Zinemaren historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zinemaren kronologia
Film reel.svg
1890eko hamarkada
1890 • 1891 • 1892 • 1893 • 1894
1895 • 1896 • 1897 • 1898 • 1899
1900eko hamarkada
1900 • 1901 • 1902 • 1903 • 1904
1905 • 1906 • 1907 • 1908 • 1909
1910eko hamarkada
1910 • 1911 • 1912 • 1913 • 1914
1915 • 1916 • 1917 • 1918 • 1919
1920ko hamarkada
1920 • 1921 • 1922 • 1923 • 1924
1925 • 1926 • 1927 • 1928 • 1929
1930eko hamarkada
1930 • 1931 • 1932 • 1933 • 1934
1935 • 1936 • 1937 • 1938 • 1939
1940ko hamarkada
1940 • 1941 • 1942 • 1943 • 1944
1945 • 1946 • 1947 • 1948 • 1949
1950eko hamarkada
1950 • 1951 • 1952 • 1953 • 1954
1955 • 1956 • 1957 • 1958 • 1959
1960ko hamarkada
1960 • 1961 • 1962 • 1963 • 1964
1965 • 1966 • 1967 • 1968 • 1969
1970eko hamarkada
1970 • 1971 • 1972 • 1973 • 1974
1975 • 1976 • 1977 • 1978 • 1979
1980ko hamarkada
1980 • 1981 • 1982 • 1983 • 1984
1985 • 1986 • 1987 • 1988 • 1989
1990eko hamarkada
1990 • 1991 • 1992 • 1993 • 1994
1995 • 1996 • 1997 • 1998 • 1999
2000ko hamarkada
2000 • 2001 • 2002 • 2003 • 2004
2005 • 2006 • 2007 • 2008 • 2009
2010eko hamarkada
2010 • 2011 • 2012 • 2013 • 2014
2015 • 2016 • 2017 • 2018 • 2019

Zinemaren historiak XIX. mendearen azken urteetan sortu zen arte mota horren bilakaeraren berri ematen du, filmen ekoizpenean gauzatua. Hasiera batean dibertimendu soila izan zena, XX. eta XXI. mendeetan gizakiak komunikatzeko eta aisialdirako baliabide bihurtu du, industria ondo garatua izateaz bestera.

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitzindariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antemio Trallesekoak VI. mendean kamera ilun moduko bat erabili bide zuen[1]. Gerora Alhazen fisikari arabiarrak, 1021ean, halako kameren aipua eta deskribapena egin zuen optikari buruzko liburu batean.[2] Eta Giambattista della Porta zientzialariak hainbat saio egin zituen tresna hobetze aldera XVII. mendearen hasieran.

Simon von Stampfer asmatzaile austriarrari zor zaio Stroboscope deituriko aparailua, Joseph Antoine Ferdinand Plateau belgiarrari Phenakistoscopea eta William Horner britaniarrari Zoetrope hura. Hirurak irudiak mugimenduan aurkezteko gailuak ziren, 1830 inguruan diseinaturikoak.

Eadweard Muybridgek lorturiko konposizioa (1877).

1877an Eadweard Muybridgek 24 kamera baliatu zituen zaldi bat trostan filmatzeko (Sallie Gardner at a Gallop). Palo Altoko (Kalifornia) etxalde batean eginiko saio honek helburu bitxia zuen: agerian lagatzea une batean zaldiaren lau hankek zorua ukitzen ez zutela.[3] 1888an Louis Le Princek Roundhay garden Scene delakoa filmatu zuen, bi segundo zirauena, eta zeluloidean egin eta gorde den zaharrena.

1889an William Friese-Greenek chronophotographic izeneko kamera patentatu zuen. Segundoko hamar argazki egin ei zitzakeen eta ertzetan zulaturiko zeluloidea zerabilen. Garai hartako zientziazko prentsak asmakizunaren berri jaso zuen, eta asmatzaileak berak hartu-emana izan zuen Thomas Edisonekin, zeina sasoi horretan bertan antzeko gailu bat sortu nahian zebilen: Kinetoscope izenekoa. [4][5] Friese-Greene bere asmakizuna jendaurrean probatzen saiatu zen, arrakastarik izan gabe baina.


Roundhay lorategiko eszena, 1888koa da zeluloidean eginiko aurreneko filma.

W. K. L. Dicksonek sortu zuen, Edisonen gidaritzapean, egokiro-edo lan egiten zuen aurreneko kamera: kinetoskopea. 1891n patentatua, 1893an eskaini zituen lehenengo emaitza onak, eta beroiek ikusi ahal izateko pertsona bakar batek erabili ahal zuen tramankulua behar zen, kinetoscopea. Ez zuen bere horretan arrakasta handirik izan. Charles Francis Jenkins asmalariak sortu zuen Phantoscope zeritzon proiektagailua, jendaurrean erabiltzekoa eta ikusle askoren esku uzten zuena lan zinematografikoaren emankizuna; 1894an egin bide zuen lehen proiekzioa. Hurrengo urtean, 1895ean, Lumière anaien proiektagailuaren berri izan genuen: 1895eko abenduan Parisen jendaurreko lehenengo emanaldiak eskaini zituzten eurek landutako zinematografoa erabiliz. Berehala Edisonek ere proiektagailua atondu zuen. Hasierako urte horietan gailu hauen abiadura eta erabilitako pelikulen neurria hainbat motatakoak ziren, baina gutxira Edisonen estandarra nagusitu zen, hau da, 35 mmko filma, eta abiadura Lumière anaiek proposatutakoa, 16 fotograma segundoko.

Sasoi honetako filmek askoz jota minutu beteko iraupena zuten, eszena erraza zuten gaitzat, eta eguneroko bizimoduaz ziharduten. Ez dago teknika sortzaile batez hitz egiterik; hemendik gutxira gauzak zeharo aldatuko dira.

Aro mutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923ra arte ezinezko bihurtuko da soinuak eta irudiak bat egitea filmen gauzatzean, eta urte horretara bitarteko sasoiari 'zinemaren aro mutua' deritzo. Filmak mutuak ziren; hala ere, emankizunetan hainbat teknika erabiliko dira narrazioak girotzeko: zuzeneko musika emanaldiak, aldi bereko hizlarien azalpenak, eta bai soinudun efektu berezien ekoizpena ere. Kantu ilustratuena bestelako sortze lana izan zen, etorkizuneko bideoklipen aurretikoa izan daitekeena. Halakoetan zuzenean abestutako kantuetarako propio sortutako irudi-muntaiak atontzen ziren, eta 1894tik aurrera ohikoak izan ziren vaudevilletan eta geroxeago zinema- aretoetan ere bai, ikuslegoaren oso gustukoak bilakatu ziren eta.[6]

Zinemaren historia 1895etik 1906ra bitartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinemaren aurreneko urte hauetako bilakaera izugarria izango da: teknika berri baten saio esperimentala izatetik, gero eta esparru handiagotan eragingo duen industria bihurtzeraino. Pertsona batek egindako plano bakarreko minutu bateko film laburretatik, planifikazio zehatza eta kateatua behar duten ekoizpenetara igaroko gara: dagoeneko zazpi-zortzi minutuko filmak dira, zenbait planok osatuak. Edisonek abian jarria zuen bere konpainia eta filmak jendaurrean eskaintzeko saioak eginak jada. Ahaleginak egin zituen soinudun filmak sortzeko, baina ezin izan zuen lortu kalitate nahikorik eskaintzen zuen gailurik, eta dirua biltze aldera proiektore bat diseinatu zuen, aretoetan filmak eskaintzeko modukoa: Phantoscope zuen izena, gerora Vitascope deiturikoa.

Edison ez zen izan filmak komertzializatzeko enpresa-egitura baliatu zuena. 1900 urtera bitartean eragin handiagoa izan zuen beste konpainia batek: American Mutoscope and Biograph Company. Arestian aipatutako W.K.L. Dicksonek asmatutako Mutoscope proiektagailua bultzatu zuten, 70 mm-ko pelikularako egokitua. Ordurako Dickson Edisonen konpainiatik alde eginda zegoen. Dicksonen beraren hurrengo asmakizuna Biograph izenekoa dugu, negatiboetatik zuzenean lortutako positiboak zinema aretoan proiektatzeko aukera ematen zuena.

