Ehundu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ehundu
Datuak
Motaelkartea eta Gizarte ekonomia
Jarduera
Honen parteBergarako Udala, Debagoiena 2030, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Olatukoop
Agintea
Legezko formaelkarte
Historia
Sorrera2021
webgune ofiziala
Twitter: ehundu_ Instagram: ehundu_ Edit the value on Wikidata

Ehundu Bergarako (Gipuzkoa) ehun publiko-komunitarioa indartzeko 2021ean sortu zen eragilea da. Bere funtzioa egungo erronka sozialei modu komunitarioan erantzuteko espazioa izatea da. Horretarako herritarrak ahalduntzean eta ikuspegi komunitarioa indartzean jarria du fokua.[1]

Funtzio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eragileak indartu eta ehundu.
  • Ikuspegi publiko komunitarioa eta herri izaera landu.
  • Bidelaguntza eskaini ekimen ekonomiko kolektiboak klabe kooperatiboetan eratzeko eta martxan jartzeko.[2]
  • Gogoeta sustatu ekimen kolektiboak martxan jartzeko eta eragiletza aktibatzeko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bergaran 1970eko hamarkadan Autogestión Bergara izeneko eragilea sortu zuten Alkartu Nai, Promocion Cultural eta Bergarako Udalak bultzatuta.[3] Bertatik sortu ziren gerora egonkortu diren hainbat ekimen: lehen anbulantzia lortu zen herriarentzat, baina baita UNEDa, Aransgi, haurtzaindegia eta beste hainbat hazi erein ziren herrigintzaren ikuspegitik.

COVID-19aren pandemia giroan, 2021ean, Bergarako hainbat herritarrek antolatzeko eta egitasmo berriak martxan jartzeko beharra ikusi zuten. Batez ere, hezkuntzan, zaintzan eta kulturan; hasieran, baina burujabetza lantzeko beste espazio batzuetan ondoren. Autogestión Bergara garaiko ondarea berritu, eta denon arteko lankidetza sustatzeko sortu zen Ehundu eraldaketa komunitariorako espazioa. Izenak herriko oihal industria ohiari egiten dio keinua, baita etorkizuneko korapiloetako hari ezberdinak modu komunitarioan ehuntzeari.[4]

Proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bulegoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herritarren beharrak identifikatu eta aholkularitza eskaintzeko erreferentzia tokia da.[5] Proiektu bakoitzaren beharretara egokituta, elkartzeko baliabide fisikoa eskaintzen du; baita formazioa eta aholkularitza. Besteak beste, energia gaietako aholkularitza, SOS Arrazakeriarekin migratzaileendako aholkularitza eta ESEn oinarritutako ekimen ekonomikoen sustapena eskaintzen dira bertan.[6]

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020 urtean Bergaran Herri Hezitzailearen baloreak lantzeko taldea sortu zen[7]. Ondoren, Ehunduko dinamikaren barnean txertatu zen ekimena. Haurra gizarteko subjektu aktibo bezala ulertuta, inklusioa sustatzen duen taldea da. Besteak beste, herrira iristen diren familien harrera sarea osatzen eta segregazioaren aurkako lanketa egiten ari dira. Horretarako Ndank Ndank eta Jardun euskara elkartearekin elkarlana du taldeak.

2023an urrian Jolasa Plazara[8] ekimena aurkeztu dute Porrotxekin batera: “Bergara alai, koloretsu, anitz, zaintzaile, parekide eta euskaldun bat” eraikitzeko asmoarekin. Herriko eragile ezberdinen lan hezitzailea balioan jarri da eta herri proiektu komun baterako bidearen lehen urratsa izan da. Bide horretan, asmo eta eragin hezitzailedun eragileak parte hartu dute: Kukubaso, Martxanterak, Oin Herri, Aransgi, Ereindajan, Ndank Ndank... eta zuzeneko irratsaioa ere egongo da Txapa Irratiko kideekin. Herriko plazan gune ezberdinak egon dira: sormen gunea, esperimentazio gunea edota aldarri gunea, esaterako, eta gune hauen guztien gidaritzapean Jardun elkartea.

Energia burujabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trantsizio sozioekologikora bidean antolaturiko jardunaldi batzuen ondorioz, energia berriztagarrietan interesa duten hainbat herritar elkartzen hasi ziren Ehunduren gidaritzapean. Hogei bat kidek hartu zuten bertan parte 2022an. Bertatik Berener, Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatea sortu da, abiatze fasean aurkitzen dena. Proiektuko kide dira Goiener, Bergarako Udala, Debagoiena 2030 eta Emun kooperatiba.

Teknologia burujabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko Zibergara kolektiboarekin batera, herrian sare libreak sustatzeko ekimenak lantzen ari dira. Horrez gain, tresna digital libre eta partekatuak eskaintzeko proiektuak ere sortzen ari dira.[9]

Elikadura burujabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agroekologiaren ikuspegitik, elikadura kate osoan eragiteko aukerak ikusten dira; ekoizpenaren, transformazioaren eta kontsumoaren artean loturak daudelako. Ikuspegi zabal horretatik Bergarako Elikadura Mahaia[10] sortu zuten 2022an. Bertan parte hartzen dute Ereindajan bertako elikagaien topaguneak, Bergarako nutrizionistek, Eskubaratz ekoizleek[11], Deba Garaia Landa Garapenak, Oxirondo Azokako ordezkariek eta Bergarako udalak.

Martxan dauden proiektu batzuk hauek dira: Jangela komunitarioak martxan jartzeko prozesua, Oxirondo Azoka biziberritzeko prozesua, Ortulaguntza proiektua eta elikaduraren garrantziaren sentsibilizazioa.[12]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko kulturaren kontsumoan, eta sorkuntzan sortutako behar eta prekarietatetak bultzatuta, hausnarketa foro bat ireki zen Ehunduren bueltan.[13] HIL DA KULTURA dinamika sortu zen bertatik, herriko eragileak eta norbanakoak batzen dituen foroa. Bertatik hainbat ideia azaleratu dira, esaterako, herriko agenda bateratua eta kultur programazioan eragiteko proposamenak. Horrela sortu da BATU Bergarako kultur agenda bateratua: https://agenda.ehundu.eus/

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ehundu – …. (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  2. «Ehundu egitasmoaren formakuntza saioak, abian - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  3. «Alkartu-Nai Elkartearen aktak (Elkarte Herrikoi eta Ermandadeen Batasuna) | Artxiboa» www.bergarakoartxiboa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  4. «Orain arteko bidearekin pozik, aurrera egin nahi du Ehunduk - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  5. «Eraldaketa sozialerako bulegoa - Ehundu» bideoak.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  6. Bulegoa – Ehundu. (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  7. «Jolasa Plazara ekimena egingo da hilaren 28an Bergarako plazan - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  8. «Jolasa Plazara ekimenarekin gozatu dute Bergarako haurrek - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  9. zibergara.net. (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  10. «Ezagutu Ainhoa Narbaiza, Ereindajan-Bergarako ordezkaria» Gure Platera Gure Aukera 2022-10-27 (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  11. «Eskubaratz proiektuko nekazarien eguneroko jarduna - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  12. (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2022-09-30). «Bergara: 'Zure platerean hasten da mundua' jardunaldiak antolatu dituzte» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  13. «Kultura Mahaia, udako denboraldia prestatzen - Bergara» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]