Zanbrana-Herran jauregia

Koordenatuak: 42°48′10″N 2°59′07″W / 42.80268°N 2.98533°W / 42.80268; -2.98533
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 20:25, 24 urtarrila 2016
Zanbrana-Herran jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Zanbrana-Herran jauregiaren fatxada nagusia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAraba eta Añana
Koordenatuak42°48′10″N 2°59′07″W / 42.80268°N 2.98533°W / 42.80268; -2.98533
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea5

Zanbrana-Herran jauregia Añanako Gesaltza Añana herrian dagoen jauregia da.

2008ko martxoaren 11an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena

Zambrana-Herran sendiaren jauregiaren etxe nagusia Gesaltza Añanan dago, Carrera kalearen 14. zenbakian. Etxe horrek, San Juan kaleko etxeak eta bi horiek Cantarranasekoarekin eta Perruchicokoarekin lotzen dituzten pasabideek mugatzen dute jauregiko orubea. Ipar-ekialdean, zabalgune handi bat zegoen, azokako plaza zaharrari zegokiona.

XVII. mendeko jauregi bikaina da da, eta haren trazadura kultua (herrian dauden bizitegirako eraikinen artean, soilik Ozpinastarren jauregiak parekatzen duena) erraz nabarmentzen da inguruko eraikinen aldean, konposizioaren kalitateagatik. Jauregia 1695. urtean hasi zen eraikitzen, Pedro Zanbranak aginduta. Jauregiaren trazatua Phelipe del Castilloren lana izan zen, eta hainbat lagunen artean exekutatu zuten: Mathias Castillo, Matheo del Rio, Juan Garcia Blanco, Santiago Lasekada eta Pelayo Labin.

Eraikin nagusiak kubo-formako bolumena du eta lau isurialdeko estalkia. Estalki horren gailurrean, berez, linterna txiki bat zegoen erdian, baina, egun, txapitula zabar bat dago. Hormak harlangaitzezkoak dira, eta kareorea erabiltzen da junturak estaltzeko, izkina, inposta, hegalaren azpiko erlaitz eta bao-inguruetan izan ezik, silarriak piezaz pieza jarrita daude-eta. Kalitate ertaineko hareharriz egin zen eraikina, eta esan daiteke, petrografia-analisirik egin ez den arren, kareharri hori, ziur asko, herrian bertan edo, jauregia egiteko kontratuak adierazten duen moduan, Bergondako harrobian lortu zela.

Jauregiaren lau aldeek, oinarrian, egitura bera dut: hiru solairu, bi zerrenda leunez eta taulamenduz errematatuak. Taulamendua, obra egiteko betebeharra finkatzeko eskriturak adierazten duen moduan "arkitrabe, friso eta erlaitzez osatua da, ordena toskanarrari jarraiki". Horren gainean bermatzen dira hegal handiaren harburuak, oso landuak uso-bularrez, sokadun eta oinarridun kiribildura bikoitzez, listelez eta goletaz. Izkinetan, emakume-aurpegi ederrak jarri dira laugarren dozelaren ordez.

Baoak lerroan jarrita daude eraikinaren fatxada-alde guztietan (aldaketa txiki batzuk ditu, halere, hego-mendebaldeko fatxadan), hiru ardatz bertikaletan kokatuak. Erdiko ardatzeko lehen eta bigarren solairuko leihoak gainerakoak baino zertxobait altuagoak dira (alboetako leihoen inguru-eremuaren amaieratik abiatzen da leihoburua), eta behe-solairuan, berriz, ate handi bat dago erdian, leiho txiki eta altuak dituelarik bi aldeetan. Solairu horretako albo-leihoak gainerakoak baino pixka bat txikiagoak dira, baina goiko solairuetako proportzio eta ardatz berdinak dituzte. Ate nagusi handia izan ezik, bao guztiak daude belarridun zinta lau etengabeko marko batez inguratuak, eta, behe solairuan izan ezik, arku zuzen batez amaituak. Behe-solairuan, pieza bakarreko karga-habez amaitzen dira. Leihoek bi leiho-orri dituzte, gaztelar paneldunak, eta bigarren solairuan bi leiho txiki daude goiko aldean, mainel batez bereiziak. Bolutez eta landare-motiboz apaindutako mentsula sendoak ere ikus ditzakegu, erlaitz horizontalaren gainean, eta azken horrek faszia lauak eta laugarren bozelak konbinatzen ditu, ziur asko, intxaurrondo-egur margotuan. Konposizio-aldaera txikiak dituzte horietako batzuek. Egongela nagusikoek kurbadun moldurak eta kapera-formako erremateak dituzte, eta jauregia eraiki ondorengo garairen batekoak izan daitezke.

Armarri baten xehetasuna.