Sasoi honetan ekoizle eta ekoiztetxe hasi-berri nahiko ziren Ameriketako Estua Batuetan. Horietako bat, esaterako, American Vitagraph zen, Brooklynen bertan estudioak eraiki zituena. Hasierako urte hauetan, bestetik, asko izan ziren epaiketara jo zutenak, asmakizunen patenteak nori zegozkion argitu nahian.

Frantzian Lumière anaien konpainiak mundu zabalera bidali zituen argazkilari asko eta asko, filmak sortzeko. Frantziara bueltan, Lyoneko enpresaren lantegi nagusian, filmatutakoak behin prozesatutakoan, salgai jartzen zituzten. Ehundaka zenbatu ahal ziren 1901. urterako edozein gairi buruz sortutako filmak.

XIX. mendeko amaiera hartan Georges Méliès zen fikzio arloko ekoizle nagusiena, zinemaren baliabide teknikoekin esperimentuak egiten hasi zen lehenengoetakoa, kontatu nahi zituen istorioen mesedetan, betiere publikoaren onespenarekin. Urte hauetan ere eman zituen aurreneko urratsak Charles Pathék, eta 1905ean berorren konpainia, Société Pathé Frères, munduko inportanteenetakoa zen.

Hasieran filmak berariaz antolatutako saioetan eskaintzen ziren, jendeak asmakizunaren berri izan zezan. Baina gutxira gizarteratzea bestela antolatu zen, hau da, etekinak lortzeko asmotan bideratutako komertzializazioa etorri zen. Barietateak emankizun zituzten antzokien programazioan tartekatu zituzten, edo ibiltari zebiltzan komedianteen esku eskaini ziren filmak. 1905ean zabaldu zuten Pittsburghen filmak besterik ez zuen ematen aretoa, The Nickelodeon izenekoa. Ordurako bazegoen ordu laurdeneko saioak emateko modua, astero-astero berriztatua izan zitekeen programazioa. Handik lasterrera halako establezimenduak leku askotan zabalduko ziren, eta Ameriketan aurreneko haren izena generikotzat jaso zuten, nickelodeon.

'Nickelodeon' motako aretoa. Toronto, Ontario, Canada, 1910. urte inguruan

Arte baten sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908tik aurrera aldaketa handiak izan ziren zinemaren industrian. Hobekuntza teknikoek proiekzioetako distira eragozgarri hura kentzea ekarri zuen, eta emanaldiak eten beharra ere desagertu zen. Filmen luzera ere gehitu egin zen, eta film luzearen eta film laburraren arteko bereizketa egin zen. Kanpoaldean grabatzen zen, edo estudioetan bestela, baina kanpoko argia baliaturik. Aldi berean gero eta gehiago erabiltzen zuten argi artifiziala ere.

Garai hartan bertan bai Frantzian eta bai Estatu Batuetan nagusitu ziren kutsu errealistako eta abenturetako atalez ataleko filmek arrakasta handia izan zuten mundu osoan, eta zinemako aurreneko mitoen oinarriak jarri zituzten. Danimarkan, Suedian eta Alemanian ere indar handia ari zen zinema hartzen. Italian historian oinarrituko filmak boladan egon ziren, eta Cabiria (1913, Giovanni Pastrone) izan zen horien artean adierazgarriena: aurkikuntza eta berrikuntza handiak egin baitzituen, batez ere Segundo de Chomon argazki arduradunak asmatuak.

Lehen Mundu Gerrak geldialdia ekarri zion Europako zinemari. Estatu Batuetan produktore talde batek aurka egin zion Edisonen monopolioari, filmak egiten hasi ziren haren baimenik gabe, eta auzitara ere eraman zuten. Trusten gerra esan zitzaion haren ondorioz, produktore askok Kaliforniara jo zuen, besteak beste kanpoaldean filmatzeko eguraldi egokia zutelako. Honela sortu zen Hollywood. Han hartu zuen beraz egoitza Estatu Batuetako zinema-industriak, orduan sortu ziren produkzio etxe handiak (Warner Bros., Fox, Goldwin, Universal, Paramount) eta sortu zen baita ere star-system edo "izar sistema" delakoa. Sistema hori erabakigarria izan zen Estatu Batuetako zineman, produkzio eta merkaturatze sistema osoa horren arabera antolatu baitzen; lehenengo planoaren erabilerak aktoreen aurpegia ezagutarazten zuen, eta hartara arketipo eta egoera jakin batzuk nagusitu ziren, izar horiek beren irizpide eta baldintzak ezarri baitzizkieten produktoreei. Mary Pickford, Edna Purviance, Tom Mix, Douglas Fairbanks, Rodolfo Valentino dira aldi hartako izar ezagunetako batzuk.

Zinemaren hizkuntzak aurrerabide handia egin zuen gerra garaian David Wark Griffithi esker. Maila gorenera eraman zuen aldi bereko ekintzen teknika. Kontakizuna muntaketaren bidez egituratzeaz gainera, hainbat baliabide erabili zuen : lehenengo planoa baliabide dramatiko gisa, begihutsezko metaforak, flash-backa, eremuaren sakonera, kamera mugimenduak. Berrikuntza horiek guztiek haren bi maisu lanetan gorpuztu ziren: The Birth of a Nation (1915), eta Intolerance (1916).

Zinema komikoa Frantzian sortu zen, eta Max Linder izan zuen eragile nagusia. Orobat da aipagarria Andre Deed (Cretinetti).

Life Of An American Fireman

Estatu Batuetan Mack Sennetek komedia egiteko modu berri bat asmatu zuen, umore basa eta bizia, eta pertsonaien tipologia bat finkatu zuen. Haren inguruan humoregile mordo ospe handikoak bildu zituen, gerora batzuk bide hartan gailendu zirenak: Roscoe Arbuckle, Fatty; Ben Turpin; Buster Keaton; Harold Lloyd; Harry Langelon; Gloria Swanson; W. C. Fields, eta abar. Horien guztien artean Charles Chaplin da inondik ere ezagunena, Charlot arlote ibiltari erromantikoaren pertsonaiaren bidez. Gizartearen satira eta ikuspegi sentimentala lotu zituen Charlotek; The Inmigrant (1917), Shoulder Arms (1918) eta The Kid (1921) ditu garai hartako film bikainenak.

Zinema mutua (1919-1929)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa: espresionismo alemana, sobietar errealismoa, frantses abangoardia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerra bukatu ondoren, Europako zinema berriz hasi zen bizitasuna hartzen. Frantzian abangoardiako zinema izan zen aitzindaria garai haietan. Zinemari arte irizten zioten filmegile haiek Germaine Delluc izan zuten gidari ; haiekin batera sortu zen zinemari buruzko saiakera ere. Germaine Dulac, Abel Gance, Jean Epstein dira higikunde hartako filmegile batzuk.

Alemanian ere zinemagintzak kutsu abangoardiazale handia izan zuen, baina oinarri industriala Frantziakoa baino sendoagoa zuen. Industria kimikoak eta bankuek, gobernuaren babespean, Universum Film Aktiengesellschaft (U.F.A.) produkzio etxe indartsua sortu zuten 1917an. Testuinguru hartan sortu zen zinema espresionista: errealitatea oso modu adierazkorrean itxuraldatzen zuen irudietan, dekoratuak, makillaje bihurrituz, eta giro kezkagarrien eta film beldurgarrien bidez. Robert Wieneren Das Cabinet des Dr. Caligari (1919) izan zen aurreneko film espresionista. Haren atzetik etorri ziren: Der Golem (1920, Paul Wegener), Der müde Tod (1921, Fritz Lang), Nosferatu, eine Symphonie des Grauens (1922, F.W. Murnau)... Aldi hartakoa da baita ere Kanuiterspielfilm higikundea, zinema naturalista eta norberaren baitarako joeraduna, pertsonaien psikologia sakontzen zuena. Zinema alemanean hiru filmegile gailendu ziren beste guztien gainetik : F. W. Murnau - Der letzte Mann (1924), Faust (1920-, G. W. Pabst -Die freudlose Gasse (1925)-, eta Fritz Lang - Dr. Mabuse Der Spieler (1922), Metropolis (1926) eta Die Nibelungen. (1923), ariar arrazaren goraipamena, bere emazte Thea von Harbourekin batera egina ; naziek beretzat lan egitea proposatu ziotelarik, Fritz Langek Estatu Batuetara ihes egin zuen.

