu informalago batean egiteko. Zabbaleen izenez, haien ondorengoak dira egun ere berreskurapen lanetan jarduten dutenak, wahiya jendea bitartekari gisa eta zaborretarako sarbidea kontrolatzen aritzen den bitartean. Egiptoar gizarteko beste sektoreekin harremanik izan gabe, Zaborraren Hiria deritzon euren auzo propioan itxita bizi dira. Guztira 20.000 mila inguru zabbaleen bizi da Kairoko Muqqatam inguruan, txabola-auzo batean pobrezia gorrian eta osasun-arazo larriekin. Hala ere, zabbaleen jendeek euren etxeak eraiki, mikroenpresak eratu eta inbertsioak egin dituzte euren negozioak hobetzeko, debekatutako asto-gurdietatik kamioetara aldatuz adibidez. Denetariko gaiak biltzen dituzte, organikoak barne, txerrientzako janari moduan ere erabiltzen dituztenak, turisten hotelei saltzeko (jakina denez, musulmanek ez dute txerrikirik jaten), %85eko birziklapen-tasak lortuz eta beste milaka pertsonentzako lanpostuak sortuz gaien birziklapenaren arloan. Birziklapen arloan duten trebezia eredugarritzat jo da mundu osoan.

Hala ere, zabbaleen jendeari baimenak kendu eta zabor-bilketaren sistema multinazionalen eskuetan uzten joan dira azkenik botere politikoak, 2003. urtetik aurrera. Protesten aurrean, zaborren kudeaketarako enpresek zabbaleen jendearekiko lan-kontratuak egin ditu, jende hauen berreskurapen jarduera informala legeztatuz. Beste arazo bat zabbaleen jendea bizi den txabola edo etxe xumeen auzoena da: proiektu urbanistikoek auzo hiriek desegin eta zabbaleen jendea kilometro askotara bidaltzea aurreikusten dute, zabor-kudeaketarako instalazioekin batera, auzo tradizionalak deseginez eta euren jardueretarako ohiko guneak ezabatuz. Esan behar da gainera jende hau bazterkeria nabarmena jasaten duela egiptoar gizartean, euren jarduera gaizki ikusia izateaz gainera, kristau koptoak baitira horietako asko, Egipton nagusi diren musulmanak ondoan.[20]

Berreskurapen informala zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatik, Italiako Gambettola herriko jendea ezaguna zen gai birziklagarriak erosten herriz herri ibiltzeagatik, bizikletaz askotan, irudiko estatuak erakusten duen bezala. Zaborren berreskurapenerako bitartekariak ziren, Gambettolan metalak urtzen zituzten lantegiak baitziren.

2000 urtean Agnès Varda frantziar zinegileak Les glaneurs et la glaneuse (Hondar-biltzaileak, euskaraz) filmea plazaratu zuen, glaneurs edo uzta burutu ondoren utzitako ale edo fruituan biltzen aritzen diren pertsonen gainean. Filme horretan, zaborretan ibiltzen den jendearen bizimodua ere agertzen da eta egindako elkarrizketetan zaborretan ibiltzeko motibazioa eta egunerokoa azaltzen dira. 2002 urtean Vardak Deux ans après lehenengo filmearen jarraipena burutu zuen, non bi urte lehenago topatutako pertsonaiekin berriz ere biltzen den, euren bizimoduaren martxa ezagutzeko.

Berreskurapenaren argota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • waste picking, hondakinen bilketa, baita ere, urban foraging, binning, alley surfing, D-Mart, dumpstering, garbing, garbage picking, garbage gleaning, skip-raiding, skipping, skipweaselling, tatting, skallywagging, trashing;[43]
  • dumpster diving, zaborrontzien miaketa;
  • scavenger, zaborretako miaketan aritzen den pertsona;
  • rag and bone man (Britainian), junk man (Estatu Batuak), traperoa;
  • One man's trash is another man's treasure (Gizon baten zaborra beste gizon baten altxorra da.).

Frantsesez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • chiffonnier, chiffonnière; biffin, biffine, traperoa;
  • faire les poubelles, zaborretan miatu; faire la biffe, bigarren eskuko objektuak bildu eta saltzea.

Gazteleraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • cartoneo, cartonear, cartoneros , kartoiaren bilketa, kartoia bildu, kartoi-biltzaileak (Mexikon eta Argentinan);
  • cirujeo, zabor miaketa (Argentinan);
  • hurgar en la basura, zaborretan miatu;
  • buscabote, aluminiozko poteak bilatzen dituena (Mexikon);
  • frasquero, kristalezko botilak bilatzen dituena (Mexikon);
  • pepenadores, zabortegietako bilatzaileak (Mexikon).


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gowan, Teresa (1997). "American Untouchables: Homeless Scavengers in San Francisco's Underground Economy". International Journal of Sociology and Social Policy. 17 (3/4): 159–190. [1]
  2. https://intellectdiscover.com/content/journals/10.1386/ijtm.5.3.257/1
  3. https://www.wiego.org/waste-pickers#org
  4. Hirugarren munduko hiri handietan zabor osoaren %25-%55 bitartean bakarrik jasotzen dute zabor-bilketarako zerbitzu publikoek. Ikus: (Ingelesez) Hunt, Caroline. (1996ko urria). «Child waste pickers in India: the occupation and its health risks» Environment and urbanization 8 (2)..
  5. Adibidez, Argentinan asko izan ziren 2001 urtean han gazteleraz esaten den bezala cirujeo lan honetan hasi zirenak: (Gaztelaniaz) Paiva, Verónica; Perelman, Mariano. (2008). «Recolección y recuperación informal de residuos: la perspectiva de la teoría ambiental y de las políticas públicas. Ciudad de Buenos Aires 2001-2007» Cuaderno urbano: espacio, cultura y sociedad (7).
  6. (Ingelesez) Petružitė, Donata. (2009). Waste Pickers' Way of Life: Case Study of the Dump of Kariotiškės (Summary of Doctoral Dissertation). Vilnius.
  7. (Frantsesez) Vassor, Bernard. (2008-05-02). Les chiffonniers, les biffins, les chiftires á Paris. ..
  8. (Frantsesez) Desrochers, Pierre. (1999-06-26). «Les poubelles de Pierre Bourque» Le Québécois Libre..
  9. Herrialde aberatsetan legezko zabortegiak itxita egoten dira, ordea.
  10. Askotan bizilagunek zaborrontzien ondoan uzten dituzte baliozkoak izan daitezkeen gaiak, bilatzaileak zaborrontzi barruan miatu behar ez izateko.
  11. Antzinako traperoen metodoa zen azken hori.
  12. 2010. urtean bitartekariek Gipuzkoan ordaindutako prezioak hauek ziren gutxi gorabehera: kiloko 4,5 euro, kobre garbiaren kasuan, eta kiloko 0,15 euro, burdinaren kasuan. Prezio horiek oso aldakorrak dira, ordea, eta nazioarteko merkatuen mende izaten dira.
  13. (Gaztelaniaz) Kaosenlared.net. (2009-04-09). Buscadores de comida (los recicladores en los contenedores de basura). ..
  14. (Gaztelaniaz) «El cuadro de Tamayo hallado en la basura valía un millón de dólares» Noticiascadadia 2007-11-21..
  15. Pobreetan pobreenak direla baieztatu da. Ikus: (Ingelesez) Hayami, Yuhiro eta beste zenbait. (2003-10). Waste Pickers and Collectors in Delhy: Environment and Poverty in an Urban Informal Sector. ..
  16. a b c (Ingelesez) Medina, Martin. (2008-10). «The informal recycling sector in developing countries» Gridlines-World Bank (44)..
  17. (Ingelesez) Profile of waste pickers. ., HTML bertsioan.
  18. Salbuespenak badaude, Donostian, esaterako, lan hauetan aritzen diren errumaniarrak kalez kale banaka edo binaka ibiltzen diren arren, euren artean banatutako kaleetara abiatu baino lehen, 6-12 lagunetako taldeetan ibiltzen dira. Kontuan hartu behar da, ordea, lan egiteko modu hau Errumaniatik etor daitekeela, han modu sistematikoago eta antolatuago batez aritzen baita jarduera hauetan.