Oin nagusian nabarmentzekoak dira hegada eginez irteten diren balkoiak (ez da halakorik hego-mendebaldeko fatxadan), eta, bereziki, bigarrena, horma-gainarekin berdinduak baititu barandak. Bederatzi dira guztira, burdinazko plataforma batez eginak, eta forjatuzko kartelak dituzte oinarrian. Hiru fatxadetan, ardatz nagusikoek sei kartela dituzte eta alboetako ardatzekoek lau. Ipar-ekialdeko fatxadan, salbuespenez, modu irregularrean jarritako lau kartela daude sei behar luketen lekuan; ziur asko, gerora gertatutako galeraren edo egindako konponketaren baten ondorioz. Mentsulek "S" formako barrote sendoak dituzte, kusku bikoitz itxiak osatuz eta ertzetan bolutak dituztela. Forjatuzko barandek zilindro-formako balaustre lauak dituzte, ertzetan izan ezik; han, landare-motiboak dituzte. Barroteen apaindura osatzeko, bost eraztun ikusten dira, kokapen erregularra dutela. Txapa kurbatuz eta molduraz eginda dago esku-anda, eta metalezko bolak ditu ertzetan. Barandaren beheko aldean, txapazko hegal bat ikus daiteke zulatua, hura lorez eta laukizuzen txikiz apaintzeko.

Ipar-mendebaldeko fatxadak Carrera kalera ematen du, eta apaingarri gehiago ditu. Behe-solairuko ate handiak moldura bikoitza du inguruan, eta garai batean ipar-ekialdean izan zen atearen antzeko neurriak izan ditzake. Barruko atea laua da, eta mailaz maila jarritako bi anerek inguratzen dute baoa. Kanpokoak bozela eta eskozia ditu, eta belarriak nabarmentzen ditu ertzetan. Intxaurrondo-egurrekoa da atea, panel laukizuzenak eta karratuak diru ilaraka, eta ate-orri txikiagoak erdian, finkoarekiko zentratuta. Zanbrana sendiaren bi armarri daude, oso landuak, nobleen armarriak jartzeko balkoiaren alde banatan.

Ipar-ekialdeko fatxadak alde bat du aurrekoarekiko: atea, egun itxita dago eta leiho bat jarri da ordez. Ate hori, gainerako baoek bezala, belarridun anere sinple bat du markotzat. Fatxada horretan ez dago armarririk. Horiek horrela, neurri-proportzioak, konposizioa, apaindurak (arotzeriak, hegalak eta forjatuzko barandak barne) igual-igualak dira, baoen erdiko ardatza gainerako fatxadetan baino zertxobait ezkerrerago izan arren. Behe-solairuko bao txiki eta altuak gainerako fatxadetakoak baino txikiagoak dira fatxada horretan.

Hego-ekialdeko fatxada aurreko biak bezalakoa da dimentsioei eta trazadurari dagokionez, nahiz eta atetzarra, aurrekoetan ez bezala, goiko leihoen neurriekin bat etorri. Hala, ipar-ekialdeko fatxadan gertatzen den moduan, baoak inguratzen dituzten markoak anere sinplez eginak daude, eta ez da armarririk ageri. Bigarren solairuan, bi leiho txiki ageri dira erdiko baoaren alde bietan. Leiho horiek ez daude behekoen lerro berean, eta, ziur asko, gerora egindakoak izango dira. Gerora egindakoa da, halaber, oin nagusiko ezkerreko balkoian izan zen begiratokiaren maila-gaina.

Ipar-ekialdeko fatxadaren trazatua eta apaindura berdinak ditu hego-mendebaldeko fatxadak. Fatxada horren egiturari jarraituz, alde batera mugitua du erdiko ardatza (eskuinalderantz, hain zuzen), baina baditu, konposizioaren aldetik, zenbait aldaketa. Baratzera daraman ateak, hego-ekialdeko fatxadakoaren eskemari jarraituz, goiko leihoen zabalera bera du, baina ez du leihotxo alturik alde banatan. Ez du balkonerarik ezkerreko ardatzean, 12. zenbakiko alboko eraikinarekin bat egiten duen eremuan (ikusteko moduan daude garai batean mehelina izandakoaren hormaren gainean teilatuaren eta luzituen aztarnak, bigarren inpostaraino). Balkoneraren ordez, bao txiki bat dago lehen solairuan, baina bao hori ez dago ardatz horizontal simetrikoaren parean, zertxobait beherago baizik, eta, gainera, ardatz bertikalean ere nabarmen egiten du ezkerrerantz. Hala ere, albokoen eta goikoen moduan, zinta batez inguratua dago eta belarriak ditu. Apaindurei dagokienez, ez dira ageri oin nagusiko forjatuzko balkoi irtenak, ezta goiko solairuan ere. Erdiko baoko arotzeriak ere mainela eta erlaitza ditu goiko aldean, baina gainerako baoek ez dute horrelakorik. Fatxada horretan, hegadan jarria dago garbigela latz bat.