1924an zinema alemanak krisi handi bat izan zuen eta hango aktore eta zuzendari bikain asko Hollywoodera joan ziren lanera : Erail Jannings, Pola Negri, Ernst Lubitsch, Carl Mayer, F. W. Murnau...

Sobietar Batasunean boltxebikeen iraultzak bultzada handia eman zion zinemari; 1919an zinemaren industria nazionalizatu zuten, eta 1922an honela zioen Leninek : "arte guztien artean, zinema da guretzat garrantzitsuena". Baliabide gutxi zegoen arren, berehala sortu zen filmegile berrizale andana bat. Dziga Vertovek Kino-Glaz zeritzan teoria sortu zuen: fikzio kutsua zuen oro baztertzen zuen, eta dokumentala besterik ez zuen aintzat hartzen, muntaketaren bidez tankeratzeko eta Filmari esanahi jakin bat emateko. Teoria horrek eragin handia izan zuen gerora ere. Muntaketa izan zuen beraz ardatz zinema politiko, epiko, eta askotan liriko hark. Pudovkinek muntaketa analitikoa erabili zuen Griffithen antzera Мать, Mat (1926)-; Einsensteinek, berriz, kontraste biziak sortzeko erabili zuen muntaketa ; Bronenosets Potyomkin (1925) filma iraultzaren epopeia da, eta zinemaren historiako maisulanik bikain eta eragin handieneko bat dela esan izan da.

Zinema sobietarrak eragin handia izan zuen Frantzian 1924tik 1930era ugaritu ziren higikunde abangoardiazaleen artean.

Batetik, zinema abstraktua zegoen, forma hutsezkoa, erritmoan oinarritua ; Viking Eggeling, Hans Richter, Walter Ruttmann eta Fernand Leger izan ziren zinema mota horren eragileak. Surrealismoak eragin handiagoa izan zuen, amets giroko film esperimentalen bidez : La Coquille et le clergyman (Germaine Dulac, 1926), L' Etoile de mer (Man Ray, 1928), eta, batez ere, Luis Buñuel espainiarraren lanak.

Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Don Juan

Merkatuaren aldetik herrialde hura zen jaun eta jabe munduan: izarren sistemak arrakasta handia zuen, indar handiko mitoak zituen sortuak, baita kontatzeko modu soil baina zuzenak ere. 1920ko hamarkadan, AEBtan bere historian inoiz egindako film kopururik handiena lortu zuten, urtero 800 film luze ginez,[7], hau da, munduko %82a orduan. Arrakasta hark hainbat ardatz izan zuen: Cecil B. DeMillek gorpuzten zuen zinema ikusgarri handizalea The Ten Commandments, 1923) ; zinema komikoa -Charles Chaplin (The Gold Rush, 1925, The Circus (1928) eta Buster Keaton (The General, 1926); marrazki bizidunak: Felix The Cat (1928), Popeye, Betty Boop, Walt Disneyren filmak... ; garai hartan hasi ziren baita ere filmegintzan gerora ospe handia izango zuten filmegile batzuk : King Vidor, John Ford, Howard Hawks; eragin berezia izan zuten aldi hartako Estatu Batuetako zinemagintzan Europatik etorritako filmegileek, alemanek eta suediarrek batez ere; Sjöström suediarra (The Wind, 1928), Greta Garbo suediar aktore mito bihurtua, Ernst Lubitsch komediaren maisua, Murnau arestian aipatua (Tabu, 1928), Josef von Sternberg (Underworld, 1927), eta, batez ere, Erich von Stroheim aktore eta filmegile austriarra, gizarte burgesaren kritikatzaile amorratua (Greed, 1923).

Zinema ahostuna (1929-1939)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Jazz Singer, lehenengo film ahostunen bat

The Jazz Singer (1927, Aland Crosland) film musikalak izan zuen arrakasta handiak bidea ireki zion zinema ahostunari. Lehenengo film horrek film musikal ugari ekarri zituen atzetik; aldi berean kamerak muga handiak izan zituen mugitzeko, blindaje astunak baitzituen zaratarik ez ateratzeko.

Garai mutuko filmegile askok kaltegarri iritzi zioten hitzari, antzerki filmatu bihurtzen zuelakoan zinema, eta muntaketaren sormenezko zeregina gutxiesten zuelakoan.

Baina ikusleek oso harrena ona egin zioten zinema berri hari, eta hark sortutako opereta eta musikalei. Hizkuntza eragozpen izan zuen hasieran zinema ahostunak, baina arazo hori hainbat hizkuntzatan eginiko bertsioekin eta bikoizketaren eta azpitituluen bidez konpondu zen. Zinema bostuna sortzearekin musika, zaratak eta isiltasuna bera baliabide adierazgarri bihurtu ziren, hizketarekin batera.

Estatu Batuetako zinemak arrakasta handiko bi genero sortu zituen garai hartan : gangsterren filmak -Scarface (Howard Hawks, 1931), Little Caesar (Mervyn Le Roy, 1930)-, eta komedia -Ernst Lubitsch, Frank Capra-. Geroxeago, Rooseveltek bultzatutako New Deal politikaren eraginez, eta Hays autozentsurako kodea indarrean jarri izanagatik, gizarte gaien kritikazko film bikainak egin ziren : Modern Times (Charles Chaplin, 1936), Fury (Fritz Lang, 1936), Dead End (William Wyler, 1937), Our Daily Bread (King Vidor, 1935).

Hamarraldi hartan gailendu ziren, besteak beste, Frank Capra, King Vidor, Howard Hawks, John Ford eta William Wyler. John Fordek arrakasta handia izan zuen The Informer (1935) filmarekin, eta Stagecoach filmarekin bide berriak urratu zituen [[western generoan, genero horretan maisu izan zelarik. William Wylerrek eremu sakoneraren teknika eta plano-sekuentziarena landu zituen, eta erabat alboratu zuen zinema mutuaren teknika : Jezebel (1938), Wuthering Heights (1939), The Little Foxes (1941).

Umorezko zinemaren alorrean, garai mutuko komiko batzuek, Buster Keatonek adibidez, ez zuten ezer aipagarririk egin zinema ahostunaren garaian; beste batzuek, berriz, egin zuten film bikainik aro berri horretan ere : Charles Chaplin (City Lights, 1932), Harold Lloyd (Movie Crazy, 1932) ; komiko berriak ere agertu ziren : Oliver Hardy eta Stan Laurel bikotea, eta Marx anaiak. Marrazki bizidunek ere bultzada handia izan zuten, batik bat Walt Disneyren produkzio industrialaren eraginez (Snow White and the Seven Dwarfs).

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemanian U.F.A. produkzio etxe indartsuaren babespean egin zituen zinema ahostunak lehen urratsak, etxe horrek bere sistema berezia sortu baitzuen zinema ahostuna filmatzeko. Josef von Sternbergen Der blaue Engel (1930) filmak arrakasta handia izan zuen mundu osoan. G. W. Pabstek Westfront 1918 (1930) film antimilitarista egin zuen, eta Fritz Langek gaizkileen giroa erabili zuen gizarte eta politika gaiak lantzeko : M (1931), Das Testament des Dr. Mabuse (1932). Aitzitik, Arnold Fanck doktoreak mendiko zinema heroikoa landu zuen, nazien zinema epikoaren aitzindari, Stürme über dem Mont Blanc (1930), eta Leni Riefenstahl argazkilariak bi film bikain egin zituen nazien pentsamoldea bete-betean oinarri harturik : Triumph des Willens (1935), Olympia 2. Teil — Fest der Schönheit (1937).

Naziek aginpidea hartu zutenean filmegile bikain askok Alemaniatik alde egin zuen : Fritz Lang, Max Ophüls, Robert Wiene, Paul Czinner eta William Dieterle.

Frantzian ez zen hots sistema berezirik sortu, eta beraz frantses zinema alderdi horretatik Estatu Batuen eta Alemaniaren mende egon zen. Mendetasunezko egoera hartan bi filmegile gailendu zuren Frantzian 1930 urte inguruan : Jean Vigo abangoardiazale, sailkaezina eta inkonformista, bi film luze guztiz ere berezi eta bikain egin zituena -Zéro de conduite (1933) eta L'Atalante (1934)- ; eta René Clair -À nous la liberté (1932), Le dernier milliardaire (1934)-. Naturalismoa izan zen ordea Bigarren Mundu gerra aurretik Frantzian sortu zen higikunderik bereziena, herri xehearen historiak kontatzen zituena ; Marcel Carné, Jacques Feyder eta Julien Duvivier izan ziren higikunde horretako filmegile nagusiak, eta Jean Gabin haien film askotako protagonista: Le Grand Jeu (Feyder, 1934), Le Quai des brumes (Carné, 1938), Pépé le Moko (Duvivier, 1936). Naturalismoaren ildo horretan, baina politikaren aldetik konpromiso handiagoko errealismoz Jean Renoir zinemagile handia nabarmendu zen : Toni (1935), Les Bas-fonds (1936), La Grande Illusion (1937), La Règle du jeu (1939).

Bigarren Mundu Gerra (1939-1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, gerrak etena ekarri zuen zineenaren produkziora, baliabide guztiak gerrara bideratu baitziren. Estatu Batuetan filmegintzak bi alderdi izan zituen, batetik propaganda hutsezko filmak eta gerra gai harturlli eginak, eta, bestetik, gerrak zuzenean baldintzatu ez zituen filmak. Filmegile bikain askok lan egin zuen Estatu Batuetako gudarostearentzat, besteak beste Why We Fight dokumental sailean (Frank Capra, John Ford, William Wyler, John Huston). Gerran oinarritutako fikziozko filmen artean aipagarriak dira : The Great Dictator - (Charles Chaplin, 1940), Mrs. Miniver (William Wyler, 1942), Air Force (Howard Hawks, 1943), Casablanca (Michael Curtiz, 1943), Objective, Burma! (Raoul Walsh, 1945); Ernst Lubitschek nazien aurkako satira paregabe bat egin zuen 1942an : To Be or Not to Be.

Bestalde, gerra garaian garrantzi eta eragin handiko filmegile batzuek film bikainak egin zituzten. John Fordek gizarte arazoei buruzko bi maisulan egin zituen : The Grapes of Wrath (1940) eta How Green Was My Valley (1941). Orson Wellesen Citizen Kane ( 1941) filmak zeharo irauli zuen zinema : oso hurbileko kamera objektiboak erabiliz, kamera angelu bitxien bidez, planosekuentziaren erabilera berrizaleaz, kameraren mugimendu eta argiaren erabilera bereziaz, berrikuntza tekniko guztiak bildu zituen film horretan eta hurrengoan (The Magnificent Ambersons, 1942), bide berriak urratu zituen eta zinema egiteko era aldatu zuen. Garai honetakoa da orobat aurreko hamarraldian sortua zen genero beltzari bultzada handia eman zion film bikain bat, John Hustonen The Maltese Falcon (1941), Dashiell Hammett idazlearen eleberrian oinarritua. Alfred Hitchcock, ingeles filmegile Estatu Batuetan bizileku hartua ere, orduan hasi zen ospea hartzen bere film batzuei esker : Shadow of a Doubt (1942), Spellbound (1945).

Ingalaterran indar handia hartu zuen dokumentalak, gerra egoera haren ispilu izan baitzen. Dokumentalerako joera horrek eragina izan zuen gerrako fikziozko filmetan ere : In Which We Serve (Noël Coward, 1942). Bestelako filmerik ere egin zen urte haietan Ingalaterran, The Thief of Bagdad (Michael Powell, 1940), Brief Encounter - (David Lean, 1945).

Sobietar Batasunean zinemak etenaldi bat izan zuen 1941ean, estudioak ekialderantz eraman behar izan zituzten, eta ia gerrako dokumentalik baizik ez zen egin, harik eta Stalingradoko garaipenaren ondoren pixkanaka-pixkanaka fikziozko filmak egiten hasi ziren arte ; Eisensteinek 1945ean bukatu zuen Иван Грозный, Ivan Grozniy, Ivan Izugarriari buruzko filma bi partetan egina, film barrokoa eta espresionista ; Prokofieven musikari loturik, zinemaren mintzaira berri baten saioa izan zen.

Frantzian oso bestelako egoera zegoen, alemanek beretua baitzeukaten. Filmek ez zuten gerraren inongo aipamenik egiten.

Testuinguru horretan, aipagarriak dira Marcel Carnék eginiko Les Enfants du Paradis (1945), Jacques Prevertek idatzia ; Henri-Georges Clouzoten L'Assassin habite au 21 (1942) eta Le Corbeau (1943) polizia filmak; eta Jacques Beckeren Dernier Atout (1942). Aipagarria da baita ere Danimarkan, nazien mendean, Carl Theodor Dreyerek inkisizioari buruz egin zuen filma : Vredens Dag (1940).

Gerraondoa (1945-1960)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu gerraren bukaerak aldaketa handiak ekarri zituen zinemara. Teknikaren aldetik, kolorezko filma eta pantaila handia nagusituz joan ziren pixkanaka-pixkanaka.

Zinemaren produkzioak indar handia hartu zuen Asian (Japonia, India, Hong Kong), eta Latin Amerikan (Mexiko, Brasil, Argentina), eta ez bakarrik ordu arte bezala Estatu Batuetan eta Europan. Finantzen aldetik, nazioarteko koprodukzioen sistema jani zen abian. Orduan sortu ziren baita ere zinemaldiak, filmen erak ustoki eta azoka gisa (Cannes, Venezia, Berlin), eta era hartara ezagutu ziren ordu arte zinemagintzan indar handirik izan ez zuten herrialdeetako filmak.

Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marilyn Monroe Gentlemen Prefer Blondes filmean (1953)

Estatu Batuetan zinemak gorabehera handiak izan zituen gerraondoan. Alde batetik, justizia sailak Hollywoodeko produkzio etxe handien jarduera monopolisten aurka egin zuen, eta filmen produkzioa eta filmen emanaldia bereiziarazi zien. Bestalde, McCarthy senatariak komunismoaren aurkako ekinaldi bat egin zuen haren ustez Estatu Batuen aurkako jarduerak eta pertsonak zirenak zinematik uxatzeko. Ekinaldi horren ondorioz filmegile, aktore, eta idazle asko komunistatzat salatu zituzten eta ez zieten industria hartan lan egiten utzi.

Zerrenda beltzek eragin handia izan zuten, eta izu handia eragin zuten lanbide hartan ziharduten artista askorengan. Aipagarria da Elia Kazanen kasua, alderdi komunistako bere kideak salatu baitzituen, eta salatariaren eredu gisa geratu baitzen. Bestalde, telebistaren konkurrentziak eragin handia izan zuen zinemaren produkzioan. Baina hala eta guztiz ere Estatu Batuetako zinemak gailen jarraitzen zuen mundu osoan, bere banaketa sare indartsuari esker batez ere.

Hamarraldi horretan zinema beltzak indar handia izan zuen; indarkeriaren eta erotismoaren bidez gizarte ustel baten irudia ematen zuen, Estatu Batuetako garai hartako gizartearen ispilu, eta nobela beltzeko idazle nagusiak egokituz: Gilda (Charles Vidor, 1946), The Lady from Shanghai (Orson Welles, 1947), Crossfire (Edward Dmytryk, 1947), The Asphalt Jungle (John Huston, 1950).

Aipagarriak dira garai hartako filmegile hauen lanak : John Huston -The Treasure of the Sierra Madre (1947), Key Largo (1948) ; The African Queen (1952)- ; Elia Kazan - A Streetcar Named Desire ( 1951), Viva Zapata! (1952), On the Waterfront(1954)- ; Billy Wilder- The Lost Weekend ( 1945), A Foreign Affair (1948), Sunset Boulevard (1950)- ; Fred Zinnemann -High Noon (1952), From Here to Eternity (1953)-; Nicholas Ray (Johnny Guitar, 1953) ; Alfred Hitchcock (Strangers on a Train, 1951). Komedia musikala berritu egin zen 1951z geroztik, batez ere bi filmen eraginez : An American in Paris (Vincent Minnelli, 1951) eta Singin' in the Rain (Stanley Donen, Gene Kelly, 1952).

