Zapaltze sindrome orokor

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Zapaltze sindrome orokorra edo crush sindromea masa muskular handien konpresioaren ondorioz agertzen den sindromea da.

Sindrome hau 1941ean aurkitu zuen Eric Bywaters mediku britainiarrak Londongo bonbardaketak jasan zituzten gaixoengan. Normalean hondamendi handien ondorio izaten da (lurrikara, gerra...) pertsonak eraitsitako etxeen azpian geratzen direlako, baina hainbat ordu iraun dituen tornikete batek ere eragin dezake.

Harrapatuta geratu den masa muskularra deskonprimatzen denean agertzen da sindromea, konprimatutako zonan odol zirkulazioa berritzen denean. Honek alde batetik, presio arterialaren bat-bateko jaitsiera eragingo du, shock egoera sortuz. Bestalde, mioglobina eta erradikal askeak bezalako substantzia nefrotoxikoen askapena emango da. Hauek giltzurrun hodisken nekrosia eta giltzurrun gutxiegitasun akutua eragingo dute.

Tratamendua erreskatearen momentuan hasi behar da sindromeari aurre hartzeko. Horretarako, pertsona hondamendi lekutik atera bezain laister likidoen ordezkapena hasten da zainbidetik. Ondoren, mioglobina eta erradikal askeen desagerpenerako tratamendua hasten da. Kasu larrienetan eragindako zonaren ebaketa beharrezkoa izango da.