Zistertar

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zistertar ordenaren armarria

Zistertar ordena (latinez: Ordo cisterciensis, o.cist.) 1098an sortutako ordena monastiko katolikoa da. Urte horretan San Benediktoren erregela zorrozki bizi nahi zuten Beneditar lekaide batzuek Cîteauxko abadia (Saint-Nicolas-lès-Cîteaux, Burgundia) eraiki zuten. Fundatzailerik ezagunena Robert de Molesme da. Ordena honek aszetismoa eta liturgiaren soiltasuna sustatu eta lekaideen eskulanari garrantzi handia eman zion. XII. mendean izan zuen hedatze handian, San Bernardo Clairvauxkoa (1090-1153), Clairvauxko abadiaren sortzaile eta bertako lehen abadea, funtsezkoa izan zen. San Bernardo hil zenean, ordenak 338 monasterio zituen, eta horietatik 68 Clairvauxetik eraikiak ziren[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roberto abade beneditarrak, San Benitoren ordenaren zorroztasunera itzuli nahirik, monasterio bat eraiki zuen Cîteaux-en (latinez Cister, "Zister"), Dijon ondoan. Bernardo Clairvauxkoa ordenan sarturik (1112), zistertarrak mendebaleko herrialdeetan zehar hedatu ziren. 1119an Eztebe Harding santuak, ordenako hirugarren abadeak, Carta caritatis izeneko konstituzioa idatzi zuen, ordenaren ezaugarriak eta eraketa finkatzen zituena: erabateko pobrezia, aszetismoa, esku lanaren garrantzia, ikasketa profanoen debekua, monasterio guztiek arau eta ohitura berberak izatea, etxe guztietako abadeak urtero Cîteaux-en egin beharreko batzarra, abade nagusiak urtero etxe guztietara egin beharreko ikustaldia. 1120an emakumeentzako lehen monasterio zistertarrak sortu ziren.

XII. mendea zistertarren mendea izan zen, bere arkitektura soila ordenarekin batera Europan barreiatu zelarik: 1113-1115 bitartean lau abadetxe, 1153an 353, 1200ean 694. Zistertarrak landu gabeko lurretan kokatzen ziren eta eragin handia izan zuten Erdi Aro hondarreko nekazaritzan. Langintza horrekin aberastu ahala beren ohituren zorroztasuna laxatuz joan zen eta XV. mendean ordenak gainbehera handia izan zuen. Zenbait erreforma saio alferrikakoak izan ziren, jatorrizko arauetara itzuli nahi zuten beste zenbait ordena bereizi zirelarik, haietatik garrantzitsuena trapatarrena.

Zistertarrak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zistertarrak sortu eta berehala iritsi eta zabaldu ziren Euskal Herrian: Fitero (1140), Irantzu (1176), Oliba (1230), Leire, zistertarren eskuetara pasa zena (1269), Martzilla, Tulebras, Barriako Andramari, Baionako San Bernardo (1245).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zistertar Puntubi.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zistertar Aldatu lotura Wikidatan