Joera errealista eta gizartearekiko kritiko horren aurrean, superprodukzio sasihistorikoekindar handia izan zuten: Quo Vadis (Mervyn Le Roy, 1950), The Ten Comandments (Cecil B. De Mille, 1956), Ben Hur (William Wyler, 1959). Westernak indarrean jarraitu zuen oraindik bolada batean, batez ere John Forden maisulanei esker : My Darling Clementine (1946), Fort Apache ( 1947), The man Who Shot Liberly Valance (1961).

1950 inguru hartan sortu zen zientzia fikziozko generoa, gizarte nahasmenen eta aurreramendu teknologikoen arriskuaz ohartaraztenzuena : The Da p the Earth Stood Still (Robert Wise, 1951), The Incredible Shrinking Maiz (Jack Arnold, 1957).

Neoerrealismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Italiar neorrealismo

Italian sortutako neoerrealismoa izan zen gerraondoko higikunde aipagarrienetako bat. Egiantzekotasuna harturik helburu, eta errusiar zinemaren eta britainiar dokumentalismoaren eraginez, higikunde horrek gizarte kezkak adierazten zituen, herri xehearen historiak kontaturik ; horretarako agertoki naturalak baliatu zituen, eta uko egin zien aktore profesional, dekoratu, makillaje eta gainerakoei. Aurreneko filma Roma, città aperta izan zen (Rossellini, 1945) ; erresistentziari buruzko drama zen, eta eragin handia izan zuen mundu osoan. Haren ondoren egin zituen Paisà (1946), Germania anno zero (1948), Stromboli, terra di Dio (1950), Viaggio in Italia (1953). Rossellinirekin batera, Vittorio de Sica -Ladri di biciclette (1948), Miracolo a Milano (1951)- eta Luchino Visconti -La terra trema ( 1948), Senso (1954)- izan ziren neoerrealismoaren adierazle nagusiak. Alberto Lattuada, Pietro Gerroi, Luigi Zampa eta Giuseppe de Santis filmegileek neoerrealismoaren beste alderdi batzuk landu zituzten. Guztiz berezia izan zen Federico Fellinik La strada (1954) filmean egin zuen ekarria. Neoerrealismoaren ondoren italiar erako komedia etorri zen; Luigi Comenciniren Pane, amore e fantasia (1953) filmak eman zion hasiera, eta ikusleen harrera ezin hobea izan zuen zinema joera hark star-system bat finkatu zuen aldi berean Italian.

Nouvelle Vague eta Free Cinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Nouvelle Vague eta Free Cinema

Frantzian gerrak, eten handia ekarri bazuen zinemara, ez zuen isla handirik izan filmetan. Film gehienak gerra aurreko tilmegile berberak eginak izan ziren, kalitate handiko filmak ziren oro har, baina ez zuten berrikuntza handirik ekarri harik eta Nouvelle Vague higikundea sortu zen arte.

Filmegile horien artean aipagarriak dira : René Clément (Les Maudits, 1947 ; Jeux interdits, 1952) ; René Clair (Le silence est d'or, 1947 ; Porte des Lilas, 1957) ; Jean Renoir (Le Fleuve, 1951 ; Le Carrosse d'or; 1952 ; French Cancan, 1954) ; Marcel Carné (Les Portes de la nuit, 1946 ; Les Tricheurs, 1958) ; Jean Cocteau (La Belle et la Bête, 1945 ; Le testament d'Orphée, 1960) ; Henri-Georges Clouzot (Quai des Orfèvres,1947 ; Le Salaire de la peur, 1952) ; Jacques Becker, (Casque d'or, 1952 ; Le Trou, 1960). Aipatu beharra dago baita ere Jacques Tatiren umorezko film ia mutu eta oso bereziak : Jour de fête (1949), Les Vacances de monsieur Hulot (1953).

Cahiers du Cinema aldizkariaren inguruan bildutako kritikari talde batek indarrean zegoen zinemaren akademizismoa arbuiatu zuen, eta "egilearen zinema"renalde egin zuen. 1956tik 1959ra filmegile berri batzuek beren lehen filmak egin zituzten, eta haien ekarri berrizaleari "Nouvelle Vague" deitu zitzaion. Hauek ziren zuzendari aipagarrienak : Roger Vadim (Et Dieu… créa la femme, 1956), Claude Chabrol (Le Beau Serge, 1958), Francois Truffaut (Les Quatre Cents Coups, 1959), Alain Resnais (Hiroshima mon amour, 1959), Jean-Luc Godard (À bout de souffle, 1960). Higikunde horrek frantses zinema zaharkitua astindu eta asaldatu bazuen ere, ez zuen joera bateratu gisa iraun, eta filmegile haiek zeinek bere bidea hartu zuen berehala.

Ingalaterran, batetik, Laurence Olivierrek egin zituen Shakespeareren egokipenek sona handia izan zuten (Henrike V.a, 1944; Hamlet, 1948 ; Rikardo III.a, 1955. Bestetik, aipagarriak dira filmegile jakin batzuen lanak David Lean (Oliver Twist, 1947 ; The Bridge on the River Kwai, 1957); Carol Reed (The Third Man, 1949); Ealing produkzio etxearen komediak, gehienak Alec Guinness aktorea zutelarik protagonista (The Man in the White Suit, 1951). Free Cinema higikundeak berrikuntza ekarri zuen Ingalaterrako filmagintzara ; filmegile haiek herri xehearen arazoak eta kezkak adieraziko zituen zinemaren alde zeuden, eta ildo horretatik bultzada handia eman zioten dokumentalari, ikuspegi garratz eta ezkorraz. Higikunde honetakoak dira Toni Richardson (Look Back in Anger, 1959), Karel Reisz (Saturday Night and Sunday Morning, 1961), Lindsay Anderson (if...., 1968).

Zinema beste herrialde batzuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra ondoko 1940ko hamarkada eta hurrengoa, 1950eko hamarkada, ingelesa ez den zinemaren 'Urrezko Aroa' izan zen,[8][9] batez ere Asiako zineman.[10][11]

Espainian zinema oso egoera kaskarrean zegoen, bai gerraondoko krisi ekonomiko latzagatik eta bai Francoren zentsura gogorragatik . Film folklorikoak eta sasihistorikoak ziren gehienak, harik eta Juan Antonio Bardem eta Luis García Berlanga filmegileek 1950eko hamarraldian nolabaiteko berrikuntza ekarri zuten arte; Bardemenek italiar neoerrealismoaren bidea jorratu zuen eta Berlangak umorea eta satira : Bienvenido, Mister Marshall (Berlanga, 1952), Cómicos (Bardern, 1953), Calabuch' (Berlanga, 1956), etab. Hamarraldi horren bukaeran beste bi filmegile berrizale agertu ziren : Marco Ferreri italiarra, Rafael Azcona idazlearekin batera tenore beltza landu zuena -El pisito (1958), El cochecito (1960)- eta Carlos Saura (Los golfos, 1958).

Eskandinaviako zinemagintzak ere berpizte bat izan zuen gerra ondoren, batez ere Ingmar Bergman filmegileari esker. Pertsonaren barne liskarrak izan ziren haren lanaren ardatz nagusia, baita erlijio krisia ere : Det sjunde inseglet eta Smultronstället (1957). Aipagarria da baita ere Alf Sjöberg suediarra : Hets (1944), Fröken Julie (1950). Luzaroan tiletik egin gabe egona, Dreyer maisuak bi film handi egin zituen aldi horretan : Ordet (1955), Gertrud (1964).

Luis Buñuel Mexikon bizileku hartutako espainiarrak eragin handia izan zuen Mexikoko zinemagintzan, nahiz Espainian eta Frantzian ere lan egin zuen geroztik. Haren zinema kritikoa eta berrizalea zen, eta ukitu surrealistak zituen : Los olvidados (1950), Nazarín (1958). Emilio Fernández filmegile mexikarra izan zen Mexikoko zinemako beste oinarria, beste maila batean, eredu ohiturazaleari jarraiturik. Argentinan aipagarriak dira Leopoldo Torre Nilson, Lucas Demare eta Fernando Ayala zuzendarien filmak. Brasilen Lima Barretok 1953an egin zuen O Cangaceiro filmak arrakasta handia izan zuen mundu osoan. 1960 inguruan filmegile talde batek (Ruy Guerra, Glauber Rocha, Joaquin Pedro de Andrade.. Cinema Novo deritzan higikundea sortu zuen: kolonialismoaren aurkako joeraren baitan, garai haietako kultura eta politika giroaren eraginez, bide berriak urratu zituen eta hats berria eman zion Brasilgo zinemagintzari .

