Tomas Zumalakarregi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zumalakarregi jenerala» orritik birbideratua)
Zumalakarregi hitzak artikulu honetara dakar. Bere anaiaren berri jakiteko, ikus Migel Antonio Zumalakarregi.
Tomas Zumalakarregi

C. F. Henningsen kapitainak egindako Zumalakarregiren erretratua, ormaiztegiarrari zuzenean egindako bakarra. Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaOrmaiztegi1788ko abenduaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaZegama1835eko ekainaren 24a (46 urte)
Heriotza modua: septizemia
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmilitarra eta carlist soldier (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakIberiar Penintsulako Gerra
Lehen Karlistaldia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Tomas Zumalakarregi ImatzOsaba Tomas ezizenaz ere ezaguna— (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1788ko abenduaren 29aZegama, Gipuzkoa, 1835eko ekainaren 24a) euskal herritar militarra izan zen. Lehen Karlistaldian jeneral garrantzitsua izatera iritsi zen. Haren jaiotetxean, gaur egun haren omenezko Zumalakarregi Museoa dago.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeneralaren jaiotetxea, Ormaiztegin (Gipuzkoa). Gaur egun, haren omenezko Zumalakarregi Museoaren egoitza.

Euskal Herriko Ormaiztegi udalerrian dagoen Iriarte Erdikoa baserrian jaio zen, 1788ko abenduan. Idiazabalgo eskribaua zuen aita, eta haren bidetik jarraitu nahi izan zuenez eskribau‑ikasketak egin zituen. Ironikoki, bere anaia helduago bat, Migel Antonio Zumalakarregi, garaiko politiko liberal nabarmenetarikoa izan zen, eta absolutisten errepresioa pairatu zuen. Iruñean ikasten ari zen Napoleonen inbasioak bere etorkizuna aldatu zuenean. Jauregi “Artzaia”ren gerrillarekin bat egin zuen 1812an. Gerran izan zuen parte hartzeak San Martzialgo guduan jo zuen gailurra, eta kondekoratu egin zuten gudu haren ondoren.

Gerra bukatzean kapitain maila zuen, eta karrera militarrarekin jarraitzea erabaki zuen. Hainbat lekutan ibili zen jardunean, harik eta 1820ko iraultza gertatu zenean agintetik kendu zuten arte, miliziako sektore kontserbatzaileenen aldekoa zelako.

1822an matxinatu errealistekin bat egin zuen, Genaro Quesada matxinadak Nafarroa Garaian zuen arduradunaren aginduetara. Liberalen aurka borrokatu zen, Nafarroa Garaiko Boluntarioen bigarren batailoiko komandante bezala. Espainiako esperientzia liberalari amaiera emateko, Europako potentziek San Luisen Ehun Mila Semeak bidali zituztenean, Angulemako dukeak gidatutako indar horretan sartu zen, eta 1823ko urrian Lleidako setioan lagundu zuen.

Hurrengo urtean Nafarroa Garaiko Boluntario Errealisten batailoia antolatzeaz arduratu zen, Iruñeko batzorde militarrean liberalen aurkako errepresioan parte hartzen zuen bitartean. Karrera militarrarekin jarraitu zuen, eta Huescan, Toledon, Sorian, Zaragozan eta Madrilen ibili zen lanean. 1832an Ferrolgo gobernadore militar izendatu zuten. Calomarderen gobernu kontserbadorea boteretik kendu zuen matxinada absolutistan ez zuen oso jarrera garbia izan, eta auzitegi militarrean erantzun behar izan zuen horregatik. Azkenean errugabetu egin zuten arren, Fernando VII.aren erregealdiko azken urtean agintetik baztertu egin zuten. Iruñean erretiratzeko eskatu zuen, eta hantxe zen Fernando VII.a hil eta Don Karlosen jarraitzaileak matxinatu zirenean.

Urrian matxinatuekin bat egin eta haien buruzagi bihurtu zen, Nafarroa Garaian aurrena eta Euskal Herri osoan handik gutxira. Antolakuntzarako dohain handiak erakutsi zituen, hilabete gutxiren buruan hor zehar sakabanatutako gerrilla-taldeak elkartu eta Espainiako tropa onenei aurre egiteko gai zen armada eraginkorra antolatu baitzuen. Gerrilla‑taktikak erabili zituen Elisabet II.aren alde ziharduten jeneral entzutetsuenekin borrokatzeko. 1834ko uztailean erregegaia iritsi zenean, bere jarraitzaileen buruzagi militar karguan berretsi zuen hark, eta urtebeteko epean Espainiako armadako militar gorenak menderatu zituen: Rodil, Espartero, Carondelet, O'Doyle, Córdova, Espoz Mina eta Valdés.

1835eko apirilean Eliot ituna sinatu zuen. Gerra zibil odoltsu hura baretzeko bidalitako enbaxadore ingelesarengatik jarri zioten izen hori itunari, eta hura sinatu zenetik, lehiakideak presoak hartzen eta zaurituak errespetatzen hasi ziren. Itun hura karlista armadaren nazioarteko onarpena ere izan zen.

Karlistek Deskargan Espartero menderatu eta Ordizia hartu ondoren, tropa liberalak hiriburuetan babestu ziren, eta gainerako euskal lurraldeak karlisten esku gelditu ziren ia oso osorik.

Ekainean Bilbo menderatzen ahalegintzeko agindu zuen Erregegaiak. Bilboko setioa hastean belaunean zauritu zuten Zumalakarregi, eta sendatzeko Zegamara eramateko eskatu zuen. Zaindu zuten petrikiloek ez zuten uste zauria larria zenik, baina zauri haren ondorioz handik bederatzi egunera gaur egun Zumalakarregiren hileta-etxea deritzon etxean hil egin zen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]