Zesartar ebakuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zesarea» orritik birbideratua)
Zesartar horizontala eta bertikala.
Artikulu hau erditze motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zesarea (argipena)».

Zesartar ebakuntza[1] edo, besterik gabe, zesartarra, erditze mota bat da, umekiak ateratzeko amaren umetoki eta sabelaldean ebaki kirurgikoa egitean datzana. Ebaketa 15 cm ingurukoa izan ohi da eta kirurgiaren ostean egun batzuk ospitaleratuta pasatu behar izan ohi ditu amak lehengoratzeko.

Munduko Osasun Erakundeak bere erabilera gomendatzen du bagina bidezko erditzeak arazo medikoak eragin ditzakeen kasuetan soilik eta NOM-007ren arabera, haurdunaldien %15ean baino ez litzateke erabili beharko. Hala ere, gero eta gehiago dira arrazoi medikorik gabe aurrera eramaten diren zesartarrak, normalean amak eskatuta. Ez da gomendatzen era honetako kirurgia bat burutzea haurdunaldiaren 39. astea baino lehen, betiere arrazoi garrantzitsu bat ez baldin badago.

Ez da episiotomiarekin (perineoaren ebaketa bat, bagina bidezko erditzea errazteko egina) nahastu behar, izan ere, zesartarra pelbisaren gainetik egiten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bindusara ( k.a. 320 – k.a. 272), Indiako Bigarren Mauryan Samrat (enperadorea), jaiotzeko zenean, honen amak pozoia hartu zuen eta egoera honen aurrean, Chanakya-k, Chandragupta-ren irakasle eta aholkulariak, haurrak biziraun behar zuela esan zion bere buruari eta jarraian emazteari abdomena ireki eta haurra bizirik atera omen zion.

Txinatar antzinaroan Records of the Grand Historian, dionaren arabera, Luzhong, Emperadore Horia-k sei oinordeko izan zituen. Seirak “gorputza moztuz” moduan erdituz.

Babiloniako Talmud, antzinaroko judu-sinismeneko testu batetan, zesartarraren antzeko prozedura batez hitz egiten da, yotzei dofen izendatua. Honez gain, testu honetan prozedura ze kasutan aurrera eraman daiteken luze hitz egiten da eta ama hilik edo hilzorian dagoenean bakarrik praktikatu behar dela ageri uzten du.

Antzinako Erroman ere jada zesartarrak burutzen ziren. Horren froga dugu Lex Caesarea. Prozedura hau haur berantiarrekin burutzen zen, fetuaren biziraupena eta osasuna bermatzeko. zesartar ebakuntzetan emakumea hil egiten zen. Hala ere, Erromatar garaiko zesartarretatik emakume batzuk bizi irautea lortu zutela uste da, informazio zehatzik ez badago  ere.

Caesare hitza latineko beste caedere hitzetik dator, honek moztu, ebaki bat egin esan nahi du. Horretaz gain, herri-kondaira batek dio Zesar enperadorea horrelako ebakuntza baten bidez jaio zela eta ebakuntza horrela izendatzeak bere izenarekin ba omen du ikustekorik. Alemanez kaisserschnitt hitzaren bidez izendatzen da eta bere itzulpenak enperadorearen ebakuntza esan nahi du hain zuzen.

XVI. mendean, zesartarraren hilkortasun-tasa oso handia izan arren, Siegershausenen (Suitza), zesartar ebakuntza batetik bizirautea lortu zuen lehen emakumearen datua dago. Jakob Nufer, lanbidez txerri zikiratzaileak, bere emazteari ,egun lanpetu baten ostean, prozedura hau burutu ziola uste da eta onik atera omen ziren bai ama eta baita umea ere.

Halere, horrelako praktikak hilkortasun tasa handia zutenez ez ziren begi onez ikusten.

XIX.mendeko bigarren zatian,1865. urtean hain zuzen ere, Irlanda eta Erresuma Batuan, horrelako ebakuntzek  heriotza tasa, oraindik ere, oso altua zen, % 85ekoa zehazki. Ebakuntza burutzeko teknika hobetu arren, XX. mendean, oraindik ere, hilkortasun tasak % 75ekoa izaten jarraitzen zuen.

1822an Phillep Physicjek horrelako ebakuntza egiteko oinarriak ezarri zituen eta 1882an Max Sängerrek, gaur egun umetokia josteko erabiltzen den josketa teknika proposatu zuen tratatu batean. Gaur egun “Zesartar Klasikoa” izenarekin ezagutzen duguna. Prozedura honi hilkortasun tasa jaisteko neurri desberdinak hartuz joan ziren.

Afrikan berriz, XIX. mendean  europar esploratzaile eta bidaiariek, Afrikako aintzira handietako lurraldeetan (gaur egungo Uganda eta Ruanda) zesartarraren antzeko praktikak ikusi zituzten. Ama alkoholaren bidez anestesiatu, ebakuntzaren ondorengo zauria kauterizatu, abdomenaren uzkurtzea errazteko igurtzi edota masajeak eman eta zauria burnizko jostorratzez lotzen zuten. Ondoren sendabelarren laguntzaz osatzen zirelarik.Prozeduraren emaitza onak ikusirik praktika hau denbora luzean erabilitakoa zela ondorioztatu zute europar bidaiariek. 

Bukatzeko, bitxikeri edota mirari,  2000ko martxoaren 5ean, Inés Ramírez, mexikarrak bere buruari burutu zion zesartarra, eta onik atera ziren bai bera eta baita bere seme a Orlado Ruiz Ramirez. 