Japoniako fimegintza hasiera-hasieratik oparoa izan bazen ere, 1951 arte ez zen mundu osoan ezagutu, harik eta Akira Kurosawak Veneziako zinemaldiko lehen saria jaso eta zinemazaleak harrituta utzi zituen arte Rashomon filmarekin. Kurosawarekin batera -Shichinin no samurai (1954)- Yasujiro Ozu eta Kenji Mizoguchi dira japoniar filmegile nagusiak. Ozuk familiako giroa hartu zuen ia gai bakartzat; filmatzeko era guztiz ere bereziak, alferrikako apaindurarik gabe, eta denboraren eta espazioaren ikuskerak mundu osoko zinemaren maisu bihurtu zuten Ozu -Munekata kyōdai (1950), Tōkyō Monogatari (1953)-. Mizoguchi ere maisu handia izan zen, estilo berezi bat landu zuen bere film ugarietan, eremu sakonera eta plano-sekuentzia harturik ardatz: Ugetsu Monogatari (1953), Sanshō Dayū (1954). Aipagarriak dira baita ere Kon Ichikawa, Mikio Naruse eta Shohei Imamura zinemagileak, beste askoren artean .

Indiatik, berriz, munduko film produkzio handiena hangoa izan arren, oso gutxi ezagutzen da mendebaldean, ezpada Satyajit Ray eta Bimal Roy filmegileen lanak.

1960-1980[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinemak ordu arteko joerari eutsi zion oro har. Izan zen hala ere aldaketarik, Estatu Batuetako zinema berriz ere nagusitu zen, tokian tokiko filmegintzak bolada batez gora egin arren. 1960-1970eko gizarte eta ohitura aldaketek eragina izan zuten zineman. Zinema politiko kritikoak indarra hartu zuen autore zinemaren goraldiarekin batera ; aldi berean, produkzio etxe handiek hondamenei buruzko filmak egin zituzten hasieran, eta gero zientzia fikziozkoak eta espaziokoak, eta dirutza handiak irabazi zituzten.

Zinema ikusgarri, ihesbide hutsezko eta irabazi handiko horrekin batera, herrialde jakin batzuetan oso bestelako iritzi eta asmoetako filmegileak eta joerak sortu ziren . Hala, Alemanian zinemagileen belaunaldi herri batek zeresan handia eman zuen 1970eko hamarraldian. Baita suitzar filmegile batzuek ere (Tanner, Goretta, Schmid).

Sobietar zineman zuzendari gutxi batzuk zeuden zinema ofizialaren zurruntasunetik kanpo (Tarkovski, Kontxalovski), eta Europako ekialdean sortu ziren filmegile berezienak (Polanski, Miloš Forman, Dušan Makavejev) Europako mendebaldean edo Estatu Batuetan kokatu ziren azkenik.

Zinema alemanaren berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzaroan ia emaitza nabarmenik izan gabe, zinema alemanak 1960 inguruan egin zuen gora, belaunaldi berri baten eskutik.

Zeinek bere estiloa zuen arren, kultura iturri beretsuak zituzten : folletoia, Estatu Batuetako zinema beltza, opera, kabareta, melodrama... Hauek izan ziren filmegile aipagarrienak: Volker Schlöndorff -Der junge Törless (1966), Die verlorene Ehre der Katharina Blum (1975)-; Alexander Kluge -Die Artisten in der Zirkuskuppel: Ratlos (1968)-; Rainer Werner Fassbinder, belaunaldi hartako filmegile oparoena eta agian ezagunena, Alemaniako gizartearen kronika garratza egin zuen haren filmetan -Die bitteren Tränen der Petra von Kant (1972), Angst essen Seele auf (1974), Die Ehe der Maria Braun (1978), Lili Marleen (1981)- ; Werner Herzog -Aguirre, der Zorn Gottes (1972), Nosferatu: Phantom der Nacht (1978)-; Jean-Marie Straub -Chronik der Anna Magdalena Bach (1967)-; Wim Wenders, geroztik Estatu Batuetan lan egina -Alice in den Städten (1973), Der amerikanische Freund (1977), Paris, Texas (1984)-.

Frantses zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nouvelle Vague higikundea desagertu ondoren, higikunde horretako filmegile batzuek baizik ez zuten aurrera egin filmegintzan, geroztik hasitako beste batzuekin batera : Jean-Luc Godard, bilatzaile eta berritzaile amorratua -Alphaville (1965), Pierrot le fou (1965)-; Claude Chabrol, probintzietako giroen erretratugile bikaina -La Femme infidèle, Le boucher (1970)- ; François Truffaut -Les Quatre Cents Coups (1959), Tirez sur le pianiste (1960), La Nuit Américaine (1973)-, Alain Resnais -L'Année dernière à Marienbad (1961), La Guerre est finie (1965)- ; Louis Malle -Ascenseur pour l'échafaud (1958), Lacombe Lucien (1974), Atlantic City (1980)-; Jean-Pierre Melville -Le Samouraï (1967), L'Armée des ombres (1969), Le Cercle rouge (1970)-.

Halaber dira aipagarriak, Frantzian ez ezik nazioartean oso ezagunak izan baitziren, Frantziako zinemagintzan ospetsu izandako aktore batzuk : Brigitte Bardot, Jean-Paul Belmondo, Alain Delon, Michel Piccoli, Jeanne Moreau.

Espainiako zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franco hil aurretikako zentsurak zorrotz mugatutako zinema hartan, eta arestian aipatu diren Berlanga eta Bardean filmegileez gainera, Carlos Saura -La caza (1966), Ana y los lobos (1972), La prima Angélica (1974) eta Basilio Martín Patino -Nueve Cartas a Berta (1965), Canciones para después de una Guerra (1971), Queridisimos Verdugos (1974)-, nabarmendu ziren gainerako filmegile oro har eskasen artean. Bestalde, Bardemek ez zuen aurreko hamarraldiko filmen bikaintasuna berriz iritsi, eta Berlangak egin zituen bizpahiru film bikain : Plácido (1962), El Verdugo (1963). Giro hartan gertaera berezia izan zen Bartzelonako Eskola esan zitzaionaren sorrera, abangoardiazalea eta naturalismoaren ukatzailea; ez zuen askorik iraun, ezta harrera onegirik ere izan jendaurrean, baina hura izan zen geroztik filmegintzan buru-belarri aritutako filmegile batzuen abiapuntua : Vicente Aranda, Gonzalo Suárez... Aipatzekoak dira baita ere José Luis Borau (Furtivos, 1975), Manuel Gutiérrez Aragon (Sonámbulos, 1978), eta Ricardo Franco (Pascual Duarte, 1975). Baina Luis Buñuel da, inondik ere, espainiar filmegile ospetsuena eta bikainena. Mexikon eginiko filmen ondoren, Viridiana (1961) filmatu zuen, Espainian egin zuen film bakanetako bat, arrakasta handia sortu eta haserre handiak piztu zituen film bikaina ; geroztik Frantzian ari izan zen gehienbat : La Voie lactée (1968), Belle de jour (1967), Tristana (1970), Le charme discret de la bourgeoisie (1972), Le Fantôme de la liberté (1974), Cet obscur objet du désir (1977).

Estatu Batuen nagusitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako zinemak indarra galdua zuen 1950eko hamarraldian, zentsuraren eraginez, besteak beste. 1960ko hamarraldian giroa aldatzen hasia zelarik, film kritiko eta politiko asko egin ziren herrialde haren arazoen ispilu gisa (arrazakeria, gazteen protestak, Vietnamgo gerra). Ohitura eta jokabide berriek ere izan zuten eraginik komedietan, musikaletan eta westernetan.

1950eko hamarraldian filmegile askok Estatu Batuetatik alde egin zuen. Hamarraldi honetan, berriz, egoera alderantzizkoa zen. Europa ekialdeko filmegile bikain batzuek (Forman, Polanski) Estatu Batuetan hartu zuten bizilekua eta Europako mendebaleko beste batzuek (Bergman, Antonioni) film batzuk egin zituzten Estatu Batuetan .

Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu ziren filmegile handiek lanean jarraitu zuten: Elia Kazan America, America ( 1964), The Arrangement (1969)- ; Billy Wilder eta bere komedia garratzak -The Apartment (1960), Irma la Douce ( 1963), Kiss Me, Stupid (1964), The Fortune Cookie (1966), Avanti! (1972), The Front Page (1974); John Huston -The Night of the Iguana (1964), Fat City (1971), The Man Who Would Be King (1975)-.

Stanley Kubrick zinemaren historiako filmegile handienetako batek Estatu Batuetan egin zituen bere film gehienak, ingelesa izan arren. Genero asko landu zuen eta guztietan izan zen maisu: zinema beltza (The Killing, 1956), gerrako film antimilitarista (Paths of Glory, 1958), zinema historikoa (Spartacus, 1961), komedia (Dr. Strangelove, 1963), zientzia fikzioa (2001: A Space Odyssey, 1968), indarkeriari buruzko gizarte kronika (A Clockwork Orange, 1972), zinema historikoa (Barry Lyndon, 1975), beldurrezko zinema (The Shinning, 1979). Produkzio etxe handiak konturatu ziren gizartea kritikatzen zuten filmak inbertsio ona zirela, eta hala ikuspegi hori zinema genero guztietan islatu zen. Garai hartako filmegile ugarien artean aipagarriak dira, besteak beste: Robert Rossen (The Hustler, 1961 ; Lilith, 1964); Richard Brooks (In Cold Blood, 1967); Mike Nichols (The Graduate, 1967) ; Arthur Penn (The Chase, 1966; Bonnie and Clyde, 1967; Little Big Man, 1969); John Schlesinger (Midnight Cowboy, 1969); Dennis Hopper (Easy Rider, 1969). Bestalde, zinema musikalak bere bidea jarraitu zuen gaiez eta itxuraz eraberriturik: West Side Story (Robert Wise & Jerome Robbins,1961), My Fair Lady (George Cukor, 1964), Hello, Dolly! (Gene Kelly, 1969), Cabaret (Bob Fosse, 1972), Hair (Miloš Forman). Umorezko zineman aipagarriak dira Jerry Lewis -The Nutty Professor (1963), The Big Mouth (1967)- eta Mel Brooks -The Producers (1968), Young Frankenstein (1974)-. Woody Allen kasu berezia da, lehenengo filmetako umorea tindu zuen Bananas (1971), Sleeper (1973)- eta Annie Hall (1976), Interiors ( 1978) eta Manhattan,(1979) filmekin umore landuago eta garratzago baten bidez New Yorkeko goi mailako gizarte liberala aztertzeari eta kritikatzeari eman zitzaion. Hurrengo hamarraldietan du film bat, eta bide guztiz berezi bat film guztietan berdina landu izan du, Estatu Batuetan baina bai ordea Europan. Westernaren baitan, alde batetik film batzuek auzitan jarri zuten indiarren kolonizazioa,arauei jarraitzen zieten filmak egin ziren; azken joera horren jarraitzaile eragin handiko bat Sam Peckinpah izan zen: Ride the High Country (1961), The Wild Bunch (1969). Zinema independentearen alorrean aipatzekoa da John Cassavetes aktore eta zuzendaria (Shadows, 1960 ; A Woman Under the Influence, 1974). Eta undeground zineman edo industriatik at Jonas Mekas (The Brig, 1965), Andy Warhol (Sleep, 1963) eta haren jarraitzaileak dira ezagunenak. 1970 inguruan filmegile belaunaldi berri egun ere ekinean jarraitzen duena : Francis Ford Coppola -The Godfather (1972), The Godfather, Part II (1975), Apocalypse Now (1979)- ; George Lucas American Graffiti (1973), Star Wars (1977)-; Steven Spielberg -Duel (1971), Jaws (1975), Close Encounters of tbe Third Kind (1977), Raiders of the Lost Ark (1981), E.T. the Extra-Terrestrial (1982)-; Martin Scorsese -Taxi Driver (1976), The Last Waltz (1978), Raging Bull (1979), After Hours ( 1985)-; Peter Bogdanovich Daisy Miller (1974)-. Bukatzeko, Estatu Batuetako zinemaren industriak mundu osoko filmegile bikainak erakarri zituen. Horien artean, aipagarriak dira Miloš Forman txekiarra -Taking Off (1971), One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975), Ragtime (1981), Amadeus (1984)- ; eta Roman Polanski poloniarra -The Fearless Vampire Killers(1967),Rosemary's Baby (1968), Chinatown ( 1974)-.

Italiako zinemaren sendotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira, oro har, italiar zinemak bi hamarraldi horietan izan zituen ezaugarri eta joera nagusiak bidea egina zuten filmegileen gizarte sistema kritikatzen zuten film politikoak italiar komedia ; zinema erotikoa, Europako lehena produkzio kopuruan; eta zinemaren eta telebistaren (RAI) arteko lankidetza. Roberto Rossellini neoerrealismoaren maisuak fikziozko zinema utzi eta dokumental didaktikoak eta historikoak egin zituen telebistarako : L'Età del ferro (1965), La Prise de pouvoir par Louis XIV (1966). Federico Fellinik bere ametsezko mundu kritiko eta irudimen handikoari eman zion bide: (1963), Giulietta degli spiriti (1965), Satyricon (1969), Amarcord (1973), Antonioni egiten jarraitu zuen gizonen arteko inkomunikazioa harturik gai nagusitzat : La notte (1967), Zabriskie Point (1970). Viscontik une historiko nagusien deskribapena eta aristokraziaren zuen, bere ikuspegi marxista eta barrokotik : Il Gattopardo (1963), La caduta degli dei (1969), Morte a Venezia ( 1971), L'innocente (1976). Hauek dira bere film nagusiak bi hamarraldi hauetan, gero aipatuko diren Bernardo Bertolucci, Marco Ferreri eta Pier Paolo Pasoliniz gainera : Francesco Rosi -Salvatore Giuliano (1961), Uomini contro (1970), Il caso Mattei (1971)-; Elio Petri Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto (1970)- ; Liliana Cavani: Il portiere di notte (1973), polemika handia sortutakoa. Marco Bellocchio izan zen kutsu politiko garbieneko italiar filmegilea garai hartan: I pugni in tasca (1966), Nel nome del padre (1971), Marcia trionfale (1976) ; Paolo eta Vittorio Taviani anaiak : Allonsanfan (1974), Padre padrone (1976).

Pier Paolo Pasolini italiar kulturako pentsalari bikainetako bat izan zen. Bere ikuspegi marxista eta kristautik, lirika eta garraztasuna nahasi zituen eta polemika sortu zuen bazter guztietan. Haren leleen filmak baztertuen eta langileen aldeko filmak izan ziren : Accattone (1961), Mamma Roma (1962), Uccellacci e uccellini (1966). Il Vangelo secondo Matteo (1964) erlijiozko film berezia egin zuen, eta gero Greziako trajedia klasikoak egokitu zituen : Edipo re (1967), Medea (1969). Ondoren "bizitzaren trilogia" egin zuen : Il Decameron (1971), I racconti di Canterbury (1972), Il fiore delle Mille e una notte (1974), eta, azkenik, Salò o le 120 giornate di Sodoma (1970).

Marco Ferrerik oso ibilbide bitxia izan zuen. Espainian egin zituen aurreneko filmak, eta orduz gero erakutsi zuen bere filmegintzak ezaugarri izango zuen umore beltza. Gizadiaren kontraesanak eta gizon-emakumeen arteko harremanen ezintasunak izan ziren haren filmetako ardatz batzuk: La Grande Bouffe (1972), L'ultima donna (1974), Ciao maschio (1978).

Bernardo Bertolucci italiar zinemako autorerik bikain eta ospetsuenetako bat da; hiruzpalau film egin ondoren, ospe handia izan zuen mundu osoan Last Tango in Paris (1972) eskandalua sortu zuen filmari esker. Novecento (1974-1975), bi partetan egindako filma XX. mendeko lehen 45 urteetako Italiaren kronika bat zen, langileen aldeko ikuspegitik egina. Maisulan horien ondoren, besteak beste, La luna (1979) egin zuen.

