Zugaztieta

Koordenatuak: 43°17′05″N 3°03′15″W / 43.28472°N 3.05417°W / 43.28472; -3.05417
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zugaztieta
 Euskal Herria
Zugaztietako ikuspegia
Map
Kokapena
Herrialdea Bizkaia
UdalerriaTrapagaran
Administrazioa
Posta kodea
Geografia
Koordenatuak43°17′05″N 3°03′15″W / 43.28472°N 3.05417°W / 43.28472; -3.05417
Demografia

Zugaztieta[1] Trapagarango (Bizkaia) auzo bat da. 2008ko urtarrilaren 1eko erroldan, auzoak 468 biztanle zituen. 2003ko irailaren lehenean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen XIX. mendeko meatze auzunea, monumentu-multzo sailkapenarekin.[2]

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiak euskal izentzat Zugaztieta onartu duen arren, Trapagarango Udalak La Arboleda gaztelaniazko izena soilik onartu du ofizialtzat.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugaztieta Trapagaran herriaren erdigunetik gutxi gorabehera bost kilometro mendebaldera dago. Bertara heltzeko,  BI-3755  errepide hartu behar da, eta Larreineta auzoa zeharkatu ondoren heltzen da Zugaztietara.

Auzoa muino baten gainean altxatu zen antzinako meategien ondoan. Meategiak lur-azpiko ibaien emariagatik urez bete ziren, eta gaur egun herriaren ondoan bi laku handi daude. Udalak, lakuen inguruan, aisialdirako gune bat egokitu du eta lakuan hainbat hegazti bizi dira gaur egun.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugaztietako UGT eta PSOEren Herriko Etxea, 1888an sortua.

Meategiz inguraturiko auzoa izanik, berton Euskal Herriko langile mugimenduaren hastapenak aurki daitezke. Espainia mailako sozialismoak ere lehen pausoak hemen eman zituen, PSOE Espainiako Langileen Alderdi Sozialista alderdia eta Unión General de Trabajadores sindikatuaren sorrerarekin.

Zugaztieta izenaz ezagutzen denaren ingurunean, 1870 aldera, 400 pertsona bizi zirela badakigu. Hamarkada hartan, atzerriko konpainiek Trianoko mendien meatze-ustiapenari bultzada handia eman zioten, eta horren ondorioz biztanleria asko hazi zen. Langile asko behar zirela eta, Espainiako hainbat lekuetatik langile kopuru handia etorri zen. Jende-isuriaren ondorioz bi fenomeno gertatu ziren: alde batetik gure herriak handitu ziren, inoiz ez bezala; eta bestetik herri berriak sortu, meategien ondo-ondoan. Azken horren eredu da Zugaztieta meatze-herria.

Mendiz inguratutako ibar txiki batean 1877an sortu zen, eta auzune garrantzitsu zen jada. Hasera batean egurrezko etxolatzarrak eraiki ziren, meategien albo-alboan, ostatu premiari erantzuteko. Eraikin horiek behin-behinekoak izateko, bazegoen beste arrazoi bat ere, hots: edozein momentutan, meatze-ustiapenaren gorabeherak horrela aginduta, beharrezkoa izan zitekeen etxolatzarrak botatzea edo lekuz aldatzea.

Halaz eta guztiz ere, auzunea sendotzen joan zen. 1887an bi etxetatik bat harriz egina zen. 1911 urtean berriz 3000 pertsona bizi omen ziren bertan, eta herri nabarra zela zioten. Geroago hainbat ekipamendu sortzen dira bertan, herria ondo osatzen dutenak, horien artean: ospitalea, eskolak, asilo-babesetxea, eliza, ekonomatua, langile katolikoen biltokia, herriaren etxea, eta abar.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigintzaren aldetik, sare-tankerako eskema jarraitzen du, plaza zentral baten inguruan. Plaza honen inguruan multzoa antolatzen da, eta bertan kokatzen dira herriaren zenbait ekipamendu: plazaren mutur gorenean San Salbador eliza; horren aurrez-aurre, musika kioskoa; eta sindikatuen etxeak, hala nola, Herriaren Etxea. Plaza luze hori lurzoruak duen malda pikoenaren noranzkoan luzatzen da. Kaleak berriz plazarekiko elkarzutak dira, maldaren sestra-kurbak jarraituz.

Momentu historiko hartako hiru etxe mota mantentzen dira[2], meatze-langileen etxeen erakusgarri direnak:

  • Egurrezko etxeak. Meatze-etxetzarrenetik gertuen daudenak dira. Halaz ere, eredua eraldatua izan da; egituran, eraikuntza materialetan eta barne-antolamenduan aldaketak jasan ditu. Jatorrian etxebizitza bakoitza sukaldeak eta gela bakar batek osatzen zuten.
  • Pisutan antolatutako etxe askeak, balkoididunak.
  • Orconera Iron Ore Konpainiaren irizpideak jarraitzen dituzten etxebizitzak, eraikuntzaren aldetik. Bi familiatarako ilarako-etxeak dira. Hiru edo lau ilarako multzoak sortzen dituzte eta irregularki antolatuak daude.

Demografia eta biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Golf zelairako errepidetik ikuspena.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Zugaztieta, Trapagarango auzorik jendetsuena zen. Meatzaritzaren une gorenean, auzoan 3.000 lagun baino gehiago bizi izan zirela uste da. Meategietatik ateratako burdina gutxituz joan zen heinean biztanleria murrizten hasi zen eta XX. mendean zehar bosten batera murriztu da.

Zugaztietako biztanleria
2000 2001 2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2015
535 537 515 500 504 490 488 479 468 532

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Larreinetako funikularra»

Larreinetako funikularra Trapagaran erdigunea Zugaztieta ondoko Larreineta auzoarekin batzen ditu eta herrira heltzeko garraio publiko nagusia da.

Jatorrian, funikularra Zugaztieta eta inguruetako meategietan lan egitera zetozen ehunka langileek eta meategietatik ateratako burdina haranaren behealdeko zamalekuetara eramateko erabiltzen zuten.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoaren alboan, Gallartarako bidean, Meaztegi Golf zelaia dago. Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetza da eta Severiano Ballesteros espainiar golfistak diseinatu zuen. [3]

Zugastietatar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia.
  2. a b Monumentu-multzo sailkapenarekin kultura ondasun izendatzeko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 176. zenbakia, 2003-09-10.
  3. Meaztegi Golfen webgunea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa