Zortziko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Zortzikoa Euskal Herrian ohikoa den usadiozko dantza erritmo berezia da. Erritmo hau bere izenak ongi dioen bezala zortzi konpasez osatuta dago eta euskal herri-musikaren adierazgarri nagusienetako bat dela esan liteke. Adibide garbiena, Aurreskua da. Dantza erritmoa izateaz gain, maiz abestien erritmoa ere bada, bertsoetan gertatzen den gisara, Gernikako Arbola ereserkia kasu.

Nahiz eta 2/4 eta 6/8 konpaseko zortzikoen aldaerak ere badauden,[1] zortziko ohikoena 5/8 konpasean idatzitakoa da (bost bider zortzi, edota bost zortzirenekoa), konpas honek iraupen ezberdineko hiru zati ditu. Aurrenekoa kortxea bat da, aldiz gainontzeko biak beltz sendoak direlarik.

Zortzikoak jotzeko usadiozko musika tresnak txistua eta danborra izan dira. Teoria batzuen arabera zortzikoa dantzarien pausoak jarraitzeko ahalegin ondorioz jatorrizko 3/4 konpasaren garapena litzateke.

Nahiz eta bere jatorria ezezaguna izan, oso herrikoia da, Aita Donostia, Jesus Guridi, Pablo Sorozabal, Jose Maria Usandizaga, Joaquín Turina edota Isaac Albéniz bezalako musikariek beren musika banda, orkestra sinfoniko edo pianorako musikalanetan erabili izan ohi dute. Pablo Sarasateren zortzikoek arreta berezia merezi dute: adibidez, Caprice Basque ("Euskal Gutizia") delakoan biolinak armonikoen bitartez txistuaren soinua imitatzen baitu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azpiazu, José Antonio, Descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa y en particular de sus bailes. Donostia, 1858

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]