Jauregiaren fatxada nagusiaren ikuspegi zeiharra.

Barruko egiturak hiru hormarte ditu, paralelo jarriak fatxada nagusiarekiko, urrutien dagoena zertxobait estuagoa da. Halaber, beste hiru hormarte perpendikular ditu. Erdiko ardatzekoa beste biak baino zabalagoa da, egongela nagusia eta ataria osatzen baititu. Azken hori ezkaratz zabal bat da, eta harri txiki lauez egindako zorua du, motibo geometrikoak eginez eta bi kolore-tonu nahastuz. Alboetan, bi gelara joateko pasabideak daude. Aurrean, bi bao daude irekita: eskuinekoa barne-leiho bat da, forjatuzko burdin hesia duena, eta ezkerrekoa, berriz, erdiko eremura daraman atea; hau da, hiru ataleko eskailera dotorera. Eskailerako abiaburu-mailak harriz moldatuak daude, eta, lehen solairutik aurrera, zeramikazko lauzez estalita ageri dira. Forjatuzko baranda dotorea du eskailerak, bost apaindura-ataleko balaustreak baititu, kopa bikoitzeko forma hartuz; gainera, burdinazko esku-bandak eta urre-koloreko bolak ikus daitezke ertzetan. Zokalo margotu bat dago eskaileraren ibilbide osoan (XIX. mendean egindako dekorazio erantsi bat izan daiteke). Eskailerak hutsune bat uzten du erdian, eta sabaiko adreiluzko ganga trenkatu luzangak erdian duen idi-begitik datorkio argia. Ganga lau petxinatan bermatzen da, troxez markatutako eta erlaitz bikoitzeko arkuen gainean. Tarte bakarreko eskailera zuzen bat abiatzen da solairuarteko eskailera-burutik, eta zerbitzu-geletara darama. Eskailera hori sukaldean amaitzen da. Sukaldeak fabrikazko suburua du, eta haren gainean egurrezko armairu bat du, etxeko animalien kaiolatzat erabiltzeko. Komunikazio bertikalen kutxarako sarbide-ateak behatxulo bat du, bestaldekoak ikusteko. Nabarmentzekoa da egongelak horma-pintura sinpleak dituela, XIX. mendearen amaieran egindakoak izan daitezkeenak. Irudi horiek motibo geometrikoak eta paisaiak adierazten dituzte. Egitura orokorra jatorrizkoa dela dirudi, aldaketa nabarmenik jasan gabekoa. Hala ere, egun, eraikineko estalkia aurri-egoeran dago zati batean, eta badira hamar urte kalte handiak eta hezetasun-orbanak sortzen ari direla.

Eraikinak, ipar-ekialdeko fatxadan, 12 zenbakiko etxea du erantsita, baina ez du hormarik partekatzen harekin. Jauregiaren hormetan ageri diren horma-zuloei erreparatuta, esan daiteke etxe horrek behe-solairua, lehen solairua eta, ziur asko, ganbara bat izango zuela bi isurialdeko teilatupean; hala ere, gaur eraitsita daude denak. Etxearen oina laukizuzena zen.

Garai bateko harlangaitzezko bi fatxada ikus daitezke oraindik, juntak kareorez elkartuta dituztela, eta atzekoaren zati bat ere ikus daiteke. Carrera kalera ematen duen fatxadak hiru ardatz bertikal eta apaindurarik gabeko hiru bao txiki ditu. Erdiko ardatzak atetzar bat du behe-solairuaren erdialdean (auzo duen Ozpinastarren jauregikoaren antzeko forma du), eta goiko aldean zerrenda lauko erlaitz batez amaitzen da, hegala bertan bermatzeko. Hego-mendebalderantz eginda, aurrekoak baino atal txiki eta estuago bat du, eta bertan irekitzen da arku bikoitz bat (pasabide baten kanpo- eta barne-horman), Cantarranas eta Carrera kaleak lotzeko. Atal horrek ere bi solairu ditu; goikoak hegadan du atzeko aldea, zati batean egurrezko egitura du, xoborrez betea eta berdindua dago, eta egurrezko zutoin batean bermatzen da. Kale nagusira ematen duen bao txiki bat du lehen atalean, eta atzeko aldera ematen duen beste bat. Egoera txarrean badago ere, oraindik ez da galdu bi isurialdeko estalkia, fatxadarekiko gailur paralelo bat duela.

Jauregiaren ekialdeko ertzari erantsita horma bat dago (ate bat irekitzen da bertan), eta isurialde bakarreko estalki-inklinazioa du, hego-ekialdeko fatxadaren lerroari jarraituz, eta, agian, haren perpendikularrari, hego-ekialderantz, itxia eta egun finkaren itxituraren parte dela.

Baratzean ubide airoso bat eta hari dagokion iturria ikus daitezke. Iturria egoera txarrean dago gaur egun, baina garai batean bideratutako iturburu batek hornituko zuen urez.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa