Zenon Eleakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zenon Eleakoa, egiaren eta faltsuaren ateak erakusten.

Zenon Eleakoa, grekoz Ζήνων ó Ελεάτης, Zínon ó Eleátis, (Elea, K. a. 490 inguru - K. a. 430 inguru) eskola eleatikoko filosofo greziar bat izan zen. Gutxi ezagutzen da bere bizitzari buruz. Suda entziklopediaren arabera, bere bizitzaren gorenera (akme) 78. Olinpiadan (K. a. 468-465 urteak) heldu zen [1]. Platonen Parmenides lanean aipatzen da Parmenidesen jarraitzailea izan zela eta Atenasera lagundu zuela. Bertan, Zenonek dialektikaz jotzen zuen Parmenidesen teoriak arbuiatzen zituztenen aurka. Horrela, Parmenidesen ustezko monismoa defendatzearren [2], mugimendua eta izatearen pluraltasuna ukatzen duten paradoxengatik da ezaguna. Horrela, Zenon mundua homogeneoa eta bakarra izan behar zuela probatzen saiatu zen, eta espazioa ez zegoela elementu ez-jarraiez osatuta baizik eta unibertso osoa unitate bakar bat zela. Historian zehar gutxietsia izan bada ere, bere dialektika hitz-joko hutsa dela argudiatuz, filosofo modernoek, Bertrand Russell kasu, bere paradoxen sakontasuna goraipatu dute [3].

Zenonen paradoxak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenonek logoi edo argudio andana bat idatzi omen zuen gaztetan Parmenides bere maisua defendatzearren, pluraltasuna eta mugimendua baztertuz. Argudio hauetatik guztietatik bakan batzuk bakarrik heldu dira gaurdaino.

Akiles eta dortoka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akiles eta dortoka protagonistak dituen paradoxa honetan, Akilesek dortoka bat harrapatu behar du. Dortoka 100 metrotara dago adibidez. Akiles 100 metroak eginez hasieran dortoka zegoen punturaino iristerako, dortoka beste (demagun) 10 metro egin ditu eta hasierako puntu horretatik urrundu da. Akiles berriz ere abiatzen da dortoka harrapatzeko 10 metro eginez, baina bigarren tartea egin duenerako, dortokak hirugarren tarte bat (demagun metro bat) zabaldu du Akiles heltzen den puntutik. Eta horrela infinituraino luzatuz, Akilesek dortoka inoiz ez duela harrapatuko ondorioztatzen da. Esperientziak, ordea, azkenean Akilesek dortoka harrapatuko duela erakusten digu eta horretan datza paradoxa eta dialektikaren muina.

Geziaren paradoxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gezi bat airean irudikatu behar da. Instant batean gezia mugitzen dela egiaztatzeko, gezia dagoen puntura mugitu behar izan da eta doan puntura mugitu behar da. Instant horretan ez da mugitu dagoen puntura, bertan baitago ia. Eta doan puntura ere ez da joan, instant horretan puntu berean baita. Beraz, instant batean mugimendua posible ez denez, edozein instantetan ere mugimendua sortzea ezinezkoa da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Franco Volpi: Enciclopedia de obras de filosofía: Zenón de Elea, 2297. orrialdea.
  2. Zenon monista zela eta Parmenidesen jarraitzailea izan zela ordea eztabadaigarriak da. Ikus: (Gaztelaniaz) Jonathan Barnes: Los presocráticos, 281-282 orrialdeak.
  3. Jonathan Barnes: op. cit., 277. orrialdea.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zenon Eleakoa Aldatu lotura Wikidatan


Biografia Artikulu hau biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.