  19. (Ingelesez) "Dumpster Diving" for Fun and Profit.. 2010-03-12..
  20. a b (Ingelesez) Wael Salah, Famih; Sutton, Keith. (2006-12). «Cairo's Zabaleen garbage recyclers: Multi-nationals’ takeover and state relocation plans» Habitat International.[Betiko hautsitako esteka].
  21. (Ingelesez) vanBeukering, Pieter. (2006-06). The Informal Sector and waste Paper recovery in Bombay. , 10 or...
  22. (Gaztelaniaz) Donostiako Udalaren zibismoaren ordenantza, bide publikoa nola erabili eta txukun eduki arautzekoa zein hiriko paisaia babestekoa, 19. artikulua. ..
  23. (Gaztelaniaz) «Hurgar en la basura puede costar 750 euros» El Mundo 2009-02-24..
  24. (Gaztelaniaz) «La basura es lo único que tenemos, no nos lo quitéis», www.lavozdegalicia.es, 2011-08-10.
  25. (Ingelesez) Medina, martin. (2009-12). «Global Recycling Supply Chains and Waste Picking in Developing Countries» WIDER Angle newsletter - United Nations University..
  26. a b (Ingelesez) Wilson, David. C. Wilson eta beste zenbait. (2006-12). «Role of informal sector recycling in waste management in developing countries» Habitat International 30 (4).[Betiko hautsitako esteka].
  27. (Frantsesez) recuperacteurs.fr. .
  28. (Frantsesez) La deuxième vie des objets. .
  29. a b (Ingelesez) Hunt, Caroline. (1996ko urria). «Child waste pickers in India: the occupation and its health risks» Environment and urbanization 8 (2)..
  30. Hirugarren munduko herrialdeak dira, batez ere, ospitaletako hondakinen tratamendu-eza jasaten dutenak.
  31. Espainia osoan zabaldutako lanbidea ere izan da duela gutxira arte. Ikus: (Gaztelaniaz) Muñoz Mitjans, Ginés. «Vivencias del pasado» Recupera (2008ko urria): 36...
  32. 1936ko gerraren ondoren, latak baliotsuak ziren, latako burdinagatik baino gehiago, soldadurako eztainuagatik (iturria: Andoaingo Ganzarain txatartegia). Oro har, gerra ondorenean, metal guztiek prezio gorakada handia zuten, Munduko Bigarren Gerrak eragindako eskasiagatik.
  33. «Hondakinetatik bizi» HABE-Ikasbil (186) 1990-12.[Betiko hautsitako esteka].
  34. Beren artean nolabaiteko antolakuntza-maila bat ere badago: kaleak beren artean banatzen dituzte, eta, bolumen handiko gauzaren bat aurkitzean, automobila duen beste lankide bati dei egiten diote.
  35. (Gaztelaniaz) González, Miguel. (2009-04-28). «Siete asentamientos de rumanos desatan la inquietud y preocupación entre los vecinos» Diario Vasco..
  36. (Gaztelaniaz) «Recoger chatarra para sobrevivir» Noticias de Gipuzkoa 2007-08-19..
  37. Ikus: (Gaztelaniaz) Basurama.
  38. Herri txikietan, ohikoa da etxeetako kanpo aldean ogi gogortua uztea baserritarrak abereentzako janari moduan eraman dezan. Botatako gailuetan funtzionatzen du edo ez du funtzionatzen adierazten duen papera eransten dela ere jaso da.
  39. Ikus Merka2sanmarcos, Donostialdean antolatzen diren bigarren eskuko azokei buruz informazioa eskaintzen duen webgunea.
  40. Cirujeo terminoa ere erabiltzen da, bildutako gaiak denetarikoak direnean.
  41. (Gaztelaniaz) Testimonio de una cartonera en reclamo de la vuelta del Tren. ..
  42. a b (Gaztelaniaz) Dobo de Socolsky, Alejandra. (2006-12). «Cartoneros: marco social, político y económico» latin American and Caribbean Center Working Papers (Florida International University)..
  43. (Ingelesez) Dumpster diving (Encyclopedia - Nationmaster.com). ..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]