Italiar komediak aurrera egin zuen, nahiz ez zuen aurreko hamarraldiko indarra izan; Pietro Germi, Dino Risi, Luigi Comencini izan ziren, hesteren artean, genero horren bultzatzaileak. Bestalde, garai hartan indar handia hartu zuen Italian spaghetti western zeritzan western motak, oro har kalitate eskasekoak, Sergio Leoneren filmak izan ezik : Per un pugno di dollari (1964), Il buono, il brutto, il cattivo (1966)

Gaur egungo zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan telebista kateak ugaritzeak eta bideoa etxe askotan sartu izanak eragin handia izan zuen zineman, askoz jende gutxiago joaten zen zinema aretoetara, haina film produkzioa ez zen haatik gutxitu. Europan, zinema areto asko itxi zen, haina haien ordez multizinemak edo areto txikiagoak sortu ziren nonahi.

Estatu Batuetako zinemak nagusitasunari eutsi zion bai produkzioan eta bai banaketan; India bakarrik gailentzen zitzaion produzitutako film kopuruan[12]. Zinemagintzako maisu batzuei ez zitzaien orduko filmik egiteko aukerarik eman: Billy Wilder, Joseph L. Mankiewicz, Elia Kazan. Bestalde, badira beste ezaugarri jakin batzuk ere: zinemaren ondarea berreskuratzeko saioak: film klasiko batzuk konpondu ziren eta arrakasta handiz berriz agerrarazi ziren jendaurrean: Napoléon (Abel Gance, 1927), Gone with the Wind (Victor Fleming, 1939), Lawrence of Arabia (David Lean, 1962), Spartacus (Stanley Kubrick, 1960) ; genero klasikoen halako berpizte bat: westerna: Dances with Wolves (Kevin Costner, 1990); abenturetako filmak: Raiders of the Lost Ark (Steven Spielberg (1981); gangsterren filmak : Goodfellas (Martin Scorsese, 1990); marrazki bizidunak: The Little Mermaid (John Musker & Ron Clements, 1989); eta 70eko genero batzuk desagertu izana -zinema politikoa eta underground zinema- ; herrialde jakin batzuetako filmegintzaren goraldia filmegile herrien bultzadaz -Danimarka (Gabriel Axel, Bille August, Nils Malmros), Finlandia (Aki Kaurismaki, Mika Kaurismaki), Australia (Peter Weir, Bruce Beresford), Peru (Francisco Lombardi), Mali (Souleymane Cissé), Burkina Faso (Idrissa Ouedraogo); Star-system zeritzana desagertzea ; efektu berezietako filmek hartu duten indar handia -Star Wars (George Lucas, 1977) filmak bultzada handia eman zien efektu bereziei, eta geroztik alor horrek aurreramendu handia izan du, ordenagailuen bilakaeraren eraginez batez ere, eta zientzia fikziozko filmetan batik bat : Blade Runner (Ridley Scott, 1982), E.T (Steven Spielberg, 1982), Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985), Alien (Ridley Scott, 1979)- : film zuzendariaren gero eta garrantzi handiagoa ...

Asko dira gaur egun ospe eta eragin handia duten zinema zuzendariak, besteak beste: Estatu Batuetan, Clint Eastwood, David Lynch, Brian De Palma, Martin Scorsese, Steven Spielberg, Oliver Stone, Tim Burton, Joel & Ethan Coen, Spike Lee, Quentin Tarantino; Europan, Louis Malle, Eric Rohmer, Bertrand Tavernier, Fernando Trueba, Pedro Almodovar, Vicente Aranda, Wim Wenders, Ettore Scola, Emir Kusturica, Ridley Scott, Krzysztof Kieślowski, Nikita Mikhalkov, Lars von Trier, Stephen Frears, Theo Angelopoulos; Sortaldean, Shohei Imamura, Zhang Yimou.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Crombie, Alistair Cameron, Science, optics, and music in medieval and early modern thought, 205. orrialdea .
  2.   Wade, Nicholas J.; Finger, Stanley (2001), «The eye as an optical instrument: from camera obscura to Helmholtz's perspective», Perception 30 (10): 1157–1177 .
  3.   Clegg, Brian (2007), The Man Who Stopped Time, Joseph Henry Press, ISBN 978-0-309-10112-7 .
  4.   Braun, Marta (1992), Picturing Time: The Work of Etienne-Jules Marey (1830–1904), Chicago: University of Chicago Press, 190. orrialdea, ISBN 0-226-07173-1 .
  5.   Robinson, David (1997), From Peepshow to Palace: The Birth of American Film, New York eta Chichester, West Sussex: Columbia University Press, 28. orrialdea, ISBN 0-231-10338-7 .
  6.   Abel, Richard (2001), The Sounds of Early Cinema, Indiana University Press, 143 - 153. orrialdea, ISBN 0-253-33988-X .
  7. Film History of the 1920s
  8.   Film Forum, The Golden Age of the Foreign Film, http://www.filmforum.org/archivedfilms/golden.html. Noiz kontsultatua: 2009-05-29 .
  9.   Daniels, Tracy K. (2008-1-11), Hybrid Cinematics: Rethinking the role of filmmakers of color in American Cinema, Massachusetts Institute of Technology, http://cmsw.mit.edu/rethinking-the-role-of-filmmakers-of-color-in-american-cinema/ .
  10.   Lee, Kevin (2002-09-05), A Slanted Canon, Asian American Film Commentary, http://www.asianamericanfilm.com/archives/000026.html .
  11.   Totaro, Donato (2003-1-31), «The "Sight & Sound" of Canons», Offscreen Journal (Canada Council for the Arts), http://www.horschamp.qc.ca/new_offscreen/canon.html .
  12.   Brenhouse, Hillary (2011-01-31), «As Its Box Office Booms, Chinese Cinema Makes a 3-D Push», Time, http://www.time.com/time/world/article/0,8599,2044888,00.html .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Abel, Richard. The Cine Goes to Town: French Cinema 1896-1914, University of California Press, 1998.
  • Acker, Ally. Reel Women: Pioneers of the Cinema, 1896 to the Present. Londres: B.T. Batsford, 1991.
  • Barnes, John. The Cinema in England: 1894-1901 (5 liburu) University of Exeter Press, 1997.
  • Basten, Fred E. Glorious Technicolor: The Movies' Magic Rainbow. AS Barnes & Company, 1980.
  • Bowser, Eileen. The Transformation of Cinema 1907-1915 (History of the American Cinema, Vol. 2) Charles Scribner's Sons, 1990.
  • Cook, David A. A History of Narrative Film, 2.argitaraldia. New York: W. W. Norton, 1990.
  • Cousins, Mark. The Story of Film: A Worldwide History, New York: Thunder's Mouth press, 2006.
  • King, Geoff. New Hollywood Cinema: An Introduction. New York: Columbia University Press, 2002.
  • Merritt, Greg. Celluloid Mavericks: A History of American Independent Film. Thunder's Mouth Press, 2001.
  • Musser, Charles. The Emergence of Cinema: The American Screen to 1907 (History of the American Cinema, Vol. 1) Charles Scribner's Sons, 1990.
  • Nowell-Smith, Geoffrey, ed. The Oxford History of World Cinema. Oxford University Press, 1999.
  • Parkinson, David. History of Film. New York: Thames & Hudson, 1995. ISBN 0-500-20277-X
  • Rocchio, Vincent F. Reel Racism. Confronting Hollywood's Construction of Afro-American Culture. Westview Press, 2000.
  • Salt, Barry. Film Style and Technology: History and Analysis 2nd Ed. Starword, 1992.
  • Salt, Barry. Moving Into Pictures Starword, 2001.
  • Robin van Gils met zijn baardje School 2009.
  • Schrader, Paul. "Notes on Film Noir." Film Comment, 1984.
  • Thackway, Melissa. Africa shoots back: Alternative perspectives in sub-saharan Francophone African film. Indiana University Press, 2003.
  • Tsivian, Yuri. Silent Witnesses: Russian Films 1908-1919, British Film Institute, 1989.
  • Unterburger, Amy L. The St. James Women Filmmakers Encyclopedia: Women on the Other Side of the Camera. Visible Ink Press, 1999.
  • Usai, P.C. & Codelli, L. (editoreak) Before Caligari: German Cinema, 1895-1920 Edizioni Biblioteca dell'Immagine, 1990.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zinemaren historia Aldatu lotura Wikidatan