Zhou Enlai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zhou Enlai, 1946

Zhou Enlai[1] (txinera tradizionalez: 周恩來; txinera sinplifikatuz: 周恩来; Huaian, Jiangsu, 1898ko martxoaren 8a - Beijing, 1976ko urtarrilaren 8a) Txinako politikaria eta jenerala izan zen. Tientsingo Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1919an unibertsitarioen matxinadan parte hartzeagatik urtebeterako kartzelaratu zuten. 1920tik 1923ra Europan ikasi zuen, Frantzian bi urte, Britainia Handian, Alemanian, eta txinatar gazteen artean talde komunista bat eratu zuen. Txinara itzulirik, 1924tik 1926ra komisario politikoa izan zen Kuomintangeko akademia militarrean. 1927an Kantoneko matxinadan parte hartu zuen, eta hura zapaldua izan ondoren, Kiangsi probintzian gudaroste komunista eratzen jardun zuen. 1934an Ibilaldi Luzean parte hartu zuen. 1936an, japoniarren inbasioari aurre egitearren, Kuomintangekin elkar hartzearen alde azaldu zen. 1945ean Alderdi Komunistako politika batzordeko kidea zen, eta 1949an, Txinako Herri Errepublika aldarrikaturik, lehen ministro eta Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten. Politikari eta diplomatiko trebea zen; protagonismo nabarmena izan zuen nazioarteko bilera garrantzitsuetan (Geneva, 1954; Bandung, 1955) eta goi-karguak izan zituen Txinako gobernuan. Kultura Iraultzaren garaian Maoren ondoan jarraitu zuen, baina ez zuen bat egin alderdiko buruekin (Lin Piao, Txen Po-ta eta Liu Shao-Shi). Kultura Iraultzaren ondoren, alderdiaren barruan indar handia hartu zuen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zhou Enlai Aldatu lotura Wikidatan