Zeelanda Berriko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zeelanda Berriko historia munduko laburrenetakoa da. Izan ere, gizakiek okupaturiko azken lurraldeetakoa da Zeelanda Berria.

Ekialdeko polinesiarren migrazioen mapa.

Lehenbiziko kolonoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziurrenik, Zeelanda Berriko lehenbiziko kolonoak ekialdeko polinesiarrak (Sozietate uharteak, Cook uharteak eta Polinesia Frantseseko Uharte Australetako biztanleak) izan ziren[1], K. o. 1050 eta 1350 artean, waka deitutako kanoetan iritsi eta Maori kultura garatu zutenak[2]. Herri hau tribuetan (hapū) zegoen bananduta, batzuetan kooperatu eta beste batzuetan borroka egiten zutenak haien artean. 1500 aldean maori talde bat Chatham irletara migratu zen, non moriori izeneko kultura garatu zuen[3].

Europar kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertara iritsi zen lehen europarra Abel Tasman esploratzaile herbeheretarra izan zen, 1642an Ipar eta Hego uharteen inguruan nabigatu zuena[4]. Holandarrek Staaten Landt izena eman zioten hasieran, baina ia berehala Nieuw-Zeeland hartu zuen, hots, Zeelanda Berria, Herbehereetako Zeelanda eskualdearen omenez.

Zeelanda Berriko lehen mapa, James Cookek egindakoa.

Tasmanen gizon batzuk maoriek hilda[4], europarrak ez ziren itzuli 1769 arte. James Cook esploratzaileak uharteak ikuskatu zituen, baleazale europarrei eta amerikarrei bidea erraztuz. Europako janari eta metalezko ondasunen truke, egurra, janaria, tramankuluak eta ura lortzen zituzten mendebaldetarrek maoriengandik. Hori zela eta, patatak eta mosketeak maorien kultura aldatu zuten. XIX. mendearen hasieran, misiolari kristauak finkatzen hasi ziren, eta maori gehienak kristau bihurtu ziren.

Kolono europarren azpijokoez eta irlen gaineko Frantziako interesez ohartuta, Erresuma Batuko gobernuak William Hobson bidali zuen Zeelanda Berrira, maoriekin hitzarmena sina zezan eta burujabetasuna Erresuma Batuaren alde aldarrika zezan. 1840ean, Waitangiko Ituna izenpetzean, Zeelanda Berria britainiarren kolonia bihurtu zen. Zeelanda Berriaren nazioaren sorkuntzatzat jotzen da, eta maorientzat euren eskubideen bermea da.

Nolanahi ere, 1860ko eta 1870eko hamarkadetan europarren etorrera masiboen aurrean, lurraren jabetzaren inguruan pakeha (zurien izena) eta maorien arteko gatazkak areagotu ziren, nahiz eta hasiera batean hainbat tribu maori aberastu ziren merkataritzari esker. Zeelanda Berriko gerrak direlakoetan maoriek lur ugari galdu zituzten.

XIX. mendearen amaierako, gai gehienetan bere burua gobernatzen zuen herrialdea zen Zeelanda Berria. 1893 urtean, emakumeen boto onartu zuen lehen estatua bilakatu zen, Kate Sheppardek gidatutako mugimendu sozialari esker. Hala ere, emakumeak hauteskundeetan parte har zezaketen baina ez bere burua aurkeztu. Eskubide hau 1919an lortu zuten.

Azken hamarkadetan Maori protesta-mugimendua indartu da hizkuntza eta kultura biziberritzearekin batera, maoriera ere hizkuntza ofiziala izatea lortuz.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerrako Zeelanda Berriko tropak Frantziako portu batean (1918).

XIX. mendearen bukaeraz gero Zeelanda Berriak Ozeano Barean zituen interesak asiar etorkinetatik babesteko politika bideratu zuen. 1907ko irailaren 26an jabetza independente bihurtu zen. 1931n Erresuma Batuko Parlamentuak independetzia onetsi zion Wenstminsterko Estatutua izenpetzean eta 1947an Zeelanda Berriko Parlamentuak berrestean. Harez geroztik, Commonwealth elkarteko estatu burujabea da.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan Britainia Handiko gudarostean parte hartu zuen Europako eta Ozeano Bareko guduetan. Bien bitartean, 1929an munduko ekonomiak izan zuen krisiak kalte handia egin zion Zeelanda Berrikoari, esportazioak oso urritu baitziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Ozeano Bareko eta Asiako hego-ekialdeko politikan parte hartu zuen, eta 1951n elkarren babeserako hitzarmena egin zuen Estatu Batuekin eta Australiarekin (ANZUS).

Langileen Alderdia aginpidean egon ondoren, 1935ean Alderdi Nazionalak irabazi zituen hauteskundeak eta, 1957-1960 urteetako tartean izan ezik, 1972 arte izan zuen bere esku estatuko gobernua. 1972an gobernua berriro erdietsi zuenean Langileen Alderdia Txina komunistarekin harremanetan hasi zen eta Mururoa atoloian Frantziak egin zituen saio nuklearrak gaitzetsi zituen. Urte horietako krisi ekonomikoaren ondoren, 1975ean Alderdi Nazionalak irabazi zituen hauteskundeak. Robert Muldoon lehen ministroak inflazioaren aurkako neurriak hartu zituen, industria sustatzen eta energiaren defizita galarazten ahalegindu zen, eta Australia, Japonia eta Estatu Batuekiko harremanak sendotzen. 1978 eta 1981 urteetako hauteskundeak ere irabazi zituen, baina boto gutxiagorekin.

