Zaharkitzapen programatu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Zaharkitzapen programatua produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Horrela, erabiltzaileak behar baino lehenago baztertu beharko du erositako produktua, ekoizleak produktu horretarako ordeko osagairik eskaintzen ez duelako, edo produktua konpontzeko zerbitzu teknikoa bertan behera uzten duelako. Politika honen helburua kontsumoa areagotzea da. Izan ere, zaharkitzapen programatuak produktu berriak behar baino lehenago erostera behartzen du kontsumitzailea.

Terminoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terminoa Bernard Londonek sortu zuen, 1932 urtean, eta lehen aldiz Ending the Depression Through Planned Obsolescence (Depresioari bukaera eman Zaharkitze Programatuaren bidez) panfletoan erabili zuen. Hala ere, Brooks Stevens (estatubatuar industria-diseinatzaile bat) izan zen terminoaren erabilera sustatu zuena, 1954. urtean, Minneapolisen eman zuen hitzaldi baten ondoren. Stevensek definizio hau eman zion: «Erosleak zerbait berrixeagoa, hobexeagoa eta behar baino lehenxeago erosteko duen desioa».

Lehen erabilpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edisonen bonbillak 1500 orduko bizitza izan zezakeen.

Zaharkitzapen programatua jasan zuen lehen produktua bonbilla izan zen. 1924 urtean, munduko bonbilla-ekoizle nagusiak elkartu ziren Ginebran, eta mundu osoko bonbillen bizitza erabilgarria mugatu zuten, produktu honen kontsumoa areagotzeko. Sortutako planari Phoebus deitu zioten. Plan horrek 1000 ordura mugatu zuen bonbillen bizitza; ordura arte, 2500 orduko bizitza izan zezaketen bonbillek. Diseinatzaileak beren produktuen diseinua aldatzera behartu zituzten, bonbilla berriek 1000 orduko iraupena baino luzeagorik ez izateko.

Zaharkitzapen motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzio-zaharkitzapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Produktu bat diseinatzerakoan, honen gutxi gorabeherako erabilpen-iraupena zehazten da. Produktu horren zati bakoitza iraupen konkretu horri egokitzeko sortzen da, eta, bide batez, produkzio-kostuak ahalik eta gehien txikitzen dira. Funtzio-zaharkitzapena kasu hauetan gelditzen da agerian, besteak beste: produktu bat konpontzea berria erostea baino garestiagoa denean, edota konponketa-zerbitzurik zein ordeko piezarik ez dagoenean. Hainbat bide erabiltzen dituzte ekoizleek zaharkitzapen mota hau merkaturatzeko:

  • Aurreko teknologia ordezten duen teknologia berria sortzea da horietako bat. Funtzio bera betetzen duen produktu berri bat sortzen dute, baina zaharrak ez du berriaren funtzionalitate bera. Produktu berriak formatu berria ekarri ohi du, eta hori ez da zaharrarekin bateragarria izaten.
  • Beste bide bat aurreko teknologiaren bertsio berriak sortzea da, horiek aurrekoekin bateraezinak direla. Modu horretan, kontsumitzailea bertsio berriak erostera behartuta dago, bertsio berria nagusitzen den heinean, zaharra erabiltzea ezinezkoa edo oso zaila delako.
  • Abisu bidezko zaharkitzapena ere oso ohikoa da. Zenbait ekoizlek produktuaren erabilpen-bizitza noiz bukatzen den jakinarazten dute. Horrela, erabiltzaileak produktu berria edo produktu horretarako pieza berriak erosi beharko ditu. Batzuetan, abisua jasotzearekin batera uzten dio funtzionatzeari produkutuak.

Desio zaharkitzapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaharkitzapen mota honi zaharkitze psikologikoa ere esaten zaio, eta produktu baten diseinu-aldaketetan oinarritzen da. Fabrikatzaileek produktuen diseinu berriak zabaltzen dituzte publizitatearen bidez, eta aurreko produktuak zaharkituta gelditu diren ustea zabaltzen dute erosleen artean, diseinu berriko produktuen beharra senti dezaten.

Zaharkitzapen programatuaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsumismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaharkitzapen programatuaren ondorio nagusia da. Kontsumitzaileak produktu berriak erosi beharko ditu, dituenak ezin dituelako erabili. Horrela, ondasunen kontsumoa eta pilaketa bultzatzen da.

Kutsadura eta hondakinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Produktu berriak ekoizteak kutsadura sortzen du. Horretaz gain, zaharkituta gelditu diren produktuen hondakinak askotan ez dira birziklatzen, eta hauek herrialde pobreetako zabortegietan pilatzen dira.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

¡Corta vida al producto! Publico egunkarian zaharkitzapen programatuari buruz idatzitako artikulua (gaztelaniaz)

Kanpo Loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Comprar, Tirar, Comprar Zaharkitzapen programatuari buruz RTVE-k egindako dokumentala (gaztelaniaz)

Fitxategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zaharkitzapen programatu Aldatu lotura Wikidatan