Keinu hizkuntza

Wikipedia(e)tik
Zeinu hizkuntza» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gero eta ohikoagoa da keinu hizkuntzaren itzultzaileak nonahi ikustea.
Preservation of the Sign Language (1913)

Keinu hizkuntza hizkuntza bat da, esanahia transmititzeko, akustikoki transmititutako soinu ereduak erabili beharrean, esku mugimenduen komunikazioa eta gorputz hizkuntza darabiltzana. Keinu hizkuntza zabalduena gor-mutuen hizkuntza da, baina badira ez gor eta ez mutu diren gizakiek erabilitako keinu hizkuntzak ere, adibidez Australiako aborigenen keinu hizkuntzak, komunitate horien sinesmenen arabera hitz egitea tabu den egoeretan (dolualdiak, iniziazio errituak...) erabiliak.

Keinu hizkuntzak ikusizko keinuak darabiltza, hau da, bistaren bidez jasotzen da, eta horrek ahozko hizkuntzetatik bereizten du. Keinu hizkuntzek, bestetik, berezko gramatika eta hiztegia dute, edozein hizkuntzak bezalaxe. Nahiz eta keinu asko mundu osoan oso zabalduta egon, tokian tokikoa da, hizkuntza bakoitzak bere keinu kode propioa baitu. Hizkuntza bakoitzaren barnean, halaber, hainbat dialekto izan daitezke. Keinu hizkuntza gorren hizkuntza naturala da, hau da, berez sortzen dute; jaiotzez gorra den haur batek lehen hizkuntzatzat izango du keinu hizkuntza.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki testu klasikoetan aurki ditzakegu hizkuntza horien erabileraren aztarnak, esaterako Biblian. Nahiz eta horrela izan hikuntza hauen onarpenak oso bide luzea egin behar izan du. Urte askotan debekatua egon da beren erabilera bereziki eskoletan eta instituzioetan. Gaur egun normalizatzeko bidean dagoen hizkuntza da eta osatua bezala onartzeko joera eta beharra dago; 2003tik Hego Euskal Herrian zein Espainian hizkuntza ofizialtzat hartzen da. Dena dela, onarpen hori oso teorikoa da ezen ekintza gutxitan gauzatu baita. Gaur egungo keinu hizkuntzek nolabaiteko uniformitatea lortu dute XVIII eta XIX. mendetan zehar egin ziren ikerketen ondorioz. Lan horretan Parisen Charles-Michel de l´ Épée elizgizonak 1771an gorrentzako sortu zuen eskola garrantzi handia izan zuen; eskolan hartan berehala ikusi zuten gorrek berezko komunikazio sistema zutela eta saiatu ziren ikasten, ondoren, aberasteko asmoz. Urteak aurrera antzeko instituzioak Europa osoan sortuz ziren eta horrek pertsona gorrek berez erabiltzen zuten hizkuntza formalizatzeko bidean itzela izan zen.