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko Osasun Erakundeak balioztatu du garatutako herrialdeetako zesartar-tasa %10 eta %15 bitartean dagoela; horien artean, Erresuma Batuan, %20 ingurukoa da eta Estatu Batuetan, %23. 2003. urtean, Kanadako zesartar-tasa %21ekoa izan zen.

Azken urteotan, ebaketa hau medikuntza beharretarako egiten den kezka azaldu da. Esate baterako, zesartarrak ekonomikoki abantaila gehiago ematen duelako edota askoz azkarragoa delako obstetrarentzat zesartar ebakuntza egitea erditze-prozesu luzearen zain egotea baino. Horren ondorioz eta zesartar ebakuntzen intzidentzia handituz doala ikusita, erakunde batzuk sortu dira gizartean horri buruzko kontzientzia sortzeko.

Horrez gain, emaginen laguntzarekin egindako erditzeetan eta ospitaleetatik kanpo egiten direnetan, zesartar gutxiago egiten dira.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait zesartarra mota daude:

  • Ebakidura klasikoa erdiko marran egiten den luzetarako ebakidura da, izan ere, erditzerako espazio handiagoa lortzen da honen bidez. Gutxitan erabiltzen da zailtasunak errazago agertzen direlako.
  • Gaur egun erabiliena beheko segmentuarena da. Honetan zeharkako ebaketa bat egiten da maskuriaren ertzaren gainetik, odoljarioa txikiagoa izango delarik. Horrez gain, zauriaren sendaketa lehenago gertatzen da metodo hau erabiltzen denean.
  • Histerektomia zesartarra odol jario geldiezina ematen denean edo plazenta umetokitik banatzen ez denean burutzen da. zesartarraren bidezko erditzea egin eta gero, umetokia partzialki edo osorik erauzten da.
  • Batzuetan bestelako zesartarra motak egiten dira, besteak beste extraperitoneala. Honetan umetokiaren beheko aldean ebakidura bat eginez fetua ateratzen da, betiere barrunbe peritonealean sartu gabe[2].

Argibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ginekologoek zesartarra erditze naturala umearentzako edota amarentzako arriskutsua denean gomendatzen dute. Arrazoietako batzuk hauek izan daitezke:

  • Umekiaren ageriko oinazea.
  • Amaren ageriko oinazea.
  • Preeklampsia edo eklampsia bezalako arazoak.
  • Jaiotze anizkunak.
  • Umearen kokapen desegokia (burua gorantz zuzendua).
  • Arrakastarik gabeko erditzearen indukzioa.
  • Makrosomia kasuak (haur oso handiak).
  • Aldez aurreko karena edo karen oso baxua (zati bat umetokiaren beheko zatian ezartzen denean).
  • Umetokiaren barneko infekzioa.
  • Perineoa sendatzeko arazoak, erditzearen edo Crohn gaitzaren ondoriozkoak, adibidez.

Hala ere, espezialista desberdinak ez datoz bat zesartarrak gomendatzeko orduan. Desadostasun hauek azaltzen dute zergatik ospitale desberdinetan zesareen tasak desberdinak diren.

Anestesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amak, orokorrean (kasuen %95), eskualdeko anestesia (bizkarrezurrekoa), anestesia epidurala edo bien konbinazio bat jasotzen du. Honek erditzean zehar esna egotea baimentzen dio eta haurraren lokartzea ekiditen du. Zesartarrean erabilitako eskualdeko anestesia desberdina da erditze baginaletan mina arintzeko erabilitako analgesikoekin konparatuz, zesartarrak, interbentzio kirurgiko bat izanik, nerbio blokeo handiagoa eragiten duen anestesiko behar duelako.

Gaur egungo praktikan zesartarrerako anestesia orokorra erabiltzea gero eta arraroagoa da, izan ere, zientifikoki baieztatu da eskualdeko anestesiaren onura, bai ama bai umearentzat. Hala ere, kasu batzuetan aukera hobea izaten da anestesia orokorra erabiltzea: odol jario handi eta kontrolaezinetan, larrialdi kasuetan...

Zesartar ebakuntzaren osteko erditze baginalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan egiten dira gaur egun zesartarra osteko erditze baginalak. zesartarra zaharretan, umetokiko zuntz muskularrak mozteko ebakidura bertikal bat egiten zen. Egun, aldiz, zuntz muskularren ibilbidea jarraituz, ebakidura horizontal bat egiten da. Horrela, umetokiaren osotasuna eta etorkizuneko erditzean emango diren uzkurdurak jasateko ahalmena mantentzen dira. Arrazoi estetikoak direla eta, zesartarraren orbaina bikiniaren marratik behera kokatzen da. Aipatzekoa da ere osasunari begira ebakidura mota hau ez dela gomendagarria; izan ere, inoiz ez da guztiz sendatuko. 

Gaur, ez da beharrezkoa zesartarra baten osteko erditze guztietan teknika hori erabiltzea. Erditzearen eboluzioaren arabera aukeratu beharko da teknika, lehenengo zesartarra egiteko kausa mantentzen den kasuetan (aldez aurreko karena edo pelbis estua, adibidez) izan ezik. Aipatzekoa da erditze-teknika aukeratzeko haurdunaren eskubidea oraindik eztabaidatzeke dagoela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  2. (Gaztelaniaz) CESÁREA EXTRAPERITONEAL - Salud y Vida Sana. (Noiz kontsultatua: 2017-11-07).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau gaztelerako eta ingelesezko Wikipediatik itzulia izan da 2017ko urrian