David Lange, Zeelanda Berriko lehen ministroa 1984-89 bitartean.

1984 eta 1987 urteetako hauteskundeak Langileen Alderdiak irabazi zituen eta David Lange lehen ministroaren agintaritzapean egon zen Zeelanda Berriko politika 1989. urtea arte. Aipagarria da Langeren agintaldia, hark bultzatu zuen ekonomiaren liberalizazioak hasieran lortutako arrakastagatik, eta Polinesiako estatu txikien aldeko eta arma nuklearren aurkako jarrera tinkoagatik. 1986an arma nuklearrak zeramatzaten Estatu Batuetako itsasontziei Zeelanda Berriko portuetan sartzea galarazi zien, eta horren ondorioz bi estatuen arteko harremanek okerrera egin zuten. Nolanahi ere, ekonomiaren liberalizazioak Langileen Alderdian sortu zituen tirabirak zirela eta, Langek Geoffrey Palmeri utzi behar izan zion lehendakaritza 1989an. Aldaketa horren ondoren, 1990eko hauteskundeetan Alderdi Nazionaleko James Bolger izan zen irabazle. Alderdi Nazionalak arma nuklearren aurkako politika eta ekonomiaren liberalizazioa berretsi zituen. Bestalde, 1990ko otsailean Waitangiko Itunaren 150. urteurrenaren ospakizunetan maoriek hitzarmen hura bete ez izana salatu zuten.

Aldaketak egon baziren ere, Zeelanda Berriko ekonomia ereduak ez zuen aldaketarik izan. Pribatizazioak ugaritu ziren, protekzionismoak indarra galdu zuen eta murrizketa ugari egin ziren osasun eta hezkuntza zerbitzuetan. Horren emaitza nagusia inflazioa jaistea izan zen, baina langabeziak gora egin zuen. Alderdi nazionalistak gero eta ospe txarragoa zuen, baina 1993ko hauteskundeetan ez zen horren eraginik sumatu. Hauteskunde horien ondoren Jim Bolger hautatu zuten berriz ere Lehen ministro. Oposizioko alderdia, ordea, hurbil gelditu zen. 1994an Zeelanda Berriak superabita izan zuen, diruak indar hartu zuen, langabeziak behera egin zuen eta inflazioa egonkortu egin zen, %2an.

1994-1995 urteen bitartean gobernuak Ipar uharteko tainui herriari dirua eta 15.400 lur hektarea eman zien, herri horrek XIX. mendean kolonizatu ziren lurraldeen gaineko eskubidea eskatzen baitzuen beretzat. Elisabet II.a erreginak barkamena eskatu zien uharte haiei kolonizazioaren garaian izan ziren hildakoengatik. Erreginak 1996an kalteak ordaindu zizkion Ngai Tahu maori tribuari.

Langabezia tasak beherantz jarraitu zuen, eta 1995ean %6an gelditu zen. Langabetu gehienak gazteak, maoriak eta beste immigrante batzuk ziren; biztanleriaren %10ak estatuaren diru laguntza jasotzen zuen. 1996an Bolger lehen ministroak gogor kritikatu zituen Frantziak Mururoa atoloian egin zituen froga atomikoak. 1988 eta 1996 bitartean funtzionario publikoen kopurua 71.000tik 32.900era jaitsi zen. 1997an Bolgerrek bere kargua utzi zuen eta Jenny Shipley, Garraiobideen ministroa, kontserbadorea, izan zen haren ondorengo. 1999an, Helen Clark, alderdi laboristakoa, hautatu zuten lehendakari eta 2008 arte egon zen agintean.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Key multimilionario kontserbadoreak irabazi baitzituen 2008ko hauteskundeak.

2014ko irailaren 20an, gehiengo osoa lortu zuen John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak legebiltzarreko bozetan, eta hirugarren legealdi bati helduko zion. Haren Alderdi Nazionalak bakarrik gobernatu ahalko zuen; 120 eserlekutatik, 61 eskuratu zituen. Alderdi Laboristak 32 diputatu izango zituen, eta berdeek, hamahiru[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Geoff IRWIN: Pacific migrations: Māori ancestors Te Ara Encyclopedia of New Zealand. Teara.govt.nz
  2. Geoff IRWIN: European discovery of New Zealand: Before Tasman Te Ara Encyclopedia of New Zealand. Teara.govt.nz
  3. K. R. HOWE: Ideas of Māori origins Te Ara Encyclopedia of New Zealand. Teara.govt.nz
  4. a b John WILSON: European discovery of New Zealand: Abel Tasman Te Ara Encyclopedia of New Zealand. Teara.govt.nz
  5. «Kontserbadoreak garaile, Zeelanda Berriko bozetan», Berria, 2014-09-21

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]