Eraispen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Old Myer Building-en eraisketa, Perth (Australia).
Sevillako ospitale baten eraisketa.

Eraispena edo eraistea eraikitzearen aurkakoa da: eraikinen eta bestelako egituren suntsitzea. Eraitsitako eraikin altuena Singer Building izan zen, 47 solairukoa, New York hirian dagoena. 1908an eraiki zen eta 1967 eta 1968 urteen artean eraitsi zuten One Liberty Plaza ordezkatzeko.

Eraikin gehienek, hala nola etxeek, bi edo hiru solairu baino ez dituzte. Hortaz, eraispen-prozesu sinpleagoa dute. Eraikinaren eraistea eskuz edo mekanikoki, material hidrauliko ugari erabiliz egin daiteke, besteak beste: lan-plataforma altuak, garabiak, hondeamakinak eta topagailua.

Eraikin handienek eraispen-bola baten beharra izan dezakete, kable batetik zintzilik dagoen pisu astun bat garabi batek eraikinaren fatxadarantz kulunkatzen duena. Eraispen-bolak bereziki eraginkorrak dira harlangaitzaren kontra, baina zailtasun handiagoz kontrolatzen dira eta, sarritan, beste metodo batzuk baino eraginkortasun txikiagoa dute. Metodo berriek zizaila hidrauliko birakariak eta harri-birringailu isilak erabil ditzakete hondeamakinekin batera, zura, altzairua eta hormigoia ebaki edo zeharkatzeko. Zizailak erabiltzea oso ohikoa da sopletearekin ebakitzea arriskutsua denean.

Eraikinen inplosioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin eta tximinia altuak, eta gero eta egitura txiki gehiago, inplosio bidez suntsi daitezke lehergailuak erabiliz. Eraikin bat inplosionatzea oso azkarra da —erorketak berez segundo batzuk irauten ditu— eta aditu batek ziurta dezake eraikina bere perimetroaren barruan eroriko dela, inguruko egiturak ez kaltetzeko. Hori funtsezkoa da dentsitate handiko eremu urbanizatuetako egitura altuetarako. Arriskurik handiena obra-hondakinen askatzea da, gaizki prestatuta badago bertan dauden pertsonak hil ditzakeelako. Are arriskutsuagoa da inplosio-saiakera baten akats partziala. Eraikin bat erabat erortzen ez denean, egitura ezegonkorra izan dezake, angelu arriskutsuan okertu delarik, eta detonatu gabeko lehergailuz beteta egon daiteke, horrek langileak hurbiltzea zaila eta arriskutsua egiten du.

Zenbait aste behar dira eraikina inplosio baterako prestatzeko. Baliozko objektu guztiak, kobrezko kableak esaterako, eraikinetik kentzen dira. Material batzuk kendu egin behar dira, hala nola inplosioan jaurtigai bilaka daitekeen beira eta eremu zabal batean hedatu daitekeen isolamendua. Hautatutako zutabe batzuk zulatu egiten dira, eta haien zuloetan puskatzeko ahalmen handia duten lehergailuak jartzen dira, Rionel edo Goma 2 motakoak. Euskarriak eta karga-hormak kordoi detonatzailearekin suntsi daitezke. Ahalik eta lehergai gutxien erabiltzea da helburua; solairu gutxi batzuk bakarrik kargatzen dira lehergailuekin. Lehergailuak kokatuta dauden eremuak zabalera handiko plastiko eta hesiez inguratzen dituzte hondakin hegalariak eremuaren barnean mantentzeko. Denboraz eraispena baino askoz luzeagoa da gunearen garbitzea, obra-hondakinak kamioietan kargatu eta beste leku batera garraiatzen baitira. Eraikin handiak suntsitzea gero eta ohikoagoa bihurtu da 1960 eta 1970. urteetako etxebizitza-proiektu masiboen ondorioz. Inplosionatu den egitura handienak 133,8 m eta 204.000 metro karratu ditu; altzairuzko egitura duen J.L Hudson Department Store and Addition eraikina da.

Inplosio kontrolatua da jendeak eraispenaz hitz egiten denean pentsatzen duen metodoa. Eraispen-sistema bat da altuera handiko egituretan, zubietan, hozte-dorreetan, tximinietan, altuera handiko antenetan edo siloen egitura konplexuetan aplikatzen dena, bereziki beste metodoak garestiak edo oso praktikoak ez direnean. Ez du beste eraispen-sistemek baino arrisku handiagorik, nahiz eta batzuetan abantaila asko izan, betiere arlo horretan esperientzia handia duten teknikariek egiten badute. Beste eraispen-sistemek baino ezbehar-tasa askoz txikiagoa du, eta aplikazio-eremu askoz murriztuagoa.

Eraispenetako materialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezbeharrek (lurrikarak, suteak, hondamendi naturalak) kaltetutako eraikuntzak edo eraisteko dauden eraikuntzak, lur horretan edo eraispenetik geratzen den egituraren gainean beste bat eraikitzen bada, eraispen-enpresen kontu uzten dira irekidurak, burdin sareak, lurrak, eskailerak, sabaiak eta gainerako materialak, kontu handiz ateratzen dira beste eraikuntza batzuetan erabili ahal izateko. Material horiek oso baliotsuak dira, oso etxe zaharretan erabiltzen baitziren eta normalean ez dute konpetentziarik, ez baitira gehiago eraikitzen. Burdin forjatua, pinotea, algarroboa, parket-zoruak, harlangaitza, irekidurak, zutabeak, eskailerak, etab. Eraispenak saltzen diren lokaletan aurki daitezke.

Eraispen-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraispen mekanikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makina astunen bidezko garapena: pala kargatzailea eta hondeamakina, materiala erretiratzea iraulketa-kamioiarekin. Makina horiek eskala handiko eraispenak egiteko erabiltzen dira eta baita langileak egon ezin diren toki arriskutsuetan ere. Makina horiek kualifikazio handiko langileek erabiltzen dituzte, eta dagozkien segurtasun- eta higiene-arauak errespetatzen dituzte.

Eraispen tradizionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskulan espezializatuarekin lan egiten da, teknika tradizionalak erabiliz hormak, mehelinak eta egiturak kontserbatzeko helburuarekin; kasu honetan ez da makineria astunik erabiltzen.

Ezbeharretako eraispenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraispen mota hau istripuetan, erortzeko arriskuan eta larrialdi egoeran dauden eraikinetan erabiltzen da.

Hondakinen kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, eraispen-lanetako hondakinen ekoizpena eta kudeaketa araututa dago ondorengo ordenean dauden helburuak sustatutzeko, hondakinen prebentzioa, berrerabilpena, birziklapena eta beste balorizazio-modu batzuk sustatzeko, hondakinek ezabatze prozesuan tratamendu egokia jasoko dutela ziurtatuz eta jarduera hori modu iraunkorrean garatzen laguntzeko. Horretarako, nahitaezkoa da Hondakinak Kudeatzeko Plana (EEH) idaztea.[1]

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, sektorearen ordezkaria Espainiako Eraispen Enpresarien Elkartea (aeded) da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Real Decreto 105/2008, de 1 de febrero, por el que se regula la producción y gestión de los residuos de construcción y demolición. Publicado en: «BOE» 38 zb., de 13 de febrero de 2008, 7724-7730 orriak (7 orri).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]