Bi jarrera gorren hezkuntzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zoritxarrez prozesu hori nolabait gelditu egin zen. Pertsona gorren hezkuntzan bi jarrera izan ziren eta dira oraindik nagusi. Batzuek pertsona gorren komunitatearen berezko izaera eta, horren barruan, zein hizkuntza, beste batzuek ahozko hizkuntzaren aldeko jarrera irmoa erakusten zuten. Bigarren hauen ikuspuntutik keinu hizkuntzak gorra animalien parean jartzen zuen -keinuak baitziren, besterik ez- eta, gainera, pertsona hauek betirako baztertzen zituen. Horren aurrean, ahozko hizkuntzaren aldekoek zera defenditzen zuten: pertsona gorrak ahozko hizkuntza ikasi behar zuen, ahal zen kasuetan hitz egiten irakatsi (gor gehienak berez ez dira mutuak) desmutizazioaren bidez eta besteen ezpainetan irakurtzen ikasi (ezpainetako irakurketa). Prozesu horretan keinu hizkuntza oztopo bat zen eta, ondorioz, ikastetxe gehienetan debekatu egin zen, bereziki Milango Batzarra (1880) egin eta gero. Hortik aurrera, urte luzeetan, gorrek keinu hizkuntza ezkutuan erabili behar zuten eta Euskal Herrian gauza bera gertatu zen. Egoera hori 70ko hamarkadan hasi zen aldatzen; urte horietatik aurrera gorren komunitatea hasi zen aldatzen eta haien eskubideak erreibindikatzen egungo egoera lortu arte, hau da, keinu hizkuntza ofiziala da, hizkuntza normalizatua eta pertsona gorren komunitatearen berezko hizkuntza. Prozesu hori Hamburgo Batzarraren ondoren indartu zen (1980). Bestetik, hezkuntzan, gorrak jaiotzez edo txikitatik baldin badira gorrak hasieran keinu hizkuntza indartzen zaie, ondoren inguruko ahozko hizkuntza irakasteko. Modu batez, bi jarreren arteko oreka bilatu da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esku-keinuen hizkuntzan hitzak eskuekin, ezpainekin, aurpegiko muskuluekin, mingainaren ekintzekin, burua eta besoen mugimenduekin... sortzen dira. Beraz, ez da eskuen bitartez sortzen den hizkuntza bakarrik, askoz konplexuagoa baizik. Hauen guztien artean garrantzi berezia dute ezpainetako patroiak. Urte askotan hau guztia mimikarekin nahastu egin da baina ez du zerikusirik: mimika izango balitz benetan edozeinek ulertuko luke gorren hizkuntza eta ez da horrela. Hasiera batean, agian, gorrak mimikaren bidez eta keinuen bidez komunikatuko ziren baina laster hauek benetako keinuak bihurtuko ziren. Gorren keinuak ahozko hitzen paraleloak dira zentzu horretan: sinbolikoak (adierazle batek errealitate bat adierazten du) eta arbitrarioak (gorren komunitateak objektu bati adostutako izena jarri diote), eta, ondorioz, ikasi egin behar dira. Beste aldetik, aldiberekotasuna ezaugarri garrantzitsua da hizkuntza hauetan: guk linealki adierazten ditugun kontzeptuak gor batek aldi berean azal ditzake, berezko trinkotasunaren bitartez.

Esku alfabetoaren erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keinu hizkuntzaren osagarri moduan, bestetik, alfabeto daktilologikoa edo esku alfabeto dago. Sistema hau, berez, sistema ortografikoaren moldaketa bat da: eskuen posizioen bitartez alfabetoko letra guztiak azaltzen dira. Logikoa denez, alfate hau hizkuntza bakoitzean moldatu behar da; euskara bere sistema propio dauka nahiz eta oso erabilia ez izan.

Ikusi baita ere:

Martí.jpg

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako keinu hizkuntzak erabiltzen dituzte bertako gor-mutuek. Gurean ez dago, beraz, keinu hizkuntza desberdin bat nahiz eta elementu dialektal asko izan. Hizkuntza txikien beste lurraldetan, aldiz, keinu hizkuntza propioa aurki daiteke, esaterako Herrialde Katalanetan non historikoki Katalunian eta Valentzian barietate desberdinak garatu diren. Gurean antzekoa ez izatearen arrazoia datu historiko batean oinarritzen da: hemen oso berandu arte ez dugu gorrei laguntzeko instituzio propioak izan. Dena dela, ez dugu ahozko hizkuntzak eta keinuenak nahastu behar; esaterako, katalanaren eta Kataluniako keinu hizkuntzaren artean ez dago loturarik: antza bat bilatzekotan, beste keinu hizkuntzekin bilatu beharko genuke.

Nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarte mailan, Gestuno edo International Sign Language (ISL) hizkuntza eraikia prestatzen ari da, munduko pertsona gor guztientzat komuneko kodea izan beharko lukeena.

Ghana estatuko ekialdean, Akan herrian, Adamorobe keinu hizkuntza[1] ospetsu bihurtu da hizkuntzalaritzaren munduan. Izan ere inguru horretan gor kopuru handia eta keinu hizkuntza berezia sortu da. Gorrek ez ezik entzule askok ere dakiten hizkuntza.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hizkuntza Artikulu hau hizkuntzei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Keinu hizkuntza Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. ISO 639-3 kodea: ads